Bizkaiko Enpresaburuen Konfederazioaren arabera, asteko lanaldia 40 ordutik 37,4 ordura murrizteak lan kostuen igoera eragingo du eta horrek ondorioak izango ditu produktuaren prezioan eta produktibitatean.
Bridgestonek Basauriko plantako 335 langile kaleratu nahi zituen hasieran; gaur, ordea, beste proposamen bat egin die pneumatiko lantegiko zuzendaritzak sindikatuei, azkena izango dela ohartarazita: 232 behargin kaleratzea proposatu die, hau da, hasieran iragarritakoak baino 103 langile gutxiago. Horrez gain, malgutu egin ditu erretiro aurreratua hartzeko baldintzak, eta hobetu borondatez lana uztea erabakitzen dutenenetzat. Enplegua erregulatzeko espedientea negoziatzeko egiten ari diren bileran jakinarazi diete eskaintza fabrikako buruek langileen ordezkariei. Goiz eta arratsalde bildu dira zuzendaritzak eta sindikatuak gaur, hain zuzen ere, amaitzear baitago elkarrizketen aldia —datorren astean amaituko da—. Langileak presio egiten ari dira bitartean. Izan ere, 11. greba eguna egiten ari dira Basauriko plantan, eta gaur ere erabat gelditu dute produkzioa. Eta, dirudienez, presio horrek izan du ondoriorik, Japoniako multinazionalak bigarrenez murriztu baitu kaleratu nahi dituenen kopurua. Joan den astean ere enpresak murriztu egin zuen erregulazio txostenak barne hartutako langileen kopurua: hasieran proposatutako 335etik 290era, alegia. Eta gaur beste urrats bat egin du zuzendaritzak, zenbateko hori 232ra jaitsita. Horretaz gain, aurretiazko erretiroa hartzeko baldintzak malgutu egin ditu, gutxieneko adina bi urte jaitsi baitu. Plan bat aurkeztu du horientzako: enplegua erregulatzeko espedientearen eraginpean dauden eta datorren ekainaren 30ean 55 urte beteak izango dituzten langileei soldata garbiaren %80 kobratzeko aukera emango die, urteko %2ko eguneratzearekin. Gainera, zuzendaritzak sindikatuei jakinarazi die 53 urtetik gorakoak espedientetik kanpo geratuko liratekeela. Bridgestoneko langileen protesta bat, artxiboko irudi batean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES Kaleratzeen baldintzak ere hobetu egin ditu: urteko 45 eguneko soldataren kalte ordaina izango lukete nahitaezko kaleratzeen kasuan, eta urteko 45 egunekoa, gehi beste 30.000 euro, espedientea ontzat ematen duten beharginentzat. Halaber, zuzendaritzak hitza eman die hurrengo bi urteetan ez duela enplegua erregulatzeko txostenik aurkeztuko. Eta bost urteko epean kaleratzeak egin beharko balitu, baldintza berberei eusteko prest dago. Lantegiaren etorkizuna Basauriko plantaren etorkizuna bermatzea da langileen eta haien ordezkarien beste helburuetako bat. Bada, enpresaburuek lantegiko ekoizpena ere handituko dutela adierazi diote sindikatuei gaurko bileran: 700.000 gurpil azaletik 800.000 gurpil azalera, hau da, 100.000 gehiago urtean. Gainera, merkatua berreskuratuz gero, hasierako 150.000 pneumatiko gehigarriak Bizkaiko lantegi hartan ere egingo liratekeela hitzeman du zuzendaritzak, eta ez Polonian. Izan ere, kaleratzeak justifikatzeko, Japoniako multinazionalak argudiatu du azken urteetan behera egin duela kamioien pneumatikoen salmentak, eta hura dela Basauriko lantegian egiten duten produktu nagusia. Aurtengorako %25eko jaitsiera espero zuen. Autoentzako pneumatikoak Basauritik gertu egiten dituzte, Usansolon (Bizkaia). Enpresaren datuen arabera, 2024a oso urte txarra izan zen Basauriko lantegian: salmentak %58 gutxitu ziren 2023koekin alderatuta: 2023an 183.152 tona saldu zituzten, eta iaz, berriz, 77.633 tona; hots, 2023an 841 milioi euro fakturatu zituzten, eta iaz, 351 milioi euro. Zuzendaritzak egindako eskaintza onartuko duten edo ez erabaki beharko dute orain sindikatuek; astelehenerako eman beharko diote erantzuna. Sindikatu bakoitzak bilerak egingo ditu bihar, eta ondoren greba batzordea ere bilduko da hurrengo pausoak erabakitzeko. Gaur-gaurkoz, asteazkenean beste greba egun bat egingo dute. Sindikatuek nabarmendu dute batasunari esker lortu dituztela hobekuntzak orain arte. Hala ere, ikusteko dago enpresaren azken proposamenak zatiketarik eragingo ote duen, ELA jada aurka azaldu baita.
