Alavesek urrea balio duten hiru puntu lortu ditu etxean, Valentziaren kontra. Urrea balio dute, ia ziurra delako datorren denboraldian Lehen Mailan jarraituko duela. Arabarrek 1-0 irabazi dute. 79. minutuan sartu du gola Jordanek. Hala, lau punturen aldea du Leganesekin, jaitsiera postuetan dagoen lehen taldearekin. Horrenbestez, hurrengo bi jardunaldietan nahikoa izango du puntu bat batzea, eta Leganesek bi partidak ez irabaztea salbazioa ziurtatzeko. Festa giroa izan da nagusi partida amaieran Mendizorrotzan. Valentzia bolada bikainean iritsi da Gasteizera, hamar partida baitzeramatzan galdu gabe. Egoera goitik behera irauli du Herrialde Katalanetako taldeak, abenduan Carlos Corveran taldea zuzentzen hasi zenetik. Azken postuan zeuden, eta Europarako sailkatzeko borrokan daude orain. Valentziak estutzen ekin dio partidari, eta batez ere eskuin hegaletik min egin du. Handik jokatu du Alaveseko jokalari ohi batek: Luis Riojak. Zelai erdiko hegalekoak erremate on bat eta bi erdiraketa arriskutsu egin ditu lehen minutuetan. Errematea kanpora joan zaio, eta erdiraketak gutxigatik ez ditu baliatu Hugo Durok. Alavesek puntu beharra zuen jaitsiera postuetatik aldentzeko. Baina kostatu egin zaio jokaldiak sortzea, eta Valentziaren atera iristea. Berreskuratu bezain laster galdu du baloia, eta askotan haren atzetik aritu behar izan du korrika. Eroso aritu da minutu horietan Valentzia, bolada onak hauspotuta. Gehiago izan da. 15. minutuan gerturatu da estreinakoz Arabako taldea, eta arrisku handiz, gainera. Motzean atera du korner bat, eta erdiraketa Guridik errematatu du buruz area txikian; baina Mamardaxvilik gelditu bikaina egin du, eskua ondo aterata. Horrek suspertu egin du Alaves, eta segidan beste bi aukera izan ditu gola sartzeko, 17. eta 19. minutuetan. Tenagliak eta Aleñak urrutitik jaurti dute, baina Valentziako atezainak giltzarrapoa jarri dio ateari. Joan-etorrikoa izan da minutu horietan neurketa, bizia, eta ikusteko polita. Alavesen aukera horiek tarteko, Valentziak urrats bat egin du atzera, eta zuhurrago jokatu du. Ez du hain zuzen mugitu baloia, eta zalantza gehiago izan ditu atzean. Parekatu egin da minutu horietan neurketa. Baina pixkanaka etxekoak izan dira Valentziaren atera gehien gerturatu direnak. Partidaren aginte makila hartu dute; hori bai, abagune argirik sortu gabe. Arriskutsuena Carlos Vicenteren jaurtiketa izan da, baina kornerrera bidali du Mamardaxvillik, 38 minutuan. Valentziak, berriz, Rafa Mirrek buruz egindako erremate batekin sortu zuen arriskua. Baina hasi bezala amaitu da lehen zatia: 0-0. Hasieran, motelago Bigarren zatia motelago hasi da. Leganes Vila-realen aurka galtzen ari zela kontuan hartuta, puntua ez zen txarra Alavesentzat. Bi taldeek jokaldi luzeagoak egin dituzte, eta horizontalean jokatu dute, bertikalean baino gehiago. Minutuak aurrera joan ahala, Valentziak sortu du arrisku gehiago, eta jokaldi bakan batzuetan Siveraren atera gertura da. Europan sartzeko zituen aukera baliatu nahi zituen. Neurketa hartzen ari zen itxura ikusita, Coudetek Jordan zelairatu du, Guridiren ordez. Aldaketa horrekin jokoaren kontrola berreskuratu nahi zuen, eta geldikako jokaldietan arrisku apur bat handiagoa sortu. Pixkanaka lortu egin du. Izan ere, Alavesek neurketaren kontrola berreskuratu du, eta orduan iritsi da gola. 79. minutuan izan da. Mamardaxvilli itsu-itsuan atera da korner batean, eta salto egiterakoan Mouriñoren gainera etorri da. Gil Manzano Epaileak ez du zalantza egin, eta penaltia adierazi du. VARetik abisua eman diote ikustera joateko, baina erabakia berretsi du. Joan Jordanek ez du barkatu, eta gola sartu du. Segidan beste aukera on bat izan du Alavesek aldea handitzeko. Baina ez du baliatu. Valentziak estutu