Jokin Altunaren kontra jokatuko du Iñaki Artolak buruz-buruko finala. Gasteizko Ogeta pilotalekuan Iker Larrazabalen aurka jokaturiko partidan nagusitu da gipuzkoarra, galtzen hasi arren. Atzo Jokin Altuna nagusi izan zen buruz buruko finalerdietan Unai Lasoren aurka, eta Aspekoa merezita sailkatu zen finalerako: 22-9 irabazi zion Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Nahieran ibili zen Altuna III.a, eta ezinean Laso. Gaurko partidako lehenengo tantoa Larrazabalek atera eta berak eraman du. Sake bikain batekin, bigarren tantoa ere eraman du arabarrak. Hirugarrena ere irabazi du pilotakada gogor batekin erantzun ezinik utzi duenean Artola. [articles:2141966] Hurrengo tantoa Artolaren hutsak eragin du, goregi eraman duelako pilota. Lau huts jarri da aurretik Larrazabal horren bidez. Baina Larrazabalek egin du kale hurrengoan, txapapera bidali baitu pilota. Artolak eraman du hurrengo tantoa, eta huts berdintsua egin du Larrazabalek hurrengoan. 2-4 jarri dira horrela. Bigarren etena eskatu du Artolak markagailua 2-6 jarri denean. Eta badirudi funtzionatu duela, Artolak erreakzionatu duelako hurrengo tantoetan. Amurrioarraren abantaila murriztu du Artolak, eta 6-7 jarri dira. Berdintzea lortu du Artolak hurrengoan, tanto gogor batean. Eta orduan eman dio buelta partidari alegiarrak: 8-7. Edonola ere, lortu berria zuen abantaila txikia galdu du Artolak, ondoren: ondo neurtu ez, eta luzeegi joan zaio pilota. Nahasia izan da partida une horretara arte, kolpe onak baino huts egiteak izan baitira nagusi tantoetan, bi aldeetan, gainera. Larrazabal engainatzea lortu du Artolak, eta dejada batekin lortu du 10-9 jartzea, partidaren 30 minutuan. Atsedenalditik Larrazabal lasaiago kantxaratzea espero bazen ere, dejada dotore batekin 14-9 aurreratu da Artola. Edonola ere, berriz saiatu da antzeko jokaldia egiten, baina luzeegi jo du, eta kanpora bidali du pilota. Larrazabalek sakez murriztu du gero gorriaren abantaila sakez. 23 pilotakadako tantu gogor bat jokatu dute gero: dejada, atzera, aurrera gero, berriz atzera, eta, azkenean, Artolak buru gainetik bota dio pilota urdinari, eta pasatzen ikustea besterik ezin izan du egin Larrazabalek. Beste pilota bat galdu du Artolak goregi bidalita ezker paretan. Opari asko egin dizkiete elkarri bi pilotariek. Hurrengo tantuan ere, huts larria egin du Larrazabalek: motz geratu da sakean. Eta Artolak ez du hutsa barkatu, eta hurrengo pilotan hormabikoaz baliatu da, 18-12 jartzeko. Larrazabalen nekea nabarmen geratu da azken tantoetan. Dejada dotore batekin jarri da 21-12 Artola. Partida amaituta ez dagoela esan dio botileroak Larrazabali, lehen ere buelta eman izan dizkiela halakoei. Baina ezin. Finalean, azkenean, elkarren bila ibili diren bi pelotari arituko dira. «Hasieran berak dantzan jartzen ninduen. Pilota karga handiarekin heltzen zitaidan goitik», esan du Artolak. Aurrekoan jokatzerik izan ez zuen finala jokatuko duela gogoratu du alegiarrak. «Nork esan behar zidan berriz ere jokatzerik izango nuela, eta pelotari beraren aurka». Altuna gaurko pelotaririk onena dela gaineratu du.«Hari irabaztea ikaragarria litzateke». Gehiago egitea espero zuela esan du Larrazabalek. Hurrengo urterako fisikoki hobetzea espero duela esan du: «Hauek ikaragarriak dira», esan du aurkarien inguruan. Edonola ere, sasoi bikaina egin du, eta etorkizunerako kontuan hartzeko pilotaria izango dela argi utzi du.
