Patu krudela izan du berriz ere Mikel Landak (Soudal). Giroko podiuma hirugarrenez zapaltzeko ilusioa zuen, baina hasi orduko lasterketa utzi beharrean izan da. Eroriko larria izan du eguneko azken mendatearen jaitsieran, helmugarako bost kilometro eskas falta zirela. Ez da erori den ziklista bakarra izan, baina arabarrak hartu du kolperik txarrena. Ohatila erabiliz sartu dute anbulantzian. Soudal taldeak jakinarazi duenez, orno bat hautsi du. Mads Pedersenek (Lidl), berriz, kolpea jo du mahai gainean, esprinta irabazi eta arrosaz jantzi baita. Taldeak lan itzela egin dio maldan gora arerio gehienak jokoz kanpo uzteko. Wout van Aertek (Visma) kostata iraun du aurrean, eta amaieran, ezin izan du Pedersen aurreratu. Hirugarren Orluis Aular (Movistar) izan da. Gaurko etapak, printzipioz, ez zuen eraginik izan behar Giroa irabazteko hautagaien lehian. Alabaina, erorikoek mailatu egin dituzte bat baino gehiago: Juan Ayusok (UAE) aparteko arazorik gabe jarraitu du lasterketan, baina Landa, ohatila erabiliz anbulantzian sartu, eta erietxera eraman behar izan dute. Horrez gain, beste oilar batzuei gandorra guztiz apaldu zaie Lidl taldeak Surreleko igoera bikoitzean ipinitako erritmo biziaren eraginez. Derek Geek (Israel) 57 segundo galdu ditu helmugan, eta Thymen Arensmanek (Ineos), 1.35. Pello Bilbaok (Bahrain), berriz, faboritoen saldotik kanpo dagoela berretsi du, bost minutuko atzerapenarekin helmugaratu baita. Pedersen izan da Tiranako (Albania) helmuga zeharkatzen lehena. Taldekideek lan aparta egin dute haren mesedetan, eta bikain kokatuta sartu da azken zuzengunean. Van Aertek gorriak eta bi ikusi ditu maldan gora, baina esprintean estutu egin du Pedersen. Halere, danimarkarrarentzat izan da garaipena. Udaberrian ezin izan du monumenturik irabazi, baina gaur bigarrenez gailendu da Giroko etapa batean —zazpigarrenez osotara itzuli handietan—, eta bere egin du maglia arrosa. Etapa hasieran, berriz, maiz tropeletik aparte jarduten duten bost txirrindulari elkartu dira ihesaldian: Manuele Tarozzi (Bardiani), Alessandro Tonelli (Polti), Taco van der Hoorn (Intermarche), Sylvain Moniquet (Cofidis) eta Alessandro Verre (Arkea). Gertutik zaindu ditu tropelak; etapa amaierari begira esprinta bermatu nahi zuten Vismak eta Lidlek, Van Aerten eta Pedersenen taldeek. Iheslariak minutu eskas baten aldearekin hasi dira eguneko lehen mendatea igotzen. Etapako hiru igoeretan gogorrena ere bazen Gracen (3 kilometro eta %5,1eko pendiza), eta bertan amore eman du Van der Hoornek. Esperantzak gehixeago iraun die lasterketa buruko beste lau txirrindulariei. Aurrea hartuta iritsi dira 48 kilometroren faltan zegoen gainsaridun esprintera, baina hortik gutxira xurgatu ditu multzo nagusiak, Surrel mendatea igotzen hastear zirela. Birritan gainditu beharra zeukaten txirrindulariek, eta lehen pasaeran ez da erasorik izan. Lidlen erritmoak, ordea, min egin die esprinter gehienei. Bigarren igoeran, Arensmanek eta Geek ere ezin izan dute aurrean jarraitu. Hots, sailkapen nagusikoek ere elastikoa izerditu behar izan dute. Giulio Cicconeren (Lidl) erreleboak ataka estuan jarri ditu asko, eta haietako bat izan da Van Aert. Doi-doi gainditu du galbahea. Bizi-bizi abiatu dira ziklistak maldan behera, eta bihurgune batean muturreko handia hartu du Landak. Multzoa zatitu egin da erorikoaren ondorioz, baina Pedersen