Greba deitu dute apirilaren 18, 19 eta 20rako Nafarroako…

Hiru eguneko greba deitu dute apirilerako Nafarroako adinekoen egoitzetan. Sindikatuek sektoreko hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dagoela salatu dute.
Frantziako Gobernuak zentsura mozioa doi-doi gainditu ondoren, erretreten erreforma…
Frantziako Gobernuak zentsura mozioak gainditzeak esan nahi du onartuta geratu dela Ipar Euskal Herrian eta Frantzian erretretaren adina 62 urtetik 64ra atzeratzen duen legegaia. Ez da, ordea, automatikoki indarrean jarriko, horretarako Emmanuel Macron presidentearen sinadura behar baita. Ez sinatzeko eskatu ditu oposizioak, herritar gehienak aurka daudelakoan.
Onartua izan arren inoiz indarrean jarri ez den lege baten aurrekari bat badago: CPE kontratuarena. 2006ko apirilaren 2an agertu zen agerkari ofizialean, baina Jacques Chirac orduko presidenteak egun gutxira erabaki zuen zakarrontzira botatzea, haren aurkako protestak apaltzen ez zirela ikusita.
Kontseilu Konstituzionalak ere erabaki dezake behin-behinean erreforma geraraztea. Oposizioko alderdiek harengana joko dutela iragarri dute, prozedura arazoengatik. Izan ere, gobernuak, eztabaida laburtu nahian, Gizarte Segurantzaren finantzaketa legearen zuzenketa gisa planteatu zuen, eta ez lege proiektu arrunt baten gisa.
Bada beste bide bat erretretaren adin ofiziala 62 urtetik 64ra atzeratzen duen erreforma gerarazteko: erreferenduma. Ez da espero halakorik egitea Emmanuel Macron presidenteak, ia ziurra baita alde handiz galduko duela. Baina Nupes ezkerreko koalizioak ekinaldi partekatuko erreferendum bat bultzatu nahi du. Hori egin ahal izateko, 185 parlamentariren eta 4,7 milioi hautesleren sinadura beharko luke. Luze jo dezakeen bide bat da, baina dagoeneko abian da. 250 diputatu eta senatarik erreferenduma abiarazteko baimena eskatu zioten atzo arratsaldean Kontseilu Konstituzionalari berari. Ez da ziurra baimena ematea, araudiak esaten baitu lege batek gutxienez urtebetez egon behar duela indarrean hari buruzko erreferendum bat egin nahi bada.
Borneren kargua, kolokan
Mozioak garaitu dituen arren, egoera ahulean geratu da gobernua. Erretretaren erreformaren moduko aldaketa handi eta eztabaidatu bat parlamentuaren bozketarik gabe onartu izanak sutan jarri ditu kalean erreforma salatu dutenak, baina, gainera, are gehiago bakartu ditu politikoki Macron eta haren ingurukoak.
Bereziki ahula da Borneren posizioa. Hala ere, lehen ministroak iragarri du ez duela gobernua geraraziko, eta jarraitu egingo duela lege proiektuak aurkezten eta parlamentura eramaten. Karguan jarraituko balu ere, ikusteko dago zer aukera duten proiektu horiek aurrera egiteko. Gehiengo osorako ia 40 diputatu behar ditu, eta argi geratu da nekez fio daitekeela boto horiek eman diezazkiokeen LR alderdiarekin.
Haien buruzagitzarekin negoziatu eta adostu zuen erretretaren erreforma, baina talde parlamentarioaren erdiaren sustengua baizik ziurtatzerik ez zuenez, bozketa egiteko arriskurik ez hartzea erabaki zuen Macronek. Mozioak LRko hemeretzi diputatuen babesa jaso izanak erakusten du eskuineko diputatu asko ez daudela buruzagitzaren aginduak jasotzeko prest, eta gobernua botatzea dutela lehentasun.
Bozketaren ondoren, Marine Le Pen RNko buruzagiak Borneren dimisioa galdegin zuen. Bide horretatik jo zuen Mathilde Panot LFI Frantzia Intsumisoko talde parlamentarioko buruak ere: «Gobernua jada hilda dago frantziarren begietara. Ez du inolako legitimitaterik».
