Greba eguna dute Amazonen Trapagarango zentro logistikoan

Beste bi greba egun deitu dituzte Amazonen Trapagarango zentro logistikoan, Olentzero iritsi bezperan. LAB sindikatuak abenduaren 22an eta 23an greba egitera deitu ditu langileak, hitzarmen propioa eskatzeko. ELAk ere bat egin du grebarekin eta mobilizazioekin.
Bizkaibuseko hainbat zerbitzutan gaur deitutako grebaren jarraipena % 100ekoa…

Greba dago deituta abenduaren 21ean, Santo Tomas egunean, Bizkaibuseko bost enpresa emakidadunetatik lautan. 24 orduko lanuzteak ondorengo autobus zerbitzuei eragingo die: Ezkerraldea, Meatzaldea, Txorierri, Enkarterriak, Busturia Lea Artibai eta Mungialdea.
Osakidetzak lan eskaintza publiko berriaren oinarri orokorrak argitaratu ditu

Osakidetzak lan eskaintza publiko berriaren oinarri orokorrak argitaratu ditu. Aurreikusitakoaren arabera, abenduaren 27an argitaratuko dituzte lan eskaintza horren oinarri zehatzak, EAEko Aldizkari Ofizialean.
Lakuntza: “Metalgintza sektorean greba mugagabea da hurrengo urratsa, albait…

