Frantzisko aita santua gaur goizean hil da iktus baten ondorioz, Vatikano Hiriko Santa Marta etxean, 07:35ean, Kevin Joseph Farrell Vatikanoko kamerlengo eta apezpikuak jakinarazi duenez. 88 urte zituen. Farrelek «min handiz» eman du aita santuaren heriotzaren berri: «Erromako apezpikua aitaren etxera itzuli da; Jaungoikoaren eta Elizaren zerbitzuan eman du bizitza guztia». Azken boladan osasun arazoak izan zituen Frantziskok: hilabete pasatxo igaro zuen ospitalean pneumoniagatik, martxoaren 23ra arte. Atzo, Pazko igandean, jendaurreko agerraldia egin zuen Vatikanoko Done Petri plazan, urbi et orbi bedeinkazioa emateko. Asteazkenean eramango dute haren gorpua Done Petri basilikara, herritarrek azken agurra egin ahal izateko. 2013an aita santu hautatu zuten Jorge Mario Bergoglio argentinarra, eta ustekabekoa izan zen. Inork ez zuen haren alde apustu egina, nahiz eta Ratzingerren aurkako frontearen buru gisa agertua zen 2005eko konklabean; izan ere, horren ondotik Argentinara itzuli zen, anbizio orori uko eginda. Baina, bat-batean, Benedikto XVI.ak karguari uko egin zion, anitzen harrigarri, eta, hala, Bergoglio bilakatu zen haren ondorengo: Frantzisko aita santua. Zenbait beharri erantzuteko izendatu zuten Bergoglio, Elizaren barrenean krisi larria izana baitzen Joan Paulo II.a aita santu poloniarraren aitasantutzan eta, batez ere, Benedikto XVI.a alemaniarraren garaian. Erromako gotzain berriak Frantzisko izena hautatu zuen, eta, kargua harturik, Europatik kanpo jaiotako lehenbiziko aita santua bilakatu zen. Izan ere, Buenos Airesen sortu zen, 1936an, baina gurasoak migratzaileak zituen, Piemontekoak, eta, beraz, Bergoglio izendatuta, aitasantutza Italiaren esku gelditu zen berriz ere, partez bederen. Aldi berean, Bergoglio hautatuz aitortza egin zioten katolizismoaren gotorlekuetako bati, hau da, Latinoamerikari, jakinda, gainera, fede katolikoa gero eta estuago zegoela han, sekta ebanjelikoen hedapena zela medio. Frantziskoren alde egin zuten gai zelako Eliza fededunengana hurbiltzeko, hala hizkera arrunta erabiltzeagatik nola hizpide hartzen zituen gaiengatik. Funtsean, erronka zera zen, Benedikto XVI.aren aitasantutza zorrotzean konpondu gabe utzitakoei heltzea: hots, bokazio krisiaren eraginez apaiz kopurua izugarri urritu izana, apaizek adingabeei egindako gero eta abusu gehiago azaleratzea, eta fededunen desilusioa, zeinak elizak hustea baitzekarren, batez ere Mendebaldean. Nahiz eta «aita santu emeritua» ere tartean egon, Bergoglio berehala agertu zen iraultzaile bere jardunean. Irmo salatu zuen migratzaileen egoera zaila, eta «gotorleku» itxurako Europa horren kontra egin. Are, gogora ekarri zuen kontinentearen sustraiek lotura dutela kristautasunarekin, ez ikuspegi identitariorik, baizik eta elkartasunaren eta humanismoaren aldetik. Aitasantutza hasi eta berehala, argi adierazi zuen bere jarrera, Lampedusako hondartzak bisitatu baitzituen, eta, hiru urte geroago, baita Lesboskoak ere, zeinak errefuxiatuen hilobi bilakatuak baitziren mugak hesteko politiken eraginez. Bertzalde, garrantzizkotzat jo zuen ingurumena babestea, eta entziklika bat ere idatzi zuen auzi horri buruz 2015ean, Laudato si. Hartan, lotura estua ezarri zuen ekologiaren eta justizia sozialaren artean. Gainera, kapitalismo globalaren gehiegikerien kontra mintzatu zen behin baino gehiagotan. Frantzisko aita santua, joan den abenduan. EFE Horrez