Ulmak eta Oronak “itunpeko kooperatiba” izatea proposatu zioten Mondragon…

Ulmak eta Oronak beste harreman mota bat proposatu zioten Mondragon taldeari ekainean. EITBk jakin duenez, Mondragon taldeko organoek errefusatu egin zuten proposamena.
Eusko Jaurlaritza eta tokiko erakundeak azaroaren 30ean bilduko dira…

Eusko Jaurlaritza eta tokiko erakundeak azaroaren 30ean bilduko dira Legutioko kutsadurari aurre egiteko. Bilera horretan Goiaingo industrialdean kutsatzaile potentzial gisa sailkatutako enpresei ingurumen-baimen integratuan proposatutako aldaketak aztertuko dituzte.
Confebask Lanbide Heziketan inbertitzen eta horren alde apustu egiten…

Confebask Lanbide Heziketan inbertitzen eta horren alde apustu egiten jarraitzearen alde agertu da. Patronaleko presidenteak gaineratu du “are gehiago” beharrezkoa dela “talentu eskasia” dagoenean.
Mikrokredituen akuilua
Adie elkartea 1989an sortu zuen Frantzian Maria Nowak ekonomialariak. Mikrokreditu esperientziak izanak zituen lehenago Burkina Fason eta Albanian, Muhammad Yunus Bake Nobel saridun bangladeshtarrak asmatu ideiari jarraikiz. Bankuek lagundu nahi ez dituzten jardun egitasmoei mailegu ttipiak ematen ditu Adiek. 160 agentzia ditu, bostehun bat langile eta 1.300 boluntario. Ipar Euskal Herrian duela 25 urte ireki zuen adar bat. Langile aholkulari bakarra du Angelun. Mikrokreditu edo maileguak egiteaz gain, pertsona lagunduen jarduna sortzeko jarraipen lana egiten du. Berehalako eta larrialdi egoerako laguntzak ere eman ditzake beharretan denari.

Diru aitzinatze ttipi-ttipiak egin ditzake Adiek, 300 eurokoak. Jardun bat bultzatzeko laguntza 12.000 euroraino joan daiteke. Gerta dakioke 3.000 euroko ohorezko mailegu bat gehitzea. Gilles Bernardin Adieko eremu zuzendaria da Pirinio Atlantikoetako, Pirinio Garaietako eta Landetako (Okzitania) departamenduetan, eta esplikatu du “jarduna frogatzeko balio” duela laguntza horrek, “emeki abiatuz, egitasmoa eta pertsona bera haztatzeko; edo kinka gaizto batetik ateratzeko”.
Bankuek bazter utziak
Bankuek egiten ez duten lana egitea da, nolabait, Adierena. “Gu sartzen gara bankuek errefusatu dutelarik mailegua egitea”, erran du Bernardinek. “Bankariak biziki asmatzaile trebeak dira maileguen ukatzeko”, gehitu du, umorez. Xede eramaileak ez duelarik diru ekarpen propiorik edo xedea bera “atipikoegia” agertzen bazaie bankuei, maiz uzkurregiak direla dio Bernardinek.
Bankuek maiz laguntzen ez dituzten arlo batzuk zerrendatu ditu Bernardinek: ostalaritza, gaueko ostatuak, medikuntza eztiak, artistak. “Gizarteratze eta garapen ekonomiko logika ikusten badugu, lagunduko dugu”. Adiren laguntza, haatik, ez da egina banku maileguen akuilatzeko. “Gure laguntzak ez dira hor banku mailegu baten osatzeko, Herrikoak, France Activek edo bestek egiten duten gisan, adibidez”.
Kinka gaiztotik ateratzeko laguntzatxoek iturburu orotarik badute. “Bizitzeko gutieneko diru sarrerak dituzten jendeak badira, edo banku debekupean direnak, biziko bidean ezbeharra ukan dutenak eta berriz abiatzeko laguntza behar dutenak”. Ez du denei baia ematen elkarteak. Egoera bakoitza aztertzen du. “Ez da beti momentu ona; batzuetan, pertsonak alde batzuk gehiago landu behar ditu”.
Laguntza ukaiteko baldintza da kreditu ordaintzen hastea bi hilabeteren buruko. Ohorezko maileguentzat, urte baten buruko hasten ahal da itzultzen. “Interes tasa bankuena baino gorago da. Gaur egun, %8,47an gara. Azkenean, kreditu zama ttipi baten gainean ez du halako zailtasunik ekartzen”, Bernardinek dioenez. Adieren finantzabidearen zati bat da interes tasarena. Egitasmoaren jarraipen zerbitzu bat eskaintzen du ondoan, baita prezio negoziatuak asurantza etxeekin, konparazione.
Adieren beste diru iturri nagusia erakunde publikoen laguntzak dira. Europatik, Akitania Berritik, Departamendutik eta Euskal Hirigune Elkargotik baditu diru laguntzak. Banketxe batzuk ere baditu partaide eta diruztatzaileen artean, nahiz gutiengo bat izan. “Bankuek ez dakite guk lagundu egitasmoen laguntzen; hobe dute gure gain uztea, gaizki egiteko ordez. 300 edo 10.000 euro galdegiten duen edozein pertsonarekin behar den denbora guzia hartuko dugu entzuteko. Bankuek ez dute halako jenderik hartzen”.
Autoa konpontzeko ere bai
Ipar Euskal Herrian, aurten, 84 pertsona lagundu ditu Adie elkarteak. Horietan, 68 enpresa ttipi. Mota orotako lan arloak izan dira: landaredi artatzea, te saloi bat, tindatzaileak, artista bat, abere artatzaile bat, janari saltzaile ibiltari bat eta abar. Kasik denak Lapurdi itsasaldean.
Ez ditu enpresa egitasmoak bakarrik laguntzen Adiek. Mugitzeko arazoak dituzten jendeei ere laguntza ekartzen die. “Auto baten erosteko, konpontzeko, etxea aldatzeko edo formakuntza bat pagatzeko banku mailegurik ukan ez dezaketen jendeak laguntzen ditugu, adibidez. Betiere, soldatapeko lanbide bat atxikitzeko edo lortzeko helburua dutelarik”, erran du Bernardinek.
Konfiantza berreskuratzeko
Hiru urtetarik inkesta egiten du elkarteak lagundu dituen pertsonak zertan diren jakiteko. Iaz, ohartu dira %84k beren enpresarekin jarraitzen zutela. Beste zenbaki bat zaio adierazgarriago eremuko zuzendariari, gizarteratze eta lan mundura sartze tasarena: %93. “Hartzen ditugun jende erdiak bizitzeko gutieneko diru sarrerekin dira. Lagundu diegun jardunari esker ohartzen gara konfiantza berreskuratzen dutela beren baitan, eta inguruko sare bat osatzen”.

