Bilboko metroko langileak “kezkatuta” daude jaien itzulerarekin erasoak “areagotu”…

Egoitz Laka Bilboko metroaren langile batzordeko presidenteari elkarrizketa, 2022ko abuztuaren 11n, Euskadi Irratian.


Zenbait sektoretan, ostalarien artean batez ere, ezinegona eta kezka sortu du neurri sorta horrek, baina tenperaturak eta argiztapena mugatzeko irizpide berriak izango dira gaurtik aurrera. Enpresek eta dendek derrigorrez bete behar dituzte aholkuak; etxebizitza partikularrentzat, aldiz, borondatezkoak dira. Horra neurriak, laburtuta:
Tenperatura. Aire girotua ezingo da 27 gradutik behera jarri; eta hotza egiten duenean, berogailua ezingo da 19 gradutik gora jarri. Zenbait salbuespen markatu dituzte: jatetxeetako sukaldeak, ikastetxe eta haurtzaindegiak, osasun zentroak, ile apaindegiak, garbitegiak, gimnasioak, botikak, museoak, eta hoteletako logelak. Ezaugarri bereziengatik arau horiek bete ezin dituzten lekuek ere eskatu ahal izango dute salbuesteko. Aldiz, neurriak betebeharrekoak izango dira erabilera publikoa, komertziala edota administratiboa duten eraikinetan; esaterako, antzeztokiak, zinema aretoak, ikuskizun publikoetako aretoak, garraio estazioetan, aireportuetan…
Argiztapena. 22:00etatik aurrera hutsik dauden eraikin publikoak eta saltokietako erakusleihoak itzali egin beharko dira. Salbuetsita daude monumentuak eta argi errotuluak.
Ateak itxita. Irailaren 30etik aurrera, eraikinek sistema automatikoa izan beharko dute ateak ixteko, klimatizazio gailuak martxan daudenean. Denda eta tabernek ere bete beharko dute agindu hori.
Oharrak. Irailaren 2tik aurrera, energia aurrezteko neurrien eta aholkuen berri eman beharko dute eraikinetan, pantaila edo kartelen bidez. Igogailuaren ordez eskailerak erabiltzea, telelana sustatzea eta argiteria optimizatzea ere aholkatuko dute mezu horietan.
Ikuskapen teknikoa. Eraginkortasun energetikoa aztertzeko obligazioa duten eraikinetan, azkeneko azterketa 2021eko urtarrilaren 1a baino lehenago egin bazuten, berriro egin beharko dira azterketak, urte hau bukatu aurretik.
Garraioak. Garraio enpresentzako, autobus zerbitzu publikoak ematen dituzten enpresentzako eta arrantzontzien jabeentzako diru laguntza bereziak ere zehaztu ditu dekretuak, sorta luze batean, erregaien prezioen igoerari erantzuteko.
Bekak. 16 urtez gorako ikasle bekadunek 100 euro gehiagoko laguntza eskatu ahalko dute lau hilabetez, aurtengo irailetik abendura.
Energia. Autokontsumoari eta energia instalazioei begira zenbait neurri ere jaso ditu dekretuak.
Isunak. Dekretuak zehazten du 60.000 euroren isunak jaso ditzaketela aginduok betetzen ez dituztenek, urratze arinak eginez gero. Urratze larriengatik, sei milioi eurotik gorako isunak ere jarri ditzake gobernuak. Baina Teresa Ribera Espainiako Trantsizio Ekologikorako ministroak adierazi du ez duela uste inork isunak jarriko dituenik lehen kolpean. «Ohartarazpen bat egin beharko da, galdetu zergatik ez diren neurriak bete, eta egokitzen joan, modu proportzionatuan». Denda eta ostatuek egokitzeko denbora beharko dutela ere onartu du. Baina lege urratzeak masiboak baldin balira edo iraungo balute, Espainiako Gobernua autonomia erkidegoekin harremanetan jarriko litzateke, «asteak edo hilabeteak pasatzen utzi gabe» neurriak hartzeko. Autonomia erkidegoek bermatu behar dute neurriak indarrean jarriko direla, izan ere.