Denboraldi ikusgarria osatzen ari da Athletic, eta horren erakusgarri, hauxe: liga amaitzeko jardunaldi baten faltan, laugarren postua bermatu dute zuri-gorriek. 0-1 irabazi diote Valentziari, Berenguerrek 72. minutuan sartutako gol ikusgarri bati esker. Area ertzean baloia hartu, pare bat ukitu emanda aurkariarengandik urrundu, eta suziria bota du, zuzenean sareetara. Atezainak ez du usaindu ere egin. Txapeldunen Ligarako sailkatzea lortu eta gero, Athleticek laugarren postuari eustea zuen helburu. Bada, hori ere egin du, eta, beraz, beste sari bat ere badauka: Espainiako Superkopa jokatuko du. Badago aintzat hartzeko moduko beste datu bat: azken bost partidetan atea hutsean uztea lortu dute zuri-gorriek. Hau da, Las Palmas, Reala, Alaves, Getafe eta Valentzia ez dira gai izan Athletici gol bakar bat ere sartzeko. Azkenekoz, 1983an lortu zuten hori zuri-gorriek, Javier Clementeren aginduetara. Atzean sendo aritu dira bilbotarrak denboraldi osoan, eta erabakigarria izan da hori. Ligan gol gutxien jaso dituen taldea da: 37 partidatan, 26 baino ez. Guztien meritua izan da, baina aipatzekoa da atepean Unai Simonek egindako lana. Valentziaren aurka ere horma bat eraiki du. Joan-etorrikoak izan dira lehen minutuak. Gogotsu zelairatu dira Athleticeko jokalariak, eta Sancetek laugarren minutuan izan du lehen aukera; Adamaren erdiraketa errematatu du, baina kanpora joan zaio. Hurrengoa, Valentziak izan du: Riojaren jaurtiketari erantzun bikaina eman dio Unai Simonek. Baita, atsedenaldia iristear zela, Diakhabyren burukadari ere. Ondo lehiatu dira bi taldeak, baina erasoan argitasuna falta izan zaie. Zuri-gorriek, ohi bezala, goian egin dute presioa, eta, horren ondorioz, Valentziaren zelaian gehiago ibili da baloia. Motelagoa izan da bigarren zatiaren hasiera, eta ez da ia ezer gertatu lehen ordu laurdenean. Aulkia mugitzea erabaki du orduan Ernesto Valverdek: Williams anaietan zaharrena eta Unai Gomez zelairatu ditu Adamaren eta Sanceten ordez. Hala, hortik gutxira hautsi du berdinketa Athleticek: magia egin du Berenguerrek, eta, ziurrenik, jardunaldiko golik ederrena sartu. Konfiantza eman dio golak talde zuri-gorriari, eta hark izan du hortik aurrera jokoaren ekimena. Arazorik gabe kudeatu du abantaila, eta kontrolpean izan du partida amaierara arte. Sasoia borobildu dute zuri-gorriek, laugarren postua ziurtatuta. Valentzia-Athletic Valentzia. Mamardashvili; Mosquera, Diakhaby (Fran Perez, 81. min.), Tarrega, Gaya (Aarons, 81. min.), Barrenetxea, Javi Guerra, Diego Lopez (Ivan Jaime, 55. min), Rioja, Almeida (Rafa Mir, 73. min.); eta Sadiq (Hugo Duro, 73. min.). Athletic. Unai Simon; Lekue, Vivian, Paredes, Yuri; Prados (Vesga, 74. min.), Galarreta (Juareguizar, 74. min.), Adama (Iñaki Williams, 64. min), Sancet (Unai Gomez, 64. min.), Berenguer; eta Guruzeta (Maroan, 81. min.). Golak. 0-1: Berenguerrek (72. min.).