Charlotte Hennard
«Adieri esker, ene egoitza ukan dut»
Charlotte Hennard janari prestatzaile da, Miarritzen. Ezkontza, urtebetetze apairuak apailatzen ditu, baita enpresa apairuak ere. Merkatu zenbaitetan ere aritzen da.
32 urtetan bere enpresa sortu du Hennardek, Adiek ekarri 8.000 euroko laguntza dela medio. Bizkitartean, jada hasi zen enpresa sortzen. «Banuen jada urte bat eginik enpresa inkubagailu batekin, beste batzuek utzi barne batean lan egiteko», zehaztu du Hennardek. Bere baitarik segitzeko akuilua izan zaio, beraz, mikrokreditua. «Adieri esker, ene egoitza ukan dut, eta enpresa abiarazi».
2020ko martxoan abiatu zuen enpresa, COVID-19ak eragin pandemiaren erdian; beraz, lanean hasteko ezintasunean. «Orduan, erregularki deitzen ninduen Adieko boluntario batek. Ohorezko mailegu bat ere onartu didate».
Gaur egun, lanbidea ongi doakio sukaldariari. Arras kontent da, funtsean, Lurrama azokan parte hartu ere baitu joan den aste hondarrean. «Lurramako sukaldeburuen apairuan parte hartzeko ohorea izan dut deserta bat egiteko. Biziki esperientzia ederra izan da».