Epea. 2023ko azaroaren 1 arte egongo dira indarrean neurriok, momentuz. Baina Espainiako Gobernuak nahi duenean luzatu edo moztu ahalko du dekretuaren iraupena.
Musk ez da rara avis bat superaberatsen artean, berak irudi hori eman nahi duen arren. Baina baditu bere berezitasunak. Pertsonaiarik publikoena da, gaia edozein delarik ere bere iritzia emateko zalea, bereziki sare sozialetan. Izan itxura sakoneko hausnarketak, izan iruzkin hutsalak, izan munduari bira ematen dioten iritzi polemikoak.
Enpresaburu gisa, hainbeste miresten duen zientzia fikziozko nobela batetik ateratako pertsonaia baten irudia eman nahi du, beste inork ez dituen ideiak gauzatzeko superbotereak dituen batena. Ziur da bere «asmakizunak» gizadiaren mesederako direla, lurraren suntsipen ekologikoa saihesteko, roboten gehiegizko botereari aurre egiteko… Eta horregatik ez du ekintza filantropikorik egiten, gainerako dirudun handiek hain gustuko duten moduan.
Haren arerioek, baina, «zerga iruzurgile profesionala» izatea leporatzen diote; arrazista eta sexista, bere langileen eta bere esperimentuetarako erabiltzen dituen animalien eskubideei inolako errespeturik ez diena. «Gezurti patologiko bat da, atentzio bilatzaile etsi bat, zorakerien saltzaile bat»; izenondo horiek eta beste hainbat erabili dituzte Bill Gatesek eta enparauek haren aurka egiteko. Baina enpresari hegoafrikarrarekin liluratuta daudenak ere badaude, eta asko gainera, bere egitasmoak aurrera eramateko lortu dituen milaka milioiko finantzaketa publiko eta pribatuek erakusten dutenez.
Amets amerikarra 5.0
2003. urtean, Tesla konpainia sortu zuenean, inor gutxik pentsa zezakeen gidaririk gabeko auto elektrikoetan. Gauza bera gertatu zitzaion 1990eko hamarkadan, Internet bidez ordainketak egiteko sistema martxan jarri zuenean —X.com, geroago Paypal—. Gaur egun, beste amets bat du begiz joa: 2050. urtea baino lehen gizakiek Martera bidaiak egitea —Space X enpresa sortu du horretarako—.
Halako biografietan ohikoa denez, oso gazte zela hasi zen negozioak egiten. 12 urterekin, berak egindako bideo jolas bat saldu zuen 425 euroren truke. Gaur egun, 2802.000 milioi euroko ondasuna du. Haren familiak dirua egin zuen Afrikan, diamante meatzeetan. Baina biografoek diotenez, ez zuen haurtzaro goxoa izan: ume bakartia zen, zientzia fikziozko liburuetara emana; berak kontatu duenez, gainerako haurrek jazarri egin zioten horregatik, eta horrek markatu omen du haren izaera. «Hura ezagutu dutenek diote pertsona ziztrin, anker eta harroputza dela, bereziki desafiatuta sentitzen denean», idatzi zuen Ashlee Vence biografoak.
Hegoafrikan jaio, eta, 18 urterekin, Kanadara ihes egin zuen. Fisikako eta Ekonomiako doktoretza egin zuen AEBetan, eta berehala sortu zuen bere lehen enpresa arrakastatsua, 1995ean: Zip2, Interneteko egunkarientzako softwarea egiten zuen konpainia bat. Aitak utzitako diruarekin hasi ziren Musk anaiak, 28.000 eurorekin, eta, lau urte geroago, 307 milioirengatik saldu zuten. Diru horrekin, online bankara egin zuen jauzia, X.com-ekin. 2002an, eBayk erosi zuen Paypal, 1.500 milioi euro ordainduta. Jasotako dirutzarekin, bi enpresa sortu zituen Muskek: Solar City eguzki energiarako sistemen hornitzailea eta Tesla auto elektrikoen fabrikatzailea. Konpainia horien arrakastak, azkenean, superaberatsen klubean sartzea ahalbidetu zion.