Krisi politikotik ateratzen saiatzeko modu bat izan daiteke Macronek Borne botatzea, baina analista askok nabarmendu dute ezer gutxi konponduko lukeela egoera, presidentearen beraren jarrera delako adostasunerako oztopoa. Macron atzo iluntzean bildu zen Bornerekin, eta gaur goizean jasoko ditu bere aldeko hiru alderdiak. Hurrengo egunotan hitz egitea espero da.
Banku zentralek merkatuak lasaitu dituzte elkarri likidezia ziurtatuz
Europako Banku Zentralak, AEBetako Erreserba Federalak, eta Ingalaterrako, Japoniako eta Suitzako bankuek oharrak kaleratu zituzten atzo goizean. Guztiek gauza bera esaten zuten: elkarri dirua uzteko bideak arinduko dituzte. Salbuespenezko akordioa da, eta astelehenean jarriko dute indarrean. Erabakiari neurria hartzeko: 2008an adostu zuten azkenekoz antzeko babes bat, krisiaren garairik gordinenean.
Credit Suissek hondoa jo izanak argi gorriak piztu zituen, eta erreakzionatzeko premia ikusi zuten. Christine Lagarde EBZko presidenteak jarri zizkion hitzak lasaitasun mezu sinboliko horri: «EBZ ondo hornituta dago finantza sistemari likidezia ziurtatzeko eta diru politikaren transmisioa bermatzeko». Alegia, behar bada dirurik ez dela faltako. Nabarmendu zuen merkatuak etengabe aztertzen ari direla, eta «behar bezala» erantzuteko prest daudela: «Euroguneko bankuek kapital ahalmen handia dute».
Lagarde arratsaldean mintzatu zen, baina banku zentralen akordioa goizean izan zen, eta Europako hainbat bankuren akzioen prezioak egun osoan zer bilakaera izan zuen ikustea baino ez dago ondorioztatzeko neurriak eragina izan zuela. Suitzako krisiak kutsatuta, jaitsiera handiak izan zituzten gehienek goizean, eta, ordu batzuk geroago, positiboan amaitu zuten.
UBS Suitzako banku eroslearen akzioen balioa, esaterako, %13 apaldu zen goizean goiz Zuricheko burtsan. Arratsalderako, aldiz, ostiralean baino %1,2 gehiago balio zuten. Deutsche Bank eta Commerzbank Alemaniako bankuek ere bestondo handia izan zuten: %10eko eta %8 jaitsierak, hurrenez hurren. Arratsalderako, baina, bien akzioak ostiraleko prezio bertsuan ziren. Italiako eta Frantziako bankuek antzeko bilakaera izan zuten. BNP Paribasek, esaterako, %6,4ko galera izan zuen goizean, eta %1,5eko igoerarekin amaitu zuen. Datuak, dena den, tentuz hartu behar dira, iragan astea beltza izan baitzen bankuentzat.
Erreskate pribatua
Credit Suissek berak ere gora egin zuen egunak aurrera egin ahala, baina harentzat ez zegoen hondamendia eragotziko zuen neurririk. Goizean, akzioen balioa %64 apaldu zen ostiralekoarekin konparatuz; amaieran, %57 inguru. Iragan ostiralean 1,86 euro balio zuten akzioak 0,76 euroan erosi zituen herenegun UBSk. Atzo goizean, berriz, 0,67 euro balio zuten, eta, arratsaldean, 0,81 euro.
Credit Suissek hondoa jo zuen iragan ostiralean, eta Suitzako Gobernuak asteburu osoan jo eta su lan egin zuen herrialdeko bankurik handienetan bigarrena desager ez zedin. Azkenean, UBSrekin akordio bat lortu zuen, hark eros zezan. 8.000 milioi euro balio zuen Credit Suissek, eta UBSk 3.300 milioi euroan erosi du. Horren truke, gobernuak 9.000 milioi euro emango dizkio aktiborik arriskutsuenekin izan dezakeen galerari aurre egiteko, eta Suitzako Bankuak 100.000 milioi euroko likidezia lerro bat hitzeman dio. UBSko buruek jada iragarri dute kaleratzeak egingo dituztela Credit Suissen. Xurgatutako bankuak 50.000 langile ditu.
