Eguraldi bikaina, lau kilometroko ibilbidea, hiru gune, egitarau zabala eta milaka lagun. Ezin gehiago eskatu. Galdakaon (Bizkaia) ospatu dute gaur 48. Ibilaldia, Eguzkibegi ikastolak antolatuta eta Magaletik herrire, euskara erdire lelopean. Besteak beste, lekukoa Bilboko Kirikiño ikastolari eman diote. Gaur izan da egun handia, baino atzo hasi zuten festa. Festa giroa berotu zuten haur jolasek, 3×3 futbol txapelketak eta DJek. Gaur goizean goizetik, berriz, hamaika egiteko izango dira: erronka, herri kirolak, dantzaldiak, kontzertuak… Gune guztietan egon dira haurrentzako gune bereziak, jatekoa eta edatekoa, eta beste hainbat jolas. Ibilaldia, gaur, Galdakaon. JAIZKI FONTANEDA / FOKU Pepeto Basoan egin duten irekiera ekitaldian izan dira, besteak beste, Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, zenbait alderdi eta sindikatutako ordezkariekin batera. Hitza hartu dutenetako bat Josu Telleria izan da, Ibilaldia Elkarteko presidentea. Hizpide izan du euskarak bizi duen oldarraldi judiziala, eta adierazi du ikastolek hainbat proposamen berri aurkeztuko dituztela laster. «Noiz edo noiz euskal hezkuntza sistema bakarra egongo bada, denon artean egindakoa izan beharko du, euskaran eta euskal kulturan oinarritutakoa eta komunitate osoaren benetako parte hartzearekin», esan du, eta ikastolek sistema horretan izan behar duten garrantzia azpimarratu du. [articles:2142269] Pedrosa sailburuak, bere aldetik, adierazi du ikastolen eta hezkuntza sistema osoaren erronkak aldatu egin direla. «Euskararen erronka zahar eta berriei elkarrekin ekiteko unea da», esan du, eta nabarmendu euskarak inklusiorako eta kohesiorako elementu gisa duen garrantzia. Aipatu du geroz eta gehiago direla hizkuntza bat baino gehiago erabiltzen duten ikasleak. «Etorri berrien eskolatzearen eta euskalduntzearen erronka daukagu aurrez aurre». Eguzkibegi ikastolako hezkuntza komunitateak iazko udaberrian jaso zuen lekukoa. 2009an ere egokitu zitzaien Ibilaldia antolatzea, eta beraz, bazuten eskarmentua. Orduko hartan bezala, aurten ere euskal kulturan oinarritutako hezkuntza proiektua zabaltzea izan da helburua, eta eskualdean ikastolaren funtzioa indartzea. Horrez gain, lau haizeetara zabaldu dute proiektu kooperatibo bat dela, inklusiboa, ikastolako komunitatea aintzat hartzen duena, eta auzolanean ardaztutakoa. Proiektu pedagogiko berritzaileetan inbertitzeko baliatuko dute gaur eskuratutako dirua. Ibilaldia, gaur, Galdakaon. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Sara Alonso donostiarrak irabazi du 24. Zegama-Aizkorri mendi maratoia. 04:27:25eko denboran osatu du maratoia. Judith Wyder suitzarra izan da bigarren emakumea, bi minutu eta 22 segundora Alonsoren markatik, 04:29:47 denborarekin. Hirugarren izan da Malen Osa oñatiarra, Alonsorengandik 3 minutu eta 53 segundora, 04:31:18 denborarekin. Beste behin ikusgarria izan da Zegama-Aizkorri mendi maratoia: eguraldia bikaina, ibilbidea oro har nahiko lehor, nahiz eta ingurune ospelenetan lokatz pixka bat egon, eta jendearen eta ikusleen emana, oilo larrua jartzeko modukoa, korrikalari guztiei txaloak, animoak, hauspoa ematen. Alonsok ametsetako debuta izan zuen 2022an, hirugarren egin batzuen duela hiru urteko hartan, baina azken bi urteak garratzak izan dira beretzat, batez ere iazkoa, probaren bezperan pneumonia baten ondorioz ospitaleratu egin behar izan baitzuten. Aurten, arantza atera nahirik, hasieratik bukaerara lasterketaren buruan egin du maratoi osoa. «Irabaztera atera naiz. Buruan nuen