Baina salmentengatik izango balitz, aspaldi itxita egon beharko luke Teslak. 800.000 auto merkaturatu zituen iaz; Volkswagenek, hamar milioi. Baina lehenak bigarrenak baino balio handiagoa du burtsan. Zergatik? Tesla auto ekoizle bat baino gehiago da: konpainia teknologiko bat da. Haren fabrikarik handienak ez dira autoak ekoizteko, bateriak egiteko baizik: aurten bere lehen gigafaktoria inauguratu du Europan, Alemanian, eta Txinan aurki bigarrena eraikitzeko asmoa agertu du. Teslaren egitekoa ez da autoak saltzea, I+Ga baizik.
Haren enpresen balioa ideietan dago. Zenbat eta eroagoa, orduan ete garestiagoa. Space X Martera bidaiak egiteko konpainiak, adibidez, 33.000 milioi euroko balioa du gaur egun. Eta zer egin du orain arte? 2018an, Tesla auto bat jaurti zuen espaziora —han jarraitzen du oraindik—.
Haren enpresa guztiak kontuan hartuz, Muskek 100.000tik gora langile ditu beretzat lanean. 2018an, Wired aldizkariak «infernu» baten gisa deskribatu zuen haren lantegietako lan giroa. Langileak nahierara kaleratzeagatik, arrazakeriagatik eta sexu jazarpenagatik ikertu eta zigortu izan dute Musk. «Inguruko jendeak beldur dio, eta berak beldur dio egia esateari. Langileak mugara eramaten ditu. Ordutegirik gabe lanean, gau eta egun. Egun batean gauzak ondo egin ditzakezu, eta heroitzat hartzen zaitu. Baina hurrengoan huts egiten baduzu edo berak ezarritako helburuak betetzen ez badituzu, kaleratu edo tratu txarrak eman diezazkizuke», adierazi zuen Teslako ingeniari batek, Vancek idatzitako biografian.
Twitter sare soziala erostea izan da Musken azken «erokeria». 44.000 milioi euro jartzeko prest zegoela esan zuen, baina azkenean atzera egin du, eta baliteke 1.000 milioiko isuna ordaintzea horregatik. Ikusteko dago zer gertatuko den azkenean, eta zein diren Musken benetako asmoak. Izan ere, hori baita haren ideien eta abiatu dituen proiektu gehienen misterio nagusia.
LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera, aurten 49 langile hil dira Euskal Herrian lan istripu traumatiko eta ez-traumatikoetan. Elgoibarko istripua atzo goizaldean gertatu zen, 02:00etan. Kamioiak Marokoko matrikula zuen, eta atoiak, Frantziakoa. Ibilgailua, A-8ko autobidetik irten, eta N-634 errepidera erori zen, Maltzagako biribilgunea eta Elgoibar arteko tartean. Lau bat metrotik behera erori zen, eta kabina erabat zanpatu zen.
Bi pertsona zihoazen barruan, eta, Ertzaintzak bart gauean zehaztu zuenez, biak ziren atzerritarrak. Anbulantzia eta suhiltzaileak berehala iritsi ziren istripuaren lekura, eta kopilotua hilda aurkitu zuten. Gidaria, aldiz, larri eraman zuten. Biak preso zeuden kabinaren barruan, eta suhiltzaileek askatu behar izan zituzten. Istripuaren unean, ez zen autorik pasatzen ari errepidetik, eta ez zuen beste inor zauritu. LABen zerrendaren arabera, aurten Euskal Herrian lanean hildako seigarren garraiolaria da. Iaz, sei garraiolari hil ziren lan istripuetan, eta 2020an, hamasei.
Babes gabeko zuloa
Errenteriako istripua herenegun izan zen, Goiko kaleko etxebizitza bateko berritze lanetan. Aldamio barneko igogailuko zulotik erorita hil zen langilea. LABek azaldu duenez, aldamioaren azpiegitura ondo muntatuta zegoen, baina igogailuaren zuloak ez zuen babes hesirik. Sindikatuen arabera, hori «ohikoa» da aldamio handietan: «Kanpo aldera ematen duten babes neurriak, agerikoak direnak, zuzenak izan ohi dira, baina barnekoak askotan ez dira jartzen».
