Petronorrek Muskizko findegia geldiarazi du, Iberdrolaren mozketa elektriko baten…

13:00ak aldera, Repsolen filialak jakinarazi du unitateen funtzionamendua berrezartzen ari dela. Geldialdia 05:00ak aldera izan da.

Berez karbono eskubideen merkatuaren azken buruko helburua horixe da: orain arte ordaindu gabeko prezioa (garestia) jartzea kutsatzeari, argindarra edo beste gaiak ekoizteko modurik zikinenei gauzak zailtzeko eta garbiagoei bidea errazteko. Gainera, isurtzea garesti izanda, epe luzean, karbono harrapaketa edota hidrogeno berdea ekonomikoki bideragarriago bihurtzen dira. Helburu horregatik, Batasuneko herrialdeek merkaturatutako eskubideen kopurua murriztu egiten da urtetik urtera. Eta horregatik Alemaniako koalizio gobernu berriak adostu du karbono eskubideari gutxieneko prezioa 60 eurotan ezartzea herrialdean.
Urte askotan karbonoa isurtzeko eskubidearen prezioa oso apala izan da, baina azkenean karbono isuriak murrizteko Europako Batasunaren asmoak serioak eta sinesgarriak direla erakusten du, neurri batean, eskubideen garestitzeak.
Baina udazken honetan gas natural garestiak hankaz gora jarri ditu asmo onak. Gasa urri, Europako herrialde asko, Alemania tartean, jo eta ke ari dira ikatza erretzen argindarra sortzeko; hots, modurik zikinenean ari dira elektrizitatea sortzen. Eta horretarako, argindar konpainiek karbono eskubideak behar dituzte, euren isurien kontuak emateko orduan, eta horrek eskubideen prezioa are gehiago igotzen du.
Badira beste arrazoi batzuk azken asteetako igoerarako. Eskubide horietarako erosketa aukerakabenduaren 15ean iraungitzen dira, eta haiek kitatzeko inbertsiogileak urte amaiera arteko eskubideen gerokoak erosten ari dira. Horrez gain, abenduaren 20an egingo da isurketa eskubideen azken enkantea, eta ez da izango eskubide gehiago gobernuak berriz urtarrilean eskubideak saltzen hasi arte.
Baliteke, gainera, eskubideak are gehiago garestitzea. Clean Energy Transition LLP estaldura funtsekoburuak Bloombergi ostiralean esan zion eskubideek 100 euroak gainditzea espero dutela, argindar konpainiek ikatza erretzen jarraituko duelako.
Eta gas garestiak, nazioarteko hornikuntza kateak inflazioaren mamua berpiztu dutenean, karbono eskubide garestiek ere gorantz bultzatzen dituzte beste prezioak. Adibidez, Frans Timmermans Europako Batzordeko Klima buruaren arabera, argindarraren prezio igoera horren bosten bat dagokio karbono eskubide garestiei.
Argindar garestia sufritzen ari diren herrialdeetatik bik, Espainiak eta Poloniak, bakoitzak bere aldetik, espekulazioa eteteko neurriak hartzeko eskatu diote Europako Batzordeari; besteak beste, muga jarrita egunean salerosi daitezken eskubide kopuruari. Bi herrialdeen aburuz, espekulazioa dago eskubideen garestitze horren atzean.
Gauzak horrela, energia iturriak, argindarraren prezioak eta karbonoa isurtzeko eskubideak ere hizpide izango dituzte, zalantzarik gabe, Europako Batasuneko gobernu buruek abenduaren 16tik 17ra egitekoa duten goi bileran.

