Kukularrako lotuneko adar berriak martxan dira
ArcelorMittal Sestaok otsailean berrekingo dio jarduerari, ez urtarrilean, aurreikusi…

ArcelorMittal Sestaok otsailean berrekingo dio jarduerari, ez urtarrilean, aurreikusi bezala. mantentze-lanak “uste baino gehiago” luzatuko dira enpresak dioenez. Sindikatuentzat “albiste txarra” da, ez baitago itzulerarako datarik; gainera, aldi baterako langileak kaleratu egingo dituzte.
Greba eguna dute gaur Gipuzkoako adinekoen egoitzetan, LABek deituta

Greba eguna dute gaur Gipuzkoako adinekoen egoitzetan, LABek deituta. Bi hilabete baino gutxiagoko epean, hirugarren lanuzte eguna izango da. “Gehiegizko” lan-karga salatu du sindikatuak, egoiliarrek behar eta merezi duten kalitatezko zaintza zerbitzua jasotzea eragozten duena.
Gasteizko Mercedes Benz lanera itzuliko da urtarrilaren 3an, abenduaren…

Gasteizko Mercedes Benz lanera itzuliko da urtarrilaren 3an, abenduaren 18an hasiko den geldialdiaren ostean. Enpresak azaldu duenez, aste horretan hiru txandetan ekoitziko dute, konkretuki, urtarrilaren 3, 4, 5 eta 7an.
Bizitzeko gutxieneko diru-sarreren legea onartu du Kongresuak, ERCren eta…

Bizitzeko gutxieneko diru-sarreren (BGDS) legea onartu du 2021eko abenduaren 16an Diputatuen Kongresuak. Koalizioko gobernua osatzen duten taldeen botoekin ez ezik, ERCren eta EH Bilduren babesarekin ere atera da aurrera legea.
Lanbide pertsonei eta enpresei hurbiltzeko LanApp aplikazioa jarri dute…