ez da urduritu, eta harentzat izan da garaipena, kokapen ona eta indarra uztartuta. Bihar, erlojupeko laburra Giroak Albaniako lurretan jarraituko du datozen bi egunetan. Bihar lasterketako bi erlojupekoetan aurrenekoa jokatuko da, eta bietan laburrena. Txirrindulariek 13,7 kilometroko esfortzua egin beharko dute Tirana inguruan. Saio laua izango da oro har, baina laugarren mailako muino bat topatuko dute ibilbidearen erdialdean. Erlojuaren kontra oso abilak dira Roglic eta Ayuso, eta hori baliatzen saiatuko dira bihar. Pedersenentzat erronka zaila izango da maglia arrosari eustea.
Betharramgo afera zabaldu ondoan, Ipar Euskal Herriko hainbat ikastetxetan izandako bortizkeriak argitara eman dira azken hilabeteetan. Apiril hasieran, hamahiru salaketa jarri zituzten Baionako Auzitegian. Gehienak ikastetxe katolikoetan gertatuak dira, baina Angeluko Jean Jaures ikastetxe publikoan (Lapurdi) izandako bortizkeriak ere salatu ditu biktimetako batek. «Eskola publikoan ere ohikoak ziren bortizkeriak», berretsi du Beak —ez du abizena agertzerik nahi—. Duela 50 urte inguru Garazi eskualdeko (Nafarroa Beherea) herri txiki bateko eskolan bizi eta ikusitakoaren kontakizuna egin die BERRIAri eta Euskal Irratiei. Bortizkeria fisikoa eta sexu jazarpena pairatu zituen hark, baina sexu erasoen berri ere izan du: «Urte batzuk geroago ikasle ohi batek kontatu zidan bi urtez bortxatu zuela errientak. Pertsona horren bizi osoa suntsitua izan da». Urteetako isiltasunaren ondotik, bizitakoa ulertu eta barnean zeraman «ondoez» horri erantzunak aurkitzeko lanketa egin duela kontatu du Beak. Argi erran du: «Ez dut gehiago beldurrik, ez dut gehiago lotsarik». Baina, abokatu batek hala aholkatuta, lekukotasuna anonimoki ematea erabaki du azkenean. Ez du zehaztu zein herritako eskolan izan zen, eta ez du eman ikasleei eraso egiten zien irakaslearen izenik. Haatik, argitu du 1974 inguruan neskato baten amak salaketa jarri zuela haren kontra. «Kontuak zalaparta sortu omen zuen denbora batez, baina dena aski fite isildu zen. Auzitegira joan zen afera, baina errienta zuriturik atera zen». Hamarkada bat geroago eskola berean ikasi zuen batek BERRIAri baieztatu dio oraindik han segitzen zuela irakasle hark, eta bortizkeria handikoa zela ikasleen kontra. Gaur egun, zendua da. «Han banintz bezala berriz bizi ditut errientak nire ikaskideei egiten zizkien gogorkeriak eta sentitzen nuen arriskua. Ikaratua nintzen» Eskola ttipia zen 1970eko hamarkadan Beak ezagutu zuena: hiru klase zeuden, bakoitza bi mailakoa, eta orotara hiru irakasle zeuden. «Ez dut batere gogoratzen zer ikasi nuen urte horietan, baina han banintz bezala berriz bizi ditut errientak nire ikaskideei egiten zizkien gogorkeriak eta sentitzen nuen arriskua. Ikaratua nintzen», kontatu du. «Errientak ikasle bat belarrietatik harrapatzen zuen maiz, behin eta berriz altxatzen zuen bortizki, txotxongilo bat balitz bezala, ikasgela osoaren aitzinean, eta oihu eta irri eroak botatzen zituen. Aldika, ikasle bat aurpegia odoletan ateratzen zen errient horren ikasgelatik egun amaieran». Makilarekin kolpeka Gogoan du irakaslea ikasgelan zehar ibiltzen zela banbuzko makila bat eskuan —«bost zentimetro inguruko diametroa zuen makilak, eta 40 zentimetro luze zen, gutxi gorabehera»—, eta arbelera joan beharko zuen ikaslea aukeratzen zuen. «Gehienetan ikasle bera hautatzen