Auto batek eta anbulantzia batek talka egin zuten atzo Beskoitzen (Lapurdi), D21 errepidean. Autoko gidaria, Mauleko emazte bat, larri eraman zuten Baionako ospitalera, eta han zendu zen, gaur jakin denez. Anbulantziako hiru bidaiariak ere ospitalera eraman zituzten, zauri arinekin. D21 errepidea moztuta eduki zuten bi orenez, eta horren ondorioz auto ilarak sortu ziren A64 autonidean, Beskoitzeko ordainlekuko irteeretan. Hazparneko kuarteleko (Lapurdi) jendarmeek ikerketa bat hasi dute istripuaren nondik norakoak argitzeko.
Chechu Rodriguez badoa, eta haren tokia Josema Romeok beteko du. Nafarroako CCOOk ere XIII. kongresua egin du gaur Iruña Park hotelean, eta bertara joan diren 93 ordezkariek hurrengo idazkari nagusia aukeratu dute. Gaur arratsaldean bozkatu dute, baina, hautagai bakarra zenez, emaitza aurrez jakina da: Romeok hartuko du lema. 86 ordezkariren babesa jaso du (%92). Aurreko idazkari nagusi guztiak VWetik zetozen, baina Romeo TWR autoen osagarrien enpresatik dator, eta orain arte Industria federazioko idazkari izan da. Kongresu horretan, sindikatuko buruzagi historiko batek esan du agur. Rodriguez 1970eko hamarkada amaieran sartu zen sindikatuan, eta hamabost urtean erreferente nagusi izan da. Lehenik Nafarroako VWeko ordezkari izan zen 2011n; gero, 2014an Industria federazioko arduradun izan zen, eta 2017az geroztik sindikatuko buruzagia izan da. Duela lau urte iragarri zuen bere azken agintaldia izango zela. [articles:1170246] Kongresua hasi aurretik, Pilar Arriaga Antolamendu idazkariak hitz egin du, eta nabarmendu du kongresu «historikoa» izango dela. Nafarroako CCOOk zazpi federazio ditu eta afiliatu gehien dituzten biak (Industria eta Zerbitzuak) emakumeek gidatuko dutelako. «Oraintxe bertan federazioetako buru lau emakume daude». Erronka berriak, borroka bera da kongresuko leloa. Arriagaren arabera, azken lau urteetan sindikatuak %169 handitu ditu berezko diru sarrerak. «Horrek askatasuna eman digu». Duela lau urte baino 280 ordezkari gehiago dituzte. 2024 amaieran, Nafarroako CCOOk %24ko ordezkaritza zuen lantokietan; aurretik du UGT (%24,8), eta atzetik ELA (%22,8) eta LAB (%17,9). Idazkari nagusi hautatu ondoren egindako adierazpenetan, Josema Romeok esan du Nafarroako lehen sindikatua izatea izango duela helburu.
Sarasate pasealekuak bere luze-zabalean laburbiltzen du Maria Chiviteren ibilbidea (Cintruenigo, Nafarroa, 1978). Alde batean Nafarroako Parlamentua dago, lehen urratsak egin zituen tokia; beste muturrean, berriz, Nafarroako Jauregia, zuzentzen duen gobernuaren
Adierazi dutenez, “Industria Ministerioarekin komunikazioa galdu dugu, eta ez dugu erantzunik jaso Sodenako arduradunarekin biltzeko eskariaren aurrean”. 655 langile ditu faktoriak.
Santi Martinez aukeratu dute Euskadiko CCOOko idazkari nagusi. Gasteizen egindako Kongresuan parte hartu duten 179 ordezkarien babesa lortu du Martinezek.