egin du, baina Alavesek eutsi egin dio. Azken jokaldian zaleek susto ederra hartu dute, Protesonik besoarekin jo du Pepelu arean. Epaileak ez du ezer adierazi, eta hala amaitu da partida. Alaves-Valentzia Alaves: Siviera; Tenaglia, Mouriño, Garces, Manu Sanchez; Gebara, Blanco (Protesoni, 84. min.), Carlos Vicente, Aleña (Conechny, 90. min.), Guridi, (Jordan, 65. min.) eta Kike Garcia Toni Martinez, 90. min.). Valentzia: Mamardaxvili, Mosquera, Diakhaby Canos, 84. min.) Tarrega, Gaya; Barrenechea, Pepelu, Diego Lopez (Ivan Jaime, 65. min.) Rioja; Rafa Mir (Aarons, 84. min.) eta Hugo Duro. Gola: 1-0: Joan Jordanek (79. min, penaltiz).
Vicente Moreno entrenatzaileak ez du jarraituko Osasunan datorren denboraldian; sasoi batez aritu da Nafarroako taldea gidatzen. Hala ere, argi esan du: «Gustatuko litzaidake kluba Europarako sailkatuta uztea». Hark hartu du taldetik joateko erabakia, luze hausnartu eta gero. Gaur jakinarazi die klubeko kideei eta jokalariei ere. Hiru partida falta dira liga amaitzeko, eta hamargarren dago Osasuna. Hiru puntura du zortzigarrena; hots, Konferentzia ligara sailkatzeko modua emango liokeen postua. Horra hurbiltzeko, kontrario indartsu bati irabazi beharko dio bihar, etxean: Atletico Madrili. Hain zuzen, partida horren bezperan jakinarazi du teknikariak ez duela jarraituko hurrengo denboraldian. «Nire azken bi partidak izango dira Sadarren, eta dena emango dut Osasuna Europarako sailkatuta uzteko. Amaiera bikaina emango genioke, eta badugu aukera hori». Bukaeraraino borrokatuko direla azpimarratu du, «zaila» dela badakien arren. Hala ere, Europarako sailkatu edo ez, Morenok argi utzi du ez duela segituko: «Denboraldia amaitutakoan ez dugu hitz egin beharrik izango. Oso harreman ona dut klubarekin, baina erabakiak hartu behar dira, eta askotan sentitzen dudanari egiten diot jaramon». Azken-aurreko partida ere etxean jokatuko du Osasunak, igandean, Espanyolen aurka —hori izango da Moreno Sadarko aulkian eseriko den azkeneko aldia, oraingoz behintzat—. Azken partidan, berriz, Alavesi egingo dio bisita. Teknikariak derbi batekin amaituko du, beraz, Osasunan egindako bidea. Azken txanpan Sadar gotorleku izatea nahi du. «Denboraldi hasieran ligarako eta Koparako jarri genituen helburuak bete ditugu, eta, orain, sasoiari ginga jar diezaiokegu». Atletico Madril aurkari ahaltsua da, baina ziurtatu du taldean lan eginda «edonori irabazteko» gai direla. «Taldean konfiantza osoa dut, baita Sadarren ere». Iruñean oso maitatua den Jagoba Arrasateren lekukoa hartu zuen Vicente Morenok denboraldi honetarako. Sasoi baterako bakarrik sinatu zuen kontratua, eta ez du luzatu nahi izan. Arrasateren ostekoa izanda, ez zuen erronka makala, Berriatuko teknikariak oso goian jarri baitzuen langa. Hala ere, oso ondo ekin zion aro berriari, batez ere etxean. Sadarren jokatutako aurreneko bost partidetatik lau irabazi zituen Osasunak. Aurrenekoa berdindu egin zuen Leganesen aurka, eta mendean hartu zituen gero Mallorca, Celta, Las Palmas eta Bartzelona. Txakalaldia iritsi zitzaion geroago: puntuak biltzen segitu zuen taldeak, baina banaka; bai kanpoan, eta bai etxean. Hainbat jardunalditan oso noizean behin eskuratu zituen hiru puntuak. Hain zuzen, sasoi honetan jokatutako 35 partidetatik hamabost berdindu ditu Nafarroako taldeak; hamar irabazi, eta beste hamar galdu. Espainiako Kopan, berriz, final-laurdenetaraino iritsi zen, final-zortzirenetan Athletici San Mamesen irabazi ondotik —Realak kanporatu zuen Osasuna—. Ordea, txispa berreskuratu du berriro denboraldi amaieran. Azken bost partidetatik hiru irabazi ditu, eta horrek ahalbidetu dio amets egitea, eta berriro fokua Europan jartzea. Sasoiari eta klubari agur borobila eman nahi dio Vicente Morenok.
