Nafarroako Volkswagenek ekoizpen katea geldituko du urtarrilaren 27an pieza…

Nafarroako Volkswagenek ekoizpen katea geldituko du urtarrilaren 27an pieza faltagatik. Zehazki, airbagaren zentralita eta abiadura palanka falta dira Polo eta Tiguan ibilgailuetarako.
Erretreten erreforma «injustu eta bortitza» salatu dute milaka jendek…
Erreformaren bidez erretiroa hartzeko adina 64 urtera gibelatzea da Emmanuel Macron Frantziako presidentearen asmoa, baina langile gehienek hori baino gehiago egin beharko dute pentsio osoa lortzeko 43,5 urte sari beharko direlako. Hori da Christophe Briseren kasua. 53 urte ditu, eta ekoizpen arloan lan egiten du Angeluko (Lapurdi) Dassault enpresan. Gaur egun, 62 urterekin hartuko luke erretiroa; erreformarekin 65 urte arte itxaron beharko duela erran du. «Berrogeita hamar urteko gibelapen soziala da, onartezina da», salatu du.
Frantziako Gobernuaren hitzetan, gaur egungo erretreten sistema defizitarioa izanen da hemendik urte batzuetara. Horrek justifikatzen du erreforma egiteko beharra. «Kutxa ez da hutsa, ez da zilorik. Ez zen batere presarik halako erreforma bat egiteko», Jean Pierre Etxeberri CFDTko kidearen hitzetan.
Ildo beretik jo du Argitxu Dufau LAB sindikatuko Ipar Euskal Herriko koordinatzaileak ere: «Langileei eskatzen diete beti faktura pagatzeko, alta, aberatsak ez dira nehoiz hain aberatsak izan. Erretretak pagatzeko dirua bada. Dagoen sistema bizirik da, eta osasuntsua da». Haren iritziz, erreformak ez du arrazoibide ekonomikorik. «Bere ideologia liberal eta kapitalistari erantzuten dioten helburu politikoak bete nahi ditu Macronek».
Haserre mintzatu da Peio Dufau trenbideetako langile eta CGTko kidea ere. Azken urteetan, behin baino gehiagotan mobilizatu dira erretreten harira; 2020an, ordura arte zuten erregimen berezia kendu zieten trenbideetako langileei. Erreforma honen bidez, erregimen berezi gehienak ezabatu nahi ditu Frantziako Gobernuak. «Erreforma honekin denek gehiago lan egin beharko dugu, diru gutxiago irabazteko. Haserrea orokorra da. Dirua bada, gero eta gehiago batzuentzat; baina, jende xumeenentzat murriztu nahi dute».
Irautea da gakoa
Sindikatuen batasuna da atzo abiatu zen mugimendu sozialaren berritasunetako bat. Aspaldi ez ziren CGTko eta CFDTko banderak elkarren ondoan ikusi. «Erreformak banaka aztertzen ditugu, eta hau bereziki bortitza da. Onartezina da», esplikatu zuen atzo CFDTko Etxeberrik. «Negoziazioak biziki gaizki pasatu dira, egin duten gauza bakarra izan da jadanik hartua zuten erabakia jakinaraztea. Hori ez da negoziazio bat. Horregatik erabaki dugu karrikara jaustea».
Peio Dufauren hitzetan, «aspaldi» ez zuen «hainbeste» jende ikusi Baionako karriketan. «Frantziako Gobernua oztopatu nahi badugu, mobilizazioa azkarra izan beharko da». Ikusteko dago zer bilakaera hartzen duen ondoko asteetan, bereziki sektore jakin batzuetan: garraioak, energia… aitzineko erreformen kontrako mugimenduetan horiek mobilizatu dira gehien.
Argitxu Dufauren ustez, «borroka molde berriak» ere asmatu beharko dituzte.«Badakigu greba egitea gure tresna garrantzitsua bada ere lansariak oso apalak direla eta gero eta zailagoa dela. Nahitara egina da hori. Gure ustez, mobilizazio dinamikak segitu behar du, eta borroka osagarri batzuk ere asmatu beharko ditugu».
Frantziako sindikatuek urtarrilaren 31n emango diote segida protestari
Sindikatuen aspaldi ikusi gabeko batasunak isla izan zuen atzoko protesta egunean. Manifestazio jendetsuak izan ziren Frantziako hiri gehienetan; bi milioitik gora lagun manifestatu zirela esan zuten sindikatuek, eta kopurua 1,12 milioira murriztu zuen Poliziak. Bata zein bestea izan, jende asko izan zela onartu zuen Olivier Dussopt Lan ministroak: «Bagenekien mobilizazioa garrantzitsua izango zela, erretreta gai berezia delako».