zuen, eta buruan jotzen zuen behin eta berriz. Egun batez, ikaslea jotzen ari zela, banbua hautsi zitzaion. Soka batekin konpondu, eta erabiltzen segitu zuen». Arbelaren ondoko izkinera bidaliz zigortzen zituen irakasleak, eta han, metalezko erregela karratu baten gainean belauniko egon behar izaten zuten. «Erregelak belaunak mozten zizkigun. Erregela bera erabiltzen zuen ikasleen hatz punten jotzeko». «Dudarik gabe, zigorgabetasuna, indarra, boterea sentitzen zituen. Eskolako errienta zen, herriko agintarietako bat; beraz, ukiezina» Arrazoirik gabeko indarkeriak ziren, Bearen hitzetan: «Gizon horren pultsio sadikoak asetzeko baizik ez zuten balio. Dudarik gabe, zigorgabetasuna, indarra, boterea sentitzen zituen. Eskolako errienta zen, herriko agintarietako bat; beraz, ukiezina». Gehitu du errient horren alaba haren ikasgela berean zegoela. «Bere ikaskideen aurka aitak egiten zituen indarkeria ekintzen lekuko izan zen». Gainerako irakasle eta langileen «konplizitatea» ere aipatu du, modu batera edo bestera gertatzen zenaren lekuko izan baitziren. «Indarkeria eguneroko biziaren parte zen, batzuentzat hezkuntzaren parte zen ere. Indarkeria ohikoa eta arrunta zen. Betharramgo eskola aipatzen zen, Uztaritzeko San Frantses Xabierkoa eskola ere. Bagenekien eskola oso zorrotzak zirela eta hobe genuela hara ez joatea. Aldi berean, bagenekien inguruko eskoletako irakasle batzuk bortitzak zirela ikasleekin. Banekien ere apez batzuekin kasu eman behar nuela, batzuk portaera desegokia zutelako. Hala zen, barneratua genuen». Sexu jazarpena eta erasoak Eskolako jolastokian, bere neskato gorputza «arriskuan» sentitu zuen Beak, orduan nola azaldu ez bazekien ere. «Batere sanoa ez zen giroa sumatzen nuen: handienen errienta eskola ondoko zahar etxeko egoiliarra zen lagun batekin ibiltzen zen jolastokian zehar. Neskengana hurbiltzen ziren, eta errientak erraten zigun: ‘Libera bat emanen dizu bularrak hunkitzen uzten badiozu’. De Gaulle ezizena zuen, sudur lodi eta gorria zuelako. Nazkagarria zitzaidan gizon hura. Eskolako jolastokian egoten zen egunero. Bi gizonak handiak ziren, beldurra ematen zidaten». Errientak pubertarora heltzen ari ziren neskato batzuei ukituak egiten zizkiela ere erran du. «Jokabide perbertso horiek denak ikusten genituen. Zigorgabetasun osoz jokatzen zuen». «Gutako bat kanpoan egoten zen, eta oina ate azpitik pasatzen zuen, barnean zegoena une batez lasai egon zedin. Bi gizonak han zebiltzan, itzulinguruka» Komunera joateko, binaka antolatzen ziren neskatoak, ateak espazioak zituelako goian eta beherean. «Gutako bat kanpoan egoten zen eta oina ate azpitik pasatzen zuen, barnean zegoena une batez lasai egon zedin. Bi gizonak han zebiltzan, itzulinguruka». Igerilekuan errienta noiznahi sartzen zen nesken aldageletan, «gu aldatzen ari ginela ustekabean harrapatzeko». Gimnasia saioak errepikatzen zituztenean ere han egoten ziren bi gizon «biziotsuak», umeei begira. «Sentitzen nuen haien begiradak ez zirela sanoak, eta nire intimitateari eraso egin ziotela. Banekien zerbait ez zegoela ongi». Eskolara joateko galtza luzeak janzten zituen beti, baita bero egunetan ere. «Mesfidatzen nintzen, beldur nintzen». Urte batzuk geroago, ikasle ohi batek kontatu zion errienta horrek bi urtez bortxatu zuela. «Bortxaketak eskola orenetan izaten ziren, errientaren ikasgela gaineko