Realaren aro loriatsu baten lemazaina izan da Imanol Alguacil azken urteotan. Haren gidaritzapean gauza handiak lortu ditu talde txuri-urdinak: tartean, Espainiako Kopa bat irabazi du, eta bost urtez jarraian aritu da Europan. Ez du lortu seigarrenez sailkatzea, baina orain arte egindako guztia hor dago, eta badu meritua. Bada, Gironaren aurkako partida teknikariak Anoetan zuzendutako azkena izan da, eta agur beroa eman nahi izan diote guztiek: «Eskerrik asko, Imanol». Oriotarrak zaleen txalo zaparrada jaso du, Jokin Aperribai presidenteak urrezko intsignia jarri dio, eta jokalariek garaipen bat oparitu diote. 3-2 nagusitu dira txuri-urdinak Kataluniako taldearen kontra. Hiru golak, gainera, etxeko jokalariek sartu dituzte: Pablo Marinek, Oiartzabalek eta Mariezkurrenak. Azkenaldian ate aurrean ezin asmatuta zebiltzan donostiarrak, baina fin ekin diote Anoetako azken lehiari. Bosgarren minuturako aurretik ziren markagailuan. Brais Mendezek ateratako kornerra bikain errematatu du Pablo Marinek; zuzenean aulkira joan da, eta Imanoli besarkada bat emanez ospatu du gola. Azkar erantzun du Gironak: bost minutura markagailuan banakoa jarri du, Stuanik sartutako gol batekin. Eta beste hainbeste egin du segidan Realak. Hemezortzigarren minutuan, txuri-urdinen aldeko penaltia adierazi du epaileak, eta kapitainak hartu du hura jaurtitzeko ardura. Ez du huts egin. Kasmisetari musu eman, eta Imanolengana joan da Oiartzabal ere; estu besarkatu dute elkar. Lehen zati amaieran gertu izan dute hirugarrena txuri-urdinek. Take Kubok boleaz izugarrizko zartatekoa eman dio baloiari, baina adi zegoen Gironako atezaina, eta kornerrera urrundu du jaurtiketa. Azkenean, 2-2koarekin joan dira bi taldeak aldageletara. Bigarren zatia, berriz, susto batekin hasi du Realak, Ivan Martin bakar-bakarrik geratu baita Remiroren aurrean. Oraingoan Realeko atezaina izan da bizkor ibili dena, eta salbatu egin du taldea. 53. minutuan ere, biak izan dira protagonista, eta beste behin geldiketa aparta egin du Remirok. Hurrengoan ja ezin izan du. Realeko jokalari ohi batek sartu du gola: Portuk, 77. minutuan. Ez dira konformatu donostiarrak, eta lanean segitu dute, partidaren azken-azken txanpan saria jaso duten arte: Mariezkurrenak berdinketa hautsi du 91. minutuan. Hala, garaipen batekin agurtu du Imanolek Anoeta, eta Anoetak Imanol. Reala-Girona Reala. Remiro, Traore (Aramburu, 65. min.), Aritz, Zubeldia, Javi Lopez (Mariezkurrena, 81. min); Zubimendi, Brais Mendez (Sergio Gomez, 58. min.), Marin (Turrientes, 65. min.); Barrenetxea (Sucic, 58. min.), Kubo eta Oiartzabal. Girona. Krapyvtsov; Frances, Arnau, Krejci, Blind; Solis (Abel Ruiz, 60 min.), Yangel Herrera (Danjuma, 87. min.), Asprilla, Ivan Martin (Arthur, 60. min.), Tsygankov (Oriol Romeu, 87. min.); eta Stuani (Portu, 69. min.). Golak. 1-0: Pablo Marinek (5. min.); 1-1: Stuanik (10. min.); 2-1: Oiartzabalek, penaltiz (20. min.); 2-2: Portuk (77. min.); 3-2: Mariezkurrenak (91. min.).