Unibertsitateen Kontseiluak bilera egin du gaur arratsaldean, Madrilen. Espainiako Gobernuko Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate ministro Diana Morantek unibertsitateetako ordezkariei aurkeztu die unibertsitateak sortzeko irizpideak zorrozte aldera ondu nahi duten dekretuaren harira landu duten txostena. EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen izenean bileran parte hartu du Joxerramon Bengoetxea errektoreak, eta gogora ekarri du helburuaren alde daudela: unibertsitate berriak sortzeko irizpideak zorrozteko «premia» dagoela iruditzen zaie haiei ere. Azaldu du, esaterako, «ikerketak» unibertsitate proiektuen ezinbesteko ezaugarria izan behar duela beti. Hori da, beste hainbaten artean, dekretuaren bidez Madrilek ezarri nahi dituen irizpideetako bat. Bengoetxeak aurrez egin izan duen moduan gogoratu du, hala ere, «egokiak» direla «eskumen talka» argudiatuta Eusko Jaurlaritzak dekretuaren aurka aurkeztu dituen helegiteak. Lehengo astean ere ohartarazpena egin zuen EHUko errektoreak: dekretuak «eskumen inbasio nabarmena» ekar dezake. Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburu Juan Ignacio Perez Iglesiasek esana du araudi berriak «urratu» egin dezakeela unibertsitateko erregimen juridikoa, eta autonomia erkidegoek «berezko dituzten» eskuduntzetan ere sartzen dela. EH Bildu ere erreformaren kontra dago: «euskal autogobernuarekiko errespetua» eskatu du unibertsitate eremuan ere. Koalizioa ere ados dago «unibertsitate pribatu berrien kalitatea bermatzeko eta kontrolik gabeko sorrera mugatzeko beharrarekin», baina uste du badirela beharrezko tresna arau emaile eta politikoak hor urratsak egiteko. PSE-EEk, berriz, propio egin zuen lehengo astean aldaketaren alde, eta alderdiko idazkari nagusi Eneko Anduezak kontu hartu zien jeltzaleei «beren kasa» jokatzeagatik gai honetan. «Kontseilariaren iritzia da, bere giroari eta ordezkatzen duen alderdiari mugatua. Ez da gobernu osoarena, guk ez dugu-eta bat egiten». Ikerkuntza ezinbestean egin behar dela zehazteaz aparte, dekretuak beste hainbat irizpide ere jarri nahi ditu indarrean: unibertsitateek gutxienean 4.500 ikasle izatea eta irakasleen %60 doktoreak izatea. Aditzera eman dutenez, tituluak «errazegi» ematen dituzten unibertsitate pribatuak dituzte jomugan Espainiako Gobernuko agintariek. Madrilgo komunitatean, bereziki, nabarmen ugaritu dira azken urteetan entitate pribatuak, unibertsitate ikasketen osteko master ikasketak eskaintzeko. Pribatuen alde Euskal Herriko unibertsitateen sarea «aberatsa eta askotarikoa» dela nabarmendu izan du Perez Iglesiasek. Adierazi duenez, hori horrela da unibertsitate bakoitzak «soslai» berezkoa duelako eta horrek modua ematen duelako askotariko eskaintza akademikoa emateko. Bide batez, konfiantza erabatekoa erakutsi nahi izan du Euskal Herriko unibertsitate pribatuek duten jardun onean: «Ez daukat ez errezelorik ez mesfidantzarik gure unibertsitate pribatuen kalitateari buruz». Pribatuetan berriena Euneiz da, eta horrek oraindik ezarritako irizpide guztiak ez dituela betetzen onartu du sailburuak. Azaldu du, ordea, astia eman behar zaiola bere bidea egiteko.
Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri du 2026-2027 ikasturterako 60 eurokoa izanen dela eskola kirolaren urteko kuota. Ikasle zaurgarriak izanen dira salbuespena; haiek ez dute ordaindu beharko. Gaur egun, kuota desberdinak daude, eta ikasleka ordaintzen dena 102 eurokoa da urtean, batez beste. Hurrengo bi urteetan kuota homogeneoa lortzea da Foru Aldundiaren helburua. Goizane Alvarez Kirol Departamentuko foru diputatuak agerraldia egin du eskola kirolaren ereduari buruzko azterlanaren datuak aurkezteko. Orain dela 18 hilabete abiatu zuten, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak eskola kirolean aritzeko derrigortasuna kendu aurretik. Azterlanaren arabera, Gipuzkoako ikasleen %60k parte hartzen dute eskola kirolean. Gaur egun 1,2 milioi euroko aurrekontua du Foru Aldundiak eskola kirola finantzatzeko. Alvarezek erran du hori emendatu egin beharko dela Kuota homogeneoa lortzeko, eta tokian tokiko erakundeek ere beren partea eman beharko dutela.