Hil den behargina bera arduratzen zen segurtasun neurriak zaintzeaz. LABek gogoratu du horrek behar zuela haren betebehar bakarra, baina, kasu horretan, ez zen hala, garbiketa lanekin tartekatzen baitzuen bere ardura. Sindikatuak gogor kritikatu du hori, beste betebehar bat izanez gero segurtasun arduradunaren erantzukizuna «desitxuratzen» delako.
Aurten toki altu batetik erorita hildako bederatzigarren langilea da. Datu horretan oinarrituta, LABek eta ELAk gogor kritikatu dute Osalanen eta Lan Ikuskaritzaren jarduna. Osalanek aurten erorikoak eragozteko kanpaina berezia jarri zuen abian. Hori ikusirik, sindikatuek «pasibotasuna» egotzi diote, obra gehienetan lege urraketek irautea ahalbidetzen duelako. Iaz sei langile hil ziren altuera jakin batetik erorita.
Elkarretaratzea, Errenterian
ELAk, LABek, ESK-k, STEILAS, EHNEk eta HIRU elkarretaratzera deitu dute gaurko, hildako bi langileak oroitu eta istripuak salatzeko. Errenterian egin dute deialdia, 12:00etarako, Udal Plazan. Lan-istripu gehiagorik ez. Prekaritatea hiltzailea lelopean elkartuko dira. Deialdian azaldu dutenez, lan baldintza prekarioek —azpikontratazioak, aldi baterako kontratuek, lan erritmoek…— zuzenean eragiten dute lan istripuetan, eta «egungo egoera ekonomikoak» areagotu egiten ditu arazo horiek.


Haserre azaldu zarete aldundiek iragarritako deflatazioarekin. «PPk adierazi dion bidea da». Zergatik diozue hori?
Bi arrazoirengatik. Batetik, neurri erregresiboak direlako. Deflatazioaren ideia da inflazioarengatik dagoen zor bilketaren handitze hori herritarren poltsikoetara bideratzea, baina errenta tarte guztietara modu berean egiten bada, inflazioak sortzen dituen ezberdintasunak sakontzen ari zara. Errentarik txikienei ia ez die lagunduko, ezta herritarrik zaurgarrienei ere, haiek ez baitira iristen errenta aitorpena egitera. Hori da Isabel Diaz Ayusok Madrilen proposatu duen bidea, eta PPk Jaurlaritzari eskatu diona. Bestetik, neurri hauek behin-behinekoak dira. Uste batean oinarritzen dira, hazkunde ekonomikoak jarraituko duela, eta zergen bidezko gainbilketak jarraituko duela, baina ezin da ziurtatu. Guk argi dugu garai honi ezin zaiola aurre egin behin-behineko neurriekin; hau ez da behin-behineko egoera bat.
Deflatazioak ez al die laguntzen diru sarrera ez oso handiak dituzten herritarrei ere? Sindikatuek, esaterako, motz geratu delako kritikatu dute, ez duelako inflazio osoa kontuan hartu…
Errenta zati handiei eragingo die, ez txikienei. Onargarria da errenta txikientzat, azter daiteke ertainekin, baina onartezina da handientzat. Horrela aplikatzea ezberdintasun sozialak sakontzea da.
Udazkenean krisi handia dator, ala ez da hainbesterako izango? Zer diote zuen aurreikuspenek?
Ezin gara erori planteamendu kolapsistetan. Baina egia da beste garai batean sartu garela, anabasa ekonomiko handiko garai batean. Besteak beste, bizi dugun krisi honetan badago egoera estruktural bat guztia aldatzen duena, edo gutxienez badaude hiru ezaugarri. Bat, planetaren muga biofisikoarekin talka egiten ari gara. Bi, azken 200 urteetako ezberdintasun sozialik handienak sortzen ari dira; eta hiru, bukatzen ari da erregai fosil merkeen aroa. Udazkenera begira badaude zantzuak esateko gauzak are gehiago tenkatuko direla, hainbat faktoreren arabera: gerra, interes tipoa, krisi politikoak… Ezagutu gabeko testuinguru batzuk ezagut ditzakegu, gas gabezia eta halakoak.