Manifestari gehien Parisen bildu zen, 400.000 lagun, CGTren arabera. Han izan ziren Frantziako sindikatu nagusietako buruak, pozik mobilizazioak izandako erantzun zabalarekin. «Inkestetan irakurtzen dugunaren isla izan da mobilizazioa; hau da, herri honetako herritar gehienak erreformaren aurka daude», aldarrikatu zuen Phillippe Martinez CGTko idazkari nagusiak.
«Erakunde guztiak hemen gaude. Horrek erakusten du jendea sumindua dela», esan zuen Gaelle Martinez Solidaires sindikatuko idazkariak. «Erretiro ona nahi dugu, ez dugu erretretara hautsita iritsi nahi, nekatuta», Laurent Escure UNSAko buruak.
Manifestazioa, oro har, baketsua izan zen, baina izan ziren istilu txiki batzuk ere. Poliziak 38 lagun atxilotu zituen, arma zuriak eramateagatik eta txikizioak egiteagatik.
Ezkerreko alderdietako ordezkariek ere parte hartu zuten mobilizazioetan. Ez, ordea, eskuin muturreko RN Batasun Nazionaleko buruak, haiek ere erreformaren aurka izan arren.
Macron, irmo
Egun bakarreko protestak ez du Emmanuel Macron Frantziako presidentea gibelaraziko. Bartzelonan zela, amore emateko asmorik ez zuen azaldu Frantziako Errepublikako presidenteak. «Gobernuak erreformarekin jarraituko du, errespetuz, elkarrizketarako asmoarekin, baina irmotasunez eta ardura erakutsiz».
Protesten «legitimotasuna» onartuta ere, erreformaren izaera «demokratikoa» aldarrikatu du presidenteak, erretretaren adina gibelatzeko asmoa zuela iragarri baitzuen presidentetza hauteskundeetako kanpainan. «Gauzak esan egin behar dira hautaketa demokratikoak egiten direnean. Eta presidentetza hauteskundeetan eta legebiltzarrerakoetan gauzak oso argi esan ziren». Gobernuak bere erreforma aurkeztu aurretik sindikatuekin eta patronalekin negoziatu duela gaineratu du, eta orain diputatuen eta senatarien txanda da «proiektua aberasteko».
Inoizko manifestazio sindikalik handiena egin dute Baionan, pentsioen erreformaren…

Baionan 10:30ean abiatuko da manifestazioa, Lan Burtsaren eraikinetik. Greba deialdiak garraio zerbitzuetan eta hezkuntzan eragin handia izatea espero dute sindikatuek. Erretreta 62 urtetik 64ra atzeratzea proposatu du, besteak beste, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak.
EAEk Estatuko lan absentismo tasarik altuena dauka, Adecco Group…

EAEk Estatuko lan absentismo tasarik altuena dauka, Adecco Group Insituteren arabera. Ikerketa eta dibulgaziorako guneak 2022ko hirugarren hiruhilekoari dagozkion datuak argitaratu ditu. Confebaskek “behin eta berriz absentismoan txapeldun” izatea deitoratu du.
Erretretaren erreformaren aurkako mobilizazio jendetsua espero da gaur Baionan
«Banaketan oinarritutako erretreta sistema ez dago arriskuan. Ezerk ez du justifikatzen hain erreforma bortitza», adierazi dute sindikatu nagusiek ohar bateratu batean. Salatu dute Frantziako Gobernuarekin izandako elkarrizketetan erretretak finantzatzeko proposamen bat baino gehiago egin zituztela, baina ez dutela horietako bakar bat ere serioski aztertu nahi izan. «Erreforma honek bete-betean joko ditu langileak», deitoratu dute. LABen hitzetan, «interes kapitalistei bakarrik erantzuten dien gobernu liberal baten hautu politikoa da». Erretiro adina 60 urtera itzultzeko eskatu dute, 37,5 urte sarirekin eta gutxieneko soldataren heineko pentsioarekin.
Gorabeherak zerbitzuetan
Sindikatu guziek deitu dutela kontuan hartuta, gaurkoa greba mugimendu jendetsua izanen dela aurreikusi daiteke. Horiek horrela, hainbat zerbitzutan trabak izanen direla iragarri dute.