eta sinesten nuen. Egia da lider izatea estresagarria dela, etengabe pentsatzen duzu: etorriko dira, etorriko dira… Asfaltora iritsi arte ez dut sinistu. Eta han ikusi dudanean inor ez zetorrela, orduan bai, jakin dut txapela nirea zela. Ilusiorik handiena pizten didan lasterketa da Zegama-Aizkorri. Denboraldia gero gainbehera badoa, beti esan dezaket Zegama-Aizkorri irabazi dudala, eta hori jada aski da». Malen Osa Aizkorri gailurrera iristen. IGOR QUIJANO / ZEGAMA-AIZKORRI Malen Osak bigarren podiuma lortu du, iaz bigarren izan baitzen estreinaldian. Osak atzetik aurrerako lasterketa egin du, iaz bezala. Aurten, ordea, min handiak gainditu behar izan ditu, batez ere jaitsieretan izandako karranpen ondorioz: «Amesgaiztoa izan da. Hasieran oso ondo sentitu naiz, 9. kilometrora arte. Jendearekin asko disfrutatzen ari nintzen. Baina lehen jaitsiera motzean, karranpak etorri dira eta bi minutu gelditu behar izan dut. Egia esan, kanpoan ikusten nuen nire burua. Autoa hartu eta alde egiteko gogoa nuen. Zorionez, baikor izaten saiatu naiz eta buelta ematen. Aratz igoeran indartsu sentitu naiz. Baina jaitsiera bakoitzean, normalean alde egiten dudanetan, gaur atzean gelditzen nintzen. Sufritzen ari nintzen. Ez nekien helmugara iritsiko nintzen. Gorputza prest neukan baina karranpek asko eragin didate. Sufritzen jakin dut, oso harro nago, eta merezi izan du. Ametsa da podiumean egotea, eta uste dut iazko bigarren postuari baino balio handiagoa ematen diodala aurtengoari». Elhousine Elazzaoui helmugara iristen, gaur. JAVIER ETXEZARRETA / EFE Gizonezkoetan, berriz, Elhousine Elazzaoui marokoarra izan da garailea. Bakarrik helmugaratu da Zegamako plazan 03:43:28ko denboran. Aurreko bi edizioetan bigarren sailkatu da, Kilian Jorneten atzetik. Aurten aukera guztiak zituen garaipena eskuratzeko, gogotsu zetorren, eta ametsa bete du, Zegama-Aizkorriko garaipena eskuratuta. «Denboraldia gero gainbehera badoa, beti esan dezaket Zegama-Aizkorri irabazi dudala, eta hori jada aski da» SARA ALONSO Mendi korrikalaria Haren atzetik iritsi da Andreu Blanes Reig valentziarra, 7 minutu eta 25 segundora, eta hirugarren sartu da Daniel Pattis italiarra, lehenengotik 8 minutu eta 12 segundora. Blanes valentziarra izan da ezusteko nagusia, ausart atera da bere lehen partaidetzan, eta bera ibili da lasterketaren buruan Aratzen eta Sancti Espiritun, baina Aizkorri tontorrean harrapatu egin dute Elazzaouik eta Pattisek. Urbiarako jaitsieran, bat egin dute hirurek, baina Andraitzera bidean erasoa jo du Elazzaouik, eta hortik aurrera ez du aurkaririk izan helmugara arte. Blanesek ere jaitsiera bikaina egin du, eta, nahiz eta Moanon eroriko larri samarra izan duen, jakin du sufritzen eta helmugan bigarren egin du. Estreinako bikaina, beraz, valentziarrarena. «Sufritzen jakin dut, oso harro nago. Ametsa da podiumean egotea, eta uste dut iazko bigarren postuari baino balio handiagoa ematen diodala aurtengoari» MALEN OSA Mendi korrikalaria Elazzaoui pozik zen helmugan, hainbeste desiratu izan duen garaipenarekin: «Oso zoriontsu nago. Beti bigarren izan naiz eta garaipen hau berezia da niretzat. Zegama Zegama da, eta hemen irabaztea amets bat da. Lasterketa oso adimentsua egin dudala uste dut. Aurreko hiru esperientziek asko lagundu didate», adierazi du irabazleak, probaren historian laugarren denborarik onena ezarri ondoren. Sailkapenak, unean berean eguneratuta, esteka honetan.