Athleticen inguruak kolpe gogorra jaso zuen duela astebete. Aspaldiko ametsa bete ezinik geratu zen: Europa ligako finala jokatzea, non eta etxean, San Mamesen. Astebete geroago, ordea, mina arindu zaie zale zuri-gorriei, euren taldeak gauza handia egin baitu gaur gauean: Txapeldunen Ligarako sailkatu da. Seigarren aldiz jokatuko du Europako kluben arteko txapelketa garrantzitsuena, seigarren aldiz 127 urtean. Horrek agerian uzten du zenbateko meritua duen lortu duenak. Athletic duela 11 sailkatu zen azken aldiz Txapeldunen Ligarako: 2013-2014 sasoian. Oraingoan bezala, orduan ere Ernesto Valverde zen taldearen entrenatzailea. Beste behin, Athleticek denboraldi aparta egin du haren aginduetara, eta, alde handiz bete du helburua: bigarren urtez jarraian Europarako sailkatzea. Baina jauzia egin du urtebetean: Europa ligan aritu da sasoi honetan, eta, Txapeldunen Ligan hartuko du parte hurrengo denboraldian. Getafen (Espainia) aritu da gaur Athletic, eta, zelaira irten aurretik bazekien zer behar zuen Txapeldunen Ligarako sailkatzeko. Betisek bina berdindu berri zuen Rayo Vallecanorekin, Vallecasen, eta, beraz, zuri-gorriek Getaferi irabazten bazioten, ziurtatuta izango zuten helburua. Berdinduta ere ia patrikan zuten, baina zain egon behar zuten oraindik ospatzeko. Baina ez dute zain egon nahi izan, eta behar zutena egin dute: 0-2 irabazi diote Getaferi. Kito. Belarriak prest dituzte Txapeldunen Ligaren ereserki mitikoa entzuteko. Txapeldunen Ligarako sailkapena erabat bideratuta utzi eta gero, Athleticek badu beste helburu bat lortzeko: laugarren postuari eustea. Eusten badio, Espainiako Superkopa jokatuko du, eta ez ditu jokatu beharko Espainiako Kopako lehen bi kanporaketak; oso kontuan hartzeko zerbait da hori. Vila-realek bakarrik hartu diezaioke aurre sailkapenean. Bi jardunaldi falta dira jokatzeko, eta, Bizkaiko taldeak hiru punturen abantaila du, baita gol alde hobea ere. Athleticek Valentziari egingo dio bisita igandean, eta, Bartzelona ligako txapelduna hartuko du azken neurketan. Vila-realek, berriz, Bartzelonaren zelaian jokatuko du igandean, eta, Sevilla jasoko du azken norgehiagokan. Athleticentzat denboraldia biribiltzea litzateke laugarren izatea. Iaz baino koska bat gorago geratzea litzateke, baita azken hamarkada luzeko posturik onena berdintzea ere: laugarren izan zen 2013-2014 sasoian, hain zuzen, Txapeldunen Ligarako sailkatu zen azken aldian. Hirugarren izan daiteke ere bai, hiru puntura baitu Atletico Madril. Baina oso zaila da hori lortzea, Espainiako taldeak gol alde hobea baitu. Baina ez da iritsezina. Atletico Madrilek Betis hartuko du igandean, eta, Gironaren zelaian ariko da liga bukatzeko. Athletic distiratsu aritu da denboraldiaren zatirik handienean. Horri esker ariko da Txapeldunen Ligan. Baina luze egin zaio sasoia, eta, aspaldian, sufritzen jakinez egin du aurrera. Ez da harritzekoa, gaurkoa kontuan hartuta, zuri-gorriek 53 partida jokatu baitituzte sasoi honetan. Neke horrek ondorioak izan ditu, eta, zenbait jokalari garrantzitsuk min hartu dute azkenaldian: Williams anaiek, adibidez. Horri guztiari Getaferen gisako talde gogor baten aurka jokatu behar izatea gehituz gero, ez da harritzekoa gaurko neurketa horren trinkoa izana. Hala ere, gai izan da sufritzen jakin eta irabazteko. Ezer