apartamentuan; bertan bizi zen familiarekin». Ez daki biktima bakarra izan ote zen, baina ez du beste lekukotasunik bildu ahal izan. Urte batzuk geroago, ikaskide izan zituenetako bik bere buruaz beste egin zuten. Bortizkeria larrienetakoak jasan zituztenen hurbilekoak biak ala biak. «Ez dut frogarik bi gertakariak lotu ahal izateko, baina baliteke. Zenbat bizitza suntsitu ote dira gizon horren ekintzen ondorioz?». Sendatzerainoko bidea Herri horretatik pasatzen den bakoitzean «korapilo» bat sentitzen duela aitortu du Beak; garaian izan zituen ikaskideekin kontaktu oro moztu zuen. Duela hilabete, eskola aitzinera joan zen argazkiak ateratzera. «Mina» sentitu zuen. «Oroitzapen horiek beti izan dira presente eta argi nire buruan». Esplikatu du luzaz ez duela ulertu zergatik egoten ziren isilik biktimak. «Nire kasuan, gainera, segur nintzen etxetik kanpo kontatu banu ez ziola nehork kasurik eginen, gutxietsiko eta mespretxatuko zutela. Baina etxean ere ez nuen kontatu…». Aipatu ditu bere inguruan eraikitako «oskola», besteekiko «mesfidantza», bere gorputzaren eta feminitatearen «ukazioa», bizitakoaren «minimizazioa». Helduaroan ere bortizkeriak jasateko «harrapakin erraza» bilakatu zela erran du, eta gerora jasandako jazarpen kasu baten berri eman. Hainbat testigantza eta ikerketa irakurri ondoren barneratu du nolakoak diren trauma ondorengo defentsa mekanismoak. Terapeuta batekin ere aritu da lanean azken urteetan. «Berriki ohartu naiz, azken urteetan, bortizkeria horiek nire bizitzan izan duten eraginaz». Gaur egun funtsezkoa zaio lekukotasuna argitara ematea. «Ez dut isilik egoteko eskubiderik, gaur egun, oraindik, haur gehiegi abusatuak baitira. Isiltasun kate hau apurtzen parte hartu behar dut». Gisa bereko bortizkeriak jasan zituztenak mintzatzera animatu ditu. «Garaia da biktimen ahotsa askatzeko, eta lekukotasunak entzun eta kontuan hartzeko. Lotsak eta beldurrak erasotzaileen aldera pasatu behar dute». Beak Euskal Irratietan eman du testigantza. Beak 1970eko hamarkadan eskola publiko batean jasan zituzten bortizkeri, sexu eraso eta bortxaketen testigantza eman du Euskal Irratietan.
Miraria behar zuen Athleticek Europa ligako finalerako sailkatzeko. Errezatu dute, eta saiatu dira, baina ez da miraririk izan. Kea atera da, baina beltza. Lehoiak ez du orro egin, eta Manchester Unitedek kanporatu egin du finalerdietan. Haizearen kontra aritu dira, gainera, zuri-gorriak. Batetik, joanekoan 0-3 galdu zutelako; eta bestetik, itzulerakoan taldeko lau jokalari onenak falta zituelako: Oihan Sancet, Williams anaiak eta Dani Vivian. Bada, bukaeraraino borrokatu arren, ez dute lortu kanporaketa gainditzea. 4-1 galdu dute Old Trafforden Ingalaterrako taldearen kontra, azken minutuetan jasotako gol zaparradaren ondorioz. Hobea izan da Athletic partidako minutu askotan, baina bukaeran indarrik gabe geratu da. Agur esan dio, beraz, txapelketari, eta baita maiatzaren 21ean Bilbon jokatuko den final handiari ere. Pauso batera izan du finala, baina azken urratsean estropezu egin du. Bizi-bizi hasi da neurketa, eta indartsu zelairatu dira zuri-gorriak, presio itogarria eginez. Lehiaren ekimena izaten saiatu dira, eta zortzigarren minutuan izan dute lehen aukera garbia. Unai Gomezek ondo utzi dio baloia Berenguerri, baina hark area barrutik egindako jaurtiketa kanpora joan da. Hegalekoa izan da protagonista Athleticen hurrengo jokaldi arriskutsuenean ere. Ondo eraman du baloia kontraeraso batean, baina ez du asmatu aterako jaurtiketan. Hirugarren saiakera izan da balekoa. 