Carlos Veronak (Lidl-Trek) 32 urterekin lortu du bere lehen garaipena itzuli handi batean. Lidl-Trek taldeak Giulio Ciccone liderra galdu zuen atzo eroriko baten ondorioz, baina horrek alde onak ere baditu: Veronak mugitzeko askatasuna izan du gaur, eta ezin hobeto baliatu du abagunea. Helmugarako 41 kilometro falta zirela jo du erasoa, bakarrik egin du amaierara arteko bidea, eta garaipena Cicconeri eskaini dio Asagion. Eguneko galtzaile nagusia, ezbairik gabe, Primoz Roglic izan da (Red Bull). Esloveniarra ez dabil fin. Sailkapen nagusiko lehian dabiltzanekiko minutu bat baino gehiago galdu du, eta gaurkoan ez zuen aitzakiarik; ez du erorikorik edo bestelako ezustekorik izan, baina ezin izan ditu behar bezala gainditu mendateak. Lehen mailako bat eta bigarren mailako beste bat igo dituzte txirrindulariek bost ordu baino gehiago iraun duen etapan. Roglic helmugara iristen bere taldekideen laguntzarekin, gaur. LUCA ZENNARO / EFE Eguneko mendate gogorrenean, Monte Grappan, mugitu dira sailkapen nagusiko gizonak: Bernal, Del Toro, Gee, Carapaz… baina maldan behera hasi aurretik elkartu dira berriz guztiak. Taldea Carapazek hautsi du hurrengo igoeran. Denek eutsi diote, Roglicek izan ezik. Hori ikusita, erasora jo dute guztiek, eta Red Bullen liderrarekiko tartea zabaltzen ahalegindu dira. Eta hein batean, lortu dute. Aurrean, etapa irabazteko lehian, Monte Grappa igaro ostean sortu den ihesaldian sortu da lehia. Veronak helmugarako 41 kilometro falta zirela jo du erasoa, eta aurrera egiten utzi diote besteek. Harrapatu nahi izan dutenerako beranduegi izan da: erakustaldia eman eta besoak altxatu ditu Madrilgo txirrindulariak.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak 145.142 sinadura bildu ditu bere ekimenaren alde, gutxienezko pentsioa lanbide arteko gutxieneko soldataren pareko izan dadin eskatzen duena. Orain, “bultzatzen jarraitu behar da, ekimena tramiterako onartua, eztabaidatua eta bozkatua izan dadin”.
Ez Europa Liga, ez Konferentzia Liga. Osasunak ez du Europan jokatuko datorren sasoian. Gorritxoek irabazi egin behar zioten gaur Alavesi, eta Rayoren eta Celtaren emaitzen zain egon. Bain ez dituzte etxeko lanak egin, nahiz eta esku-eskura izan duten. Gol bakarrera izan dute sailkapena, Rayok ez baititu hiru puntuak lortu. Azkenean bana berdindu dute, eta agur esan diote Europari. Partida bizi hasi da. Neurketako lehen abagunea nafarrek izan dute, 14.minutuan. Budimirrek bikain errematatu du Bryanen erdiraketa bat, eta Siverak esku ona atera du. Baina hurrengo jokaldian etxekoak egon dira aurretik jartzear. Alabaina, Herrerak geratu egin du Alañak area ertzetik egin duen jaurtiketa. Minutuak aurrera joan ahala Alaves lasaiago aritu da, ez baitzuen hiru puntuen beharra. Osasunak, berriz, nahi zuen aukerak sortu, baina argitasuna falta izan zaio. Carlos Vicente gola sartzear egon da 22. minutuan, baina baloia gora joan zaio. Herrerak, berriz, beste gelditu on bat du. Oraingo honetan Benavidezen jaurtiketa bat geratu du. Osasunak argitasuna gehiago behar zuen jokoan, eta horretarako Aimar Orozek azaldu behar zuen. Arazurikoa baloia eskatzen hasi da, eta gorritxoek bi abagune on izan dituzte aurretik jartzeko. Catena indartsu sartu da atzetik buruz, baina bakar-bakarrik zegoela kanpora bidali du errematea. Budimirri, berriz, zutoinetik gertu joan zaio jaurtiketa hurrengo jokaldian. 