Garraioari dagokionez, trenbideetan izanen du eragin handiena: Akitania Berria eskualdean, TER eskualde trenen hamarretik bat baizik ez da ibiliko; tren lasterrei dagokienez, bostetik bat ibiliko da. Miarritzeko aireportuan hegaldi bakarra utzi dute bertan behera oraingoz, baina abisatu dute posible dela gorabehera gehiago ere izatea, kontrol dorreetako langileek ez baitute obligaziorik lehenago abisatzeko greba eginen duten ala ez. Autobusei dagokienez, Euskal Hirigune Elkargoaren Txik Txak sarearen ordutegiak egokitu dituzte, eta Baionako eta Miarritzeko hiri barneko joan-jinkariak bertan behera utzi dituzte.
Euskal Elkargoak kudeatzen dituen hainbat haurtzaindegik ez dute haurrik hartuko gaur, eta beste batzuetan zerbitzuak murriztu dituzte. Era berean, Ipar Euskal Herriko ikastetxe zenbait ere itxiko dituzte grebaren eraginez, eta beste batzuetan zerbitzu murriztuak ezarri dituzte.
Baina bestelako gorabeherak ere espero daitezke gaur eta ondoko egunetan: CGT sindikatuak erretreten erreformaren alde diren parlamentarien bulegoetako elektrizitatea mozteko asmoa ere agertu du, adibidez.
Bi pentsio sistema aldaketa betean
Gai minbera izan ohi da pentsioena, batez ere azken hamarkadetan egin diren guzti-guztien helburu nagusia izan delako pentsioetan egiten den gastua mugatzea eta erretiro sistemen defizita gutxitzea edo ezabatzea. Ildo murriztaile horretakoak dira oraingo erreforma proiektuak ere. Horrek ezinbestean ekarri ditu erreforma horien aurkako protestak, muga administratiboaren alde batean zein bestean.
Sistema baten eta bestearen artean badira aldeak. Honako hauek dira oinarrizkoenak:
NOLAKO SISTEMAK DIRA?
Frantziako eta Espainiako erretiro sistemek ezaugarri komun bat dute: biak dira banaketa sistemak. Horrela deitzen zaie unean uneko langileek unean uneko erretiratuen pentsioak ordaintzen dituztenean. Langileek eta haien enplegatzaileek hilero soldaten zati bat ordaintzen diote Gizarte Segurantzari, eta diru horrekin ordaintzen dituzte pentsioak. Belaunaldien arteko elkartasun sistema ere deitzen zaio. Banaketakoaz gain, kapitalizazio sistema ere badago —langileak bere lan bizitzan baztertutakoa gehi haren finantza errendimendua jasoko du—, eta nozionala deitutakoa ere bai —banaketa sistemaren eta kapitalizazioaren ezaugarriak tartekatzen dituena—.
Hego Euskal Herrian, pentsio publiko bakar bat dago —alargunarena eta erretirokoa uztartu daitezkeen arren—, baina bi dira Ipar Euskal Herrian: oinarrizko pentsioa eta osagarria. Azken horiek derrigorrezkoak dira soldatapekoentzat (Agirc-Arrco sistema) eta langile publikoentzat (RAFP). Lan bizitzan egindako kotizazioek puntuak ematen dituzte, eta, erretreta hartzean, puntu horiek diru bilakatzen dira.
ZEIN DA ERRETIRO
ADINA?
François Mitterrandek 60 urtean jarri zuen erretretaren adina bere agintaldiaren hasieran, eta hala izan zen 2010eko erreformak 60tik 62ra gibelatu zuen arte.
Hego Euskal Herrian, berriz, 65 urtean zegoen, baina 2011n, euroguneko zorraren krisia eten nahian, eta Europako Batasunaren eta finantza merkatuen presiopean, Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernu sozialistak adina 67 urtera atzeratzeko erreforma onartu zuen, CiUren laguntzarekin. Progresiboki ari dira erretiroaren adina atzeratzen, 2013tik 2027ra, urtero bi hilabete. Aurten, 66 urte eta lau hilabete dira. 2027tik aurrera izango dira 67 urte.
ADIN OFIZIALAREN AURRETIK
HAR AL DAITEKE ERRETIROA?
Bai. Frantziako sistema orokorrak aukera ematen die hori egiteko lanean gazte hasitakoei, lan gogorrak egindakoei eta elbarriei. Esaterako, 1959tik aurrera jaiotakoek gaur egun erretiroa har dezakete 43 urtez kotizatu badute, betiere 21 urte bete aurretik urtebetetik gora lan egin bazuten. Erregimen berezietan daudenek —SNCF, EDF, marinelak, militarrak… — errazago dute, eta, horregatik, haien artean 59 urtetik beherakoa da erretretaren batez besteko adina. Oro har, Frantzian, 62 urte eta lau hilabetekoa da erretretaren batez besteko adina.