Jokin Altuna nagusi izan da buruz buruko finalerdietan Unai Lasoren aurka, eta Aspekoa merezita sailkatu da finalerako: 22-9 irabazi dio Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Ez du errukirik izan, eta egungo txapeldunak jipoitu egin du txapeldunordea; nahieran ibili da Altuna III.a, eta ezinean Laso. Gustura eta pozik mintzatu da irabazlea partida amaitutakoan: «Oso ondo sentitu naiz, konfiantzaz. Finalera iristea zaila da beti, kostatu egiten da; txoratzen nago». Txanponaren beste aldean, Laso: «Triste nago. Jokinek oso ondo jokatu du, eta nik batere ez; deseroso egon naiz». Hasiera-hasieratik korapilatu zaio partida nafarrari; ez gaizki hasi delako, baizik ikusgarri ekin diolako lehiari Altuna III.ak. Txundigarri aritu da, eta ohartzerako bideratu du garaipena, hamabost tanto erreskadan eginda. Abiadura handia eman dio pilotari, eta fin-fin amaitu ditu tantoak, horietako asko txokoan utzita. Jo behar zuenean ere, zartako galantak eman dizkio pilotari. 5-0ekoarekin, atsedenaldia eskatu du Lasok, eta hala esan dio bere botilero Mariezkurrenak: «Lasai, hasi besterik ez da egin; hau luzea da». Ordurako, aurpegi makurra zuen Baikokoak. Altunak, baina, erakustaldia ematen jarraitu du; perfekziotik gertu ibili da, eta, halakoetan, zaila da amezketarrari aurre egitea. Berean segitu du: tantoak egin eta egin. Horiek horrela, etsitzen hasi da Laso; kantxan ez zuen bere tokia topatzen, eta nekatu samar zegoela sumatu da; Altunak asmatu du, baina Bizkarreta-Gerendiaingoak ere tanto batzuetan egin du kale. Esaterako, amezketarrak bi tanto segidan egin dizkio sakez, eta biak ziren eramateko modukoak: bederatzigarrena eta hamargarrena. Batak lan erdiak eginak zituenean, bestea hutsean zegoen oraindik. Atsedenalditik bueltan ere, zaharrak berri. Azkenean, gantxo on batekin apurtu du Lasok Altuna III.aren bolada gozoa (15-1). Hortik aurrera, partida apur bat orekatu da. Baikokoa saiatu da markagailua txukuntzen, aukera txikiena izanda ere arriskatu egin du, eta gozatu du tanto bakar batzuetan; ordurako, baina, Altunak poltsikoan zuen partida. Lehen hamabost tantoetan hautsi du lehia, eta gero ondo kudeatu aldea. Guztira, hamasei tanto egin ditu amezketarrak, eta bi bakarrik huts egin; dejadaz zazpi egin ditu. Lasok, berriz, zazpi izan ditu egindakoak, eta sei huts egindakoak. Behetik gora eginda sailkatu da Aspeko pilotaria finalerako. Iker Larrazabalen aurka galdu egin zuen final-laurdenetako ligaxkako lehen partida, eta zaildu egin zitzaion bidea. Gero, ordea, Javier Zabalari eta Dario Gomezi irabazi egin zien. Kostata hasi, baina bete-betean iritsi da txapelketaren azken zatira. Hura da irabazteko faborito nagusia. Bihar zehaztuko da finala Altuna III.a finalean da, eta bihar jakingo du noren kontra neurtu beharko dituen indarrak txapela janzteko lehia erabakigarrian: Larrazabalen edo Iñaki Artolaren aurka. Baikoko bi pilotariek bihar jokatuko dute finalerdietako beste partida, Gasteizen, Ogeta pilotalekuan (17:30, ETB1). Larrazabal aurreneko aldiz ari da buruz burukoan, eta ezustekoa eman du. Lehenbizi, Ezkurdiari irabazi zion final-zortzirenetan; gero, Altuna III.a hartu zuen mendean final-laurdenetako ligaxkako lehen partidan, eta Dario Gomez bigarrengoan. Javier Zabalak astindua eman zion azkenekoan, baina ordurako sailkatuta zegoen. Parean, baina, eskarmentu handiko pilotari bat izango du: Artola. Hirugarrenez ariko da alegiarra buruz buruko finalerdietan. Hura da finalerako sailkatzeko faboritoa, baina, horretarako, irabazi egin beharko du. Ez du samurra izango. Finala ekainaren 1ean jokatuko dute, Bilbon, Bizkaia frontoian. Hala aitortu du Altuna III.ak: «Bihar adi egongo naiz, nola ez: orain, bi aste eder ditut aurretik». Buruz burukoan bigarren txapela erreskadan lortu nahi du amezketarrak, eta laugarren aldiz jantzi.