35. minutuan zen, eta hortik atsedenaldira bitarte parekatu egin zen neurketa. Bigarren zati hasieran Osasunak minutu onenak jokatu ditu. Jokoaren ekimena izan du, eta hainbat aukera izan ditu gola egiteko, tartean bat oso argia Budimirrek. Baina Siverarekin egin du topo berriz. Gorritxoak ondo zeuden, baina ez dituzte aukerak baliatu. Hala, beste behin futbolaren patua azaldu da: Alavesek gol sartu du, 54. minutuan. Juan Cruzek penalti inozoa egin zion Tenagliari, baloia kontrolatzera zihoanean. Carlos Vicenten jaurti du eta baloia sareetara bidali du. Kolpea izan da gola Osasunarentzat, zelai erdiaren kontrola galdu du, eta hurrengo minutuetan Alaves hobea izan da. Benavidez aldea handitzear egon zen. 88. minutuan, ordea, Raul Garciak gola egin du Osasunarentzat. Catenak buruz jo du Aimar Orozen erdiraketa bat, baloia aurrelariari iritsi zaio, eta neurketa berdindu du. Hortik aurrerakoak agoniaren minutuak izan dira Osasunarentzat eta bere zaleentzat. Gorritxoek estutu egin zuten luzapenean, eta aukera ugari izan zituzten gola egiteko. Baina Sivera azaldu da berriro ere, gorritxoek Europarako sailkatzeko zuten ametsa zapuztuta. Athletic, bihar Athleticek izango da denboraldia agurtzen azkena, San Mamesen, Bartzelonaren aurka (21:00, Movistar). Oscar de Marcos agurtzeko eta Txapeldunen Ligarako sailkapena ospatzeko partida izango da. Klub zuri-gorriak atzo jakinarazi zuen kontratua berritu diela Iñigo Ruiz de Galarretari eta Iñigo Lekueri. Galarretari 2027 arte luzatu diote, eta Lekueri 2026 arte. Alaves-Osasuna Alaves: Sivera; Tenaglia, Sedlar (Pica, 79. min), Garces, Manu Sanchez; Benavídez (Carlos Martin, 79. min.), Blanco; Guridi (Conechny, 63. min), Aleña, Carlos Vicente; eta Kike Garcia (Toni Martinez, 63. min.). Osasuna: Herrera; Juan Cruz (Bretones, 59. min.), Boyomo, Catena, Areso; Ibañez (Raul Garcia, 59. min.), Torro (Iker Muñoz, 46. min.); Ruben Garcia (Unai Garcia, 93. min), Oroz, Bryan (Arnaiz, 82. min.) eta Budimir. Golak: 1-0: Carlos Vicentek, de penaltiz, 56. min.). 1-1: Raul García de Harok (88. min.).
Arsenalek merezita irabazi du Txapeldunen Liga, Bartzelonaren aurka 1-0 gailenduta. Bigarrenez lortu du Europako talderik onena izatea, 2007an ere eskuratu baitzuen garaikurra. Hemezortzi urte geroago, berriz dastatu du loria. Ingalaterrako taldea ez zen faborito, baina, Mariona Caldenteyk gidatuta, jakin dute nola egokitu neurketak eskatzen zuen horretara. Erresilientzia ariketa bat egin dute, beste behin. Jokalariek hasi eta buka bete dute Reene Slegers teknikariak zehaztutako plana. Fin bete dute gidoia, eta saria eskuratu. Lyonen, Bartzelonaren eta Wolfbusgoren nagusitasuna amaiarazi dute, eta Ingalaterrako liga indarra hartzen ari dela berretsi. Arsenal ausart zelairatu da, baloia eduki nahian. Slegersek esana zuen hala egingo zutela. Presio estua egin dio Bartzelonari baloi irteeran, eta defentsan ere sendo egon da. Goiko jokalariek ahalegin handia egin dute arlo horretan ere, oraindik fresko zeudela aprobetxatuz. Erasoan, berriz, zuzen jokatu du Arsenalek, eta Foord eta Kellyren bidez arriskua sortu Cata Collen atean. Deseroso zegoen Bartzelona, eta Arsenalek gola sartu du 22. minutuan. Irene Paredesek sartu du bere atean, Maanumek eskuinetik egin duen erdiraketa bat aldentzen saiatu denean. Epaileak, baina, ez du ontzat eman, Maanume jokoz kanpo zegoen eta. Baina Arsenalek ekinean jarraitu du: zuloak topatu ditu, eta zelai erditik jokalari askorekin iritsi da erasora. Azken hori da Arsenalen ezaugarri nagusia denboraldi honetan. Slegersek zuzentzen duen taldeak beste aukera on bat izan du 26. minutuan. Berriz ere, Maanumek erremate ona egin du area kanpotik, eta Cata Collek kornerrera bidali du baloia, airean. Dena den, neurketaren norabidea