Alconzak greban dirau
Alconzako erregulazio espedientearen negoziazio epea amaitu da, eta, espero bezala, ez da akordiorik egon. Batzordeak azaldu duenez, aurreraturiko hemezortzi erretiro eta aldi baterako erregulazio bat egiteko aukera jarri zuten mahai gainean, baina enpresak, Norte Gestion bulegoak ordezkatuta, ez zuen onartu. Enpresak, berriz, 38tik 25era jaitsi zuen kaleratze kopurua, eta urte eta erdiko soldataren adinako kalte-ordainak eskaini ditu. Batzordeak salatu egin du enpresak nola kudeatu duen kaleratze kopurua: hasieran esan zuen 38 izango zirela; azken bileran 32ra murriztu zituen, eta azkenean 25 kaleratze eskutitz bidali ditu.
Sindikatuek ez dituzte onartzen erregulazioaren arrazoiak, eta auzitara joko dute. Alconzak 29 urte milioi euroko galerak pilatu ditu azken sei urteetan, eta langileek uste dute kudeatzaileen jardun eskasaren ondorioz izan dela. 2013an, Irizarrek erosi zuenean, 250 langile ziren plantan, mugagabeak eta behin-behinekoak; egun, berriz, ehun inguru dira, eta, kaleratzeak egingo balira, 70.
60 urteko enpresa bat da Alconza, eta motor elektrikoak ekoizten ditu. Autobusetarako egin izan ditu, baina batez ere itsasontzietarako. Esaterako, petrolio eta gas plataformetara joaten diren ontzientzako motorrak egiten dituzte. Zuzendaritzaren arabera, egun «krisi gorrian» dago, itsas zabaleko petrolio eta gas plataformen sektorea hondoa jota baitago, eta kaleratzeak lantegia berpizteko plan baten barnean daude. Langileek ere ikusi dute lan karga gutxitu egin dela. Iaz, soldatak %5 jaistea onartu zuten.