31. minutuan izugarrizko gola sartu du Jauregizarrek. Djaloren jaurtiketaren aldaratzea hartu, eta area kanpotik zartateko galanta eman dio baloiari, zuzenean sareetara; Onanak ezin izan du ezer egin. «Jo eta ke, irabazi arte» oihuak entzun dira orduan harmailetatik. Hain zuzen, itxaropena piztea izan da klubaren helburua azken astean, eta esaldi bat baliatu dute horretarako: Zergatik ez? Neurketa hasi aurreko orduetan sumatu da esperantza printza hori, eta gogotsu hauspotu dute taldea zale zuri-gorriek —ia 4.000 lagun izan dira estadioan, bultza eta bultza—. United kontraerasoan saiatu da min egiten, baina adi ibili dira atzelariak eta Agirrezabala, aurkariaren ahalegin oro ezerezean uzteko. Hala ere, Garnachok aukera garbi-garbia izan du lehen zatia amaitu aurretik. Bakarrik geratu da atezainaren aurrean, baina gutxigatik kanpora bota du baloia. Arnasa hartu du Athleticek. Hobeto ari ziren zuri-gorriak, eta zergatik ez amets egin. Bigarren zatian ere indartsu zelairatu dira, erasokor, balentria egin zezaketela sinetsita. Majo sufritu dute etxekoek. Minutuak aurrera joan ahala, gainera, gero eta hobeto ari zen Athletic, eta ezina agerikoa zen Unitedeko jokalarien artean —ez ziren gai bi pase on segidan emateko—. Hori ikusita, ordu erdi falta zela aldaketa hirukoitza egin du Ruben Amorimek. Mount, Diallo eta Shaw sartu dira Ugarteren Mazraouiren eta Garnachoren ordez. Baita Ernesto Valverdek ere: Djalok, Gorosabelek eta Galarretak utzi dute zelaia, eta haien tokia hartu dute De Marcosek, Pradosek eta Olabarrietak. Orduantxe aldatu da partidaren gidoia. Unai Nuñezek aukera garbia izan du 65. minutuan, baina haren burukada kanpora joan da. Ez, ordea, Mount zelairatu berriaren jaurtiketa: area barruan maisuki buelta erdia eman, eta sareetara bota du baloia 72. minutuan, markagailuan banakoa jartzeko. Zaplaztekoa emanda, Athletic ametsetik esnarazi du Unitedek. Hori gutxi ez, eta min hartuta zelaia utzi behar izan du Pradosek. Gutxira bigarrena sartu dute deabru gorriek: Casemirok, buruz, 80. minutuan. Hor bai, erabakita geratu da kanporaketa. Amore eman dute zuri-gorriek, eta 85. minutuan beste kolpe bat eman dio Unitedek: Hojlundek gola sartu du. Ez da azkena izan. 91. minutuan Agirrezabalak baloia urruntzen huts egin du, eta Mountek ez du barkatu. Penaz baina harro agurtu du Athleticek Europa. Finala, Tottenham-United Bada kontu aipagarri bat. Unitedek kanporatu ditu aurten Europa liga jokatu duten bi euskal taldeak: Reala final-zortzirenetan, eta Athletic finalerdietan. Bi kasuotan eztabaidagarriak izan dira epaileen erabakiak, betiere Uniteden mesedetan. Ingalaterrako bi taldek jokatuko dute finala bi aste barru, Bilbon: Tottenhamek eta Manchester Unitedek. Manchester United-Athletic Manchester United. Onana; Mazraoui (Shaw, 62. min.), Maguire, Lindelof (Amass, 83. min.), Yoro, Dorgu; Ugarte (Mount, 62. min.), Casemiro (Mainoo, 83. min.), Bruno Fernandes; Garnacho (Diallo, 62. min.) eta Hojlund. Athletic. Agirrezabala; Gorosabel (De Marcos, 61. min.), Yeray, Nuñez, Yuri; Jauregizar, Galarreta (Prados, 61. min.; Vesga, 75. min.); Djalo (Olabarrieta, 61. min.), Unai Gomez (Guruzeta, 67. min.), Berenguer; eta Maroan. Golak: 0-1: Jauregizarrek (31. min.); 1-1: Mountek (72. min.); 2-1: Casemirok (80. min.); 3-1: Hojlundek (85. min.); 4-1: Mountek (91. min.).