gain, behin eta berriz gaitzetsi zuen gerraz baliatzea, eta txartzat jo zuen «bidezko gerrarik» izan daitekeelako uste oro. Horren harira, ohartarazi zuen potentzia handiak elkarren artean «hirugarren mundu gerra» abiatua zutela «puskaka»; bertzalde, NATOk Errusia probokatzea kritikatu zuen, eta palestinar herria esplizituki defendatu. Hizkera modernizatu eta sekularizatu zuen, eta bazterrean utzi zituen kutsu monarkikoko zenbait gauza, haren aitzinekoak oraindik baliatzen zituenak. Adibidez, uko egin zion aita santuarentzako luxuzko apartamentuetan bizitzeari, eta, horren ordez, egoitza xumeago bat aukeratu zuen: Santa Marta etxea. Bat baino gehiago harritu zen ikusita agurtuz hasten zituela homiliak, norbaitekin harremanetan jarri nahi izanez gero zuzenean deitzen zuela eta elkarrizketak eman zituela telebista saio ezagunetan. Bere jarreragatik eta egiteko moduengatik, azken hamarkadetako aita santurik maitatuena izan da Bergoglio, eta erreferentziazkoa ere bai mundu zabaleko sektore progresistentzat. Halaber, politikako eta Elizako sektore erreakzionarioek gogor kritikatu dute, bereziki AEB Ameriketako Estatu Batuetan: «heretikoa» izatea leporatu diote inoiz, baita «antikristoa» izatea ere. Bergoglio, Frantzisko aita santu gisa izendatu zutenean. VINCENZO PINTO / EFE Bergogliok defendatu du beharrezkoa dela Eliza «bekatari salbatuen» komunitate bat izatea, ez «kide perfektuz» osatutako komunitate bat, eta, aita santu izan den aldian, nagusiki ekintza pastoralean aritu da, nekaezin aritu ere, misiolari ikuspegia izanik Mendebaldean ere, alde batera utzita bere aitzinekoen ikuspegi teologiko eta dogmatikoa. Halarik ere, Eliza kudeatzeko orduan, anitzetan bizkarra eman die hasierako asmo zinez erreformistei; hori ez da kleroko ildo progresisten gustukoa izan, eta agerian utzi du historiako lehenbiziko aita santu jesuitaren kutsu kontserbadorea. Nahiz eta hasieran dibortziatuei modua eman zien zenbait sakramentu hartzeko, Bergogliok arrunt baztertu zuen apezei ezkontzeko eskubidea ematea. Vatikanoko arlo burokratikoan emakume zenbait izendatzea bultzatu du, nahiz eta prozesua mantsoa izan, baina emakumeak apez izatearen kontra agertu zen. Frantzisko misogino samar ere aritu da zenbaitetan, hala nola mojen «hitzontzikeria» kritikatu zuelarik. Homosexualitateari dagokionez, aita santu batek aitzinetik egundaino erran gabekoak erran zituen 2013an: «Norbait gaya baldin bada eta jainkoarengana jotzen badu, nolatan epaituko dut nik?». Geroago, nahiz eta gaitzetsi egin zuen zenbait gobernu homosexualei jazartzea, oroitarazi zuen homosexualitatea bekatua dela oraindik, eta, gainera, abortuaren eta eutanasiaren kontra solastatu zen. Egiturari eutsiz Beraz, azaleko moldaketa batzuk goiti-beheiti, Bergogliok bere hartan eutsi dio Elizaren egitura instituzionalari. Edozein modutan, aitzinekoekin konparatuz egin dituen berrikuntzengatik hain ezagun bihurtu da, non haren mezu iraultzaileengatik oroituko baitu jendeak, eta auzi anitzetan izandako jarrera konformista eta kontserbadorea ahantzi. Hagitz agudo ahantzi da askapenaren teologia gaitzetsi zuela, eta berdin gertatu zen akusazio jakin batekin ere: zenbaitek leporatzen zioten Jorge Videlak Argentinan ezarritako eskuin muturreko erregimenarekin kolaboratu izana. Hirugarren munduaren eta pobreen aldeko mezuak zabaldu zituenez gero, «aita santu progresista» bilakatu zen, definizioz.
