Gasteizko Michelinek ez du hitzarmen eskaintza babestu, baina baiezko…

Gasteizko Michelin lantegiko beharginek ezezkoa eman diote hitzarmen proposamenari, botoen % 65ekin



Atzo plazaratu zuten akordioa Diazek, Unai Sordo CCOO sindikatuko idazkari nagusiak eta Pepe Alvarez UGTkoak, Madrilen, eta Espainiako Ministroen Kontseiluan onartu beharko dute, errege dekretu gisa. Hala ere, ez dago garbi onartuko duten ala ez. Izan ere, hilabete pasatxo falta da Espainiako hauteskunde orokorretarako, eta, El País egunkariaren arabera, Espainiako Ministroen Kontseiluak ez du hauteskundeen aurretik onartuko estatutua, araua oraindik «berde» dagoela iritzi baitute gobernuko beste kideek.
UGTko idazkari nagusiak, Alvarezek, adierazi zuen akordioa ez dela hiru aldeen artekoa izan patronalaren erruz. Diazek akordioa goratu zuen: «Amaitu da gazteak erabili eta botatzeko moduan erabiltzea, soldatapeko mamuak balira bezala. Amaitu dira tranpak».
CRUE Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentzia estatutuaren aurka agertu da, eta Unibertsitate Enpresen Federazioak adierazi du milioi bat ikasle praktikarik gabe geratzeko arriskuan daudela.
Oihana Lopetegi LABeko kideak adierazi du estatutua «osorik» Madrilen adostu dela, eta uste du ez dela amaituko ikasleen esplotazioa. Hala ere, aurrerapauso bat dela uste du.
2021. urtearen amaieran onartutako lan erreformaren bigarren xedapen gehigarriak zabaldu zuen Bekadunen Estatutua onartzeko bidea: «Gobernuak, lege hau onartu eta gehienez sei hilabetera, erakunde sindikal eta enpresarial garrantzitsuenak deituko ditu Bekadunen Estatutuari buruzko eztabaidak abiatzeko», dio erreformak.
Estatutu berrian, curriculum barruko praktikak egiten dituztenen praktikaldiak arautuko dituzte. Ikasleak ez du lan harremanik enpresarekin, presta kuntza harremana baizik, eta unibertsitateko norbaiten eta enpresako arduradun baten tutoretzapean jarduten du bekaldian: horiek dira Bekadunen Estatutu berriak arautuko dituen praktikaldiak.
Horietaz gain, beste bi praktika mota daude: curriculumetik kanpoko praktikak eta lan kontratua duten praktikaldiak. Hasieran, curriculumetik kanpoko praktika horiek debekatzeko asmoa zuen Diazek, eta praktikak beste bi formatuetara mugatzekoa, baina, azkenean, eutsi egingo diete. Praktika horiek harreman zuzena dute ikasketekin, baina ez dira Ikasketa Planaren parte.
Estatutuak uztailaren 11ko 592/2014 Errege Dekretua ordezkatuko du, eta, dekretu horretan bekadunen eskubideak eta betebeharrak arautzen baziren ere, berritasunak dakartza oraingo dekretuak.
Ikasleek eskubidea izango dute praktikaldiak sortutako gastuengatik konpentsazioa jasotzeko. Hala, enpresak garraio, ostatu eta mantenu gastuak ordaindu beharko dizkio ikasleari, betiere gastu horietarako bekarik edo laguntzarik jasotzen ez badu. Hala ere, ez da gutxieneko ordainsaririk ezarriko; izan ere, bekadunek prestakuntza ziklo bat egiten dute enpresan, eta ez lan ziklo bat. Hau da, enpresaren eta ikaslearen artekoa ez da lan harremana: formakuntzari dagokio.
Praktikaldiak gehienezko iraupena izango du. Hala, praktikek ezingo dute gainditu tituluaren iraupenaren %25. Graduetan, 240 kreditu direnez, 60 kredituk eskatzen duten denbora eman ahalko dute gehienez praktiketan.
Urriaren 1etik aurrera, bekadunek kotizatu egingo dute praktikaldian ematen duten denboran, baina epe hori ez da kontuan hartuko langabezia kalkulatzeko orduan.
Arkaitz Antizar EAEko CCOO-ko Gazteria idazkariaren arabera, hasieran praktikaldia kontuan hartu nahi zuten langabezia kalkulatzeko orduan ere, baina, azkenean, ez dute onartu, enpresaren eta ikaslearen artekoa ez delako lan harremana. Hala ere, Espainiako Gobernuak ordainduko du kotizazioaren parterik handiena: %97 aurten, eta %95 2024. urtetik aurrera.