Udazkenean lan negoziazio asko etorriko dira. Erosketa ahalmena bere osotasunean mantentzea posible al da?
Erosketa ahalmenaz bainoago, ongizate oinarria bermatzeaz hitz egin beharko genuke…
Baina, neurgailu ofiziala KPIa da.
Bai, baina ñabardura bat lehenbizi, ezkerreko ikuspegitik beste indize batzuk erabili behar ditugu. Kontraesana da ikuspuntu ekologiko batetik kontsumo eta ekoizpen ereduak aldatu behar ditugula esatea eta jarraian erosketa ahalmena mantentzea izatea gure lehen helburua eta bakarra.
Galderara itzuliz, enpresen irabazien inguruko ariketa bat egin behar da. Enpresen irabazien zati bat doa soldatetara, eta ongizate hitzarmena aurkeztu genuenean interpelazio bat egin genion Confebaski. Hark dio «etengabeko ziurgabetasun aro» batean gaudela eta soldaten igoera baino garrantzitsuagoa dela irabaziak berriz ere inbertitzea enpresetan: giza kapitalaren sorreran, ikerketan… Guk interpelazio bat egiten diogu planteamendu horri. Lehenbizi Confebaskek konpromiso bat hartu behar du dibidenduak ez banatzeko, eta planteamendua izatea enpresek sortzen duten aberastasuna enpresetan geratzea. Hori jendaurrean esatea laguntza handikoa litzateke akordioak lortzeko. Egia da sektore eta enpresa guztiak ez direla berdinak. Batzuek ez dute mozkinik eta beste batzuek, aldiz, inoizko irabazirik handienak dituzte. Hemen, gerrikoa estutu behar da, baina beti langileei eskatzen zaie, eta enpresa batzuk, bitartean, irabazi handiak lortzen ari dira.
LAB sindikatuak hainbat forotan sartzea erabaki du: Lanbiden, Osalanen… Atzean ezker abertzaleak erakundeetan sartzearen estrategia dagoela ikusten duenik badago.
Ezker abertzaleak ez dauka estrategia bat erakundeetan sartzeko, estatu bat eraikitzekoa baizik. Nazio eraikuntza prozesu garaikide bat nahi badugu, ahal beste botere esparru herrigintzaren zerbitzura jarri behar dira, eta hortik estatugintza abiatu. Eta hori bada estrategia, egon behar dugu foro guztietan eta botere eremu guztietan. Berdin balio du Lanbidek, kooperatiben artekaritza batzordeak edo eskoletako zuzendaritzak.
Zergatik orain bai eta duela bi edo lau urte ez?
Estrategia hau ezker abertzaleak aspaldi idatzi zuen txostenetan. LABen kasuan ez dakit zein izan den zehazki gogoeta. Foroetan egoteak ez zaitu baldintzatzen gero beste estrategia batzuk garatzeko, baina ez egoteak zer zentzu dauka? Aldarrikapenak foro guztietara eraman behar dira. Indar harremanak borroka kulturalarekin eraikitzen dira, eta horretarako behar da estrategia sindikal bat. Baina ez dena bakarrik kontraboterean oinarritzen, nolabait ELAk planteatzen duen estrategia horretan. Horrek behar du beste hanka bat, eta hori da foroak herri eraikuntza prozesu baten zerbitzura jartzea.
ELA aipatu duzu. Haren kritikek mintzen zaituztete?
Ez, inondik inora. ELAk kritikatzen duen bezala, ELA kritikatu daiteke. Ez du balio, ordea, kritika egitea eta ondoren kritika jasotzeko zailtasunak izatea. ELAk ze kritika egiten dion EH Bilduri jakina da, eta EH Bilduk ELAri ze kritika egiten dion ere bai. Orduan, ez dago inolako arazorik.
Espainiako Gobernuak alde batera utzi du zerga sistema erreformatzeko saioa, eta Jaurlaritzak eta aldundiek agindu zuten erreforma atzeratzen ari da. Zer uste duzue zuek?