gutxi gertatu da lehen zatian. Ez da gol aukera garbi bakar bat ere egon. Jokaldirik aipagarriena Athleticeko jokalariek eskatutako penalti bat izan da. Hamalaugarren minutuan, Berenguerrek erdiratu egin du eskuinetik, eta, baloiak Aldereteren eskuan jo du. Epaileak ez du ezer adierazi, haren ustez, baloiak errebotez jo baitio Getafeko atzelariari. VAR-ak aztertu egin du jokaldia, baina ez du aldatu epailearen erabakia. Hori, eta 36. minutuan Guruzetak kanpora botatako jaurtiketa izan dira Athleticen arriskuko jokaldi bakarrak. Getafen, berriz, Arambarri ahalegindu da gehien, baina alferrik. Bigarren zatia bide beretik hasi da. Hori ikusita, Valverdek bi aldaketa egin ditu 57. minutuan: Adama eta Sancet zelairatu ditu Unai Gomezen eta Maroanen ordez. Aldaketek on egin diote taldeari, eta arriskua sortzen hasi da. Berenguerrek bi aukera izan ditu, baina ez du asmatu. Hobeto ari zen Athletic, baina Cobak sustoa eman dio 69. minutuan. Zorionez, Unai Simonek bikain gelditu dio jaurtiketa. Guruzetaren eta Vivianen golak 76. minutuan, ordea, saria jaso dute zuri-gorriek. Duartek baloia ukitu du bere areatik gertu, eta, baloia solte gelditu da, eta, han azaldu da Guruzeta ezkerrez jaurti eta gola sartzeko. Zuri-gorriek pozarren ospatu dute gola. Ez da gutxiagorako, gol horrek ziurtatu egiten baitzien Txapeldunen Ligan aritzea. Aldeari eutsi beharra zioten, baina eutsi baino gehiago egin dute, Vivianek bigarren gola sartu baitu korner batean 89. minutuan. Gol horrek erabakita utzi du partida. Pozarren ospatu dute garaipena. Historikoa da. Athletic berriro ariko da Europako talde onenekin. GETAFE-ATHLETIC Getafe. David Soria; Iglesias (Nyom, 85. Min.), Duarte, Alderete, Diego Rico; Terrats (Ismael, 85. min.), Milla, Arambarri, Coba (Peter, 79. min.); Uche (Bertug, 85. min.) eta Alvaro Rodriguez (Borja Mayoral, 68. min.). Athletic. Unai Simon; Gorosabel (De Marcos, 85. min.), Vivian, Yeray, Yuri; Jauregizar (Ruiz de Galarreta, 85. min.), Vesga; Berenguer (Unai Nuñez, 91. min.), Unai Gomez (Adama Boiro, 57. min.), Guruzeta; eta Maroan (Sancet, 57. min.). Golak. 0-1. Guruzetak (76. min.). 0-2: Vivianek (89. min.).
Arratsalde partean ekitaldi ugari egin dira gaur Euskaraldia abiarazteko. Hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketan parte hartzeko deia egin dute guztietan. «Aldi batzuk amaitzen direnean kontatzen dira. Beste batzuk kontatzen direnean amaitzen dira. Gaur hasten dugun 11 eguneko aldiak ez du amaierarik: erabileraren aroa ez da-eta sekula amaitzen. Euskararen aldia egunez egun ekinez transmititzen da etorkizunera». Testu bateratua irakurri dute ekitaldi guztietan, eta herritar askok orduantxe jantzi dituzte ahobizi edo belarriprest roletan murgiltzeko txapak. Aldarriarekin bat egin dute guztiek: «Euskaraldia pasioa eta abentura da. Ahalegina eta poza. Grina, kemena eta erronka». Maiatzaren 25a bitartean egingo dute ariketa. Laugarren aldia du Euskaraldiak, eta berritasun nagusi bat du oraingoan: udaberrian egingo da. Aurreko aldietan udazkenean egin zen beti; azaroan hasi, eta abenduaren 3an amaitzen zen, Euskararen Nazioarteko Egunean. Urtaroz aldatuta, kalean ekitaldi gehiago egitea nahi dute antolatzaileek, harremanetarako plaza gehiago irekitzea. Oro har, lehen hitza euskaraz egiteko konpromisoa