ELB, Lurzaindia eta Ostiak Kanboko (Lapurdi) Marieneko lurretan baratze bat landatzera deitu dituzte herritarrak. Maiatzaren 17an eginen dute landatzea, eta egun osoko egitaraua antolatu dute. «Marienea laborantza lurra da, bere belardiak betidanik landuak izan dira. Barazkiak ere landatu daitezkeela erakutsi nahi dugu», adierazi dute deialdian. «Lekuko eta kalitatezko mozkinen biltzeko ahala emanen du, ingurumena errespetatuz eta kontsumitzaileekin harremanetan jarriz». Hiru eragileek abiatutako laborantza ekinbide hori beste talde anitzek sostengatzen dutela baieztatu dute, «baita lurralde honetako biztanle gehienek ere». AHT, Aroztegia, E-CHO, eta azken urteetan borrokaldiak eragin dituzten beste makroproiektuei aipamena egin diete deitzaileek, eta lurra elkarrekin defendatzera deitu dute. Euskal Herri osoko herritarrak bertaratuko direla espero dute. Marienea bera Babestu eta ereiteko eremua izendatu dute: bee, ardiaren oihuaren onomatopeia bezala. Lurra iraultzeko erabiltzen den laia eskuetan duen ardi bat hautatu dute ekitaldiaren irudi gisa. Goizean ibilaldiak eginen dituzte Marienera, Kanboko eta Itsasuko herriko etxeetatik abiatuta; eguerdian ekitaldia eta bazkaria, eta arratsaldean, landatzea. [articles:2122085] 2014tik geroztik, bazterrak harrotu ditu Kanboko herri sartzean eraiki nahi duten etxe multzoak. Auzapezaren taldeak bultzatu Marieneko lurren artifizializazio saiakeraren kontra mobilizazio andana antolatu dituzte, eta auzitegietara ere heldu da gaia, hirigintza planaren eta Bouygues enpresari emandako eraikitze baimenaren kontra helegiteak aurkeztu baitzituzten elkarteek administrazio auzitegian. Militanteak ere auzipetu dituzte desobedientzia ekintzetan parte hartzeagatik, eta baita Kanboko Herriko Kontseiluan izandako gertakarietan Christian Deveze auzapezari eraso egitea leporatuta ere; irailean izanen dute auzia. Iazko maiatzean, taktika ezberdinak bateratu eta Marienea gelditu arte mobilizatzera engaiatu ziren eragileak. Denera 25 taldek izenpetu dute deia. Abenduan, Euskal Hirigune Elkargora ere iritsi zen gaia. Higiezin proiektuari buruzko eztabaida baten antolatzea galdegin zioten Jean Rene Etxegarai lehendakariari 64 hautetsik. Horien artean dira Bil Gaiten taldeko hautetsiak, Peio Etxeleku Kanboko hautetsi eta Elkarrekin Herriarentzat taldearen bultzatzailea eta Colette Capdevielle Baionako hautetsi eta Frantziako Asanbleako diputatua. Eztabaidaren alde agertu zen Etxegarai, eta adierazi zuen gerora erabakiko zutela noiz eta zer formatutan egin. Gaur-gaurkoz, ez du horri buruzko informaziorik eman. Makila eskuan ELB, Lurzaindia eta Ostiak argi dute: landa lurraren desagerpenak, klima aldaketak, eta laborarien biziraupenak «lehentasunen berrikustea» galdegiten dute, «nahiz eta politikari, enpresaburu eta diruz gose diren jabe batzuk» beren zereginetan tematu. «Botere eta etekinen salbatzeko, etxebizitza eskasia eta bizitegi beharra aipatzen dituzte, Kanboko erdigunean bizitegien eraikitzeko beste aterabide konkretuak badirelarik». Bouygues higiezinen multinazionalak bururatu nahi lukeen proiektu hori behin betikoz bertan behera utzi arte borrokan aritzeko borondatea erakutsi dute, «atxiloketen, auzipetzeen eta isunen» gainetik. «Ez dugu Marienea betoiz estaltzen utziko», aldarrikatu dute. «Ingurumen sano eta bidezkoan bizi nahi badugu, jendarte eta politika norabide aldaketak beharrezkoak dira. Lekuko hautetsiek har ditzatela beren ardurak, eta biztanleria lurra eta etxebizitzaren aldeko dinamiketara lot dadila. Lurraldearen oraina, eta geroa ere, gure inplikazioaren araberakoa izanen da». Maiatzaren 17koa lehen landatze eguna izanen dela erran dute, eta kopuru handian bertaratzera deitu dituzte herritar eta eragileak. «Elkartze, aldarrikapen eta festa momentu garrantzitsua izanen da». Horrez gain, makila eskuan agertzeko deia egin dute: «Hesiaren luzaran jarria izanen da, lurrean zin kolektiboa zigila dezagun, gure determinazioaren lekukotasun gisa, maite dugun hazlur hau babesteko».
