Europako Batzordeak azalpenak eskatuko dizkio Frantziari abiadura handiko konexioaren…

Europako Batzordeak azalpenak eskatuko dizkio Frantziari abiadura handiko konexioaren atzerapenagatik



Zer ari da gertatzen azkenaldian?
DSBEaren eskatzaileen eta hartzaileen etxeetan sartzen ari da Ertzaintza, bizikidetza unitatea erreala den egiaztatzeko. Gainera, bortxaz ari dira sartzen, laguntza kenduko dietela esanez.
Etxeak miatzean haien balorazioak egiten dituzte, eta laguntzak kentzen ari dira haien balorazio pertsonala oinarri hartuta, bizikidetza unitatea ezberdina dela argudiatuz.
Gero eta arreta gehiago ari zarete ematen?
Urtearen hasieratik hona ikusi dugu gero eta gehiago ari direla gertatzen halako kasuak. Lehen, Poliziaren laguntzaz joaten ziren Lanbideko langileak hartzaileen etxeetara, baina soilik iruzur susmoa zutenetara. Orain, baina, orokortu egin da, eta abisurik gabe ari dira joaten goizeko ordu txikietan edo gauerdian. Uste dugu gero eta jende gehiago utzi nahi dutela laguntzatik kanpo.
Jendea autoestimu gutxirekin etortzen da Lanbideren tratuagatik. SEPE Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoarekin alderatuta, tratua txarra eta mespretxuzkoa da; izan ere, azken horretara landunak edo lana izan dutenak doaz, «herritar onaren estatusa» dutenak, alegia.
Zertan laguntzen diezue zuengana doazenei?
Arazo ezberdinak dituen jendea etortzen da. Okerreko ordainketekin arazoak dituztenentzat, adibidez, inprimaki bat egin dugu egoera hori eteteko.
Azken asteetan Polizia egiten ari den ikuskapenekin, kalean salaketak egiten ari gara. Bestalde, saiatzen ari gara Arartekoarekin eta alderdi politikoekin harremanetan jartzen. Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin genuen, lege berritik gaizki ikusten genituen gauzak esateko, eta uste dugu alderdi politikoetan badagoela jendea errealitatetik urrun dagoena. Egoera hauek ez dituzte ezagutzen.
Nola hartu zenituzten Elkarrekin Podemosen babesa eta EH Bilduren abstentzioa?
Tristea iruditu zaigu eta inpotentzia sortu digu ezkerreko alderdiek lege berria babesteak. Beste errealitate batean daude, eta uste dut ez direla jabetzen zer-nolako eragina izango duen legea ondo ez zehazteak.
Zeri buruz ari zarete pobreziaren kriminalizazioa aipatzean?
Uste dugu langile klasearen bizi baldintzak okertzen ari direla, eta pobreziaren kriminalizazioarekin esan nahi dugu egoera hori normalizatzen ari dela. Laguntza jasotzen duten pertsonak estigmatizatu egiten dira, eta estatuarekiko zorretan egongo balira bezala aurkezten dira. Horrek, berriz, kontrol mekanismo guztiak justifikatzea dakar, intimitatearen eta egoitzaren bortxaezintasunaren urraketak, esaterako.
Zer iritzi duzue orokorrean DSBEari buruz?
Miseriazko errenta sistema diziplinatzaile bat da DSBEa, eta funtzio jakin batzuk betetzen ditu. Lehenik eta behin, langabeen masaren biziraupena bilatzen du, betiere miseriazko baldintzetan. Bestalde, egungo partzialtasun eta aldizkakotasun baldintzak onartzera behartzen ditu Lanbidek hartzaileak; hau da, egungo merkatuan enpresek dituzten beharretara moldatzen da. Finean, justu-justu bizirik irauteko baliabideak ematen dituzte, eta egoera horretatik ahalik eta lasterrena ateratzeko lan txarrenak onartzera behartzen dituzte.
Iruzurrari aurre egiteko asmoa dutela diote. Horrenbesteko arazoa al da?
Lanbidek emandako datuen arabera, %0,45eko iruzurra dago; 50.000 jasotzaileetatik 230 daude iruzur egin izanaren susmopean. Lanbidek asko inbertitzen du kontrolean eta ikuskatzeetan, eta saltzen dute inbertsio hori deskubritutako iruzurrekin ordainduko dela. Baina guk garbi dugu hori ez dela haien helburua, aipatutako funtzio diziplinatzailea baizik.
Bestalde, polemikoa izan daiteke, baina jendearen egoera zaurgarriaz baliatzen diren mafiek egindako iruzurrak albo batera utziz, guk defendatu egiten dugu jendeak paper batzuk faltsifikatzea bizitzeko baliabideak lortzeko. Iruzur deitzen zaion hori guretzat zilegi da guztiz.
Nola ikusten duzue DSBEaren erreforma?
Asko saltzen da ordainsarien kopuruak igo direla, baina guk uste dugu erreforma ez datorrela soilik egungo krisiaren ondorioak apaltzera. Aldaketak badaude, eta positiboagoak edo negatiboagoak izan daitezke langileriarentzat, baina erreformak ez dio erantzuten langileria antolatuaren aurrean estatuak eginiko kontzesio bati. Kontrara, erasoaldi egoera honetan, DSBEak enpresarien beharretara egokitzen du eskulana.
