Langileak kaleratzea, merke?
Gaia, baina, ez da hor geratuko. Izan ere, martxoan EH Bildu, ERC eta BNG alderdiek egindako lege proposamena eztabaidatuko dute Diputatuen Kongresuan. ERCren mozioa baino orokorragoa da proposamena, eta azken lan erreforman hobetzeko geratu ziren gaiei heltzea dute asmoa; bidegabeko kaleratzeagatik jasotzen den kalte ordaina tartean.
Dena den, eztabaida berpiztu duena Kataluniako Justizia Auzitegiaren otsaileko epai bat izan da. Langile batek lau hilabete zeramatzan enpresa batean lanean, eta, pandemia iritsi zenean, enpresak kaleratu egin zuen; gainerako langileei, berriz, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea ezarri zieten. 942 euroko kalte ordaina jasotzeko eskubidea zuela adierazi zioten langileari, baina, azkenean, auzitegiak 4.435 euroko kalte ordaina ematera behartu berri du enpresa, hasieran baino lau aldiz gehiago. Honela argudiatu zuen epaitegiak: «Mila eurora iristen ez den legezko kalte ordaina nabarmen hutsala da, eta ez du estaltzen enplegua galtzeagatik eragindako kaltea». Iaz UGT sindikatuak Europako Giza Eskubideen Batzordera jo zuen, Espainiako Gobernuaren aurka salaketa bat jartzeko. Izan ere, sindikatuarentzat, gaur egungo kalte ordaina txikiegia da, eta hori handitzeko asmoz jarri zuen salaketa.
Europako Gutun Soziala da nolabait kalte ordainak arautzeko gidalerroak ematen dituena. Honela dio 24. artikuluak: «Baliozko arrazoirik gabe kaleratua izan den langile orok eskubidea du kalte ordain egoki bat jasotzeko. Hala, aldeek babesten dute arrazoirik gabe kaleratua izan dela uste duen langile batek eskubidea duela erakunde inpartzial batean helegite bat jartzeko». Artikulu hori helduleku hartuz jarri zuen salaketa UGTk.
33 direnak 60 ziren
Azken hamarkadetan, murriztu besterik ez da egin bidegabeko kaleratzeagatik ematen den kalte ordaina. 1973. urtean, bidegabeki kaleratzeagatik, enpresak lan egindako urte bakoitzeko 60 eguneko kalte ordaina ordaindu behar zuen, gehienez 70 hilabetez. 1980an, 45 egunera jaitsi zen, eta gehienez 42 hilabetez ordaindu behar zuen. 1997an etorri zen hurrengo aldaketa: gehienez ordaindu beharreko hilabeteak 42tik 24ra murriztu zituzten.
2010eko eta 2012ko lan erreformek beheratu dute kalte ordaina lan egindako urte bakoitzeko 33 egunera. Lehen erreforman, PSOErenean, langile multzo handi bat sartu zuten 33 eguneko kalte ordainen zakuan, behin-behineko langileak batez ere. Hala ere, behin betiko kontratua zuten langileek eta beste batzuek 45 egunekoa jasotzeko eskubidea zuten, 2012ko PPren lan erreformara arte. Urte horretan, Mariano Rajoyren gobernuak 33 egunera apaldu zuen kalte ordaina langile guztientzat.
Senatuaren orena
Orain arte, oso ezohikoa izan da erretretaren erreformaren eztabaida parlamentuan, Elisabeth Borne lehen ministroak inoiz erabili ez zen bide bat aukeratu baitu haren tramitaziorako: Frantziako Konstituzioaren 47.1 artikulua. Arau horrek aukera ematen du pentsioen erreforma Gizarte Segurantzaren finantzaketaren aldaketa gisa tramitatzeko, eta, horren ondorioz, parlamentuko eztabaida 50 egunera mugatzeko.
Debate laburtu horren lehen fasea ostiral gauerdian bukatu zen, eztabaida hastapenetan zegoela: legegaiaren 21 artikuluetatik bi bakarrik bozkatzeko denbora izan zuten diputatuek. Ontzat hartu zuten lehen artikulua, erretreta sistema berezi gehienak desagerrarazten dituena, eta atzera bota zuten, aldiz, bigarren artikulua, enpresa handiak adineko langileen erregistro bat sortzera behartzen dituena. Bozketarik ez zen izan erreformaren puntu nagusiaren inguruan, erretretaren adina atzeratzeari buruzkoan.
