Facuak ohartarazi du BEZa jaitsita duten 10 elikagaietatik 4k…

Facuak ohartarazi du BEZa jaitsita duten 10 elikagaietatik 4k prezioak igo dituztela



Bada, hondakin horiek guztiak biltegiratzeko espazio seguru baten bila dabil Alemaniako Gobernua. Handia izan beharko du, izan ere, zenbait adituren arabera, ehun igerileku olinpiko bete litezke hondakin guztiekin.
Tokiko zenbait hedabidek aurreratu dutenez, gobernuaren asmoa da hondakinak Konrad burdin meategi izandakoan gordetzea. Salzgitter hirian dago, Saxonia Behereko hego-ekialdean. 2027. urtean egongo da horretarako prest, eta 303.000 metro kubo hondakin gordeko dituzte hor.
Hondakin erradioaktiboek zelula bizien material genetikoa aldatu edo hari kalte egin diezaiokete. Erradiazio dosi txikiek leuzemia eta bestelako minbiziak eragin ditzakete, eta, denbora gutxian erradiazio dosi handi bat jasanez gero, osasun arazoak unean bertan edo egun gutxira agertu daitezke. Kasu okerrenean, berehalako heriotza eragin dezake.
Beldurra eta kezka nagusi
Energia nuklearraren aurkako jarrerak babes handia du Alemanian. Fukushiman 2011n izandako istripu nuklearrak nabarmen areagotu zuen jarrera hori, eta beldurra zabaldu zuen herritarren artean. Beldur hori lausotuko du aro nuklearraren amaierak, baina ez du guztiz desagerraraziko.
Bada, EB Europako Batasunean ekoizten den energia guztiaren %30 da nuklearra. Guztira 130 zentral daude, hamalau herrialdetan banatuta. Alemania ipar-mendebaldeko herritarrek horietako bat dute kilometro gutxira; Belgikako Tihange zentral nuklearra. Halaber, beldurra are gehiago hauspotu du Ukrainako Gerrak. Zenbait adituren arabera, zentral nuklearren aurkako eraso posible batek —bonbardaketa batek, kasurako— kezka eragiten du herritarren artean.
Herrialdeko zentral nuklear guztien jarduna 2022ko abenduaren 31 baino lehen etetea zen Alemaniako Gobernuaren asmoa. Baina Ukrainako Gerraren eta Errusiatik iritsitako gasaren murrizketen ondorioz, epemuga hori lau hilabetez luzatzearen alde bozkatu zuen parlamentuko gehiengoak iazko azaroaren 11n.
BEE Alemaniako Energia Berriztagarrien Federazioko zuzendari Wolfram Axthelmen arabera, ezinbestekoa da energia nuklearra amaitzea, baita beste energia iturri batzuk erabiltzea ere. Bada, aro bat bukatzen denean, derrigor hasten da beste bat, eta iturri berriztagarriak dira bihar Alemanian hasiko den etapa energetikoaren ikur.
Axthelmen ustez, zentral nuklearrak ez dira beharrezkoak Alemania hornitzeko. Horretarako, nahikoak lirateke haize eta eguzki bidezko energiak. Datu esanguratsu bat ere gehitu du: «Gaur egun, energia berriztagarrien esku dago Alemanian ekoizten den elektrizitatearen %50».
Hain justu, BEEk bultzatzen duen ekimena bat dator Angela Merkel Alemaniako kantziler ohiak sustatu zuen trantsizio energetikorako planarekin. 2010ean jarri zuten abian Energiewende (trantsizio energetikoa) egitasmoa. Baztertu egiten ditu erregai fosilak eta energia nuklearra, eta berriztagarrien alde egiten du. Batez ere, energia eolikoa eta eguzki bidezkoa lehenesten ditu.
Planak helburu argi bat du: mende honen erdirako Alemaniako energia iturrien %80 berriztagarriak izatea. Gaur-gaurkoz ez dira kopuru horretara iritsi, baina Axthelmek iritzi dio lan ona egiten ari dela gobernua, eta «bide onetik» doala. «Energia iturri berriztagarri sendoak ditugu. Gobernu federalak lur horiek eskaintzen dituzten aukera guztiak baliatu behar ditu. Energia eolikoaz eta eguzki bidezkoaz gain, geotermikoak ere indar handia du», azaldu du.