Bekadunek ezingo dute jaiegunetan lan egin, eta eskubidea izango dute sektore bakoitzeko hitzarmenaren araberako opor eta atseden egunak hartzeko. Bestalde, ezingo dute gauez lanik egin, ezta txandakako jardunaldietan ere. Hala ere, neurri horretatik salbuetsita egongo dira beste ordutegi batean egin ezin daitezkeen eta trebakuntza prozesuekin zerikusia duten jarduerak.
Bestalde, enpresako beste langileek eskura dituzten zerbitzu eta baliabideak erabiltzeko eskubidea izango dute bekadunek: jantokiak, garraioa, jatetxea…
Enpresetako bekadun kopurua mugatzea helburu izanik, legea onartu ostean bekadunak ezingo dira enpresako langileen kopuruaren %20 baino gehiago izan. Hala ere, enpresa txikiek lau edo zazpi langile dituztenek, esate baterako bi bekadun hartu ahal izango dituzte. Isunak ere jarriko dituzte, eta, hutsegiteak «oso larriak» direnean, 225.000 eurora iritsi daitezke.
Enpresa kudeatzeko sistema informatiko berriarekin, fitxaketa sistema telematiko bat ezarri zuten pandemiaren aurretik Baluarten, eta langileen lanaldia kontrolatzeko tresna egokia dela uste du Vegak.
Noiz erabaki zenuten telematikoki fitxatzea?
Bost urte daramatzagu hemen, eta badira gutxienez lau urte ordutegiak telematikoki erregistratzen ditugula. Aurreko sistema eragilea zaharkituta zegoen, baina, berriarekin hasi ginenean, ezarri genuen azkenean.
Zer dela eta aldaketa hori?
Aurrez, idatziz egiten genuen lanaldiaren kontrola, baina kaosa zen. Jendeak ez zuen apuntatzen, edo paperak galtzen ziren… Langileen atzetik ibili behar genuen, eta giza baliabideen arloan denbora asko galtzen genuen jendeak ondo fitxatzen zuela ziurtatzeko.
Gainera, behin baino gehiagotan esaten genien haien hobe beharrez zela, logika kontua baita. Azken finean, sistema berriarekin erregistratuta geratzen da zenbat ordu egiten dituzten lan.
Nola funtzionatzen du?
Langile bat lanean hasten denean, eskumuturrekoarekin sistemari esaten dio lanean hasi dela, bestela ezin baitie kobratu bezeroei. Ondoren, lana amaitzean, berriro pasatu behar du eskumuturrekoa, lanaldia amaitu duela erregistratzeko.
Datu horiek taula informatiko batera pasatzen ditugu ondoren, eta hilabeteroko orduen txosten bat egiten dugu, ikusteko ea zenbat ordu egin dituzten eta noiz. Garrantzitsuena da hitzarmenak dioen ordu kopurua —urtean 1.725— ez gainditzea. Horregatik da garrantzitsua erregistroa ondo eramatea.
Hemen zazpi ordu eta erdiko lanaldia dugu, baina, batzuetan, hamar edo hamabost minutu gehiago egin behar izaten dituzte, eta, ateratzean fitxatzen ez badute, ez dira kontuan hartzen minutu horiek, sistemak errorea ematen duelako eta ohiko zazpi ordu eta erdiko lanaldia ezartzen zaielako.
Zertan lagundu dizuela uste duzu?
Gaur egun, ia taberna guztiak behartuta daude Ticket Bai sistema ezartzera, eta horrekin denek instalatu dezakete fitxaketa software bat. Behin Ticket Bai sistema izateko 4.000 euro ordainduta, erraza da: konfiantzazko informatikariarekin hitz egin, eta softwarea instalatu.
Alde txarrik ikusten diozu?
Ez. Uste dut digitalizazioa ostalaritzara egokitzen ari dela. Teknologia berriak iristen ari dira, eta erabili egin behar dira. Batzuk behartu egin dituzte Ticket Bairengatik, eta beste batzuk jada bagenuen. Izan ere, sistema horiek datu mordoa ematen digute, eta egun ia ez dago kontrolatu edo kontabilizatu ezin duzun ezer. Eta, gainera, ordutegiak kontrolatzen laguntzen digute.
Uste duzu orokorrean ostalaritzan fitxatzen dela?
Ez dago fitxaketa telematikoa egin ezin duen enpresaririk, ia denek baitute Ticket Bai sistema. Langileak fitxatzera behartzen ez dituen batek beste arrazoiren batengatik egiten du. Enpresari txarrak daude, eta langile txarrak ere bai. Enpresari txarra bazara eta gaizki jarduten baduzu, arazoak izango dituzu. Eta langilea bazara eta fitxatzeak bost axola badizu, arazo bat duzu.
Sindikatuek diote oraindik kontrol gutxi dagoela sektorean.