hartzen dute ahobizi direnek, eta, komunikazioa posible den heinean, euskaraz jardutekoa beti, elkarrizketa elebidunetan ere bai. Belarriprest txapa dutenek euskaraz egin diezaietela eskatzen dute. Euskaraldiaren lehen urratsak, gaur, Baionan. PATXI BELTZAIZ Gaur egin dituzten ekitaldi ugariekin ere horixe lortu nahi izan dute. Bilbon, Gasteizen, Iruñean, Baionan, Donostian, Gasteizen eta Getxon egin dira ekitaldi nagusiak, eta beste hainbat udalerritan ere bai. Eta atzetik beste sorta zabal bat dator: Euskaraldiak gaur emango du datozen egunetan egingo diren ekitaldi nabarmenen berri. Adierazi dute herri batzordeetan-eta dinamika handia piztu dela, eta espero dute horrek aparteko mugimendua sortzea Euskaraldiaren inguruan. Horien bidez, hizkuntza ohiturez gogoetatzeko esparruak ireki nahi dira, eta euskararen alde lerratzeko bideak zabaltzen lagundu. Elkar mugituz, mihia dantzatu Mugimendua. Mihiak ez ezik oinak, besoak eta aldakak astindu. Horixe egin nahi izan dute Iruñean, Euskaraldiari ongietorria egiteko. Horregatik, kalean egin diote harrera euskararen aldeko ariketa sozialari: Broken Brothers Brass Band taldearen doinuek lagunduta, dozenaka euskaltzalek kalejira egin dute Aldapa kaletik O-ko Andre Maria plazaraino. Iruñeko Alde Zaharra tarte batez New Orleans bihurtuta, eta Euskaraldia, berriz, Mardi Gras. Plazan, isildu egin dira haize instrumentuak, baina mugimendua ez da eten, Noraezean konpainiak zirku ikuskizuna eman baitu. Kalejira egin dute Iruñean, Euskaraldiari harrera egiteko. JAGOBA MANTEROLA / FOKU Euskaraldiaren inguruan ehundu den mugimendu horren trinkotasuna nabarmendu dute gaurko ekitaldietan: «Asko gara. Herriz herri batzordeetan antolatutako milaka eta milaka herritar eta boluntario konprometitu, lanerako prest, gogotsu. Hiztun komunitate trinko bat. Gutako bakoitza, bat gehiago eta are indartsuago, sendoago». Egitasmoaren xedea ere plazara atera dute, berriro: «Urrundik gatoz, eta asko egin dugu. Orain eta hemen, gehiago egiteko prest gaude: euskararen biziberritzeak mugimendua behar du. Eta gu elkar mugitzera goaz». Hain justu ere, Elkar mugituz egingo dugu! da aurtengo hautatu duten leloa. Mugimendua sortzea baita beti Euskaraldiaren helburua, eta aldaketak eragitea. Eta egiaztatuta dago: euskararen aldeko hizkuntza ohiturak sortzen ditu Euskaraldiak. Ariketaren garrantzia gogoratu dute. «Beste inon ez da egin Euskaraldia bezalako ariketa sozial masiborik». Eta, txapak jantzita, gozamen ere izan behar duen ahaleginean murgiltzeko deia egin dute. «Inertziak irauli eta hitza partekatuz, hizkuntzari hauspoa emateko garaia da, ilusioa banatuz erabileran jauzia egitekoa; Euskal Herrian euskaraz eroso bizitzea dugu asmo eta». Euskaraldiaren hasiera ekitaldia Getxon. ARITZ LOIOLA / FOKU Iruñeko ekitaldian izan dira Ana Ollo lehendakariordea eta Jabi Arakama Euskarabideko zuzendari kudeatzailea, biak ala biak Nafarroako Gobernuaren izenean. Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Kulturako eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak, berriz, Getxoko ekitaldian parte hartu du (Bizkaia). Euskaraldian parte hartzera animatu ditu herritarrak, «euskaraz seguru sentitzen ez badira ere». Izan ere, sailburuaren ustez, «ez da beharrezkoa euskara menperatzea hura maitatzeko».
