Txibitek esan du Guardia Zibilaren txostenean agertutako obra batzuk…
Oso hunkituta eta arnasari eta malkoei eutsi ezinda. Hala mintzatu zaie Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidentea kazetariei, Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkariak dimisioa aurkeztu eta hiru ordu eskasera. Belateko tunelen lanak ageri dira Cerdan dimisiora eraman duen Guardia Zibilaren ikerketan, eta, horren aurrean, Txibitek jakinarazi du ikertu egingo dituztela Guardia Zibilaren txosten horretan ageri diren Nafarroako obra publikoetako adjudikazioak. Izan ere, aitortu du txostenean ageri direla Nafarroako administrazioarekin lotura duten enpresen izenak. Nafarroako Foru Komunitateko Jardunbide Egokien aldeko eta Ustelkeriaren kontrako Bulegoa izango da aztertuko dituena Guardia Zibilaren txostenean ageri diren enpresa guztiekin egin diren adjudikazioak. Kontratu horien kanpo ikuskaritza bat ere eskatuko du gobernuak, eta Nafarroako Kontu Ganberari ere galdegingo dio azter ditzala kontratazio horiek. Hiru bide horien bitartez zerbait topatuko balute, «azkeneraino» joko du gobernuak, Txibitek hitzeman duenez. Sanchezek bere agerraldia amaitu ondoren egin du berea Txibitek, Iruñean, eta oso hunkituta agertu da komunikabideen aurrean. «Esan behar dut ez dela egun erraza izaten ari», adierazi du. Azpimarratu du Cerdani buruz irakurri duena ez datorrela bat berak bere ibilbide politikoan bidelagun izan duen pertsonarekin: «Nire alderdikidea eta laguna da. Eta uste dut denok errespetatu behar dugula haren errugabetasun presuntzioa, epaiketarik ez dagoen bitartean. Espero dut Santos [Cerdan] gai izatea errugabea dela frogatzeko».