Eguerdi iristerako, Sarako Idazleen Biltzarreko gela jendez lepo bete da, eta literatura solasen oihartzuna hedatu. Argitaletxeek eta idazleek goizetik goiz hartu dute leku, irakurleen esperoan; emeki-emeki hurbildu dira, pasabideak osorik betetzeraino. Orotara, 77 mahai bisitatu ahal izan dituzte: argitaletxeak, idazleak, marrazkilariak, argazkilariak, diseinatzaileak, grafistak, dokumental egileak… 42. aldikoz, Saran (Lapurdi), orotarikoa eskaini zaio orotariko jendeari. Liburu aurkezpenak eta mahai inguruak ere antolatuak zituzten. Goizaldia aitzina, jendea joan-jinka ibili da azokaren gelatik aurkezpenenera. Ordu laurdenean behin egile bat pasatu da bere obraren kontatzera, labur-labur, jendeari gogoa pizteko heina. Atzo eta bihar 10:45ean, Euskaltzaindiak leku hartu du aurkezpen gelan. Itxaro Borda idazleak errepresentatu du instituzioa, eta berekilan zituen Joseba Sarrionandia, Jabier Kaltzakorta eta Battittu Coyos. Bakoitzak liburu bat aurkeztu du, baina bakarrak ere ez du liburua idatzi: bilketa lana egin dute, transmisiorako bidean. Sarrionandiak Txomin Peillen idazlearen testuekin osatutako bilduma aurkeztu du: Txomin Peillenen testuen bilduma. [articles:2140707] Kaltzakortak Martin Ducq apez eta idazle baxenabartarraren Erroma eta Jerusalem lana paratu du: «Duela 134 urte argitaratu zen liburu bat da. 1888an, bidaia bat egin zuen Erromara, bertan hiru edo lau egun, eta handik Palestinara joan zen, Jerusalemera. Eta, han, bi hilabete eman zituen lur sainduak ikusten». Han ikusi eta bizi zituenak bidaia liburu batean idatzi zituen, eta liburu hori da, hain zuzen, Kaltzakortak gaurkotu eta berrargitaratu duena; sarrera ere idatzi dio. Coyosek aurkeztu duen liburuak, bukatzeko, Junes Casenave-Harigileren lau pastoral ezezagun agertzen ditu: Zortzi pastoral berri II; lehen zenbakian atera ziren beste laurak. Ezinbestekoa den bezala idazki zaharren berreskuratu eta berrargitaratzea, ezinbestekoa da idazki berrien agertzea ere. Hain zuzen, idazleen eta idatzien belaunaldi artekotasuna nabaria zen azokan. Amaiur Epherek 31 urte ditu, eta bigarren liburua agertu zuen otsailean: «Oraindik atera berria da; oraindik ez da oihartzunen garaia, beraz». Guttienez, azokak irakurle posibleekin trukatzeko parada ematen dio, baita beste idazleekin ere. Laster, agian, hedatuko da nobela beltz baten idazteko beka irabazi duen Tomasen istorioa. Haize beltza eleberriaren idazleak ez bezala, Tomasek ez du lortzen bere nobela bukatzea, baina laster iritsiko zaio hitzordua editoreekin. «Hortik abiatzen dira hainbat solas, eta, batez ere, nobela beltzaren inguruko solasak dira, arras nobela beltza izan gabe», esplikatu du Epherek; metaliteratura, hots. «Dudarik gabe, baina ez dakit zoin den aitzakia bata bestearentzat: istorioa metaliteraturaren zerbitzuko edo kontrakoa?». Mexikon «itzulika» Nagusiki, Euskal herriko jendea jin da obrak aurkeztera, baina ez du kentzen beste lurraldetako istorioak kontatzen ahal dituztela. Hain zuzen ere, Veronique Traba idazleak eta Patxi Beltzaiz argazkilariak Mexikori buruzko liburu bat atera dute elkarrekin. 