Aiert Larrarte defentsa abokatuak ez du halako epairik ezagutu Espainiako Auzitegi Nazionalean aurrera eta atzera daramatzan urte luzeetan. Epaian onartu dute Sorzabalek «tratu bidegabea» jasan zuela. Epaian diote zalantzarik ez dagoela zaintzen zuten funtzionarioek elektrodoak jarri zizkiotela. Gainera, gehitu dute horren helburua zela atxilotuak deklararaztea Guardia Zibilak nahi zuena. Epaiketan azaldu zen moduan, gutun bat dago honen guztiaren oinarrian. Baina epaian adierazi dute deklarazio hartan baldintza haietan zegoela idatzi zuela gutun hori. Beraz, baliogabetzat jotzen du deklarazioa, baita gutun horretan zioena ere, gutun hori ez baitzuen idatziko deklarazio hartan egon ez balitz. Horrenbestez, Fernando Andreu epaileak garrantzia ematen dio guk epaiketan aurkeztutako auzi medikuak egiaztatutakoari. Benito Morentin auzi medikuak esan zuen «zehaztasun handiz» baieztatu daitekeela elektrodoak aplikatu zizkiotela, eta epaileak iritzi dio dena bat datorrela. Are gehiago, zuzenbideari begira idatzi hori baliogabea dela dio. Bai, hori da. Epaileak esaten du frogak behar direla akusazioari eusteko. Baina aurkeztutako froga bakarra autoinkulpazioaren gutun hori zen, eta, gainera, zati bat bakarrik itzulita. Alegia, gutun horretan bi zati zeuden: batetik, Iratxek berak kontatzen zuen Guardia Zibilari eginiko deklarazio hartan zer ekintza hartu zituen bere gain, eta, bestetik, hori guztia zer baldintzatan kontatu zuen, alegia, torturapean. Epaileak gutun hori baliogabetzat jo ostean, epaian esan dute beste frogarik ez dagoela. Aurrekaririk sor dezake epai honek? Ez dakit beste kasu batzuetarako hala izango den, baina uste dugu Iratxerentzat baietz. Ez da baliagarria izango honen aurretik eduki dituen epaiketetarako, baina bai aurrera begira eduki ditzakeenetarako. Iratxek hiru auzi zituen irekiak Espainian. Duela hiru urte zigortu zuten lehenarengatik; hain zuzen, gutun hartan oinarrituta. Epai horri helegiteak jarri dizkiogu, eta Konstituzionalak atzera bota ostean, Europara joko dugu. Izan ere, diote epai horretan ez dela torturaz hitz egiten, eta hori ez da egia. Gutun hori osorik irakurri behar da, Iratxek idatzia baitu guardia zibilari zer kontatu zion eta hori torturapean kontatu ziola. Bigarren zati hori ez zuten itzuli —jatorrizkoa euskaraz zegoen—. Bigarren Epai hau Iratxeri eginiko bigarren epaiketari dagokio. Gero, hirugarren epaiketa bat ere eduki zuen, baina hor ere froga faltagatik absolbitu zuten —peritu grafologikoa ez zuen eraman fiskalak, eta epaileak ezin izan zion oharra egotzi Iratxeri—. Beste kausa bat dauka, ordea; laugarrena. Euroagindua eskatuta dauka Espainiak Frantziari horri buruz epaitzeko. Eta Frantziak ukatu egin du, eta txosten bat eskatu du Iratxek atxiloketaldian izandako tratuari buruz. Hor eragina izan dezake? Uste dugu euroagindua geraraz dezakeela halako epai batek, eta egon litekeela zer landua lehen epaiketako epaiari erantzuteko ere. Halako epairik ezagutu duzu? Nik uste dut tratu txarrak epai batean hitz horiekin aitortzen diren lehen aldia dela. Hau da, epai batean aitortzea Guardia Zibilak torturatu eta elektrodoak jarri dizkiola preso bati… halako esaldirik ez dut inoiz ikusi. Egia da kasu honetan oso argia zela. Argazki batzuk zeuden. Auzi medikuak esaten du ez dagoela zalantzarik elektrodoak izan zirela. Iruditzen zait beste ondorio batzuk ekar ditzakeela, baina oraindik ez da erraza esatea zer ekarriko duen.