Bederatzigarrenez egin du ariketa Euskal Herriko Musika Bulegoak. Bederatzigarrenez egin du pausa bat atzera begiratzeko. Aurreko urteko musika emariari erreparatzeko, eta zehazteko zein diren hamabi hilabete horietan kaleratutako proposamen musikal «esanguratsuenak», edo, bestela esanda, saria merezi dutenak. Irizpide horretan oinarrituta aukeratzen dituzte EHMBren sariketako irabazleak aldiro, eta gaur jakinarazi dituzte 2024. urteari dagozkionak. Guztira 11 artista eta talderi egin diete aitortza sariketaren IX. aldian. Hauek dira sarituak: Arineketan, Bloñ, Eneritz Furyak, Gorka Urbizu, Libe, Olatz Salvador, Soinuak Haizean, Verde Prato, Izaro, Benito Lertxundi eta Zabaldika Laukotea. Gasteizko Jimmy Jazz aretoan jakinarazi dute nor diren aurtengo sarituak; garaikur bana ere eman diete irabazleei, eta haietako batzuen musika emanaldiak ere izan dira tartean —gainera, Izaki Gardenak taldeak kontzertua eman du gero—. Bai irabazleen zerrenda bai eta ekitaldia bera ere «euskal musikaren aniztasunaren isla» direla nabarmendu du, pozik, EHMB Euskal Herriko Musika Bulegoa Elkarteko lehendakari Maddi Aranak, aurtengo sarituen artean askotariko «erritmo, genero eta doinu motak» bistaratzen direlakoan. [articles:2137000] Sariketaren aldi honetan, bederatzi kidek osatu dute epaimahaia. Besteak beste, Iban Urizar musikaria eta irakaslea, Iker Gurrutxaga esataria eta musikan aditua, Nahia Zubeldia kantaria eta musikaria, Teresa Catalan musikagilea, eta Yasmin Soud musikologoa eta musika kudeatzailea ibili dira epaile lanean. 2024an Euskal Herrian kaleratutako 190 proposamen musikal aztertu ditu epaimahaiak guztira —aurreko urtean baino 70 gehiago—, eta zortzi nabarmendu ditu horien artetik: Arineketan, Bloñ, Eneritz Furyak, Gorka Urbizu, Libe, Olatz Salvador, Soinuak Haizean, Verde Prato. Horiek guztiek 2.000 euroko saria jasoko dute, baita Fernando Mikelarena artistak diseinatutako eskultura bana ere. Eneritz Furyak musikaria. ‘hhh’ da haren hirugarren lan luzea. Irabazleen zerrenda plazaratzeaz gain, haietako bakoitza zergatik saritu duten ere azaldu dute Gasteizko ekitaldian. Esaterako, Verde Pratoren Erromantizismoa «proposamenaren nortasunagatik» goraipatu dute, «modu paregabe eta original batean nahastu baititu abangoardia eta tradizioa». Eneritz Furyak artistaren hhh lanari so, berriz, hau azpimarratu dute epaileek, besteak beste: «Folk mundu esperimentalago batetik elektronikara salto egin du Eneritzek erabat, eta nola gainera. Zuzenekoari begira lanketa handia nabari zaio diskoari, dena bakarrik defendatzen baitu, eta abangoardian koka dezakegu lortu duen hori». Beste hiru sari Ohi denez, epaimahaiak emandako sariak ez ezik, beste hiru aitortza ere banatu