aldatzen hasi da lehen zatiko azken ordu laurdenean. Patri Guijarro, Bartzelonaren jokoaren itsasargia, gehiago sartu da jokoan, eta Alexia eta Aitana Arsenalen arean azaltzen hasi dira. Ez dute aukera argirik sortu, baina gehiagotan aritu dira Arsenalen zelaian, eta bi edo hiru aldiz gerturatu dira Van Domselaaren atera. Golik gabe amaitu da lehen zatia. Bartzelona nagusi Bigarren zatiari aginduz ekin dio Bartzelonak. Bizkorrago mugitu du baloia, eta Arsenalek sufritu egin behar izan du. Kataluniarrak maiz iritsi dira aurkariaren atera. Bi aukera argi izan dituzte. 50. minutuan, Bartzelonako erdilariek jokaldi ona egin dute area ertzean; baloia Pinari iritsi zaio, eta hark errematatu egin du. Baina, Foxen jo ostean, langara joan da. 53. minutuan, berriz, Ona Batllek egin du jaurtiketa, eta zutoinaren albotik joan zaio baloia. Aitanak eta Pajorrek ere ez dute aparte izan gola. Bazirudien Bartzelonak bere legea ezarriko zuela beste behin. Baina usteak erdia ustel. Azken hogei minutuetan, Arsenalek zituen indar apurrak atera ditu. Sufrimendua hauspo bihurtu, eta 70. minutuan abisua eman du. Mapi Leonek huts egin du baloia ateratzean, eta Russok berreskuratu du. Area ertzetik errematea egin, eta Cata Collek hankarekin atera behar izan du. Baina Ingalaterrako taldeak gola sartu du ia segidan. Korner baten ostean izan da. Alexiak ez du ondo aldendu, eta baloia Marionari iritsi zaio. Bartzelonako jokalari ohiak ondo ikusi du Mead, zeina zelairatu berria zen. Erdiraketa egin du Meadek, eta, baloia ondo kontrolatu ostean, gola sartu du, baloia bikain gurutzatuz. Ordu laurden falta zen partida amaitzeko. Aurkariaren golak hauspoa eman dio Bartzelonari, eta hurrengo minutuetan hobeto ibili da. Bartzelona saiatu da berdinketa lortzen. Hasieran buruarekin jardun dute neurri batean, baina, denborak aurrera egin ahala, bihotzarekin. Dena den, ez du aparteko aukerarik sortu, eta Arsenalek merezita lortu du garaikurra.
Kasper Asgreen (Education First) danimarkarra gailendu da Italiako Giroko hamalaugarren etapan. Ihes egin duen taldean egon da etaparen hasieratik, eta helmugarako sei kilometro falta zirenean egin du eraso. Inor ez da gai izan danimarkarra harrapatzeko, eta bakarrik sartu da helmugan. Haren atzetik, hamasei segundora, hamasei txirrindulariko talde bat helmugaratu da, tartean zela Isaac del Toro liderra (UAE). Ezustekoa izan da. Ibilbide luzea eta laua zuten txirrindulariek gaur, eta ez zen gorabehera handirik espero, baina, kilometro gutxi batzuk falta zirela eroriko bat izan, eta horrek hankaz gora jarri du sailkapen nagusia. Isaac del Torok du maglia arrosa oraindik, baina aldaketa ugari izan dira: Simon Yates (Visma) bigarren jarri da, liderrarengandik minutu bat eta hogei segundora; Juan Ayuso (UAE) hirugarren postura jaitsi da, eta liderrarengandik minutu bat eta 26 segundora geratu; eta Richard Carapazek (Education Firts) laugarren postua lortu du —liderrarengandik bi minutu eta zazpi segundora dago—. Primoz Roglicek (Red Bull) eutsi egin dio bosgarren postuari, eta Isaac del Tororengandik bi minutu eta 26 segundora jarri da. Beraz, italiarra are sendoago dago orain lidergoan, eta gainontzeko faboritoei alarma piztu zaie. Helmugarako 23 kilometro falta zirela gertatu da erorikoa. Errepidea bustita zegoen ia ibilbide guztian. Bihurgune baten ostean bidea estutu egin da, eta, ondorioz, tropelak ere estutu egin behar izan du. Horren ondorioz, hainbat txirrindulari erori dira, eta, horrek, besteak beste, Roglici edo Ayusori