Gobernuak hautatutako bidearen ondorio ez ezik, oposizioaren estrategiaren ondorio ere izan zen eztabaida bururaino ezin eramatea. Legegaiari 20.000 zuzenketa jarri zizkioten Asanblean; gehienek Nupes ezkerreko koalizioaren sinadura zuten, eta eztabaida trabatzeko asmo garbia zuten. Debatean, ordea, izan zen aldaketarik. Nupeseko talde batzuek —Berdeek, PSk eta PCFk— azkenean kendu egin zituzten beren zuzenketa gehienak, sindikatuek hala eskatuta. Ez zuen gauza bera egin LFI Frantzia Intsumisoak, Jean Luc Melenchon taldearen bultzatzailearen iritzia nagusitu baitzitzaien bozketari bide ematearen aldekoei.
Erabaki hori gogor kritikatu dute Phillippe Martinez (CGT) eta Laurent Berger (CFDT) sindikalistek, eta baliteke aurrerago ondorio politikoak ere izatea, LFIren jarrerak asko haserretu dituelako Nupeseko beste kideak.
Senatuan, eskuina nagusi
Legegaia datorren asteartean iritsiko da Senatura, baina, han, osoko eztabaida ez da martxoaren 2ra arte hasiko. Hamar egun iraungo du gehienez, martxoaren 12ko gauerdira arte.
Asanblean ikusitako eztabaida liskartsu eta zakarrik ez da espero Senatuan. Erreformaren aldekoek gehiengo zabala dute goi ganberan, eta haien asmoa da debatea bururaino eramatea eta legegaiaren puntu guztiak bozkatzea, betiere aldaketa batzuk eginda. LR Errepublikanoak eskuindarra da talde nagusia (149 senatari); UC Zentristen Batasunak 57 kide ditu, eta Emmanuel Macronen aldekoen RDPIk, berriz, 24.
Ezkerreko senatariek ere ez diote Asanbleako taldekideen bideari jarraituko. «Uste dugu Frantziako herriari zor diogula eztabaida egitea […] Demokraziaren eta parlamentuaren irudiaren mesedetan, goi ganberak beste modu batera funtzionatzen du», azaldu du Patrick Kanner senatari sozialisten buruak.
Haiena da ezkerreko talde nagusia (64 senatari); komunistek hamabost ordezkari dituzte, ekologistek hamabi, eta Melenchonen LFIk bakar bat ere ez. Asteartean, LFIk Nupeseko beste kideei galdegin zien «ahal duten guztia egitea» erretreta 64 urtera atzeratzea eragozteko. Eskuin muturrak ere ez du senataririk.
Senatuko eztabaida amaitu aurretik deitu dute sindikatuek seigarren protesta egunera. Martxoaren 7an izango da, eta haren bitartez «Frantzia geldituko» dutela agindu dute erreformaren aldekoek. Horren aurretik, ez da baztertu behar garraioetan eta findegietan grebak abiatzea.
49.3 artikuluaren aukera
Protestak gobernua makurrarazten ez badu, martxoaren 12an amaituko da Senatuko debatea, eta orduan hasiko da parlamentuko eztabaidaren azken fasea: CMP talde misto paritario bat osatuko dute zazpi diputatuk eta zazpi senatarik, testu bateratu bat egiteko. Talde horretako kideak proportzionalki hautatzen dira, eta zentroko eta eskuineko parlamentariek izango dute hor gehiengoa.
Egun gutxi batzuk izango ditu batzorde horrek testu bateratu bat egiteko, martxoaren 16rako heldu beharko baitu legegaiak Asanbleara. Hark aldaketarik gabe onartuz gero, gero Senatuak izango du azken hitza.
Bi ganberek baiezkoa emanez gero, erreforma indarrean sartuko da, irailean. Baina CMPak testu bateraturik ez badu egiten, edo bi ganberetako batek atzera botatzen badu —edo aldaketa batzuk egiten badizkio—, legegaia bi ganberetara itzuliko da. Tarte laburra dago horretarako, debateak martxoaren 26rako bukatu behar duelako nahitaez, orduan bukatzen baita 47.1 artikuluak zehazten duen 50 eguneko eztabaida.
Baina hori ez da proiektuak aurrera egiteko modu bakarra. Senatariek eta diputatuek ez badute denborarik erreforma bozkatzeko, gobernuak bi aukera izango ditu: dekretu bidez onartzea edo, 11. aldiz legealdi honetan, Frantziako Konstituzioaren 49.3 artikulua erabiltzea testu osoak aurrera egiteko, eta trukean zentsura mozioa jasotzea.
Jaurlaritzak angularen arrantzaren profesionalizazioa errazteko eta arautzeko plan bat…

Europar Batasunak debekatu egin zuen Euskadin angularen arrantza. Orain, Angulen Elkartearekin lortutako akordioak horrekin espezie horren harrapaketen eta merkaturatzearen hainbat kontrol ezarriko dira, sektorea profesionalizatzeko eta Europar Batasunaren eskakizunetara egokitzeko.