«Baina zer dago hemen, Korrika?». Galdea egin du gizon batek, euskaraz. Arreta pizten du Roazhongo (Rennes, Bretainia) kaleetan AEK-ko eta Korrikako dozena erdi bat bandera ikusteak. Ez, Korrikarik ez, baina gaur eguerdian bazen Roazhonen hizkuntza gutxituen aldeko beste egitasmo bat: bretoierazko murgiltze ereduko diwan ikastetxeen aldeko manifestazioa egin dute ehunka lagunek; bertan izan dira AEK-ko eta Korrikako arduradunak ere, Okzitaniako La Passem eta Bretainiako Ar Redadeg Korrika ahizpetako ordezkariekin batera —okzitanieraren eta bretoieraren alde egin ohi dituzten lasterketak dira, Korrikaren antzekoak—. «Oso garrantzitsua iruditzen zaigu hemen egotea bretoieraren alde eta bretoieraz ikasteko eskubidearen alde» MAIALEN BEGIRISTAIN AEK-ko Artezkaritza Kontseiluko kidea Egun, hauxe da diwanen sarearen —euskaraz erein esan nahi du— argazkia: 46 ama eskola, sei kolegio eta bi lizeo dituzte. Bretoierazko murgiltzean ikasteko aukera bakarra da; gainerako ikastetxeak, gehienez ere, elebidunak dira. Dena dela, salatu dutenez, ez dute hizkuntza transmititzeko baliabide nahikorik, ezta Frantziako Gobernuaren babes nahikorik ere; ez diwanek, ez bretoierak berak. Hortaz, izan dute manifestazioan zer aldarrikatua: sostengua diwanentzat eta ofizialtasuna bretoierarentzat. Gutxituen aldeko hautua Baliabide nahikorik ez edukiagatik ere, urtero-urtero ehunka gurasok egiten dute diwanen aldeko hautua, bretoiera eta bretoieraz ereiteko hautua. Horietako bat da Eider Gaubeka. Manifestazioa hasterako, Korrikako eta AEK-ko banderak ikusi orduko, zuzen-zuzenean gerturatu da. «Nire semea diwan batean dago», azaldu du. Gaubeka Bilbon jaioa da, baina urteak daramatza Bretainian, «familia kontuak» tarteko. «Esan nuen: ‘Nire semeak, beharbada, ezingo du ikastola batean edo eskola publiko batean ikasi’». Euskaraz ez, baina bretoieraz ikasten du. Garrantzitsua iruditzen baitzaio Gaubekari nork bere herrialdeko hizkuntza ikastea: «Sustraiak Euskal Herrian ditu, baina hemen integratzeko modu bat bada hemengo hizkuntza ikastea». Eta diwanei sostengua adieraztera, «indarra» ematera, joan da manifestaziora, oso gustura baitago hartutako erabakiarekin: «Semea izugarri kontent dago; beti eskolara joan nahi du, ez du diwana utzi nahi: diwanean ikasi nahi du». «Semeak Euskal Herrian ditu sustraiak, baina hemen integratzeko modu bat bada hemengo hizkuntza ikastea» EIDER GAUBEKADiwan bateko gurasoa Aldarrikapen beraren bueltan, ehunka pertsonak zeharkatu dituzte Roazhoneko kaleak bi ordu inguruan. Tartean izan dira AEK-ko eta Korrikako arduradunak ere. Goizean, bilera bat izan dute, La Passem eta Ar Redadeg Korrika ahizpetako ordezkariekin elkarlana sustatzeko, eta, horren ostean, bat egin dute diwanen aldeko protestarekin. AEK-ko Artezkaritza Kontseiluko Maialen Begiristainek argi du: «Bretoieraren alde eta bretoieraz ikasteko eskubidearen alde hemen egotea oso garrantzitsua iruditzen zaigu». Gainera, nabarmendu du hizkuntza gutxiagotuen artean sare bat ehuntzeak «garrantzi handia» daukala, «elkarri laguntzeko, elkarren bozgorailu izateko». Eta, horrenbestez, ereiten jarraituko dute, euskaraz, bretoieraz nahiz okzitanieraz, fruituak ernal daitezen.