Amazonek 9.000 kaleratze gehiago iragarri ditu

Amazonek 9.000 kaleratze gehiago iragarri ditu
Bankuak suspertu dira UBSk Credit Suisse xurgatu ondoren

Bankuak arinki suspertu dira UBSk Credit Suisse xurgatu ondoren. Espainiako burtsak % 1,31 egin du gora astelehen honetan. Indizeko sei bankuak, goizean merkatua zenbaki gorrietara zeramatenak, igo egin dira eta funtsezkoak izan dira burtsaren gorakadan.
Emakumeek M8a eta A25a jaiegun izendatzea alboratu dute, eta…

Emakumeek M8a eta A25a jaiegun izendatzea alboratu dute, eta azaroaren 5aren alde egin dute. Emakundek eta emakumeen elkarteek jaiegun izan litezkeen daten zerrenda osatu dute. 1933eko azaroaren 5ean lehenengo aldiz bozkatu zuten emakumeek Euskadin.
Portuaren kudeatzaile berria, sozietate publikoa
Deszentralizazio legearekin, 1982an, Donibane Lohitzune-Ziburuko portua departamenduaren jabego bilakatu zen. Urteetan modu azpikontratuan portuaren arlo guztiak kudeaketa egitura batzuei delegatu ondotik, Pirinio Atlantikoetako departamenduak esku hartu du berriz, lekuko sozietate publiko bat sortu baitu portu osoa zuzentzeko.
Arrainen salmenta gunea elkarte batek kudeatzen zuen orain arte; laket-portua, herriarteko sindikatuak; arrantza profesionalaren kudeaketa Baionako Industria eta Komertzio Ganberaren esku zen; erregaia, La Basquaise kooperatibaren esku; orga altxatzailea Zokoako ontziolak kudeatzen zuen… Marie-Laure Ondars da, urtarrila hastapenetik, sozietate publikoaren zuzendaria, eta, haren ustez, arazo bilakatua zen portuan hainbeste kudeatzaile izatea: “Kudeatzaile anitz izateak eragozten zuen azterketa ona egitea portuaren kudeaketaz, baita deliberoen hartzea ere. Informazioa galtzen zen, bakoitzak zati bat bere gain zuelako”.
Arrain maiorista eta, lehenago, arrain salmenta kudeatzen zuen elkarteko lehendakari izan zen Mikel Arregik gutun bat igorri zion Jean-Jacques Lasserre departamenduko buruari, jakinarazteko bere ustez aldaketa bat beharrezkoa zela. “Atlantikoan, portu guztietan aldaketak izaten dira, eta egoera ondo finkatzeko ezin genuen horrela segitu”. Arregiren erranetan, inbertsioak “beharrezkoak” ziren portuan, baina industria eta komertzio ganberak ez zituen egin nahi: “Materiala ere zaharra zen, aldatu behar zen, eta momentu batez ezin zen. Portuan behar ziren inbertsioak egin, eta Baionako Ganberak ez zuen nahi ordaindu”, laburbildu du.
Garai batean, Donibane Lohitzuneko eta Ziburuko portuak kooperatiba desberdinekin funtzionatzen zuela gogoan hartu du Ondarsek bere postua hartu berritan: “Azken urteetan, arloko parteen artean elkarrizketa gelditua zen. Bakoitza bere xokoan zen. Helburua da berriz loturak egitea, berriz kolektiboki aritzea”. Horretarako, aholku batzorde bat sortu dute, portuko profesional batzuk bilduta.
Salmenta gune komuna
Arrantzaleetan panorama zabala da; amua, sarea edo hondasarearekin ari direnetan, teknika desberdinak baliatzen dituzten arrantzaleak “bildu eta hortik boz bat ateratzea zaila da”, Arregiren ustez. Halere, gehitu du interes bera dutela arrantzale guztiek arrain salmenta gunearen inguruan: “Denek nahi dute arrain salmenta zerbitzuak segi dezala eta zerbitzu ahalik eta hoberena izan dadila”, erran du. Ez baita merkatu tipia Ziburuko arrain salmentarena: urtean 8.000 eta 12.000 tona arrain saltzen da, eta iaz 30 milioi euroko negozioa izan zen.
