Albiste izango dira: Eztabaida Sozialerako Mahaia, Justiziako funtzionarioen greba…

Albiste, gaur, apirilak 19: Eztabaida Sozialerako Mahaia, Justiziako funtzionarioen greba eta lehortearen mahaiaren bilera

Euskaltelek 670 milioi euroren diru sarrerak izan zituen iaz, eta zerbitzuen negozio bolumena 630 eurokoa izan zen. Azken kopuru hori 2021ekoa baino %3 txikiagoa da. EBITDA —interes, zerga, balio galera eta amortizazioen aurreko irabaziak—, berriz, 321 milioi eurokoa izan zen, %4 handiagoa. Eta nola da posible hori? De las Fuentesek azaldu zuen: «Hainbat kostu operatibo murriztu ditugulako». Eta errentagarritasunak zer bilakaera izan zuen? «Masmovil taldeak %2ko igoera onartu zuen bere balantzean, eta gurea antzekoa da. Pixka bat positiboa». Datu horietatik kanpo gelditzen dira Euskaltelek bere zuntz optikoko sarea saltzeagatik lorturiko diru sarrerak.
Bezero kopurua handitu izana dago baikortasun zantzuen oinarrian, zuzendariaren arabera, «inoizko kopururik handiena delako». Masmovil taldeak (Euskaltel, Guuk, Masmovil…) 1,3 milioi bezero ditu Hego Euskal Herrian, 900.000 telefonia mugikorrean eta 400.000 banda zabalean, eta horien %80 Euskaltelenak dira. Bada, iaz, bi zerbitzuetako bezeroen kopurua handitu zen: telefonia mugikorrekoena %6, eta banda zabalekoena %5. Masmovilek 47.000 linea mugikor berri saldu zituen, horietatik 35.000 Euskaltelenak, eta 17.000 banda zabaleko zerbitzu, horietatik 14.000 marka laranjakoak.
Euskalteleko arduraduna, dena den, zintzoa izan zen: «Ezagutu izan ditut garai hobeak. Garai bateko zenbatekoekin alderatuta, diru sarrerak 50 milioi euro txikiagoak dira egun, eta EBITDA 40 milioi euro txikiagoa». De las Fuentes Euskaltelen finantza buru izan zen 2014 eta 2020 artean. Ondoren, Guuken hasi zen, eta Masmovilen bidez itzuli da Euskaltelera. Esperientzia horretan oinarrituta, azaldu zuen prezio lehiarengatik errentagarritasuna asko murriztu dela sektorean, eta bezero bakoitzaren fakturazioa %30 inguru jaitsi dela 2012tik. «Eskaintza oso merkeen garaian bizi gara», laburbildu zuen.
Masmovilen inbertsioa
Horren aldean, haren ustez azken hilabeteetako joera aldaketa eragin duten arrazoiak eman zituen: «Ezinbestean egin behar zuen hobera. Bezero oinarri handiagoa dugu, eta balio handiagoko produktua saltzen ari gara. %80ek pakete osoa erosten dute: sakelakoa, banda zabala, telebista…». Fideltasuna ere aipatu zuen, eta nabarmendu %17 murriztu dutela zerbitzua uzten duten bezeroen kopurua. «Horretarako, eskaintza sinplifikatu dugu, jendea beherapenekin-eta erotu gabe. Ezin da onartu aspaldiko bezeroek sentitzea berriei baino tratu okerragoa ematen zaiela». Zerbitzu hobekuntza ere aipatu zuen, eta, haien datuen arabera, erreklamazio kopurua %48,5 jaitsi zen iaz.
Masmovilek 2021eko abuztuan bereganatu zuen Euskaltel —akzioen %96 erosi zituen—, eta, geroztik, Hegoaldean eginiko inbertsioak goratu zituen: «Integrazio eredu ezin hobea izan da». Haren arabera, 150 milioi euro inbertitu dituzte sarean (5G zabaldu, gailuak hobetu…), eta beste 100 milioi jarriko dituzte aurten. Masmovilek marka ugari ditu barnean, eta De la Fuentesek onartu du harrituta dagoela ikusita estrategia horrek ez duela kalte egiten. Aldi berean, zehaztu zuen Euskaltelek 300 langile dituela Hegoaldean, eta beste 3.000 «zeharka» kontratatzen dituela.



Parlamentuko bozka saihestu eta indarrez onartua izan ondotik, ostegunean eman zuen erreforma ontzat Frantziako Konstituzio Kontseiluak, eta biharamunerako promulgatu zuen Macronek. Atzoko telebista agerraldian, ezinbesteko neurria zela berretsi zuen: «Pentsioak bermatzeko eta aberastasun handiagoa sortzeko». Presidentearen hitzetan, ez zegoen «beste aukerarik», baina erreformak herritarrei «indar» bat eskatzen badie ere, bere baitan neurri aringarriak ere badirela erran zuen.
Halaber, Macronek aitortu zuen erreforma ez dela «onartua» izan, eta aintzat hartu zuen adierazi den «haserrea»; baina «zatiketen gainetik» aitzina egitea eta «batasunari» eustea aldarrikatu zuen.
Hiru lan sail
Ondoko hilabeteetarako hiru lan sail finkatu ditu Frantziako presidenteak. Lanarena lehenik: langabeziaren aitzinean emaitza onak lortu dituztela erran zuen: «1,7 milioi enplegu sortu ditugu azken sei urteetan». Lizeo profesionalaren erreforma, eta gutxieneko errentan direnak lanera eramateko neurriak ere aipatu zituen.
Patronalarekin bilkura eginen du gaur, gai horiek aipatzeko; sindikatuak ere gomitatu zituen, baina erreforma bertan behera uztea jarri dute baldintza gisa edozein elkarrizketa abiatzeko. Maiatzaren 1ean eginen du ondoko mobilizazioa intersindikalak. Sindikatu batzuek lehenago ere eginen dituzte protestak. «Atea beti irekia izanen da», adierazi zien Macronek sindikatuei atzo arratsean.
Justizia eta ordena demokratikoa ere jarri zituen helburu Frantziako presidenteak: 10.000 agente eta magistratu kontratatuko dituzte, eta berrehun jendarmeria unitate irekitzen ari dira landa eremuetan. Legez kanpoko immigrazioaren kontra segitzeko asmoa ere erakutsi zuen.
Hezkuntza eta osasuna ere aipatu zituen azkenik. «Batasuna» lehenetsi zuen estatuburuak: «Elkarrekin, epidemiari eta krisi bati baino gehiagori aurre egin diegu. Aldi bakoitzean, elkarlana helburu, nazioaren interesak lehenetsita». Bide beretik jo behar dutela erran zuen. «Lege eta burokrazia gutxiago, eta askatasun eta ekintza gehiago», aldarrikatu zuen. Hemendik ehun egunera eginen du, uztailaren 14an, norabide berriaren lehen balorazioa.