Zerga sistemaren inguruko debatea mundu mailan irekita dago, beste kontu bat da hari ekiteko ze ausardia dagoen. Enpresa energetikoen eta bankuen ezohiko irabazien inguruko zerga horrekin ate bat ireki da, eta ez da gutxi. Ikusi dugu zein izan den Josu Jon Imaz eta halako jendearen erreakzio biszerala. Urkulluk ere ez zuen gaiaren inguruko galdera erantzun nahi izan. Neurri horrek izan beharko luke energia sektorearen gaineko interbentzio publikoaren lehen urratsa, eta baita zergen inguruko eztabaidarena ere.
Parlamentuan asko leunduko duten beldur al zarete?
Ezohiko irabazien zerga? Uste dut Sanchezek aukera bakarra daukala. Urte eta erdi falta zaio legegintzaldia amaitzeko, eta erakusten du ezkerrak benetan balio duela, baduela planteamendu alternatibo bat, edo eskuina etorriko da, eta kito. Kontrako jarrerak oso indartsuak izango dira, eta ikusiko da lobby eta oligarkia horrek zein gaitasun duen instituzioak eta alderdiak baldintzatzeko. EAJ, esaterako, bere planteamendu energetikoen oso menpekoa da, Josu Jon Imaz ordezkari dutenak. Edo ezkerrak demostratzen du horren gainetik dagoela interes komuna bermatzeko, edo bestela eskuina etorriko da atzetik, eta ez edozein eskuin.
Energia aurrezteko hainbat neurri aurkeztu dituzte. Ze iritzi duzue? Zer egingo zenukete?
Energia kontsumoaren murrizketa handi baterantz goaz, behartuta gainera, ez da hautu ideologiko bat izango. Kontua da prestatuko garen ala ez. Ekonomiaren eta gure bizitzen esfera materiala murriztu beharko da. Planteatzen ari diren neurri batzuk badira hazkunde osteko ekonomia baten lehen zantzuak. Estrategia energetiko bat behar da, neurri bakan eta partzialekin ezin zaio aurre egin. Eraginkortasun energetikoaren aldeko Marshall plan bat behar da: eraikinetan, mugikortasunean… Euskal industriak zer eta nola ekoitziko duen erabaki behar du, sektore batzuk gain behera etorriko baitira. Automozioaz ari naiz. Aldatzera doa, eta auto kopurua asko murriztuko da.
Parke eoliko eta fotovoltaikoen proiektuekin nahiko hotz azaldu zarete. Zer eskatzen diozue proiektu bati onargarri izateko?
Bi gauza: bat, eredua ezin daiteke izan udalek lurra jartzen dute, eta Iberdrolak, Endesak, Naturgyk eta horrelako enpresek negozioa egiten dute. Eta bi: egon dadila gutxieneko parte hartze demokratiko bat. Eremu lokalean jokatu behar da. Jendea prozesuaren parte egin behar da, eta, ez badugu jendea horren parte egiten, norbaitek dioelako interes publiko proiektu bat dela, ez du onartuko.
Atzo, erkidegoetako ordezkariekin bildu ziren Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroa eta Reyes Maroto Industria eta Merkataritzakoa, eta tinko eutsi zioten dekretuan jasotzen diren neurriei, egunotan zalaparta handia sortu duten arren, batez ere PPk gobernatutako erkidegoetan. Marotoren arabera, bileran inork ez zuen neurriak beteko ez dituela esan, baina Madrilgo erkidegoko gobernuak iragarri du Auzitegi Konstituzionalera joko duela, bere «eskumenak urratu direlako». Kataluniakoak ere zalantzak agertu zituen, eta, Eusko Jaurlaritzak egin bezala, «malgutasuna» galdegin zuen; «argitasun gehiago» eskatu zituen, eta diru laguntzak, neurriek «kaltetu» ditzaketen sektoreentzat. Halaber, dekretua indarrean jartzeko atzerapen bat proposatu zuen, baina Riberak ez zuen halakorik onartu. Horrekin batera, ministroak berretsi zuen erkidegoei dagokiela dekretua betetzen den ala ez kontrolatzea, eta egiten ez denean isunak jartzea.