2010 eta 2020 artean bidaiatu dute hara, pausak eginez baina, ororen buruz, bost urtez kasik. Euskal Herrira itzultzean deliberatu zuten han idatzitakoen eta argazkitan hartutakoen argitaratzea. «Anitz itzulika aritu ginen; ez dugu bidaiatu tokien ikustera joateko: usu itzuli ginen jadanik ezagutu genituen lekuetara, barneratu nahi baikenituen mexikarrek zituzten harremanak, herritarrekikoak eta herriarekikoak. Itzulika aritzea, guretako, biziki positiboa zen». Liburua ez da tematikoa, ezta kronologikoa ere: «Lurraldekako bidaia bat da». Hiriburutik abiaturik, Guerrero eskualdera buruz joan ziren, han 43 ikasle erail zituzteneko garai berean. «Izugarriko manifestaldiak baziren, eta justu han ginen. Familia batzuk ezagutu genituen, harremandu ginen, eta desagertuen tematika landu ahal izan genuen». Hango besta tradizionalak ere aipatu dituzte, «erresistentzia tresna gisa» erabiltzen dituztenak. Eta Chiapasera buruz doa liburua gero, nahiz horien lehen helmuga izan zen, hasieran. «1994ko urtarrilaren lehenetik geroz barnetik ezagutu nahi genuen mugimendu iraultzailea da. Emazteak eta gizonak altxatzen direnak errateko existitzen direla». Kontakizun horiek guziak elez eta irudiz josi dituzte, De l’autre côté du charco liburuan. Veronique Traba eta Patxi Beltzaiz beren liburua aurkezten, gaur, Sarako Idazleen Biltzarrean. GUILLAUME FAUVEAU Idazle eta irakurleak Sarara bildu dira aise bazelako begi, belarri eta izpirituen betetzekoa. Bihar Batzarrak jarraikiko du, baina profesionalei zuzendutako egunaldia izanen da: euskal migrazioaren gaia jorratuko dute.
Washingtonen elkartuko dira bi erakundeotako ordezkariak, gaur hasi eta larunbatera bitartean. Besteak beste, Trumpen azken politikek munduko merkataritzan izan duten eragina aztertuko dute.
Euskal Herriko langileak batzera deitu ditu Jardun Koordinadorak Aberri Egunean. Egun osoko egitaraua antolatu dute Gernikan (Bizkaia); eguerdian egin dute manifestazioa Euskal Herri langilea batu leloa hartuta, eta ondoren egin duten ekitaldi politikoan plazaratu dituzte euren aldarriak. Argi utzi dute «askatasunerako bidea» ez dagoela Frantziako eta Espainiako instituzioetatik jorratzerik, eta langileen batasuna estatu horiekiko konfrontazioaren gainean eraiki behar dela aldarrikatu dute. ABERRI EGUNA 2025 EUSKAL HERRI LANGILEA BATU!#AberriEguna2025 pic.twitter.com/SPjlr8ibx5 — JARDUN koordinadora (@JardunK) April 20, 2025 Jarduneko kideen iritziz, «estatuon asimilazio estrategiapean ahulduz doan garra da Euskal Herria, azpiratuon egoskorkeriagatik iraun eta borrokaren ekarpenari esker handituz doana». Testuinguru horretan, Euskal Herriaren etorkizuna zapalduek eraiki behar dutelakoan daude, horiek pairatzen dituztelako bidegabekeriak euren azalean. «Burgesia eta euren borreroak, euren posizioa hobetzeko ez baldin bada, eroso daude status quo-an». Salatu dute burgesia horrek «mozkin ederrak» lortzen dituela Euskal Herriaren suntsiketa estrategia eta markoen kontura, eta hor kokatu dute azken hilabeteetako militarizazio prozesua ere. «Burgesek beti aurkituko dute, heriotzak eta miseriak axola barik, mozkinak nondik lortu», gaitzetsi dute. Jardunen ekitaldi politikoa, gaur, Gernikan. JARDUN KOORDINADORA Olatu erreakzionarioa ere izan dute hizpide. Jardunen aburuz, joera horren helburua da «langileek pairatzen dituzten hamaika zapalketa baliatzea langileen arteko banaketa, ezinikusia eta etsaitasuna sustatzeko». Horren aurrean, Jardunek uste du «otzantasuna, adiskidetzea eta elkarbizitza bezalako planteamenduek etsaia indartu besterik ez dutela egiten», eta aldarrikatu du «Euskal Herriko zapalduon batasunak bakarrik ahalbidetuko duela Euskal Herriaren gauzapena». Horregatik, estatuekiko konfrontazioa defendatu du koordinadorak: «Guk argi daukagu independentzia eta sozialismotik igarotzen dela Euskal Herriaren egikaritzea». Ekitaldi politikoa amaitutakoan bazkari herrikoi bat izan dute, eta gauera arte kontzertu sorta bat ere bai.