eragin die, harrapatuta geratu baitira. Beraz, hainbat faboritok denbora dezente galdu dute erorikoaren ondorioz. Isaac del Torok, ordea, ez. Italiarra ez da erori, eta, batzuek denbora galdu dutenez gero, lidergoan finkatu da. Erorikoak Lidl-Trek taldean eragin du kalterik handiena, eta tartean izan da Giulio Ciccone. Gaurko etapa jokatu baino lehen, italiarra zazpigarrena zen sailkapen nagusian, baina, erorikoaren ondorioz, 27. posturaino jaitsi da. Beraz, agur esan dio sailkapen nagusiko ametsari. Pello Bilbaori (Bahrain) ere eragin dio ezustekoak. Txirrindulariek 195 kilometro egin behar zituzten gaur, Trevison hasi eta Nova Goricara iritsi arte. Ibilbidea laua zen, eta espero zen etapa lasaia izatea, baina euripean ibili dira txirrindulariak, errepidea bustita zegoela. Erorikoaren ostean, Asgreen izan da protagonista nagusia, eta indar betean ihes egin du, kaosa atzean utzita. Danimarkarrak lortu du Nova Goricako helmugan besoak altxatzea. Duela bi urte eskuratu zuen Asgreenek bere azken garaipena, eta pozarren ospatu du behin helmuga zeharkatuta. Danimarkarra ez da askorik nabarmendu orain arte, baina, gaur, erasoa jotzeko aukera ikusi bezain pronto ihes egin du, atzean utzita bai ihesaldian harekin zihoazenak —Martin Marcellusi (Bardiani) eta Mirco Maestri (Polti VisitMalta)— eta bai faboritoak Biharkoa, aldapatsuago Aurtengo Italiako Giroko hamabosgarren etapa izango da biharkoa. Baliteke etapa erabakigarria izatea. Txirrindulariek 219 kilometroko ibilbidea egingo dute Fiume Veneto eta Asiago artean. Tartean, Grappa mendia eta Doni mendateak igo beharko dituzte. Mendiko etapa da biharkoa, sailkapen nagusia nabarmen aldarazi dezaketen horietakoa. Gaur-gaurkoz liderra Isaac del Toro den arren, Juan Ayusok, Simon Yatesek eta Primoz Roglicek ez dute azken hitza esan oraindik. Are gehiago, gaurko erorikoaren ostean, ikusteko dago faboritoek nola erantzungo duten, bai buruz eta bai sasoiz.
Bost egunen ostean, sententziaren zain gelditu da Aroztegiko auzipetuen aurkako epaiketa. Gaurko saioan, hasierako diskurtso eta zigor eskaerei eutsi diete fiskaltzak eta akusazio partikularrak; hau da, Baztango zazpi auzipetuak «talde kriminal antolatu» baten parte direla, eta Lekarozko (Nafarroa) Aroztegia hirigintza proiektua geldiarazi zutela «indarkeriaren, mehatxuen, irainen eta bortxazko giro baten bitartez». Diskurtso suharra egin du fiskalak, akusazioak baino are suharragoa. Esan du auzipetuen xede bakarra zela «lanak geldiaraztea, kosta ahala kosta, baita indarkeria erabiliz ere»; eta Aroztegia proiektua «legezkoa» zela, haren sustatzaileek lanei ekiteko «baimen guztiak» zituztelako. Ontzat jo ditu epaiketaren lehen saioan Palacio de Arozteguia SM enpresako arduradunek eraikitako kontakizuna, eta esan du akusatu bakoitzak «funtzio propioak» zituela «talde antolatu baten barruan», eta Garbiñe Elizegi Baztango alkate ohia zela «talde horren buruzagia eta aginduak ematen zituena». Hortaz, «ondarearen, makinen integritatearen eta askatasunaren aurkako delituak» egotzi dizkie. Are: esan du akusatu guztiak direla Aroztegian erregistratutako kalte materialen «erantzule funtzionalak», epaiketak iraun duen bitartean ezinezkoa izan bada ere auzipetuak delitu zehatzekin lotzea: «Auzipetu denen helburua zen makinak kosta ahala kosta geldiaraztea, eta herritarrak mobilizatu zituzten obrak gelditzeko. Ontzat jotzen zuten edozein ekintza, baita indarkeria fisikoa edo psikologikoa ere, helburu hori lortzeko balio bazuen. Eta harro daude horretaz. Mugimendu