Emozioz beteriko liga amaiera izango du Osasunak. Vicente Morenok entrenatzaile kargua utziko zuela iragarri zuenean zera aitortu zuen, aste honetan zehar: ahaleginak eta bi egingo zituela taldea Europan uzteko. Bada, helburu hori inoiz baino hurbilago dute gorritxoek, balio handiko garaipena eskuratu baitu gaur, Sadarren, Atletico Madrilen aurka: 2-0. Distirarik gabeko partida jokatu dute bi taldeek, baina etxekoen bi zertzeladek erabaki dute lehia. Erasoan buruak izan dy eraginik nagusiena, buruz heldu baitiraOsasunaren bi golak. Catenak egin du estreinakoa lehen zatian, eta Budimirrek ondorengoa bigarrenean. Defentsan, berriz, sendotasunari eta ordenari eustea aski izan du etxeko taldeak, eta Europarako sailkatzeko bidean ezinbesteko puntuak bildu ditu. Garaipen garrantzitsua lortu arren, Europarako sailkatzea ez dute euren esku nafarrek oraindik, baina liga amaitzeko falta diren bi neurketak irabazten badituzte helburua lortzeko aukera handiak izango dituzte. Zehazki, 48 puntu dituzte sailkapen nagusian gorritxoek, eta Rayo Vallecanorekin berdinduta daude. Gaur-gaurkoz, Madrilgo taldea joango litzateke Konferentzia ligara, bi taldeen arteko gol aldea haien aldekoa delako. Hots, Europa ligarako sailkatzea ere matematikoki posible luke Osasunak, lau puntura baitauka Celta. Edozer gerta daiteke, baina, egutegiari erreparatuta, itxura ona du Osasunaren egoerak. Espanyolen kontra etxean eta Alavesen aurka kanpoan jokatu beharko du, eta sei puntuak biltzen baditu, bi hankak Europan izan ditzake. Emaitzez harago, jokoa eta konfiantza ditu alde. Azken urteetako datuei erreparatuta, borrero handia izan dute aurkari gaur, azken sei partidetan hiru puntuak eramanak baitzituen Sadarretik Atletico Madrilek. Ez da izan gaurko kasua. Premiak hala behartuta, hamaikako erasokorra zelairatu du Vicente Morenok; defentsako lau jokalari atera ditu bost beharrean, eta apustua ongi atera zaio. Lehen minutuak trabatuak izan dira, eta nabaritu da Atletico Madril berak ere ez zeukala ezer jokoan. Zelai erdian lehia handia izan dute bi taldeek, eta baloi geldian heldu da lehen gola. Bryan Zaragozak kornerra atera eta ez du hutsik egin Catenak. Baloi geldian beste behin eraginkortasun itzela erakutsi du Osasunak. Era horretan gol gehien egin duen taldea da denboraldi honetan: gaurkoa izan da 22. gola. Budimirren 20. gola Egoera ikusita, Atletico Madrilek pauso bat aurrera eman du bigarren zatian, eta bost aldaketak oso goiz egin ditu Simeonek. Denak den, erabakiak ez dio fruiturik eman. Oso serio lan egin du Osasunak defentsan, eta, gainera, azken minutuetan 2-0ekoa egin du. Budimirrek buruz aparteko gola sartu du, Kike Barjaren erdiraketa bat baliatuta. Sasoiko 20. gola du aurrelariak. Osasunaren garaipenak eta Rayo Vallecanoren berdinketak Realari egin dio kalte gehien. Izan ere, matematikoki Europarako sailkatzeko aukerarik gabe geratu baita. Imanolen agurra tartean dela, sasoia ahalik eta duinen amaitzea izango dute xede. OSASUNA-ATLETICO MADRIL Osasuna. Herrera; Areso, Catena, Boyomo, Juan Cruz (Bretones, 80. min.); Lucas Torro, Ibañez (Moncayola, 71. min.), Ruben Peña (Kike Barja, 60. min.); Aimar Oroz (Moi Gomez, 87. min.), Bryan Zaragoza (Iker Muñoz, 71. min.) eta Budimir (Raul, 87. min.). Atletico Madril. Oblak; Llorente, Gimenez, Le Normand, Javi Galan (Azpilikueta, 46. min.); De Paul, Koke (Griezmann, 64. min.), Simeone (Samu Lino, 46. min.), Barrios (Nahuel Molina, 52. min.); Julian Alvarez (Correa, 64. min.) eta Sorloth (Gallagher, 67. min.). Golak. 1-0: Catenak (25. min.). 2-0: Budimirrek (82. min.).