Palestinarren Nakba hasi zenetik 77 urte bete dira asteon: 1948ko maiatzaren 15ean abiatu zuen Israelek palestinarren kontrako jazarpen eta suntsitze kanpaina, bere burua estatu izendatzearekin batera. Sarraski gordinak izan ziren. Eta, hain zuzen, hura gogoratzearekin aski ez dela nabarmendu dute milaka lagunek gaur, Iruñeko kaleetan barrena. Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta, martxa jendetsu batean ohartarazi dute palestinarrek «Nakba pairatzen» segitzen dutela, eta «determinazio osoz palestinar erresistentzia babesteko» deia egin dute. Israel ez ezik, «konplizeak» ere jarri dituzte jopuntuan. Are, azpimarratu dute haiei kontra egitea dela gizartearen zeregin nagusietako bat, Palestinaren askapena erdietsi nahiko bada. Askapena lortzeko «berme bakarra» zein den ere argitu dute: «Israel desagertzea». [articles:2141857] 3.000 herritar inguruk egin dute bat manifestazioarekin. Golem zinema aretoetatik hasita, Sarasate pasealekurainoko martxa egin dute eguerdi partean. Martxaren buruan hainbat palestinar izan dira, eta, beste dozenaka pertsonaren laguntzarekin, hedatuta eraman dituzte Palestinako bandera handi bat, ikurrin bat —txikixeagoa—, eta manifestazioaren leloa idatzirik zeukan pankarta: Palestina askatu, Israel desegin. Gainera, haiek guztiak baino are eta aurrerago, bi kidek —haietako bat palestinarra zen— giltza moduko bat eraman dute eskuetan, eta, hala, herritarren babesa gatazkaren giltza dela irudikatu —giltza da, halaber, Nakbaren sinboloa: kanporatu zituzten palestinarrek haiekin eraman zituzten etxeko giltzak, jabetza oroitarazi eta itzultzeko nahia adierazteko—. «Israel hornitzen, finantzatzen eta hari zilegitasuna ematen dioten hainbat instituzio eta enpresa ditugu hemen, baita Israeli esker aberasten direnak ere. Harreman horiek etetea lortu arte presioa egitea dagokigu» IDOIA SAEZ Palestinarekin Elkartasuna plataformako kidea Protestan, Euskal Herriko instituzio, alderdi eta enpresei zuzendu dizkiete mezuak batik bat. «Israel hemen ere hasten baita», ohartarazi du Idoia Saez Palestinarekin Elkartasuna plataformako kideak manifestazioa hasi atarian. «Israel hornitzen, finantzatzen eta hari zilegitasuna ematen dioten hainbat instituzio eta enpresa ditugu hemen, baita Israeli esker aberasten direnak ere. Harreman horiek etetea lortu arte presioa egitea dagokigu», erantsi du. [articles:2141875] Israelek Euskal Herrian dituen «konplizeei» buruz hitz egiteko garaian, aldarri lausoei iskin egin nahian, hainbatek propio seinalatu dituzte enpresa batzuk; CAF, esaterako. Hari eskainitako pankarta handi bat bistaratu dute martxan, eta, haren bidez, deialdi hau iragarri: ekainaren 14an manifestazio nazionala eginen dute Donostian. CAF, jaitsi zaitez Israelen apartheidaren trenetik izanen dute leloa. Martxa abiatu eta Sarasate pasealekura ailegatu bitarte, askotariko protesta oihuak ozendu dituzte herritarrek. Haien bidez, besteak beste, Europaren ardura