Errusiak bi aste eman ditu gasa errublotan ordaintzeko
Presidentearen adierazpenei ñabardura bat jarri zien atzo Kremlineko bozeramaileak, Dmitri Peskovek: «Orain entregatzen den gasaren ordainketa ez da berehala egin behar […]: apirilaren bigarren erdian edo maiatzaren hasieran egin behar da».
Errusiako Gobernuaren eskaerei muzin egin diete orain arte EBko herrialdeek. Nabarmendu dutenez, Gazprom esportatzailearekin sinatutako kontratuek esaten dute eurotan ordaindu behar dela gasa, eta kontratu horiei eutsiko dietela ziurtatu dute.
Egoera nahasia da, eta ez dago garbi zer gertatuko den, bi aldeek elkarren beharra dutelako: EBk ezin du aste batetik bestera Errusiako gasarekiko menpekotasuna hautsi, eta haren beharra du hurrengo negurako biltegiak betetzeko. Errusiak, bere aldetik, zaila du EBra bidaltzen duen gasa beste nonbaitera bidaltzeko, eta diruaren beharra du.
Putinen mehatxuen ondorioz, gasaren batez besteko prezioak 103 eurotik 125era egin dute gora azken astean, baina atzo berriro beheranzko bidea hartu zuten, eta arratsaldean 111 euroan zeuden.