Portuaren ibilmolderako finantza iturri da arrain salmenta, zerga batzuk direla medio. Donibane Lohitzune eta Ziburuko 45 arrantza ontziez gain, Hendaia eta Capbretongo (Landak) arrantzaleek ere Ziburun saltzen dute arrainaren parte bat. Batzuk, gainera, kamioiz ekartzen dira; armadore handi batek, bereziki, Irlandan arrantzatu legatza handik Lapurdira kamioietan ekartzen du erregularki, Ziburun saltzeko.
Antolaketa berria oraino plantan ezartzekoa badute ere, Ondarsen lan ardatza profesional batzuen arteko lankidetza da, argiki. Arrain salmentaren kasuan, onartu ondotik elkarrizketa kanalak sortzekoak direla, eta sinesten du hobekuntza posibleetan: “Adibidez, entseatu gaitezke saihesten denek arrain berdina ekar dezaten momentu berean, horrek baitu, normalean, prezioen gainbehera ekartzen. Antolatuz gero, merkatua erregularki hornitzea posible izan daiteke”.
Elkarlana sustatzen hasteko, kontsulta batzorde bat sortu dute, arrantzako profesionalez osatua: arrantzale elkarteak, arrain erosle maioristak, La Basquaise kooperatiba… “Lotura atxikitzeko eta elkarlanean aritzeko, edo, bederen, informazioa elkar trukatzeko”, Ondarsen arabera. Haren erranetan, arau anitz badira, eta etengabe aldatzen dira, gainera, eta “hori guztia partekatzea” da haren ideia, “elkarrekin estrategia komertzial bat garatzeko, portua dinamizatzeko, salmentak goratzeko, irabaziak eta zerbitzuak hobetzeko xedez”.
Obrak abian ontziolan
Lantalde berriak abiada hartu artean, kudeatzaile aldaketak berehala ekarri du lehen inbertsioa berritze lanetan. Industria eta komertzio ganberak ezin zuena asumitu departamenduak eginen du: lehen obra gotor batekin hasiak dira, Ziburuko Zokoako ontziola berritzeko, hemezortzi hilabete iraunen dituzten lanekin. Ezinbestekoak ziren, Ondarsen erranetan, “ez baita batere normetara egokitua” gaur egun. Beste obra beharrezko batzuk ere baditu gogoan portuko zuzendariak, baina urratsez urrats egitekoak; bai arrantza sail profesionalarentzat, bai atsegin portuarentzat.
Arrantzaleen artean bestelako iritziak entzuten badira ere, Arregik uste du lehen urratsetan jadanik sozietate publikoak kudeatzaile batzuk kontsultatzen dituela lanak hasi aitzin: “Inbertsioak egiten dituzte denekin hitz eginez, profesional guztiekin. Gero sintesia egiten dute, denen artean adostua egiteko. Haiek badituzte gero ahalak diru laguntzak lortzeko”.
Sozietate publikoaren egiturarekin, Ondarsi iduri zaio “borondate historiko” bati ihardesteko manera izanen dela oraindik goiti: “Arrantzaleen elkarteak beti hertsiki lotuak izan dira portuaren kudeaketari. Bazen kooperatiba izpiritu azkarra, momentu batez arrain salmenta ere kooperatiba batek zuen kudeatzen”. Zuzendari berriak epe luzeko estrategia plantan ezarri nahi du orain, “orain sobera existitzen ez den izpiritu kolektiboa” berriz aktibatuz.
Petronorreko findegiko “langile gehienak” greba egiten ari dira, enpresa-batzordearen…

Petronorreko findegiko “langile gehienak” greba egiten ari dira, enpresa-batzordearen arabera. Langileek egindako aldarrikapenen artean daude, besteak beste, KPIaren kontsolidazioa soldata-tauletan sartzea, urteko orduak murriztea eta kontziliazioa bermatzeko langile gehiago kontratatzea.
Osakidetzako garbiketako langileek greba ziklo berri bat hasiko dute…

Osakidetzako garbiketako langileek greba ziklo berri bat hasiko dute astelehen honetan, apirilaren 2ra arte. LABek, UGTk, CCOOk eta ESK-k apirilaren 2ra arte luzatu dute greba deialdia. Bestalde, ELA sindikatuak apirilaren 3ra arte eutsiko dio lanuzteari.