Antoine Klos
«Bakarrak izan dira baiki hartu nautenak»
Antoine Klosek 23 urte ditu, eta altzairu maiasturu enpresa sortu du. Arkitekto eskolako ikasketak bi urteren buruko utzi zituen, asperturik, eta 12 urte zituenetik gustukoa zuen zur lanari lotu zitzaion. «Galdegin izariko altzariak egiten ditut», esplikatu du Klosek. «Baina beste gisako zurezko apainketa altzariak ere egiten ditut, Internetez saltzeko. Nagusiki, barneko altzariak dira».
Ustekabe gaizto batean gertatu zen duela hiru urte, eta Adieri laguntza galdegin zion. «Zernahi obra ttipi banituen, eta egun batez obra gotor bat, eta beste bat, arkitekto bati esker. Bere etxeko lanak eginarazi zizkidan arkitekto horrek, eta ekarri zizkidan obra guziez eskertzeko deskontu anitz egin nizkion». Hots, dirua galdu zuen oharkabean, eta zailtasunetan gertatu zen. Interneten egin zituen bilaketak jakiteko norbaitek lagun zezakeen. «Orduan, 21 urte nituen, eta adin horretan bankuek nekez lagunduko ninduten». Adieren berri jakin zuen sareko ikerketen bidez. «Bakarrak izan dira baiki hartu nautenak».
Adiek 10.000 euro aitzinatu dizkio Klosi. «Mikrokredituarekin hasi nintzen duela urte bat eta erdi. Geroztik, lagundu naute mozkina gehitzen egiten ditudan aurrekontuetan. Orain, sozietatea sortuko dut, eta laguntzen naute horretan». Ondoko bi urteei begirako aitzinkontuak prestatzen ari da.
Denda tradizionalak, hibridazioaren bidean

Merkataritza-sarea urtez urte aldatzen ari da, herritarren kontsumo-ohitura berriei aurre egin ahal izateko. Besteak beste, autonomoek zuzendutako saltokiak izatetik eredu enpresarialagoa izatera igaro dira, eta digitalizaziorako jauzia ere egin dute.
Euskadik bere txikizkako saltokien herena galdu du azken hamarkadan

Online erosketek eta belaunaldien arteko errelebo faltak astindu dute sektorea Hegoaldean. Izan ere, ehunka denda txiki galtzen ari dira urterik urtera, bai Euskadin, bai Nafarroan.
Hego Euskal Herriko biztanleen erdiak baino gehiagok Internet bidez…