Edukian ados, formetan ez
Atzoko bileran, Tapia sailburuak neurriak betetzeko «borondate osoa» adierazi zuen. Azaldu zuenez, Jaurlaritza «erabat ados» dago energia kontsumoak murrizteko Bruselak ezarri dituen helburuekin —%7ko jaitsiera Espainian eta Hego Euskal Herrian—, baina azpimarratu zuen Espainiako Gobernuak indarrean jarri duen dekretua «beste modu batera landu» zitekeela.
Tapiak uste du, halaber, Espainiako Gobernuaren planaz gain erkidego bakoitzak berea izan beharko lukeela, eta Madrilek irailean Bruselara bidaliko duen proiektua ere adostua izan beharko lukeela. «Negu honetan asko dugu jokoan, eta merezi du adostasunez egitea; izan ere, ziurrenik, autonomia erkidegoetatik, hirietatik, administrazio publikoetatik eta baita arlo pribatutik ere ekarpen asko eta oso interesgarriak egin ditzakete. Horiek ere kontuan hartu beharko lirateke».
Nafarroako Gobernuak ere «babes osoa» agertu zion dekretuari. Mikel Irujo Garapen Ekonomikoko kontseilariak parte hartu zuen bilera telematikoan, eta hark industriarako foro berezitu bat sortzea galdegin zuen, Europako araudiaren transposizioa «arintzeko», «lege hutsune batzuk sortzen ari direlako». Irujok gogoratu zuenez, industria da energia gehien kontsumitzen duen sektorea, eta datozen urteetan erronka handiei egin behar die aurre.
«Ez digu batere graziarik egin. Sektoreak aintzat hartu gabe egin da». Carlos Albillo Iruñeko Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteko gerentearen arabera, konbentzimenduz hartu behar litzateke eraginkortasun energetikoa, «eta ez horrela». Gaineratu du zentzu handiagoz jokatu beharko litzatekeela. «Benetan edozein establezimendutan ezar daiteke tenperatura bera? Ez, eta ezin da ere ez neurri bera ezarri leku hotzetan eta beroetan».
Ate irekia, «gonbidapena»
Iruñeko Bigarren Zabalgunean, urtebete inguru darama irekita Damisela en Apuros arropa dendak. Sara Bellido jabearen arabera, nahikoa lan badu irauten. Beherapenekin gertatzen den moduan, uste du horrelako neurriak ezartzean kate handiek abantaila handiagoa dutela. Urritik aurrera, saltokietako ateak itxi egin beharko dira, eta, Bellidorentzat, «oso garrantzitsua» da atea irekirik izatea: «Sartzera animatzen du, eta, bero handia egiten ez duen bitartean, irekirik izaten dugu. Bestela, itxi eta aire girotuaren makina pizten dugu momentu batez».
Alderantziz, Jesus Martinezek, Tierra boutique dendako arduradunak, nahiago du ateak ixtea, «jendea eroso sentitzeko». Izerdiak ez die bezeroei arropa probatzen uzten. Argiztapenari dagokionez, itxi ostean denbora batez piztuta izaten dute: «Erakusleihoak saldu egiten du, baina ez du zentzurik 22:00etatik aurrera piztuta izateak. Beti egin dugu horrela; ez digu gobernuak esan behar zer egin behar dugun».
Maite Garcia Nuñez loradendako ordezkariaren arabera, giroa fresko izan ezean «beroak loreen prozesua azkartu egiten du». Horregatik, uste du kaltegarri izan litekeela denda gutxienez 27 gradutan izatea, eta espero du neurria malgutzea. Barruan, termometro elektriko bat izaten du tenperatura neurtzeko, baina Iruñeko Ermitagaña auzoan duen beste dendan, ez du halakorik. Horregatik ez dago kontent, «beste inbertsio bat egitera» behartzen baitu.