Lakuntza: “Metalgintza sektorean greba mugagabea da hurrengo urratsa, albait arinen eman beharrekoa”.”Horretarako, baina, batasuna behar dugu. Beharbada berandu gabiltza, ahalik eta azkarren egin beharko baikenuke aukera horren alde”, adierazi du ELAko idazkari nagusiak.
Gizartean ezkortasuna errotu dela iritzi dio Laboral Kutxak
Inkesta erantzun duten kontsumitzaileen %38k gutxiago edo askoz gutxiago gastatuko dute 2023an, eta hamarretik bederatzik baino gehiagok ez dute gastu handirik egiteko asmorik —etxebizitza edo autoa erosi, altzariak aldatu…—. Urte hasieran, %13k uste zuten 2023a egokia izan zitekeela erosketak egiteko; orain, baina, %6 baino ez dira. %48k, bestalde, antzera gastatuko dute.
Ahalegin horrek aurrezteko ahalmenari eragingo dio. Izan ere, 2023an aurrezteko aukeraz galdetzean, baikortasuna asko apaldu da urteak aurrera egin ahala. Urte hasieran aurrezteko itxaropen handia zegoen arren —+15eko ratioa lehen hiruhilekoan—, egun -17koa da. Aurtengo hirugarren hiruhilekoan, -6koa zen, eta nabarmen egin du okerrera neguan. Pandemiaren gogorrenean ere ez zen egon hain apal.
Eta zergatik hain iragarpen kaskarrak? Bada, oro har, uste dutelako ekonomiak okerrera egingo duela. Aurtengo hirugarren hiruhilekoan inkestak emaniko konfiantza ratioa -22koa zen, eta, egun, -23koa da. Alde horretatik, Europako beste herrialdeekin bat datoz: Frantzia (-20), Alemania (-27), Danimarka (-21) Espainia (-30) eta Herbehereak (-31).
Datu orokorragoen inguruan galdetuta, ekonomiaren egoeraren inguruko itxaropena oso apal dago (-39); langabeziaren bilakaeraren inguruko ikuspegiak, aldiz, hobera egin du. Aurtengo hirugarren hiruhilekoan -18koa zen; orain, berriz, -14koa da. Inkestako daturik baikorrena da, eta uste horrek bat egiten du Gizarte Segurantzako afiliazioarekin, langabezia tasak behera egin baitu azken hiru hilabeteetan.
Enpresak, egonkor
Enpresei ere helarazi die inkesta Laboral Kutxak, eta haiek 2023ko lehen hiruhilekorako iragarpenak egin dituzte. %80,4k uste dute lantaldeari antzera eutsiko diotela, eta %8,7k bakarrik txikituko dute. Fakturazioari dagokienez, %57k uste dute antzera jarraituko duela, eta %23k okerrera egingo duela. Errentagarritasunaren inguruko pertzepzioa ezkorragoa da: %56k antzekoa espero dute, eta %32,6k, txikiagoa.
Bi eguneko greba Trapagarango Amazonen
Gaur egun, Bizkaiko garraio hitzarmena aplikatzen da Trapagaranen; LAB sindikatuaren arabera, «lan ezaugarrietara inola ere egokitzen ez den ituna». Haien lanaren errealitatera egokituko den hitzarmen bat nahi dute, soldatetan, txandetan, lanaldietan eta lan mailetan.
Era berean, azpikontratetan zentrorako banaketa lanak egiten dituzten langileen subrogazioa ere eskatu dute. Banaketako langile horiei Espainiako mezularitza hitzarmena aplikatzen zaie, eta horrek «ez ditu jasotzen Euskadiko errealitate sozialarekin bat datozen baldintzak». ELA sindikatuak ere bat egin du Amazonen deitutako greba eta mobilizazioekin.
Azaroaren 28an egin zuten greba egun bat Trapagarango biltegian, cyber monday egunez. LABen kalkuluen arabera, 20.000 bat fardel geratu ziren banatu gabe.
Nagusitasunaz baliatzea egotzi dio Bruselak Metari
Duela urte eta erdi inguru hasi zuen Bruselak ikerketa, eta orain Metak Batzordearen akusazioen aurka egiteko arrazoiak aurkezteko aukera du. Meta monopolio bat dela iradoki du Bruselak: «Batzordeak aurretiaz ebatzi du Meta sare sozial pertsonalen merkatuan nagusi dela, baita sare sozialetako online publizitatearen merkatu nazionaletan ere». Bruselaren akusazioak baieztatzen badira, Europako Batasunaren Ituneko 102. artikulua urratuko luke Metak, merkatu batean nagusitasuna duen enpresa baten gehiegikeriak debekatzen baititu artikuluak.
Enbak eskatu du elikagaiei ezarritako marjinak apaltzeko
Bertako produktuen salneurrietan marjinak zenbatekoak diren ere zehaztu zuten Xabier Iraola Enbako koordinatzaileak eta Iñaki Goenaga Gipuzkoako Enbako presidenteak, beren datuetan oinarrituta: %33 behi okelan, %45-55 behi esnean, %68 sagardoan, %70-80 oilaskoan, %118 letxugan… Goenaga esne ekoizlea da, eta oroitarazi zuen ekoizleei eurei ere prezioak igo zaizkiela. Azaldu zuen urtebetean %30 inguru igo zaiola ekoizpen kostua, eta, gaur-gaurkoz, gastu horrek gainditu egiten dituela irabaziak.
Azaldu zutenez, marjina horiek marka propioa duten produktuei eragiten diete, eta nabarmen apalagoak dira marka zurikoetan. Produktu bera modu batera edo bestera merkaturatuz gero, merkeago saltzen da marka zurikoa, beraz. Hala, salatu zuten saltokiek «bertakotasunaren» propaganda egiten duten arren helburutzat «errentagarritasuna» dutela, eta ez dutela bertako markako produktuen alde egiten. «Gure elikagaiak amu gisa erabiltzen dituzte», adierazi zuten: «Gure produktuak badaude baldetan, baina geldirik».
Horregatik, «marjinak neurrira ekartzeko» eskatu zieten banaketa kateei eta saltokiei, baserritarrek beren ekoizpen gastuak estal ditzaten.
Halaber, hemengo elikagaien salmenta «areagotzeko» ere eskatu zieten, salneurrian eraginda: «Dei egiten diogu banaketa sektoreari bere marka zuriaren eta enpresako markaren arteko marjina ezberdinak alboratu eta rappel-ak ezaba ditzan». Iraolak azaldu zuenez, komisio mota batzuk dira rappel-ak, eta, arrazoi desberdinengatik kobratu badaitezke ere, nagusiki ekoizleak saltzen duen bolumenaren araberakoak dira. Orain, baina, beste hainbat arrazoirengatik kobratzen hasi zaizkie komisio horiek, eta ez zaie «onargarria» iruditzen.
Handien menpekoago
Azken batean, Iraolak adierazi zuen ekoizleak gero eta gehiago daudela saltoki handien menpe, denda txikiak urritzen edo saltoki handietan integratzen ari direlako eta banaketa katetik igaro behar delako edozein dendatan produktua merkaturatzeko. Ohartarazi zuenez, saltoki handiak horren jakitun dira, eta negoziazio gaitasuna gutxitu zaie: «Haien erosahalmena eta merkatu kuota handiagoak dira, eta, beraz, geroz eta handiagoa da guk haiekiko dugun menpekotasuna ere».
Eusko Jaurlaritzari ere mintzatu zitzaion Enba. Elikaduraren Kateko Behatokiaren martxa «bizkortzeko», ekoizpen kostuen txostenak argitaratzeko eta banaketa eta saltokiak kontrolatzeko eskatu zion, «elikagai katearen legea betetzen dela bermatzeko».
Hain justu, ekoizpen kostuak kalkulatzea eta elikagai katearen oreka eta lehia bermatzea da behatoki horren helburua. Jaurlaritzak martxoan eman zuen haren berri, lehengaien prezioak igotzen ari zirelarik. Behatokiaren txostenak «oinarrizkoak» lirateke, Iraolaren esanetan, baserritarren produktuak erosten dituztenei kontu hartzeko balioko bailukete.