ditu Musika Bulegoak. Besteak beste, Etxepare Institutuaren saria ere bada egitasmoaren parte: «Euskal musika nazioartera zabaltzen duten proiektuak» goraipatu ohi dira sari horren bitartez, eta Izaroren lana goratu dute aurten. Batik bat, azken hiru urteotan nazioartean eginiko kontzertuetan egin dute azpimarra. Bestalde, Musika Bulegoak ohorezko sari berezi bat eman du atzera ere. EHMBko zuzendaritza batzordeak erabaki ohi du nori eman, eta Benito Lertxundik jaso du garaikurra azkenerako. Argudiatu dutenez, «Benito Lertxundiren ahotsak, doinuek eta hitzek belaunaldi osoak markatu dituzte azken hirurogei urteetan», eta, diotenez, omenaldia merezi du horregatik. [articles:2136140] Joan den urtean eman zuten estreinako aldiz ikusleen saria, eta berriz egin dute aurten. Hau izan du funtzionatzeko manera: aplikazio baten bitartez, musika proiekturik kutunena bozkatzeko parada eman zaie herritarrei —30 proiektu jarri dizkiete aukeran, zehazki—. Zabaldika Laukoteak jaso du boto gehien; Joxetxo Goia saxofoi jotzailea da proiektu horren liderra.
Izendapena Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean sartuko da indarrean: uztailerako egitea espero dute. Orduan argitaratuko du baita Espainiako Gobernuak erreferentziako alokairu-prezioen indizea ere.
Pobreziaren zigorraren zamaren pean bizi da Jauregitarren sendia, baina zoriak negua igaro ahal izateko moduko opari pozoitu bat utzi die esku-eskura, ekaitz beteko gau batez. Ramiro Pinilla idazle bilbotarrak benetako
Duela ez asko gozagarria zen Realaren partidak ikustea, eta taldearen jokoak lilura piztu zuen realzaleen, eta, oro har, futbolzaleen artean. Bada, sasoi honetan sufrimendua da nagusi. 0-1 galdu du Celtaren aurka, Anoetan, eta Europari agur esan dio. Izan ere, matematikoki ez bada ere, ia ezinezkoa du sailkatzea. Bi jardunaldi falta ditu liga amaitzeko, eta uneotan lau puntura dauka Konferentzia ligarako zortzigarren postua; gainera, aurretik dituen aurkarietako batzuek partida bat gutxiago jokatu dute. Bukaeraraino borrokatu dute txuri-urdinek, baina ez da nahikoa izan. Erasoan kamuts dabiltza denboraldi honetan: gol aukera gutxi sortzen dituzte, eta, behin izanda, ez dira asmatzen ari. Zaila da hala Europarako sailkatzea, eta ezintasun horren isla baino ez da sailkapena. Baita gaurko emaitza ere. Partida hasi eta gutxira hartu du lehen sustoa Realak. Atzeko lerroa gaizki kokatua zela, Borja Iglesiasi iritsi zaio baloia, eta bakar-bakarrik geratu da hura Remiroren aurrean. Dena alde zuen Celtako aurrelariak, baina, Realaren zorionerako, gehiegi gurutzatu du jaurtiketa. Oso bigun ibili dira donostiarrak defentsan, eta zaleen haserrea piztu du horrek. Txistu batzuk ere entzun dira