% 8,6 hipoteka gehiago sinatu dira EAEn 2022an, eta…

% 8,6 hipoteka gehiago sinatu dira EAEn 2022an, eta % 4,6 gutxiago, Nafarroan. Guztira, 27.858 hipoteka sinatu dira Hego Euskal Herrian: 22 905 EAEn eta 4.953 Nafarroan, hurrenez hurren.
Aernnovak ez du enplegu erregulazioko espedientea baztertzen, Errusiarekin dituen…

Aernnova no descarta un ERTE de nueve días por problemas de suministro con Rusia. El objetivo de la empresa es dar con una fórmula que evite tener que recurrir a un ERTE.
Iberdrolak inoiz baino diru gehiago irabazi zuen iaz: 4.339…
Emaitzak esperotakoaren gainetik daude, duela urtebete esan baitzuen 4.000 eta 4.200 milioi euro artean irabaztea zela helburua. 2023an ere bide onetik jarraituko duela uste du, mozkina %8-10 handitzea espero baitu.
CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari igorritako agirian, Iberdrolak ziurtatu du bere adar guztiek hobetu dituztela aurreko urteetako emaitzak, Brasilen eta AEBetan bereziki. Baina bada salbuespen bat: Hego Euskal Herrian eta Espainian aritzen den adarraren mozkina %19 txikitu da, Iberdrolaren esanetan, «arau eta zerga neurrien ondorioz, eta enpresak ez duelako bezeroen bizkar jarri kostuen handitzea».
Arauei dagokienez, ekainaz geroztik indarrean dago Iberiar penintsulako merkatu bateratuan argindarra sortzeko erabiltzen den gasari gehienezko prezio bat ematea. Horren ondorioz, iturri berriztagarriei eta nuklearrari ez diote argindarra ordaindu gasako zentralen prezioan. Argindar enpresei kalte egin die neurri horrek, eta mesede, berriz, bezeroei.
Zergei dagokienez, energia konpainiek tasa berezi bat ordaindu behar dute, beren aparteko irabazien zati bat gastu publikorako izan dadin. Zehazki, Espainian eta Hego Euskal Herrian fakturatutakoaren %1,2 ordaindu beharko dute, baina merkatu arautuan egindako salmentak salbuetsita daude. Espainiako Ogasunak bilduko du dirua, teknikoki ez baitira zergak, ondare eskualdatzeak baizik, baina haien zati bat foru ogasunei pasatuko die ondoren: %6,24 Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoei, eta %1,6 Nafarroakoari.
Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroak asteartean jakinarazi zuenez, 817 milioi euroko lehen ordainketa bat egin dute azken asteetan energia konpainiek, eta gainontzekoa irailean egingo dute. 2022ko kontuen arabera izan da ordainketa, baina 2023ko zenbakietan islatuko da.
Iberdrolak kalkulatu du 200 milioi euro ordaindu beharko dituela zerga horregatik, baina diru hori berreskuratzen saiatuko da. Izan ere, Gerardo Codes Iberdrolako zerbitzu juridikoetako zuzendariak iragarri du zerga horren aurkako helegitea jarri duela Espainiako Auzitegi Nazionalean, «arbitrarioa eta baztertzailea» delako eta uste dutelako Europako arauen aurka doala. Epaileen erabakia datorren urtean espero du. Iberdrolak ez ezik, hura partaide den Aelec argindar ekoizle handien elkarteak ere jo du auzitegira.
Inbertsioak ere, gora
Bilbon egoitza duen konpainiak ziurtatu du %13 handitu dituela bere inbertsioak, 10.730 milioi euroraino. Horietatik, %38 izan dira Europako Batasunean, %25 AEBetan, %20 Latinoamerikan eta %13 Erresuma Batuan. Inbertsioaren %90 energia berriztagarrietan eta sare adimentsuetan egin du.
Berriztagarrietan dagoeneko 40.000 megawatt-orduko potentzia instalatua du Iberdrolak, eta hurrengo lau urteetan beste 7.675 MW gehitzeko moduan egongo direla iragarri du konpainiak; horien erdiak itsasoko parke eolikoetan egongo dira.
Hala ere, 2022ko protagonistak argindar iturri kutsagarrienak izan dira. Iberdrolaren ziklo konbinatuko zentralek %61 gehiago ekoitzi zuten eta %56 gehiago ikatza erretzen duten zentral termikoek. Horrela konpentsatu zuten uda lehorrak eta beroak zentral hidraulikoen ekarpena %40 gutxitu izana. Parke fotovoltaikoen hedapenak %30 handitu zuen iturri horren ekoizpena, eta antzera aritu ziren nuklearra (+%4) eta eolikoa (+%1).