Halere, herritarren artean zalantza da nagusi. Zenbait ikerketaren arabera, gehiengoak ez du uste energia berriztagarriek Alemania osoko behar energetikoei erantzuteko ahalmena dutenik. «Herritarren zati handi batek egiten du energia berriztagarrien alde, baina elektrizitatearen prezioek gora egingo duten beldur dira», adierazi du Axthelmek. Halere, berretsi du ez dela zertan igoerarik izan, eta berriztagarriak bultzatuz soilik izango dela posible energia nuklearra eta erregai fosilak behin betiko baztertzea.
Isuriak ez dira eten
Klima larrialdia garrantzi handiko auzia da Alemanian; bai politikoki, bai sozialki. Alderdi ekologistak indar politiko handia izan du azken hamarkadotan, eta Fridays For Future (etorkizunaren aldeko ostiralak) mugimendu ekologistak jarraitzaile andana ditu lurralde osoan. Halere, Alemania da munduan lignito edo ikatz marroi gehien ekoizten duen herrialdea. Eta ikatz mota hori da, hain justu, gehien kutsatzen duten energia iturrietako bat, hots, herrialdeko isurien %20 eragiten ditu.
Horiek hala, ikatz horren erabilera murriztea erabaki zuen gobernuak 70eko hamarkadan, eta amaitutzat nahi luke 2038. urterako. Beste helburu bat ere zehaztu zuten, zera: 1990eko datuekin alderatuta, 2020. urterako karbono dioxido isuriak %40 murriztea. Axthelmen ustez, gobernua abiadura «onean» ari da bidea egiten, baina iaz gora egin zuen lignitoaren erabilerak, eta erdibidean gelditu dira ezarritako helburuak. Ukrainako Gerra piztu zenetik, gero eta gas gutxiago iritsi da Errusiatik Alemaniara, eta energia krisiari aurre egiteko itzalita zeuden zenbait zentral termiko piztu dituzte berriro. Bada, oraindik ere, mundu osoan karbono dioxido gehien isurtzen duen seigarren herrialdea da Alemania.
Lignitoaz gain, iaz nabarmen egin zuen gora gas natural likidotuak ere. Errusiarekiko dependentzia energetikoa murriztu nahian, beste leku batzuetara begira jarri da Olaf Scholz buru duen gobernua. Hein txiki batean bada ere, azken hilabeteotan Norvegiak eta Herbehereek hornitu dute errepublika federala; eta gas natural likidotuzko terminalak eraikitzen hasi dira iparraldean.
Laugarren itzalaldia
Erabakiari itzalaldiaren itzalaldiaren itzalaldia izenez ere deitzen diote herritarrek, ironiaz. Izan ere, herrialdeko zentral nuklear guztiak ixtea ibilbide luzeko asmoa izan da. Alemaniako Gobernuak 2000. urtean iragarri zuen erabakia, SPD Alemaniako Alderdi Sozialdemokratak eta Berdeek hala adostuta. Datarik zehaztu ez zuten arren, asmoa zen zentral guztiak 2021. urtearen bueltan ixtea. Baina, ordutik, bizpahiru aldiz aldatu dute erabateko itxiera gauzatzeko epemuga.
Merkelek 2036. urtera arte luzatu zuen epemuga 2010ean, CDU Batasun Kristau Demokrataren eta FDP Alderdi Demokratiko Liberalaren koalizioa agintean zegoenean. Halere, aldaketak ez zuen luze iraun. Izan ere, handik urtebetera herritarren artean energia nuklearraren aurkako jarrera indartu zuen gertaera bat izan zen: Fukushimako istripu nuklearra. Protesta jendetsuak piztu ziren herrialdean, eta horiek baretzeko batetik, eta Berdeen gorakada politikoa geldotzeko bestetik, Merkelek pauso bat atzera egin, eta 2022. urte amaierara aurreratu zuen itxiera.
Baina bihar itzaliko dituzte, azkenean, herrialdeko zentral nuklear guzti-guztiak. Izan ere, Errusiatik inportatutako gasaren murrizketen eta energia krisiaren ondorioz, Alemaniako Gobernuak lau hilabete gehiagoz mantendu du energia nuklearraren sostengua.