Realak nahikoa egin du Vila-Realen puntu bat poltsikoratuta (2-2). Imanol Alguacilen taldeak ez du partida ona jokatu, eta izerdia gogotik botata, ontzat eman dezake puntua. Bigarren zatian epaileak hiru gol baliogabetu dizkio etxeko taldeari. Neurketa gaizki hasi du Donostiako taldeak, eta Vila-Realek azkar hartu du aurrea, Yeremy Pinoren golari esker. Zorionez, Oiartzabalek sartu duen penalti bati esker berdintzea lortu dute txuri-urdinek, eta horrek lagundu die jokoa hobetzen. Lehen zatiaren bigarren erdian parekatua izan da lehia, eta bi taldeek izan dituzte gol aukerak. Bigarren zatira bost defentsarekin zelairatu da Reala. Eta Imanoli apustua ondo aterako zitzaiola zirudien: atezainaren akats bat baliatuta, Oiartzabalek aurretik jarri du Reala. 1-2. Hortik aurrera, ordea, eskas aritu dira. Vila-Real jaun eta jabe izan da, eta ia miraritzat har daiteke etxekoek partida irabazi ez izana.
«Indarrak batu behar ditugu eta norabide berean lan egin eraldatzailea eta euskararen aldekoa den gure proiektu abertzalea lau haizetara hedatzeko». Mezu hori zabaldu du gaur Bagirak, Ipar Euskal Herriko Mugimendu Abertzaleak, Donibane Garazin antolatu duen Aberri Egunean. Hirugarrenez egin dute deialdi bateratua han. Batasun hori eskatu du Bagirak, euren arabera, «Euskal Herrian errotuta dauden aldarriak» aurrera eramateko. Aipatu dituzte herriko hauteskundeak, euskara, kultura, etxebizitza, klimaren aldeko borroka, sindikalismoa, feminismoa, lurraren eta laborantzaren defentsa, gazteria, elkartasuna… Aberri Eguna Donibane Garazin, gaur. BAGIRA «Bilakaera instituzionalari» dagokionez, azken hilabeteetan emandako bi urrats nabarmendu dituzte: EH Bairen autonomia proposamenaren aurkezpena, eta Batera plataformaren berpiztea. Pozik agertu dira, lehen aldiz, ezkerreko abertzale bat dagoelako Parisen diputatu gisa. Dena den, pauso gehiago eman behar direlakoan daude, jende gehiago elkartu eta burujabetza lortzeko. Azkenik, gogoan izan dute euskal preso guztiak, oraindik, ez daudela etxean: «Helburu hori lortu arte segituko dugu lanean! Gora Euskal Herria!».
Amestu bai baina ameskerian erori gabe borrokatzeko prest den gazte komunitate bat badela nabarmendu du Ernaik. Ostegunetik, Gazteon eskutik independentziara lelopean antolatutako topagunean bilduta dira 3.000 gaztetik gora Berriozarren (Nafarroa). Larunbat iluntze honetan egin dute jardunaldietako ekitaldi politiko nagusia, eta, horretan, gazte antolakundeak irmo aldarrikatu du badela gaur egungo gizarteari eskaintzeko alternatibarik, badela «Euskal Herri aske, sozialista eta feminista bat» eraikitzeko indarrik. Diotenez, euskal gazteriak «ez du etsiko» hori erdietsi arte. Baina ohartarazi dute, hori bai, ekiteko unea orain dela. «Ezin dugu itxaron baldintza egokienak heldu arte: ezin gara esperoan egon iraultza perfektua noiz iritsiko». Hain zuzen, gazteak zain eta egonean ezin direla gelditu aldarrikatu dute ekitaldiaren hasieran taularatu duten antzezlan batean. «Indibidualismoak irentsita» eta «desira kontsumistei» segika bizitzeko imintzioan ziren hiru gazteren rolak jokatu dituzte hiru aktorek, baina, kolpez, «akatsaz ohartu» eta aldarri argi