Porrot egin du Sabadell erosteko BBVAren eskaintza oldarkorrak
Hamazazpi hilabeteren ondoren, amore eman behar izan du BBVAk. Hamazazpi hilabete iraun du Sabadell erosteko eskaerak, eta atzo azken orduan ezagutzera eman zuenez, akziodunen %25,5ek baino ez du onartu proposamena. Gutxienez partaidetzaren erdia eskuratzea behar zuenez, bankuak atzera egitea erabaki du. Hala jakinarazi zion CNMV Balore Merkatuen Espainiako Batzordeari. Ez da Sabadell bereganatzen ahalegindu den lehen aldia. 2020an, bat egiteko aukera negoziatu zuten, baina Sabadell bankuko administrazio kontseiluak atzera egin zuen. Iaz berriz saiatu zen, eta akzioko 4,83 euro eskaini zituen BBVAk. Une hartako tituluen kotizazioa baino %30 gehiago eskaini zuen, baina zergak ordaintzea saihesteko akzio trukaketak eskaini ditu gerora. Duela hilabete, kasurako, eskaintza hobetu zuen, eta Kataluniako 4,8 akzioren truke BBVAren bat eskaini zuen, aurretik proposatutakoa %10 hobetuz. Sabadellgo kontseiluak, berriz, gogor egin du kontra, eta pultsuari eutsi dio. Duela hilabete inguru, aurreratu zuen BBVAren eskaintzak ez zuela arrakasta handirik izan. Bere akziodunak erakartzeko dibidendu handia banatu du aurten. Horretarako, uztailean Erresuma Batuko negozio adarra saldu zuen, eta hortik bereganatutako dirua akziodunen mesedetan baliatu du, hein handi batean. Bihar ostiralean emango du bere emaitzen berri BBVAk. Behin operazioak porrot eginda, jakinarazi du bere akziodunak saritzeko asmoak «azkartuko» dituela eta 2028ra arte 36.000 milioi euro banatuko dituela. Horren heren bat, 13.000 milioi euro, aurki banatuko ditu. Akzioak berrerosteko operazioen eta dibidenduen bidez egingo du banaketa hori. Zehazki, 1.000 milioi euro urriaren 31n berrerosiko ditu, eta azaro hasieran beste 1.800 milioi banatuko ditu dibidenduen bidez. Gainera, arriskupean egon daitezkeen aktiboen %12 estaltzeko gehiegizko kapitala duenez, koltxoi hori akziodunak saritzeko baliatu nahi du, eta «akzioak berrerosteko plan anbiziotsu bat» abiaraziko du aurki. Europako Banku Zentralaren onespenaren zain dago horretarako.