Tubacexek 32 milioi euro galdu zituen iaz, baina baikor…
Kontuan izan behar da konpainiak iaz ia zortzi hilabeteko greba bati egin behar izan ziola aurre Arabako bi lantegietan —Laudion eta Amurrion—. Horiez gain, beste herrialde batzuetan ere baditu plantak: AEBetan, Italian eta Indian, besteak beste. 2021ean, taldeak doikuntza plan bat aplikatu zuen bere planta guztietan, eta horren bidez 30 milioi euro «aurreztu» ditu.
Urtea, gainera, ez da emaitzek erakusten duten bezain txarra izan, Tubacexek adierazi duenez. Laugarren hiruhilekoan enpresak irabazietara itzultzea lortu zuen. Urritik abendura bitartean salmenten irabazi garbiak 12,6 milioirenak izan ziren (urte osoan lortutakoaren %72). Enpresak azpimarratu du urte amaierako emaitzek «hurrengo ekitaldietan mantenduko den joera aldaketa berresten» dutela.
2022an energiaren eta, oro har, horniduren prezio handia mantendu egingo dela espero du, eta horrek eragina izango duela jada hitzartuak dituzten salmentetan. Tubacexek 500 milioi euroko eskaera zorroarekin ekin dio urteari, eta espero du datozen hilabeteetan kontratu gehiago lortzea, bereziki gasaren eta nuklearraren sektoreetan.