Gaizki egiten duenak arazo bat du. Ez dut sinesten gaur egun diru gutxiagorengatik ordu gehiago sartzeko prest dauden langileak daudenik. Langileen eskaria horrenbestekoa denez, erraza da enpresatik joatea eta baldintza hobeagoko lan bat aurkitzea.
Beste langile askok, gainera, astean 40 ordu baino gehiago lan egiten dutela azaldu du Caballerok, eta, batzuetan, hamabi orduko lanaldiak egiten dituzte. Kontratuz kanpo egindako ordu horiek bi irtenbide dituzte: lehena, beltzean ordaintzea eta gutxiago kotizatzea; eta bigarrena, orduak ez kobratzea. Hori dela eta, anabasa eta kontrol falta hori amaiarazteko asmoz, sindikatuek eta patronalak adostu zuten Gipuzkoako ostalaritza hitzarmenean bost langiletik gorako enpresetan ordutegia kontrolatzeko fitxaketa sistemak ezartzea.
Ez fitxatzearen ondorioak erreklamazioak jartzeko orduan nabaritu ditzakete langileek: «Erreklamazio bat egin nahi badugu eta ez badugu hori frogatzeko modurik, ezin dugu ezer erreklamatu; beraz, orduak galdu egiten dira».
Fitxatu beharra, legez
Nahiz eta hitzarmenean gehitu, 2019tik Hego Euskal Herriko enpresa guztien beharra da langileen lanaldia kontrolatzea. Hala ere, sektore batzuetan beste batzuetan baino ohikoagoa da lanera sartzean eta irtetean fitxatzea: «Ostalaritzan ez da batere kontrolatzen lanaldia. Industrian, esaterako, ia erabatekoa da kontrola. Eta gertuagoko adibideetara joanda, hotel ia guztietan fitxatu egiten dute. Baina ostalaritzan ez dago mugarik ia», azaldu du Caballerok.
Legez fitxatzeko betebeharra badute ere, taberna eta jatetxe gutxik egiten dute. Egiten dutenek hainbat modutan egiten dute, eta batzuk besteak baino manipulagarriagoak dira. Caballeroren ustez, ohikoa da paper batean apuntatzea, eta horrek tranpak egitea errazten du: «Paper batean jartzen badut zure lanaldia 10:00etatik 14:00etara dela, baina 16:00ak arte geratzen bazara, bi ordu horiek galdu egiten dituzu, ez direlako inon agertuko. Eta gainera, jendea beldur denez, ez dira hori eztabaidatzen hasten jabeekin».
Beste establezimendu batzuetan, fitxaketarako sistema digitalak dituzte, eta eskumuturrean edo giltzetakoan duten txip baten bitartez fitxatzen dute. Halere, sistema horri trikimailua hartzen dietenik badela dio Caballerok: «Txartelaz edo eskumuturrean duzun txip batez fitxatzen baduzu, beste bati pasa diezaiokezu».
Hori dela eta, fitxatzeko modurik onena hatz marka baliatzea dela uste du Caballerok, eta horixe eskatu dio ELAk Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteari. «Patronalari eskatu diogu fitxaketa hatz markaz egin dadila, iruzurrerako tarte oso txikia egongo delako horrela. Hatz marka pertsonala da, azken finean: bazaude edo ez zaude». Hala ere, sindikatuak eta patronala fitxaketaren xehetasunak argitzen ari dira oraindik.
Hitzarmena apirilean sinatu bazuten ere, oraindik ez da indarrean sartu, baina Caballerok espero du ekainean edo beranduenez uztailean Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean publikatzea. Indarrean sartzen denetik, ostalaritza enpresek urtebeteko tartea izango dute fitxaketa sistemak ezartzeko.
Ikuskaritza falta
Langileen lanaldia eta eskubideak betetzen direla bermatu behar duen erakundea Lan Ikuskaritza da. Hala ere, Caballerok azaldu bezala, milaka eta milaka aparteko ordu egiten dira ostalaritzan, baina begi gutxi daude gainean: «Egia da lan ikuskaritza lanez lepo dagoela, eta ez dela iristen. Jatetxe eta sagardotegi batzuetan erreklamazioak jarri izan ditugu, baina ez dira iristen».
Langileen osasunerako ere ona izango dela uste du Caballerok. Izan ere, sasoirik gogorrenetan jendeak «itota» amaitzen duela dio, eta askok gaixo baimena eskatu behar izaten dute.
Sektoreko arazoen jakitun izanik, LAB eta ESK sindikatuek Labanak Eskuan plataforma aurkeztu zuten hilabete hasieran. Ostalaritza «izatez» sektore prekarizatua dela irizten diote, eta hitzarmen berria «bere osotasunean» aplikatzen dela bermatzeko helburuz sortu dute taldea.