harmailetatik. Esnatzeko balio izan die, behintzat. Hurrengo minutuetan oldarkor aritu dira txuri-urdinak, presio itogarria eginez, eta Celtak lanak izan ditu baloia atzetik ateratzeko. Imanolek zuzendutakoak saiatu dira aurkariari min egiten, maiz geldikako jokaldien bidez, eta tarteka pase asko harilkatuz. Lanean ari ziren, grinatsu, baina argitasun gutxirekin. Pixkanaka Celta ere pizten hasi da, nahiz-eta ezerezean geratu diren bataren eta bestearen eraso saiakera gehienak. Hala, lehen zatian aparteko ezer gertatuko ez zela zirudienean, sasoi honetan hamaika aldiz egindako hutsa errepikatu du Realak. Eta oraingoan ez du huts egin Galiziako taldeak. Celtako jokalariak jokoz kanpo utzi nahi zituzten txuri-urdinek, baina, horren ordez, sekulako zuloa utzi dute lerro artean eta defentsaren bizkarrera. Bi baten aurka, Borja Iglesiasek Alfoni oparitu dio baloia, eta haren aurreneko errematea Remirok gelditu badu ere, bigarrengoan, aldaratzean, sarea zulatu du. 44. minutuan egin du Celtak 0-1ekoa. Txistu artean utzi dute zelaia jokalariek, animo oihu batzuk entzun badira ere. Hankaz gora jarri zaio partida Realari. Denboraldi honetan golak sartzeko duen ezina agerikoa da, eta horrela zaila da puntuak hirunaka biltzea. Hala ere, aldageletatik bueltan kementsu ekin diote lehiari, emaitza iraultzeko gogoz. Zaleek ere hauspotu dute taldea, eta berotu da partida. Realak 59. minutuan egin du lehen errematea bi zutoinen artera. Traoreren erdiraketa Pablo Marinek errematatu du, eta Guaitari gerri eta beso azpitik ihes egin dio baloiak. Ez du ateko marra zeharkatu, ordea. Aldaketa bikoitza egin du segidan Imanolek. Berean segitu du Realak, estutzen. Geroz eta arrisku gehiagorekin ari zen heltzen, gainera, aurkariaren area ingurura. 65. minutuan Oiartzabalek gertu izan du gola, baina haren erremateak langa jo du. Bost minutura, Guaitak salbatu du Celta. Jo eta jo jarraitu dute donostiarrek, eta izan dituzte abagune gehiago, baina ez dute asmatu. Beste itxura bat eman du Realak bigarren zatian, baina, beste behin, esku hutsik amaitu du partida. Igandean jokatuko du ligako azken-aurreko partida, eta Anoetako azkena. Garaipen batekin agurtu nahi dute oriotarra. Ea hala den. Reala-Celta Reala. Remiro; Traore (Jon Mikel Aramburu, 61. min.), Aritz, Zubeldia, Aihen (Javi Lopez, 77. min.); Brais Mendez (Sucic, 77. min.), Zubimendi, Marin; Kubo, Oiartzabal (Mariezkurrena, 87. min.) eta Sergio Gomez (Barrenetxea, 61. min.). Celta. Guaita; Javi Rodriguez, Carlos Dominguez, Mihailo (Lago, 77. min.); Carreira Fran Beltran (Sotelo, 91. min.), Moriba, Mingueza; Fer Lopez (Pablo Duran, 66. min.), Borja Iglesias (Losada, 77. min.) eta Alfon (Williot, 77. min.). Golak. 0-1: Alfonek (44. min.).