bat zabaldu dute gero: borroka «kolektiboen» aldekoa. Hala, Ernaik azkenaldian mahaigaineratu dituen hainbat auzi eta borroka aipatu dituzte segidan: besteak beste, zaintza sistema eraldatu beharrarena, euskararen zonifikazioaren kontrakoa, eta genozidio sionistaren salaketa. Gazte antolakundeko hainbat kide oholtzaratu dira haien segidan —adibidez, euskal presoen auziaren kronologia aletu du Amaiur Iragik—, eta, ekitaldiaren hondarrean, Ernaiko bozeramaile Amaiur Egurrolak egin du hitzaldi nagusia. Ernairen izenean, aktibatzeko eta saretzeko deia egin du, batik bat. Askapenerako jauzi bat Zorrotz, Egurrolak hainbatetan nabarmendu du gaur egungo egoera «nahasia» dela. Giroa gaiztotua dagoela onartu du, «gero eta ezegonkorragoa» dela. «Krisiak gero eta krisiago dira, zapalkuntzak gero eta zapalkuntzago», adierazi du. Eta gerretan egin du azpimarra, besteak beste nabarmentzeko euskal gazteek ez dutela haietan parte hartuko. Are, argitu du «konplize ez izatea» ez dela nahikoa, eta ohartarazi du «inperialismo eta basakeria kapitalistaren aurka» eginen dutela. Bozeramaileak hainbat aldiz izan du hizpide askatasuna. Askotariko askatasunei egin dizkie aipamenak —presoak etxeratzeko exijitu dute, esaterako—, baina, batik bat, nabarmendu du soilik «nazioaren askapenerako mugimenduak» ekar diezaiokeela eredu alternatiborik Euskal Herriari. «Nazioaren askapen prozesuan» gazteek jokatzen duten rola nabarmendu du Egurrolak, baina, orobat, azpimarratu du ez direla hutsetik hasitakoak. Alegia, ereduak badituztela iradoki du, eta urteotan Euskal Herrian izandako hainbat mugimendu eta prozesu ekarri ditu gogora horregatik. Hasi Itoizko presaren eta Lemoizko zentral nuklearraren auzietatik, segi 2023ko greba feminista orokorrean barrena, eta buka, esaterako, Euskal Herrian gutxieneko soldata propio bat izan dadin sindikatuek abiatu duten prozesuarekin. Funtsean, aurrez bidea ibili dutenei egin die aitortza. «Herri borrokalaria izatearen ondarea da gurea», esan du. Zenbait militante gogora ekartzeko ere begiratu du atzera Ernaik. Esate baterako, Jon Paredes Txiki eta Angel Otaegi militanteak oroitu dituzte —aurten beteko dira 50 urte Francoren erregimenak fusilatuta hil zirela—. Edonola ere, aurrera begirako mezu mordoa zabaldu du Egurrolak, tinko, eta, hain zuzen ere, besteak beste halakoak bota ondoan egin dute eztanda txaloek Berriozarren. Mobilizaziora deitu ditu gazteak, «lehen lerroan» aritzera. «Nazio bulkada berri bat abiarazteko eta matxinada berri bati bide emateko garaia da». Bihar bukatuko dira Ernaik Berriozarren antolatutako jardunaldiak. Gazte antolakundeak iragarri duenez, goizean kalejira gisako martxa batean mobilizatzea eta eguerdirako Iruñean izatea da asmoa, Aberri Egunaren karietara EH Bilduk deitutako manifestazioarekin bat egiteko: 12:00etan abiatuko da hori, Golem zinema aretoetan, eta Iruñeko erdialderantz eginen du bidea gero, Askatasunaren nazioa gara lelopean. Manifestazioak Antoniutti parkea izanen du helmuga, eta ekitaldi politikoa eginen dute bertan. Saio horretan Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak eta Joseba Asiron Iruñeko alkateak hitz eginen dute.