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak absoluzioa agindu du Iratxe Sorzabalentzat, 1995ean Irunen lehergailu bat jarri izanaren akusazioaren harira. Horretaz gainera, Espainiako justiziak bere epaian aitortu du akusatuari «tratu gizagabea» eman ziola Guardia Zibilak «atxiloketan, 2001eko martxoan». Sorzabalek Irungo ekintzan parte hartu zuela idatzi zuen, eta epaiak jaso du idatzi hori «zuzenbideari begira baliogabea» dela, «akusatuaren oinarrizko eskubideak urratuta lortu zelako (elektrodoak aplikatuta)». Sorzabalen atxiloaldian gertatu ziren tortura horiek, eta Auzitegi Nazionalak dio «helburua» zela «esan bezala idatz zezala bere deklarazioa». Halaber, epaian erantsi dute «akusatuaren aldeko errugabetasuna hausteko bestelako frogarik ez» dagoela. Hori dela eta, Sorzabalen absoluzioa ebatzi du. Era berean, Auzitegi Nazionaleko epaimahaiak azpimarratu du akusatuak ez zuela berretsi bere autoinkulpazioa epaiketan, eta jakinarazi zuela torturapean egin zituela. Gainera, jaso dute 1995eko akusazio horri lotutako prozesu judiziala zabaldu zutela Sorzabalen idatzia aurkitu zutenean. Epaiak dio Sorzabal atxilotu eta egun batzuetara azaldu zela erruduntasun aitorpena, eta hark egindako «deklarazioa bezala baliogabea» dela, «zeharka bada ere». Eta ondorio bat atera dute: «Deklaraziorik egon izan ez balitz ez zen izango erruduntasun idatzirik». Torturapean egindako autoinkulpazioa Espainiako Auzitegi Nazionalak torturapean egindako autoinkulpazio batean oinarrituta epaitu du Sorzabal. Hamabi urteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak haren aurka, 1995ean egindako atentatu bat egotzita. Sorzabalek epaiketan esan zuen 2001ean atxilotu orduko inkomunikatu eta «bortizki» torturatzen hasi zirela, Hernanin (Gipuzkoa). Beste atxilotu batek deklarazio batean haren izena esan ostean hasi zen prozesua. Bost egunez eduki zuten inkomunikatuta, eta gero bost hilabete egin zituen espetxean, aske utzi zuten arte. Orduan egindako deklarazioetan eta Sorzabalek kartzelatik idatzitako gutun batean oinarrituta, 1995. urtean Irunen izandako atentatu bat egotzi zioten, eta otsailaren 27an epaitu zuten, Madrilen. Fiskalak hamabi urteko kartzela zigorra eskatu zuen haren aurka; defentsak, berriz, absoluzioa, «torturapean egindako deklarazio bat eta gaizki itzulitako gutun bat» delako aurkeztutako froga bakarra. Epaimahaia bat dator Guardia Zibila torturarekin lotzen duen tesiarekin: «Sorzabal zaintzen zuten funtzionarioek elektrodoak ezarri zizkioten deklaratzera behartzeko, eta hori oinarrizko eskubideak urratzea da» Epaia defentsaren aldekoa izan da erabat, Sorzabalen absoluzioa deliberatzearekin batera aitortzen baitu Guardia Zibilak «tratu gizagabea» eman ziola, eta «elektrodoak» aipatzen ditu. Auzitegia ondorio batera iritsi da: «Akusatuari, atxiloaldian, tratu gizagabea eman zioten», eta azpimarratu du «proba fisikoak eta psikologikoak bat datozela tortura alegazioekin». Eta Guardia Zibila torturarekin lotzen duen tesiari jarraitzen dio: «Iratxe Sorzabal zaintzen zuten funtzionarioek elektrodoak ezarri zizkioten deklaratzera behartzeko, eta hori oinarrizko