43 zenbakidun bulegoa izango da, eta Lanbidek eskaintzen dituen zerbitzu guztietara edozein gailu mugikorretatik sartzeko aukera emango du. Idoia Mendia Lan eta Enplegu sailburuak azaldu duenez, presentzialtasuna berdin-berdin mantenduko da sareko beste 42 bulegoetan.
Trebiñu ofizialki Arabako parte izateko ekimena abian jarri dute…
Argantzungo eta Trebiñuko udaletako osoko bilkurek gehiengo osoz erabaki dute lan-mahai bat sortzea, egun Burgoseko probintziaren administraziopean dagoen barrundia ofizialki Arabako parte izatea lortzeko.
Bruselak ez du erosketa bateraturik onartuko gasaren prezioari eusteko
Batasuneko estatu kideek hilabeteak eman dituzte gaiari buruz eztabaidatzen. Europako herrialdeek kanpotik ekarri behar dute gasa, Errusiatik, Aljeriatik eta AEBetatik nagusiki, eta, lehengaien merkatuan dauden hornidura arazoengatik eta bestelako auzi geopolitiko batzuengatik, gasaren prezioa inoiz ikusi gabeko kopuruetan dago, eta herrialde denei ari zaie eragiten. Prezio horiek apaltzeko, Espainiak eta Frantziak erosketa bateratua egitea proposatu zioten Bruselari, baina Alemania eta Belgika, adibidez, aurka azaldu ziren, eta erdibideko akordioa lortu dute azkenean.
Muturreko egoeran soilik egin ahal izango dituzte halako erosketak, eta ez dute estatu kide guztiek parte hartu behar; «borondatezkoa» izango da, eta parte hartzen duten herrialdeetako operadoreek eta sareko arduradunek beren gain hartu beharko dute gasaren garraioa eta horren kostua. Hori bai, erosketa asmoen berri aldez aurretik eman beharko diote Batzordeari, eta operazioak estatu kideen babesa beharko du.
Gasaren merkatuan gertatzen ari denarekin lasai dago Brusela. Uste du udaberritik aurrera egoera bere onera itzuliko dela eta gas biltegien egungo egoera ez dela kezkatzeko modukoa. Hala ere, horien gaineko kontrola indartu behar dela azpimarratu du, eta estatu kideei eskatu die beren erreserbak etengabe ebaluatzeko, eta hainbat neurri hartzeko, aurrerantzean arazorik ez izateko: adibidez, azpiegitura horien jabeei gutxieneko gas maila bat eskatzea edo enkanteak antolatzea.
Gasbide berririk ez
Batzordeak Europako energien merkatua deskarbonizatzeko helburua duten egitasmoen zerrenda bat egin du, eta hor azaltzen da gasari buruzkoa. Hidrogeno berdea bultzatzeko eta metano eta karbono emisioak murrizteko proposamenak ere jaso ditu. Beste egitasmo bat aurkeztu du Europa osoko eraikinen %15 berritzeko, 30 milioi inguru, 2030erako: 150.000 milioi euro jarriko lituzke horretarako.
Batzordearen proposamenez gain, Kontseiluak eta parlamentuak akordioa egin dute Europa energia sareei buruzko erregelamendua aldatzeko (RTE-E). Horren arabera, 2030etik aurrera ez da egingo gasbide eta petrolioarekin loturiko azpiegitura gehiago.
Prezioak aurki «normalduko» direla uste du Laboral Kutxak
Laboral Kutxaren ikerketa taldeak abenduan egiten duen euskal ekonomiaren egoeraren txostenaren aurkezpenean egin ditu iragarpenak. Haien datuen arabera, 2022an BPGa %6,2 igoko da Nafarroan, eta %6,3 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Datu onak dira, baina duela sei hilabete eman zituztenak baino apalagoak. Ordukoan %6,8ko igoera iragarri zuten Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %7koa Nafarroan. Pandemia aurreko balioekin alderatuz, egun Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako BPGa 2019an baino %4,5 beherago dago, eta Nafarroakoa, %2. Beste adierazleei erreparatuz, Nafarroako enplegu tasa %4,7 igoko dela uste dute, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoa, %4,4. KPIak ere gora egingo du, %3,2 eta %3 hurrenez hurren.
Eta zergatik apaldu dituzte datuak? Bi dira gakoak, Joseba Madariaga ikerketa taldeko buruaren ustetan: «Pandemiaren bilakaera eta inflazioa». Aldagai horiek eragin nabarmena izan dute aurtengo bigarren seihilekoan. Ziurtzat ematen dute pandemiaren zama txertaketaren zabalkundearekin arinduko dela; beste kontu bat da, baina, prezioen garestitzea. Egun inflazioa %5,2koa da Hego Euskal Herrian, eta Madariagak azaldu du igoera horren %80 «garraioa, eta etxebizitza eta etxebizitza barneko energia garestitu izanaren ondorio» dela. Ikerlarien ustez, baina, hiru hilabeteko epean normaldu daiteke: «Neguan energia kontsumo fase handi batean sartuta egongo gara, eta hornidura arazo batzuk ditugu. Baina luze gabe konpondu beharko lirateke, eta horrek eragina izan beharko luke prezioetan». Dena den, gero ikusi beharko da erosketa saskiko zenbat produktu merkatuko diren atzera.
Inflazioa ez da luzatuko
Madariagak bere erantzuna arrazoitu du hainbat daturekin. Esaterako, irailean goia jo ondoren, itsaso garraioa ia %40 merkeago zegoen abenduaren hasieran. Brent petrolio upela ere merkatu egin da, baita gas naturala ere. Onartu du azken astean hiru aldagaiek gorakada txikia izan dutela, baina ez du uste luzarorako izango denik. «Horregatik uste dugu garestitzea apalduko dela. Hurrengo urteko inflazioan eragin zuzena izateko, erregaiek eta garraioek erritmo berean garestitzen jarraitu beharko lukete, eta ez dugu halakorik espero».
Horiek hala, 2021eko batez besteko inflazioa Nafarroan %3,3 izango dela uste dute, eta %3 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta antzeko kopuruak datorren urtean.
Laboral Kutxako ikerlariak arduratuta daude aurtengo hirugarren hiruhilekoan izandako gertaera batzuekin: industria jarduera murriztu egin da hornidura krisiarengatik, eta txikizkako merkataritzak espero baino bilakaera kaskarragoa izan du. «Inflazioak beti du eragina kontsumoan», azaldu du Madariagak: «Ezusteko negatiboa izan da; pandemian egin den aurrezki poltsarekin konponduko zela uste genuen. Alegia, gehiago azaleratuko zela. Baina konponduz joatea komeni da». Erosketa ahalmenarekin lotuta doaz soldatak: «Igotzen badituzte, enpresek igoera hori eraman beharko dute prezioetara».