Iberdrolaren akziodunek etekina aterako diete enpresaren emaitza onei. Urtarrilean, akzio bakoitzeko 0,18 euro ordaindu zieten, eta orain beste 0,31 ordaintzea proposatu du konpainiako administrazio kontseiluak.
Etxeko langile egoiliarren %97k ez dute kobratzen legez dagokien…
ELE etxeko langileentzako aholkularitza zerbitzu bat da, eta iaz haiengana jo zuten 738 kasuetan oinarrituta osatu du aurtengo txostena. Emaitzen entresaka egitean langile egoiliarrak —lan egiten duten etxean bertan bizi direnak— eta etxetik kanpo dihardutenak bereizten ditu, baita legezko egoeran eta legez kanpo dihardutenak ere. Oro har, eta soldatari buruzko datuek erakusten duten bezala, langile egoiliarren egoera lazgarriagoa da.
«Etxe barneko langileen %72k beharko luketen baino lanaldi luzeagoa dute, eta kontuan hartu behar da haien gehienezko muga 60 ordukoa dela. Alegia, lautik hiruk 60 ordu baino gehiago egiten dute lan astean», azaldu zuen atzo Lore Ureta ELEko kideak. Ondorioz, atseden legedia ere ez da betetzen: %53,4k ez dute hamar orduko atsedena bermatua gauean, eta %37 gutxienez bi aldiz altxatzen dira gauero haien zainduak artatzeko. «Erritmo hori bateraezina da lan osasun egoki batekin. Lan ikuskariei lan osasunaren inguruko kontrol zorrotza exijitzen diogu», gaineratu zuen.
ELEra jo zuten etxeko langile egoiliarren %29,5 legez kanpoko egoeran zeuden. Haien jatorri herrialde ohikoenak Paraguai, Nikaragua eta Bolivia dira, hurrenkera horretara. Izan ere, etxeko langileen %89 atzerritarrak dira edo herritartasun bikoitza dute. Egoiliarren kasuan batezbesteko hori ia %98koa da. Horiek guztiek zaintza lanak egiten dituzte, eta %86,39 bakarrik bizi dira zaintzen dituzten pertsonekin. Alde horretatik, zaindutako pertsonen %67 emakumeak dira.
Kanpotik diharduten etxeko langileen profila ezberdina da. Orduka aritzen dira, eta ohikoa da etxe batean baino gehiagotan lan egitea. %83 atzerritarrak dira, eta paperik gabekoen kopurua egoiliarrena baino txikiagoa da: %12,9. Lanaldiei dagokienez, egunez diharduten langileen %55ek hogei ordu baino gutxiago egiten dituzte astean, eta %29 ez dira iristen lan egiten duten orduei dagokien gutxieneko soldatara.
Langabeziarik ez urrira arte
Uretak nabarmendu zuen «gero eta gehiago» direla Gizarte Segurantzan izena emanda dauden etxeko langileak. Legezko egoeran dauden ia egoiliar guztiak daude izena emanda eta egunez dihardutenen %90. Dena den, Uretak salatu zuen ez dela batere erraza Gizarte Segurantzarekin harremanetan jartzea. «Lehen, aurrez aurreko arreta zegoen, leihatilakoa. Baina orain etxeko langileek bide telematikoa baino ez dute. Agiriak atxikitzea-eta ez da erraza. Oinarrizko informatika ezagutzekin ez da aski. Tramitearekin ezin asmatu, eta osasun arrazoiengatik baja ez eskatzea erabaki duten langileak daude».
Kontratu eteteen datuak ere bildu ditu ELEk. Egunez dihardutenen laurdenek galdu zuten lana iaz, eta etxe barrukoen %11k. Uretak zehaztu zuen kaleratu horiek ezin izan dutela langabezia saririk jaso. Espainiako Gobernuak iazko urrian onartu zuen langabezia saria etxeko langileentzat, baina atzerako eraginik gabe. «Langabezia saria jasotzeko urtebeteko kotizazioa behar da; beraz, etxeko langileek ezingo dute jaso aurtengo urrira arte. Elkarteak aurretik lan egindako denbora ere kontuan har dadila eskatzen ari gara». Gai berean, Uretaren iritziz, iazko iraileko erreforma«pauso txiki bat baino ez da», eta gogoratu zuen Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak beharturiko aldaketa bat izan zela.
ITP Aerok I+G zentro bat eraikiko du Zamudion, espezializazio…

ITP Aerok I+G zentro bat eraikiko du Zamudion, espezializazio handiko 120 lanposturekin