eskubideak urratzea da». Fernando Andreu aretoko presidenteak eta Ana Revuelta eta Javier Mariano Ballesteros epaileek sinatu dute epaia. Otsaileko epaiketan, Sorzabalek, negarrez hasteko zorian, abokatuari kontatu zion autoan sartu orduko hasi zitzaiola Guardia Zibila torturatzen: burua estali ziotela eta elektrodoak jarri zizkiotela azaldu zuen: «Autoan, kaputxa jarri eta elektrodoak jartzen zizkidaten bitartean, gorputza ukitu zidaten denek». Guztiak gizonak zirela esan zuen, eta tortura sexisten berri ematen segitu zuen, estu: «Haientzat ez nintzen pertsona edo militante bat; emagaldu puta bat nintzela esaten zidaten». Behin Madrilera iritsitakoan autoko erasoak areagotu zirela gaineratu zuen, guztiz biluztu zutela eta poltsaren teknika aplikatu ziotela. Torturak «bortitzak» izan zirela esplikatu zuen, «etengabeak», eta «txikituta» bukatu zuela. «Uste nuen han bertan hilko nintzela. Ez nekien pertsona batek horrenbeste sufritu zezakeenik». Ondorioak urteetan izan dituela azpimarratu zuen. Iratxe Sorzabalen aldeko eta torturaren aurkako manifestazioa, Irunen. GORKA RUBIO / FOKU Bigarren absoluzioa segidan Irungo atentatuarekin lotutako akusazioarena ez da Sorzabalen aurtengo lehen absoluzioa. Apirilaren 4an ere, errugabea zela erabaki zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, Alacanteko (Herrialde Katalanak) aireportuan jarritako lehergailu bati lotutako auzian. Epaiketa horretan, haren aurkako «froga sendo» bakarra ustez Sorzabalek ETAren zuzendaritzari bidalitako gutun bat izan zen, baina, epaimahaiaren arabera, ez dago baieztatzerik hura Sorzabalek idatzi zuela. Martxoaren 17an eta 18an epaitu zuten Sorzabal, 1995ean Alacanteko aireportuko zaborrontzi batean lehergailu bat uztea egotzita. Epaiketan, euskal presoak adierazi zuen inkomunikazio aldian eta torturapean hartu zituela bere gain ETAren zenbait ekintza, tartean Alacanteko hura. «Polizia deklarazioa egiten ez banuen, okerrago izango zen, eta ezin nuen gehiago», esan zuen, eta ukatu egin zuen berak inolako zerikusirik izatea. 2022an, ordea, Auzitegi Nazionalak ez zituen aintzat hartu Sorzabalek egindako tortura salaketak, eta 24 urteko kartzela zigorra ezarri zuen Xixongo atentatu baten harira. Epaileak esan zuen Sorzabalen tortura akusazioak ez zirela «erabat» frogatu. Gaur jakin da, berriz, Irungo atentatuarekin lotutako akusazioaren epaiketan absoluzioa izan dela emaitza. Epaiketa horretan, Sorzabalen tortura salaketak oihartzun zabala izan zuen. Aiert Larrarte abokatuak berak adierazi zuen Auzitegi Nazionalean epaiketa askotan aritu behar izan duela defentsa lanetan, eta Sorzabalen kasuan froga argi bat izan zutela gutxitan bezala: elektrodoen markak. Inkomunikazio aldian jasandakoaren lekukotasuna eman zuen Bi arnas dokumentalean eta Euskaldunon Egunkaria-ri emandako elkarrizketa batean. Istanbulgo protokoloa ere aplikatu zioten.
Sindikatuek Hezkuntzaren proposamena errefusatu dute eta beste bat espero dute ostiralerako. Gauzak horrela, sindikatuek datorren astean, maiatzaren 12tik 16ra deituta dauden greba egunei eusten diete. Hezkuntza ez unibrtsitarioko 27.000 irakasle daude grebara deituak.
Ostegunean lehen protesta jardunaldia egin dute, bi lantegietako ia langile guztiak kaleratuko dituen enplegu-erregulazioko espedientearen aurka protesta egiteko. Ostiralean bi orduko lanuztea egingo dute.