sozial horren parte dira denak». Fiskalaren ustez, auzipetuen jardunak «desobedientzia zibilaren esparrua» gainditu zuen, «indarkeria» erabili zutelako. Alta, horren frogatzat jo dituen bideoek eta irudiek ez dute halakorik erakusten: tokiko hedabideetan argitaratutako elkarrizketak, eserialdien bideoak eta Aroztak taldeak berak sare sozialetan hedatutako bideo satirikoak. Ez dio baliorik eman, ordea, defentsak aurkeztutako lekukoen testigantzari, «oso partziala» izan zelakoan. Zehazki, Baztango alkate ohi Joseba Otondori eta Lekarozko zinpeko alkate Ernesto Prati buruz esan du «akusatuen lagun minak» direla, eta hortaz, ezin dela aintzat hartu haiek esandakoa. Fiskalaren txanda amaituta, akusazioko abokatuek hartu dute hitza, eta bat egin dute fiskalak esandako guztiarekin. Aroztegiko proiektuaren aurkako mugimenduaren «antolaketa» eta «indarkeria» izan dituzte aipagai berriro ere, baina azpimarra eginda hirigintza proiektu erraldoiaren legezkotasunean. Hitzaldia amaituta, zigor eskaera egin du akusazioak: hiru urte eta hilabete bateko espetxealdia Garbiñe Elizegirentzat, eta bi urte eta hamar hilabetekoa gainerakoentzat. 20 urteko kartzelaldi metatua, guztira. Frogarik ez Akusazioaren txanda amaituta, hitza hartu dute defentsaren abokatuek. Nabarmendu dute bost eguneko epaiketan ezinezkoa izan dela frogatzea zazpi auzipetuek delituren bat egin zutela: «Pertsona hauek ez daude hemen egin dutenagatik, direnagatik baizik: Aroztegiaren aurka daudelako eta obren ingurumarietan identifikatu zituztelako», azaldu du Leire Martin abokatuak. Akusazio orokor eta teoria polizialen gainetik froga zehatzei erreparatzea galdegin du defentsako abokatuak: esan du, adibidez, zazpi auzipetuei leporatzen zaiela 2021eko apirilaren 8ko goizean Aroztegiko obren eremuan sartu izana, eta, horrez gain, seinaleak apurtu, ibilgailu bateko giltzak ebatsi eta langileak mehatxatu izana. «Bada, aurkeztutako frogen eta lekukoen arabera, ezin da esan egun horretan inor sartu zenik edo lanak eten zirenik». Hurrengo egunei buruzko testigantza eta identifikazioetan ere kontraesanak topatu ditu defentsak, frogatua baitago auzipetuetako batzuk beste nonbait zirela une horietan. «Horregatik soilik balitz ere, pertsona hauek absolbitu beharko zenituzkete», laburbildu du Martinek. [articles:2142245] «Talde kriminal antolatu» bateko kide izatea ere egotzi diete Baztango zazpi herritarrei, eta, abokatuaren ustez, horrek ere ez du ez hanka ez buru: «Zein izanen litzateke talde kriminal hori: Aroztak? Aroztegia eta gero zer? Ez dago argi. Eta zeintzuk dira akusazio horren oinarrian dauden ebidentziak? Ez dago frogarik. Ez dago loturarik akusatuen eta Aroztegiko kalte materialen artean, ezin izan dituzue pertsona hauek delituekin lotu, eta, hori gutxi balitz bezala, ezin izan duzue frogatu ustezko talde kriminal antolatu horren egitura». Desobedientzia zibila jomugan Antzera hitz egin du Josu Beaumontek, defentsaren beste abokatuak. Azaldu du Aroztegiko hirigintza proiektua egiteko lanak ez zirela legezkoak, baldintzen txostena baliogabetzat jo baitzuen justiziak: «Ezin ziren lanak esleitu, eta prozedura osoa gaizki egina zegoen. Horregatik joan ziren herritarrak lanak gelditzera: hondeamakinek eraginen zuten triskantza berandu baino lehen eragozteko». Beaumontek gogorarazi du akusatu guztiek onartu dutela egin zutena; hau da, makinen aurrean esertzea eta lanak geldiaraztea. Ekintza horiek, baina, «era baketsuan» egin zituzten: «Auzipetuak ez ziren ezkutatu, eta une oro