Pepe Mujica uruguaitarrak lortu duena politikari gutxik lortzen dute bizirik dauden artean: hots, lan publikoa utzi ondoren eta, batez ere, herrialde bateko presidente izan ondoren miretsia eta maitatua izatea. El Pepe, edo Mujica —halaxe egin baita munduan ezagun Jose Mujica Cordano— 89 urte zituela hil da Montevideon, minbiziak jota. Rara avis bat izan da, boterearen gozoa probatu arren sekula ez baitzion guztiz muzin egin bere jatorriari, bere ohiko bizimoduari, herri xehearen aldeko borrokari, horrela esanda topiko hutsa badirudi ere. Urte hauetan guztietan, Mujicari egindako ezin konta ahal elkarrizketa eta dokumental argitaratu dira, eta, bertan, beti agertzen zen bere chacra edo etxaldean, loreak inguruan, traktore gainean edo bere Volkswagen kakalardo urdin argian, baita presidente zen garaian ere. «Presidente jaunek arrandia handia behar izaten dute, eta halako misterio kutsu bat ere bai, baina, denok berdinak baldin bagara, hori ez dago ulertzerik», esaten zuen behin eta berriz. «Haien eginkizunak badu garrantzia, baina presidente bat ez da ez Jainkoa eta ez erregea. Kultura feudalaren eta monarkiaren kondar batzuk geratzen dira oraindik errepubliketan. Iruditzen zait nahaspila handia egoten dela halakoetan, eta komeni izaten dela hortik urruntzea». Mujicak aitortzen zuen ez zela batere eroso sentitzen presidenteen goi bileretako protokoloekin, eta, presidente izan zen garaian, soldataren %85 eman zuen dohaintzan, gainerakoa nahikoa omen zuen-eta bizitzeko. Denborarekin, agerian geratu zen ez zela itxurakeria hutsean ari, baizik bizimodu horixe hautatua zuela, eta azkeneraino eutsi ziola, gainera. Maradonarekin gertatzen zen bezala, Mujica abizena edo El Pepe ezizena aipatu, eta mundu guztiak jakiten zuen nor zen hizketagai; eta hori, aintzat hartuta Diegok baino abizen aski arruntagoa zuela Pepek. Nolanahi ere, han eta hemen, ia mundu guztiak daki Mujica politikari uruguaitar bat dela —edo zela—, gerrillari ere izana, eta preso egon zela, eta gero instituzioetako politikan sartu zela, zer eta presidente bilakatzeraino. 1935eko maiatzaren 20an jaio zen, Paso de la Arena izeneko chacra lurralde batean, Montevideo hiriaren aldirietan, eta gerora ere jaioterritik bertantxe bizi izan zen, betiko bikotekide Lucia Topolanskyrekin. Rincon del Cerro izena zuen haien etxeak, eta, han, Mujica beti agertzen zen lorez eta animaliaz inguratuta, bere bizitzako pasadizoak kontatzen, eta etortzen zitzaizkion ezin konta ahal bisitariei matea eskaintzen. Zioenez, 14 urterekin hasi zen militatzen, anarkismoan hain zuzen, eta, pixkana-pixkana, gero eta gehiago engaiatu zen marxismoaren ideiekin. Orobat kontatzen zuen haurtzaro gogorra izan zuela eta familiari lagunduz eman zituela lehen pausoak nekazari gisa. Oso esker oneko omen zegoen txikitatik naturan ibiltzeko aukera izan zuelako. Haren hitzetan, natura ere irakurtzen eta interpretatzen jakin behar da, irakurgaiak, testuinguruak eta pertsonak irakurtzen eta interpretatzen jakin behar den bezalaxe. «Ez dut miseriaren apologia egiten: soiltasunaren apologia egiten dut, bizitzako funtsezko gauzei garrantzia ematearena eta bizitzeko astia izatearena. Horixe da libertatea: gustatzen zaizkigun gauzak egiteko astia izatea; eta ez halabeharrez bizitzea lanerako eta gauzak pagatzeko bakarrik, batere astirik gabe ez seme-alabentzat, ez lagunentzat, ez ezerentzat. Hori ez da bizimodua». Urteekin, Tupamaros Askapen Nazionaleko Mugimenduan sartu zen, eta erakunde haren ekinaldirik epikoenetako batean parte hartu zuen: hain justu, Pando hiria hartu zutenetako bat izan zen Mujica. 1960ko lehen urteetan, izan ere, nekazari lurretako lehen gerrillak sortu ziren Latinoamerikako zenbait herrialdetan, eta Uruguain, berriz, hango geografia dela eta, lehen hiri gerrillak sortu ziren. 