Aurrez bezala, zeharka egin dute bilera Washingtonek eta Teheranek; Omanek Erroman duen enbaxadako gela banatan zirela, AEBetako Ekialde Hurbilerako ordezkari Steve Witkoffek eta Irango Atzerri ministro Abbas Araghtxik Iranek garatutako programa nuklearrari buruz negoziatu dute mezu bidez, Omango Atzerri ministro Barr bin-Hamed al-Busaidi bitartekari zutela. Lau ordu inguru egon dira bilduta, eta, negoziazioei buruzko xehetasunik eman nahi izan ez duen arren, Araghtxik esan du «aurrera» doazela bi herrialdeen arteko elkarrizketak; are gehiago, «hurrengo faseetara» igaroko dira. Irango IRIB telebista katean egindako adierazpenetan, Atzerri ministroak iragarri du datorren asteazkenean aditu talde bat bilduko dela Maskaten, «akordiorako esparrua diseinatzeko», eta larunbatean, berriz, hirugarrenez bilduko direla AEBetako eta Irango delegazioak: «Orduan aztertuko ditugu adituen emaitzak eta zein hurbil gauden hitzarmen baten oinarrizko elementuetatik». Ali Khamenei Irango aiatolak atzo esandakoak errepikatu ditu Araghtxik —gaur-gaurkoz, Teheranek ez duela arrazoirik «gehiegizko optimismoa edo pesimismoa» izateko—, eta erantsi du «lasaiki, bide moderatu bezain zentzuzkoa» jarraitu behar duela Iranek. Datorren astean, «posizio hobean» egongo dira ikusteko ea norantz doazen elkarrizketak. Bilera amaitu ostean, Omango Atzerri Ministerioak adierazi du negoziazioak prest daudela «tratu justu, iraunkor eta loteslea» lortze aldera: «Bermatuko luke Iranek arma nuklearrik ez izatea, haren kontrako zigor ekonomikoak guztiz bertan behera uztea, eta helburu baketsuetarako energia nuklearra garatzeko duen eskubidea errespetatzea». Sare sozialetan adierazi duenez, elkarrizketek «abiadura» hartu dute: «Orain, ezinezkoa posible da». Irango Atzerri ministroaren arabera, ez dute hitz egin akordio programa nuklearrarekin zerikusirik ez duen ezein gairi buruz; ez dute eztabaidatu, beraz, Iranen misil balistikoez zein Teheranek Ekialde Hurbileko zenbait talde armaturi ematen dien babesaz —hala Yemengo matxino huthiei nola Libanoko Hezbollah milizia xiitari—. Washingtonek horiei buruz hitz egiteko asmoa erakutsi du, baina Araghtxik atzo Moskun eman zuen prentsaurrekoan esan zuenez, «errealistak ez diren eskakizunek» ados jartzeko aukerak «murriztu» besterik ez dute egingo. Witkoffek asteon esan du Iranek armagintza programa eta uranioa aberastekoa laga behar dituela baldin eta nahi badute akordioak Ekialde Hurbilerako bakea ekartzea. Rafael Grossi IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako zuzendari orokorra ere Erroman izan da. Ez du parte hartu negoziazioetan, Araghtxiren arabera oraindik ez dagoelako horretarako beharrik, baina eskertu egin dio Grossiri bertan egotea: «Jakina, [IAEA] agentziak eginkizun berezia izango du balizko akordio batean, haren ardura baita Iranen konpromiso nuklearrak egiaztatzea eta haien jarraipena egitea; ez dugu onartuko beste inongo entitaterik». IAEAko zuzendari orokorraren arabera, AEBen eta Iranen arteko edozein akordiok agentziaren baietza behar du. Irango agintariek esana dute beren helburua ez dela «arma nuklearrak» edo «bonba atomiko bat» sortzea. IAEAren otsaileko txosten baten arabera, Teheranek nabarmen hazi zuen %60raino aberastutako uranio kantitatea, 182,3 kilogramotik 274,8 kilogramora. Grossi zuzendari orokorrak «kezka» erakutsi zuen, Iran delako «maila horretaraino» uranioa aberasten duen eta arma nuklearrik ez duen estatu bakarra. Steve Witkoffek oraindik ez du iruzkinik egin gaurko bilerari buruz; aste honetan lehenago, ordea, esan zuen Iranek ez duela behar %3,67 baino gehiago aberastutako uranioa —muga hori ezartzen zuen, hain zuzen, 2015eko Iranen programa nuklearraren gaineko akordioak—. Donald Trump AEBetako presidenteak utzi zuen bertan behera akordio hori, haren lehen agintaldian (2017-2021), argudiatuz Irani besterik ez ziola egiten mesede. Ituna 2015ean adostu zuten Iranek eta beste sei potentziak —AEB, Alemania, Europako Batasuna, Errusia, Txina eta Frantzia—, eta Ekialde Hurbileko herrialdearen programa nuklearra mugatzen zuen, potentzia horiek Irani ezarritako zigor ekonomikoak arintzearen truke. 2018an atera ziren akordiotik AEBak, eta, ordutik, Iranek nabarmen garatu du bere programa nuklearra. AEBek Irani eraso egiteko mehatxupean ekin zioten bi herrialdeek, joan den astean, programa nuklearraren gaineko akordioari buruz hitz egiteari.