Lehen DSBEa miseria egoeratik ateratzeko laguntza bat zen, baina aldaketa kultural bat gertatu da, eta lan baldintza oso txarrak dituzten langileek bizitza osoan izango duten osagarri bat da gaur egun. Soldata zuzena garrantzia galtzen ari da, eta ez-zuzenekiko dependentzia handitu da.
Patxi Lopezen agintaldian, DSBEarekin loturiko kontuen kudeaketa udaletako gizarte langileen eskuetatik Lanbideko funtzionarioenetara pasatu zen, eta Brigida Ridruejok uste du ordutik arretak «gizatasuna» galdu duela. Urte luzez Bilboko eta inguruetako mugimendu antirrazistan ibili da, eta DSBEarekin arazoak izaten ari den jendeari laguntzen ari direnetako bat da.
Gertutik ikusten ari da Ridruejo azken hilabeteetan gertatzen ari dena. Salatu duten moduan, Ertzaintza DSBEaren hartzaileen etxeetan ari da sartzen baimen judizialik gabe, laguntzarekin lotura duten ikuskatzeak egiteko. Esan du «bortxaz» eta «mehatxuz» sartzen ari direla: «Sartzen uzteko eskatzen diete hartzaileei, uzten ez badiete Lanbideri txosten negatibo bat bidaliko diotela esanez. Eta, noski, jendeak hori ez duenez nahi, sartzen uzten diete».
Ridruejok dio lehen ere etxeetara joaten zirela, baina txirrina jotzera soilik, bertan bizi direla egiaztatzeko. DSBEaren 2022ko abenduko lege berriak, baina, eskubidea ematen dio Lanbideri hartzaileen etxeetan ikuskatzeak egiteko. Legea, baina, martxoaren amaieran sartuko da indarrean, eta Ridruejok uste du horregatik ari direla Ertzaintza bidaltzen.
Eusko Jaurlaritzaren Lan Sailak eta Segurtasun Sailak, ordea, biek ala biek gertakari horiek gezurtatu dituzte, eta galdera gehiago erantzuteari uko egin diote. 2020ko ekainean, baina, Ertzaintzako Sindikatu Profesionalak gutun bat helarazi zion Segurtasun Sailari, laguntzen hartzaileen etxeetan egiaztapenak egitea haien eskumena ez zela adieraziz. Horrez gain, Datuen Babeserako Legea hausten ari ziren susmoa ere bazuten ertzainek, hartzaileek beste sail bati emandako datuak Ertzaintzari ematen ari zirelako.
Epaiketa «subjektiboak»
Ertzaintza hartzaileen etxeetara ari da sartzen iruzur posibleen bila. Hala, «bortxaz» etxeetan sartu ostean, irizpide «subjektiboen» araberako epaiketak egiten dituztela dio Ridruejok: «Sartzen uztean, hozkailua, armairuak eta kaxoiak irekitzen dituzte, esekitokia begiratzen dute… eta gero balorazio subjektibo edo partzialak egiten dituzte. Behin neska baten etxean sartu eta esekitokian mutilen arropa zuela esan zioten. Neskak erantzun zien bere arropa zela, eta Ertzainek ebatzi zuten arropa maskulinoa zela eta, beraz, ez zela berea, eta aurkako txosten bat bidali zioten Lanbideri, etxe horretan beste norbait bizi zela argudiatuz». Hamaika adibideetako bat da hori.
Ridruejok dio ikuskapen horien aurretik ere hartzaileak «oso kontrolatuta» zeudela: bankuko mugimenduen ziurtagiriak, bizikidetza unitatearen egoera egiaztatzea, ogasuneko datuak, erroldak, mugetako mugimenduak… Horrek «kontrol zorrotz bat» izateko nahikoa izan beharko lukeela iritzi du. Ikuskapen horien atzean, baina, kriminalizazioa dagoela uste du: «DSBEa jasotzea delituzko zerbait dela dirudi, administrazioari dirua lapurtzen ariko balira bezala. DSBEa eskubide subjektibo bat da, EAEn egoitza izateagatik edozeinek duen eskubidea».
Gastuak epaituz ere ari dira laguntzak kentzen. Ridruejok adierazi du «irizpide garbirik» ez dagoela gastuak ebaluatzeko, eta «argindar gutxiegi gastatzegatik» edo «telefonia faktura handiengatik» DSBEak kentzen ari direla baieztatu du. «Non jartzen du laguntza jasotzen dutenek ezin dutela zerbitzu pribaturik erabili? Edo ezin dutela x balio duen arroparik erosi? Etengabeko kriminalizatzen dituzte», dio.
Zer dio legeak?
2008ko legeak ez du laguntzaren hartzaileen etxeetan sartzeko aukerarik jasotzen; bai, ordea, 2022koak. Legearen 4. tituluak arautzen du Lanbideren ikuskatzeko ahalmena, eta hala dio 94. artikuluak: «Lanbideko inspektoreak ondorengoetarako ahaldunduta egongo dira: Prestazio ekonomikoaren titularren eta onuradunen egoitzan sartzeko honako hauek egiaztatzeko: bizikidetza-unitatearen existentzia, unitateko kideak bertan bizi direla benetan, egoitzan bizikidetza-unitate bat baino gehiago dagoela, eta nahitaezko beste edozein inguruabar, zerikusia badu prestazioa eskuratzeko betekizunak betetzearekin edo prestaziotik lortzen diren betebeharrekin».