70eko hamarkadaren hasierarako, tupamaroak nabarmen ugarituak ziren, eta ezagun bihurtuak ere bai, oso ekinaldi ikusgarriak egiten baitzituzten. Aipatu bezala, Pando hiria hartzea izan zen ekintzarik ezagunenetako bat: gerrillari saldo bat hileta segizio batean iritsi zen, eta, hala, komisaria, suhiltzaileen kuartela, telefono zentrala eta hiru banku hartu zituen. Pepe Mujica, 2009ko Uruguaiko hauteskundeetarako Fronte Zabaleko presidentegai aukeratu zutenean. Eskuinean du Jorge Brovetto alderdi horretako presidente ohia. IVAN FRANCO / EFE Mujica lau aldiz egon zen preso, eta bitan ihes egin zuen. Guztira, ia hamahiru urte atxilotuta eta torturapean; zioenez, horrek markatu zion izaera, beste ezerk baino gehiago: «Bizi izan dudan guztia bizi izan ez banu, agian ez nintzateke halakoa izango. Gehiago ikasten da minetik, oparoalditik baino. Gauzak ondo doazenean, oilartu egiten gara, eta iruditzen zaigu dena zoragarria dela. Baina askoz ere gehiago ikasten dugu porrotetik eta oinazetik, zeren horien bidez gutxienez umilak izaten ikasten baitugu, eta gure pentsamenduak berrikusten; fanatikoak ez izaten ikasten dugu, eta besteak errespetatzen, gure iritzi berekoak ez izan arren». Errealitatea aldatuta Kartzelatik irten zenean, Mujicak bazekien ez bera eta ez inguruko errealitatea ez zirela lehengoak eta, beraz, ezin ziola errealitate horri lehen bezala heldu. 2005ean, Uruguaiko hauteskundeetan, lehen aldiz ezkerra irten zen garaile, eta Tabare Vazquezek proposatu zion Abeltzaintza, Nekazaritza eta Arrantza ministro izatea; baita Mujicak onartu ere. Hala hasi zuen bere ibilbide profesionala, azkenean presidentetzaraino eraman zuena. Maria Esther Gigliok bere Pepe Mújica, de tupamaro a presidente liburuan dioenez (Pepe Mujica: lehen tupamaro, orain presidente), duda handiak izan zituzten Mujica ministro izendatu ala ez; izan ere, beren buruari galdetzen omen zioten: «Zenbateraino onartuko ditu gerrillari zahar batek gobernatzeak berekin dakartzan transakzio amaigabe horiek guztiak?». Baina ondo moldatu zen: bere modura negoziatu zuen, eta amore ere eman zuen horren premia ikusi zuenean, hala nola gobernuaren ekintza batzuetara trajea eta gorbata jantzita joatea onartu zuenean. 2009ko azaroko azken igandean hautatu zuten presidente, eta 2015ean bukatu zuen legealdia; 2020an, berriz, uko egin zion senatari karguari ere. Harrezkeroztik, herri militantziari emana bizi izan da. Pepe Mujica hitzaldi batean Buenos Airesen, 2022ko abuztuan. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE «Ni aurrerakoia naiz: berdintasunaren alde borrokatu naiz. Eta, niretzat, berdintasuna ez da denak berdinak izatea, baizik eta denek izatea aukera gutxi-asko leku beretik abiatzeko. Hori dut amets eta utopia. Nire herrikide gehienak bizi diren bezala bizi behar dut nik, borrokatzeko motibo ditudan horiek bizi diren bezala, zeren, ekonomia solidario baten alde borrokatzen banaiz eta baztertuen daudenak orain baino hobeto bizi daitezen borrokatzen banaiz baina gero azkenean hobekuntzatxo batzuk baino ez baditut lortzen, ez baitut eskubide moralik izango nire ohiko bizimodutik aldentzeko. Haiek hobeto bizi direnean, orduan agian bai, pesoren bat gehiago gastatu ahalko dut; baina bitartean, ez». Animalia politiko esaten zaien horietako bat izan da Mujica, gorputzak laguntzen ez duenean ere guztia bazter uzten duten horietakoa. Mujicari esofagoko minbizia diagnostikatu zioten, eta erradioterapia eman; azkeneraino borrokatu da, eta, 2024ko hauteskundeetako kanpainan Fronte Zabalak egindako azken ekitaldietako batean, agur diskurtso moduko bat ere egin zuen: «Itzulbiderik ez duen leku horretara erretiratzear nago, baina era berean pozik, zuek hor zaudetelako, nire besoak ez daudenean ere beste mila beso egongo direlako hor, borrokarako prest».