Hego Euskal Herriko biztanleen erdiak baino gehiagok Internet bidez erosi ohi du. Arropa, oinetakoak eta osagarriak dira online erosketen ia % 68, eta ondoren, urrutitik, etxerako ondasunak daude.
Bizitzaren garestitzeari planto
Puntuan abiatu zen Gasteizko manifestazioa. Txistulariek eman zioten hasiera, eta haien atzetik atera ziren mezu nagusia zeraman pankartari eusten zioten pertsonak. Soldata, pentsio eta zerbitzu publiko duinak! Pobretzearen aurrean, aberastasuna banatu! zen eguneko leloa. Horrez gain, borroka sozial desberdinetako hainbat mezu irakur zitezkeen: etxebizitza duinaren aldekoak, zerbitzu publikoa defendatzen zutenak… jende gehienak bandera edo kartelen bat zeraman, gainera.
Arabako Pentsiodunen Mugimenduko kideak ziren gehienak. Eta, duda barik, gehien oihukatzen zutenak ere baziren. Haiek gidatu zituzten gainontzeko pertsona guztiak. «Terrorismoa hilaren amaierara ez iristea da», «Jo eta ke, irabazi arte» eta antzeko aldarriak tartekatzen zituzten.
Protesta oihuen artean iritsi ziren manifestariak Maria Sortzez Garbiaren katedralera. Eraikinaren pareko eskaileren inguruan elkartu ziren guztiak. Ana Tere Diaz Arabako Pentsiodunen Mugimenduko kideak irakurri zuen deitzaile guztien artean idatzitako adierazpen bateratua.
Amorruz hasi zen hizketan: «Gaitzetsi nahi dugu egungo krisi sistemikoaren aurrean botere publikoen alternatiba. Langile klasea pobretzen den bitartean, pertsona gutxi batzuek gero eta aberastasun handiagoa metatzen dute».
«Banaketa justua»
Zerbitzu publikoen murrizketak, «zainketen lan ikusezin eta aitortu gabeak» eta «ekosistemen eta biodibertsitatearen suntsipena» ere gogor kritikatu zituen Diazek, «eskubideen aurkako aurrez aurreko eraso» gisa definituz. Izan ere, horrek, etxebizitzen eta alokairuen prezio «neurrigabeak», «zerbitzu publikoen okertzea» eta «krisi klimatikoaren okertzea» dakarrela salatu zuen.
Arazoentzako premiazko konponbideak eskatu zituen ondoren. Soldata eta pentsioen erosahalmena berreskuratzea eta horiek KPIaren arabera igotzea; baita soldatetan eta pentsioetan dagoen genero arrakala amaitzea ere. «Aberastasunaren banaketa justua» izatea, hain justu. Zifretan, 1.400 euroko gutxieneko soldata eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa exijitu zituen, besteak beste.
Amaieran, protesten garrantzia azpimarratu nahi izan zuen Diazek: «Hau ez da manifestazio soil bat, gure aldarrikapen premiazkoenak lortzeko aukera historiko bat baizik. Borroka hau irabazteko beharrezko manifestazio partekatuei esker, gure aldarrikapenak errealitate bihur daitezke».
«’Kafala’ abolitu duela dio Qatarrek, baina ez da egia;…
Ezaguna da Qatarren langile migratzaileek baldintza txarrak dituztela. Zenbateraino da egia?
Lehenik eta behin, lanaldi luzeak dira abusurik ohikoenak, egunean hamasei ordurainokoak. Lan asko kanpoaldean egiten dira, udan ia 50 gradura iristen diren lekuetan. Bestalde, langile askori ez diete soldata ordaintzen, eta beste batzuei pasaportea atxiki diete, lanez alda ez daitezen. Hori da egin den okerrena, Munduko Kopa adjudikatu osteko lehen urteetan batez ere.
2017tik erreforma batzuk jarri dituzte martxan, eta hobekuntza batzuk lortu dira, baina paper hutsean geratu dira gehienak. Errealitatean ez dute islarik, batez ere enpresariek ez dituztelako martxan jartzen. Gutxieneko soldata ezarri zuten 2021ean, adibidez, eta 2020an langileei joan-etorri askeak eta justizia bermatzeko legeak onartu zituzten, esaterako. Hala ere, 2022an oraindik askori ez zaizkie bermatu eskubide horiek.
Lortu al dute kafala sistema amaitzea?
Kafala abolitu duela dio Qatarrek, baina ez da egia; erreformatu egin dute. Izatez, ondo pentsatutako sistema bat da, migrazioa erregulatzea baitu helburu; hau da, enpresariei modua ematen die kanpoko langileak etorri aurretik kontratatzeko. Hala ere, aurrez promesten zaiena eta Qatarren aurkitzen dutena oso errealitate ezberdinak dira; horregatik ez da onargarria. Nepalgo jende askori 300 dolarreko soldatak agindu zizkieten, eta iristean 150 ordaindu zizkieten. Hala ere, esan beharra dago hobekuntzak izan direla, eta egoera ez dela duela zazpi edo zortzi urte bezain kezkagarria.
Hildakoen datuetan ere eztabaida dago. Zer uste duzue zuek?
Ezinezkoa da zehatz jakitea zenbat langile hil diren, eta hala izango da aurrerantzean ere, ez baitago ikerketa independenterik. Guk galdetu diogu Qatarri datuei buruz, eta haiek ematen diguten datu bakarra kanpoan jaio eta Qatarren hil direnen kopurua da: 15.000 pertsona 2010etik 2021era. Hala ere, turistak eta bestelakoak ere sartzen dira zerrenda horretan; horregatik ezin da hartu erreferentzia gisa. Guk esaten dugu milaka hildako direla, gehiago zehaztu gabe.
Zer dira kontratazio gastuak?
Askok, kontratua lortu ahal izateko, kontzesio batzuk sinatu behar izan dituzte, eta horrek esan nahi du batzuek diru bat ordaindu dutela lan egin ahal izateko. Onartezina da hori, langile eta familia ugari zorpetu baitira hori ordaindu ahal izateko. Inoiz, gainera, langilea hil ostean ere familia behartuta egon da zorra ordaintzera.
Bestelako abusurik ikusi duzue han?
Nahiz eta hobekuntza bat izan den, bizi baldintza txarrak aipatuko nituzke. Pilatuta bizi dira, higiene falta handiarekin. Jende askok giltzurrunetako gaixotasunak ditu edateko uraren kalitate txarra dela eta.
Lan arloari begiratuta: soldaten ordainketak atzeratzea, pasaporteak atxikitzea, lan esparruetatik ezin ateratzea, mehatxuak egitea… Bestalde, asko hitz egiten da eraikuntzako langileez, baina etxean lan egiten duten langileek ere, emakumeak ia denak, baldintza negargarriak dituzte: hamasei orduko jardunaldiak, atseden falta, hitzezko abusuak eta fisikoak…
Munduko Kopa amaitzean, zer?
Abusuen biktimak konpentsatzeko funts bat sortzea da orain beharrezkoena, baina gobernuak esana du ez duela halakorik egingo, eta FIFA oraindik baloratzen ari da. Hala ere, guk uste dugu aurrera egingo duela.