Bizkaiko lantegian urtean 100.000 estalki gehiago ekoiztea aurreikusten du, 800.000ra arte. Era berean, Kantabriako Puente San Miguel lantegian kaleratzeak 188ra murriztea proposatu du.
Lehendakariak azpimarratu du Donostiako mugikortasun adimendun eta jasangarriko polo berriak Euskadik Europan trantsizio energetikoaren buru izateko duen anbizioa islatzen duela, eta garapen teknologikorako punta-puntako azpiegiturak eskaintzen dituela.
Baliabideak eta errespetua. Horixe eskatzen ari da Seaska, eta aldarria ozenago entzun dadin maiatzaren 23an Baionan mobilizatzera deitu ditu herritarrak. Herri Urratsen hasierako ekitaldian egin du deia ikastolen elkarteak, eta jaiaren aurkezpenean egin zuen moduan, Frantziako Hezkuntza Ministerioari adierazi dio «ele ederrak» ez direla aski. Azken bileran, Bordeleko Akademiako errektore berria «prest» agertu zen euskarazko irakaskuntzari buruzko hobekuntza batzuk lantzeko, baina Erik Etxart Seaskako lehendakariordeak adierazi zuen ez zutela «deus zehatzik lortu». 2022tik iraungia da Seaska eta Frantziako Hezkuntza Ministerioa lotzen dituen hitzarmena, eta horri buruz ez zutela ezer esan gaitzetsi zuen Etxartek: «Laster maiatzean izanen gara, eta oraindik ez dakigu irailean zenbat irakasle postu izanen ditugun». «Kezka» agertu zuen formazio eta inklusio arloetan dituzten beharrei buruz ere. Integrazio Batzordeak behin baino gehiagotan salatu du Frantziako Hezkuntza Ministerioak ez dituela baliabide nahikoa ematen behar bereziak dituzten haurren inklusiorako. Gaur egun 200.000 euroren beharra dute. Herri Urrats Senperen, gaur. PATXI BELTZAIZ Ikastolak ekonomikoki sostengatu eta zinezko hizkuntza politika bat martxan jar dezaten eskatzeko, Herri Urratsera deitu zituzten herritarrak, eta horretan behintzat zorteko izan direla dirudi: aurreikuspenak ez ziren onak, baina gaur Senperen (Lapurdi) elkartu diren milaka euskaltzaleek lagun izan dute eguzkia. Oparoa izan da Senpereko lakuaren bueltan antolatutako egitaraua. Jende gehien Nafarroa-Badok guneko kontzertuetan elkartu da. Hango oholtzan eman du kontzertua Duplak, aurtengo abestiaren egileak, eta haiekin batera heldu da eguneko ezuste nagusia: Pantxoa eta Peiok abesti batzuk abestu dituzte han ekartutako publikoaren gozamenerako. Eremu berean aritu dira Kode, Mirabe, Karena, Maskak, P.I.L.T. eta Marte Lasarte. Karena izan da Herri Urratseko II. Musika Maketa Lehiaketako garailea. Herri Urrats Senperen, gaur. PATXI BELTZAIZ Goizean goiz hasi da mugimendua gainontzeko zazpi guneetan ere. Lapurdi eta Bizkaia guneetan haurrei bideratutakoa izan da eskaintza; pailazoak eta ikastolen arteko erronka, esaterako. Araba-BERRIA eremuan ere musika izan da nagusi, baina beste ikuskizun batzuk ere baziren egitarauan. Hango oholtzara igo dira Sune, Olatz Salvador, Ezpalak eta Frigo. Herri Urrats: goizaren laburpena Bertsolariek ere izan dute bere lekua, Gipuzkoa gunea. Maddalen Arzallus, Miren Artetxe, Patxi Iriart eta Aitor Servier aritu dira kantuan, Ortzi Idoatek gaiak jarrita. Jarraian, Baiona Kantuz taldearen ikuskizuna izan da, besteak beste. Azkenik, Xiberoa gunean, dantza izan da protagonista nagusia. Han aritu dira Estitxu Robles eta Dantzaz konpainia, Ligiko dantzariak eta Kukai. Arratsaldean, Elepunto DJak girotu du ingurua. Gune horrek berezitasun bat izan du aurten, lehen aldiz: Tokiko gunea. Jatekoa eta edatekoa tokikoa eta kalitate onekoa izan da, inguruko etxaldeei zuzenean erosia. Herri Urrats: arratsaldearen laburpena [articles:2141530] Zazpi gune horietaz gain, Kattalin Elizalde Ikastegia izeneko gunea ere jarri dute: jatekoa izan da, edatekoa, eta txartelak hartzeko aukera, baita herri kirolak eta umeen pilota partidak ere, espresuki antolatuak. Edozein gunetatik abiatuta, aintzirari bira osoa emateko aukera eduki dute bisitariek. Bidean, gainera, ikuskizun ugari izan dira ikusteko: joaldunak, gaiteroak, Punttu Kakotx, Dizkobolo, Hots kolektiboa… [articles:2141386]