Denda gehienetan, lana amaituta erakusleihoetan argia izateko sistema automatikoa izaten dute. Adibidez, Miriam Ibarrolak hala egiten du Miriam liburu dendan. «Denbora batez piztuta izaten dut, baina gauean edo asteburuan itzali egiten dut». Izan ere, badira neurriak eragiten ez dien negozioak ere. «Guk ez dugu nabarituko. Ez dugu ez aire giroturik, ez berogailurik. Neguan hotza pasatzen dugu, baina zer egingo dugu!», dio Celia Lopez El Dormitorio Decoracion dendako saltzaileak. Egunero, ateak ixterakoan argiak itzali ohi dituzte.
Iruñeko autobus geltokian, 11:30ean ez da kanpoko beroa nabaritzen. Bidaiariek itxaroteko duten areto handiko termometroaren arabera, 26 gradu egiten ditu. Udan, goizetan, zaintzaileek ateak ireki, eta geltoki osoa aireztatzen dute, baina, egunak aurrera egin ahala, igo egin ohi da tenperatura. «Udan, geltokia beroa da, eta neguan, berriz, hotza. Autobusaren zain egon behar baduzu, hobe berokia izatea, hamalau gradu ikusi baititut hemen», aipatu du Cesar de Luisek, La Vieja Estacion dendako saltzaileak.
Geltokia Iruñeko Udalarena da, baina Vectalia enpresak kudeatzen du, eta inguruko negozioak haren sistemaz baliatzen dira, tenperatura kontrolatzeko. Dena den, De Luisek sistema propioa du. «Ez da gauza bera geltokian tiketak saltzen ibiltzea edo denda baten elikagaiak izatea». Izan ere, edariak fresko izateko, hozkailuak ditu La Vieja Estacionen; eta, barruko tenperaturari eusteko, hozkailua etengabe dabil airea hozten eta denda barruan beroa kanporatzen. «Kontrajarria dirudi, baina denda fresko izanez gero, gutxiago kontsumitzen dut, hozkailuak ez duelako lan bikoitza egiten», azaldu du. Horregatik, malgutasuna eskatu du. «Bi urteotako pandemia kolpe latza izan da guretzat. Ari gara apurka gorantz, baina, pandemia aurreko egoerarekin alderatuta, %60an gaude».
Museoak, salbuetsita
Dena den, badira salbuetsita dauden alorrak. Adibidez, museoak. Bilboko Arte Ederren Museoko bozeramaile batek BERRIAri azaldu dionez, margolanen kalteberatasuna da arrazoi nagusia. Batez ere tenperatura aldaketa bortitzek eragiten diete. Nazioarteko estandarrak ezarrita daude: 22 gradu inguru dira egokienak haientzat, eta tenperatura horretan mantenduko dute museoa.
Argiztapenean egingo dituzte moldaketak. Kanpoko fokuak lehenago amatatuko dituzte: lehen, 00:00etan egiten zuten neguan, eta 01:00ean udan; orain, 22:00etako egingo dute. Hala ere, zenbait leku isiotuta izango dituzte, segurtasun arrazoiengatik, «gune ilunak ez sortzeko».
Guggenheim museoan ere antzera jokatuko dute. Bozeramaile batek azaldu duenez, beharrezkoa da arte lanen baldintzak finko mantentzeko. Argiztapenari helduko diote eurek ere. Esan dute kanpoko argiak ahulak direla, eta jendea ez tronpatzea dela helburu bakarra.
Donostiako (Gipuzkoa) tabernariek ezer gutxi dakite neurriez. Gehienen erranetan, inork ez die abisatu, eta adierazi dute egoera aldatu ezean berdin jarraituko dutela. Gainera, esan dute aldaketak egin behar badira ohitzeko denbora beharko dutela. Hedabideen bidez neurrien berri jakin duten zenbait tabernariri ez zaizkie neurriak gustatzen. Orain arte ostalaritzak gainditu behar izan dituen oztopoei aurre egin eta gero, «nekatuta» daudelako. «Gu kontuz ibiliko gara guztiarekin, aurrezten saiatzeko», aipatu du Garagar tabernako langile batek.
Hala ere, badira neurriak begi onez ikusi dituztenak ere. «Guk ez dugu ez aire hotzik, ezta berogailurik ere; haizagailuak soilik erabiltzen ditugu. Lehenago bezala funtzionatzen dugu», adierazi dute Ambrosio tabernan.