iragarri zuten egiten ari zirena. Ez zuten inolako indarkeriarik erabili, eta horixe berretsi zuten langileek, lekukoek eta Guardia Zibilaren instrukzioa egin zutenek». Abokatuaren ustez, akusazioak eta fiskalak ikusi dute ezinezkoa izanen dela auzipetuei delitu zehatzak leporatzea, eta horregatik erabaki dute «talde kriminal» antolatuaren akusazioa gehitzea. «Milaka dira Baztanen Aroztegiaren aurka daudenak eta manifestazioak egin dituztenak… agian denak auzipetu beharko zenituzkete, eta kriminalak balira bezala epaitu», esan du, ironiaz. Edonola ere, Beaumontek «oso larritzat» jo du desobedientzia zibila praktikatzen duten mugimenduak jomugan jarri izana: «Aroztegiaz harago doa auzi hau. Zazpi auzipetuak kondenatuko balituzte, oso aurrekari arriskutsua ezarriko litzateke, eta arriskuan egon liteke mugimendu sozial guztien etorkizuna. Desobedientzia zibila talde kriminalekin lotzen badugu, jokoan jarriko ditugu adierazpen askatasuna, askatasun politikoa eta beste hainbat eskubide oinarrizko».
Amaitu da Aroztegiko auzipetuen aurkako epaiketa. «Ez dakigu zein izango den sententzia, baina arras posible da talde kriminalaren kondena ezartzea», adierazi du Itziar Torres auzipetuak zazpi akusatuen izenean. Nafarroako Auzitegiaren kanpoaldean eman du prentsaurrekoa Torresek, epaitegitik atera ostean. Salatu du epaiketan zehar «eskutik hartuta» aritu direla fiskaltza eta Lekarozen (Nafarroa) Aroztegia hirigintza proiektua gauzatu nahi duen enpresa. Auzipetuen arabera, Palacio de Arozteguia SM enpresarentzat «nahitaezkoa» da sinetsaraztea «talde kriminal hierarkiko eta antolatu bat» osatzen dutela proiektuaren kontrako desobedientzia ekinaldietan parte hartzeagatik akusatutakoek. Gainontzean ezingo baititu «diru publikotik 43 milioi euro lortu». Torresek esan duenez, akusatuen abokatuari «behin eta berriz» ukatu diote testuinguru horren berri ematea; eta enpresak eta fiskaltzak «gezurretan oinarritutako kontakizun misogino, patriarkal eta klasista bat» asmatu dute. Auzipetuak jakinarazi duenez, haien aurkako «kontakizunaren» arabera, emakumeak «talde beldurgarri» bateko buru dira, eta gizonek haien esanetara indarkeriaz jarduten dute. Gainera, itxuraren araberako aurreiritziak ere erabili dituztela jakinarazi dute auzipetuek: «Antisistema, motxiladunak, rastadunak…». [articles:2142187] Gainera, epaiketan zehar, euskaldun izateagatik «bigarren mailako herritar bezala» tratatu dituztela gaitzetsi dute: «Nabarmen gelditu da euskaldunon eskubideak ez direla bermatzen». Auzipetuen arabera, interpreteari «itzulpen amaigabeak» eginarazi dizkiote, eta horrek «kolokan» jarri du akusatuen testigantzaren sinesgarritasuna. Gaineratu dutenez, euskara ulertzen ez dutenek auzipetuek esandakoen interpretazioak egitea normalizatu da epaiketan zehar. Epaiketa amaitu berritan, zazpi akusatuek jendetza zuten zain epaitegiaren kanpoaldean. Zazpien absoluzioa eskatuz, kamiseta horia soinean, txaloka hartu dituzte auzipetuak, eta lore sorta bana eman diete epaitegitik atera direnean. Auzipetuek esker hitzak izan dituzte «bidelagun» izan dituztenentzat, bereziki azken astean babesa eman dietenentzat: «Guztion artean, Nafarroako landa eremuko herri bateko borroka Euskal Herri mailako borroka bihurtzea lortu dugu». Sententzia argitaratzen denean ere herritarren babesa beharko dutela gehitu dute, eta ohartarazi Aroztegiko proiektua bertan behera geratzen ez den bitartean «makroproiektu espekulatzaile» hori gauzatzeko arriskua egongo dela. Eta borrokan jarraituko dutela.