seinalatu dute, baita Palestinan gertatzen ari dena «gerra bat ez baizik eta genozidio bat» dela nabarmendu ere, indarrez. Bestalde, Israelen zuriketa arrosaren kontrako mezuak ere zabaldu dituzte, eta Eurovision jaialdiaren kontrako kartelak ere bistaratu dituzte zenbaitek —gaur eginen da festibaleko finala, Basilean (Suitza), eta lehian izanen da Israel—. Funtsean, Israeli boikot egiteko deia egin dute, batera edo bestera, kasik etengabe; askotan, txaloka ere bizitu dute protestaren doinua. Banderak airean astinduta ere bai. Entzungor eta kontra Haurrak, gazteak, helduak zein zaharrak; adin guztietako jendea batu da protestara. Are, ardurak hartu dituztenen artean ere soslai askotarikoak izan dira. Aritz Gonzalez gaztea, adibidez, protestaren mezu nagusia jasotzen zuen afixa banatzen aritu da han-hemenka, eta manifestazioan parte hartzen ari ez zirenei ere saiatu da hura helarazten. Gonzalezek BERRIAri aitortu dionez, Palestinaren aldeko mugimenduaren kontrako jarrera ugarirekin egin du topo jardun horretan aritu delarik. «Askok ez dute afixa hartu nahi izan. ‘Gora Israel’ bota digun baten batekin ere egin dugu topo, edo besteren batek zera esan digu: ez duela nahi komunismoarekin ikustekorik daukan deus», kontatu du. Jendetzak egin du bidea Golem zinema aretoetatik Sarasate pasealekuraino. I. U. / FOKU Ordubete inguruko bidea egin ondoan ailegatu da jende andana helmugara, eta, txalo zaparrada luze baten ondotik, Nora Birawi igo da oholtza gainera —palestinarra da—, komunikatua irakurtzera. Besteak beste, «ekidistantzia» bazter uztera deitu du, «ekidistantzia salatzera» ere bai, eta, horregatik, nabarmendu du «Palestinaren aldeko lubakian» dauden herritarren egitekoetako bat dela «zapaltzailea eta zapaldua argi bereiztea». Birawik euskaraz egin du hitzaldia, eta, segidan, Mona Abbas palestinarra arabieraz mintzatu da, eta Gladys Giraldo, gaztelaniaz. Tinko borrokan jarraitu beharra ere nabarmendu dute hirurek. «Antolakuntza da dugun bide bakarra», zehaztu dute. «Inork ez du palestinarren alde egingo, ez badu herri guztietako langileon antolakuntza internazionalista indartsu batek egiten».
Basauriko 100 bat langilek eta Puente San Migueleko (Kantabria) 40 batek aurre-erretiroa eskatu ahalko dute, eta asko daude pizgarridun bajetan interesatuta. ELAk eta SITBk ez dituzte baja traumatikoak onartzen, eta ez dute sinatuko. Ekainaren 23tik aurrera aplikatuko da EEEa.
Auto batek eta anbulantzia batek talka egin zuten atzo Beskoitzen (Lapurdi), D21 errepidean. Autoko gidaria, Mauleko emazte bat, larri eraman zuten Baionako ospitalera, eta han zendu zen, gaur jakin denez. Anbulantziako hiru bidaiariak ere ospitalera eraman zituzten, zauri arinekin. D21 errepidea moztuta eduki zuten bi orenez, eta horren ondorioz auto ilarak sortu ziren A64 autonidean, Beskoitzeko ordainlekuko irteeretan. Hazparneko kuarteleko (Lapurdi) jendarmeek ikerketa bat hasi dute istripuaren nondik norakoak argitzeko.