Espainiako sistemak aukera ematen die 65 urterekin erretiroa hartzeko horretarako nahikoa kotizatu dutenei. 2013an, gutxienez 35 urte eta hilabete behar ziren; 2023an, gutxienez 37 urte eta sei hilabete kotizatu beharko dira; 2027tik aurrera, berriz, 38 urte eta sei hilabete beharko dira.
ZENBAT URTE KOTIZATU
BEHAR DA PENTSIORAKO
Arlo horretan, gogorragoa da Frantziako sistema Espainiakoa baino, baina urtetik urtera gogortzen ari dira bi sistemak, erreforma progresiboen ondorioz. Hego Euskal Herrian, aurten pentsioa osorik jasotzeko, 36 urte eta erdi kotizatu behar dira, betiere erretiroa adin ofizialean hartuz gero (66 urte eta lau hilabete, 2023an). 2027an, 2011ko erreformaren trantsizio epea bukatzen denean, 37 urte izango dira.
Ipar Euskal Herrian, berriz, gaur egun 42 urte dira, baina 2014ko Touraine legeak 43 urtera atzeratu nahi zuen 2035erako; oraingo erreforma indarrean jartzen bada, 2027tik aitzinera izango dira 43 urte.
NOLA KALKULATZEN DA
PENTSIOA?
Iparraldean, urteko batez besteko soldata atera behar da lehenik. Sektore pribatuan, gehien kotizatutako 25 urteetako batez besteko soldata gordina da; publikoan, berriz, lan egindako azken seihilekoak dira. Pentsioa soldata gordin horren %50 da, betiere beharrezkoak diren urteak kotizatu badira, eta apaldu egiten da gutxiago kotizatu bada; %37,5 da gutxienekoa. 1955etik aurrera jaiotakoek 43 urte kotizatu behar dituzte pentsio osoa jaso nahi badute, edo 67 urte bete arte itxaron erretreta hartzeko. Batez besteko soldataren %50 betetzeko baldintzak bete arren erretreta atzeratzen dutenek gainsari bat jasotzen dute (%1,25 hiruhileko bakoitzeko).
Espainiako sistemak lan egindako azken 25 urteetako kotizazioak hartzen ditu aintzat. 1985ean, bitik zortzira igaro zen; 1997an, hamabostera; eta 2011n, 25era. Orain, Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroak 30 urtera igo nahi du kalkulua, baina bi urte okerrenak kenduta —24 hilabete okerrenak, zehatzago esateko—. Gaur egun, lan egindako azken 25 urteetako kotizazio oinarriak batu egiten dira —soldata gordina, aparteko ordainketak eta Gizarte Segurantzari langileak eta enpresak kotizatutakoa—, eta kopuru hori zati 350 egin behar da pentsioa zenbatekoa den jakiteko. Azken bi urteetako kotizazio oinarriak bere horretan hartzen dira, baina aurrekoak KPIaren arabera moldatzen dira. Kalkuluaren %100 jasotzeko, gutxienez 37,5 urte kotizatu beharko dira; gutxiago kotizatuz gero, gutxiago jasoko da.
NOLA EGUNERATZEN DIRA
PENTSIOAK?
2021eko udan Espainiako Gobernuak, CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE patronalak hitzartutako erreformaren ondorioz, pentsioak aurreko urteko batez besteko inflazioaren arabera eguneratzen dira. Aurten, esaterako, %8,5 handitu ziren, hori izan baitzen 2021eko abendutik 2022ko azarora arteko batez besteko KPIa Espainian.
Iparraldean, berriz, «inflazioaren arabera» eguneratzen dira pentsioak, baina irizpide hori nahiko modu librean interpretatu ohi dute Parisko gobernuek. Horrela, 2022ko uztailean %4 handitu ziren, eta 2023ko urtarrilean, %0,8.
Labrazako parke eolikoaren proiektuak ingurumen baimena jaso du eta…

Labrazako parke eolikoaren proiektuak ingurumen baimena jaso du eta Azazetakoa “berehala” egongo da. Halaber, Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak (LPS) beste pauso bat eman du eta Lurraldearen Antolamendurako Batzordearen eskutan dago dagoeneko.