Lanean ari zela behargin bat hil da bart gauean Bergaran, Fagor Ederlanek duen lantegian, «lan istripu ez traumatikoan». LAB sindikatuaren afiliatua zen langilea, B.O.M. 44 urteko markinarra.
Sindikatuak azaldu du heriotza honekin aurten jada 59 langile zendu direla euren lanpostuetan Hego Euskal Herrian, eta haietatik hamabost hil direla lan istripu ez traumatiko deiturikoetan. «Gaurko heriotza ezin diogu halabeharrari egotzi», gaineratu du LABek. «Oso irakurketa sinplista izango litzateke hori. Behin baino gehiagotan salatu izan dugu txanda sistemak eta bereziki gaueko lanak osasunean eragiten duen kalte fisiko eta psikologikoa».
Ildo horretan, LABen iritziz, «lantokietan egiten diren arriskuen ebaluazioetan ez dira jasotzen lanak errealki sortzen dituen patologia guztiak, eta beraz, ez da lan osasunaren zaintza integral eta eraginkor bat egiten. Hainbat eta hainbat gaixotasun profesional daude, isil-isilean eta inor konturatu gabe langileen osasuna kaltetzen dutenak, eta kasu askotan langileari heriotza dakarkiotenak». Sindikatuak osasuna eta bizitza aintzat hartuko duen prebentzio politika eraginkorrak eskatu ditu, «hor uste dugu administrazio publikoek erantzukizun handia dutela».
Duela gutxi arte, itsasoko parke eolikoak fotomuntaketak ziren. Errealitate bihurtu al dira dagoeneko?
Bai, itsas zabaleko energia eolikoa maila handiko errealitate eta negozio iturri da dagoeneko. Europan milaka sorgailu daude jarrita; hori bai, sakonera txikiko uretan: 30 metro, 50 metro… Iparraldeko Itsasoan daude gehienak. Lehenbizikoak 1990eko hamarkadan jarri zituzten, eta garatuz joan dira. Benetako negozio bat den zantzurik argiena sartuta dauden enpresen tamaina da. Euskal Herrian, esaterako, Iberdrola eta Siemens Gamesa ditugu, liderrak biak.
Sektorearen jauzi kualitatiboa itsasoko haize errotekin iritsi da.
Ados nago. Azpiegitura flotagarriekin, askoz leku gehiagotan jar daitezke sorgailuak. Orain arte Europako teknologia Iparraldeko Itsasoan garatu bada, kostaldetik urrunduta ere sakonera txikiko itsasoa delako da. Kostaldetik 300 kilometrora egonagatik, 30 metro inguruko sakonera du, eta errotak itsas azpiko lurrean iltzatu daitezke. Sakonera handiagoko uretan, berriz, teknologia horrek ez du balio, eta gailu flotagarriak garatzen hasi dira. Horrela, itsas eremu gehiagotan baliatu daiteke haizearen indarra, eta batez ere haize gehiago eta egonkorragoa dagoen eremuetan. Horrek, era berean, sorgailuen tamaina handitzeko modua eman du. Lurreko sorgailuek lau edo bost MWeko energia sortzen dute, eta itsasokoek, berriz, hamabosteko neurketak ere eman dituzte. Gainera, itsasoan haize errotak jartzea lur gainean baino askoz merkeagoa da.
Euskal industria leporaino sartu da sektorean.
Euskal Herrian itsasoko energia eolikoaren hornikuntza katearen ia %100 aurki daiteke. Batetik, aurretik energia eolikoan ari ziren enpresak ditugu. Bestetik, ontzi- gintza ere ezagutzen dugu, eta aukera ona da sektore tradizionalean negozioa aurkitzea kostatzen ari zaien ontziolentzat. Horri gehitu beharko zaio osagai elektrikoen sektorea, funtsezkoa. Eta, noski, altzairutegiak ere bai.
Zuei, Tecnalian, zer eskatzen dizuete enpresek?
Batzuetan, erronka tekniko teknologikoak ezagutzea. Adibidez, zer baldintza ditu itsasoko haizeak palak diseinatzeko garaian? Enpresek ondo ezagutzen dute lur gaineko energia eolikoa, baina itsas zabalekoak beste ezaugarri batzuk ditu, batez ere olatuek ere eragiten dietelako. Ezagutza hori eskaintzen dugu, itsas zabaleko sistemen dinamika. Hori alde bat da, eta bestea ingurune berriaren baldintzen eragina da: korrosioa, herdoila, hezetasuna…
Patente batzuk ere badituzue.
Jakinduriaz gain, konponbideak eskaintzen saiatzen ari gara. Nautilus plataforma flotagarria garatu genuen, hainbat euskal enpresarekin partzuergo bat eginez, eta Subsea 7 Ingalaterrako enpresa egitasmoan sartu da. Hura mundu mailako liderretako bat da. Nautilus mugarri bat izan da Tecnaliarentzat. Baina ez da bakarra; esaterako, Ditrel deitzen den Gasteizko enpresa batekin lanean ari gara. Ur azpiko konexio elektrikoko sistema bat patentatu dugu, eta enpresa horren esku utzi dugu. Beste patente bat ere badugu, kablea zabaltzeko urpeko robota. Kable elektrikoen loturari buelta asko ematen dizkiogu, estatistiken arabera kable elektrikoa delako gehien kale egiten duen elementua.
Kablea da ahulgunea, beraz?
Ahulguneetako bat. Aseguru konpainien arabera, gorabehera parte gehien eragiten dituen elementua da. Pentsa, haize errotak kableekin lotuta daude, gero subestaziora doaz, eta handik, lurrera. Eta hori guztia, itsas zabalean.
Itsasoak dena baldintzatzen du.
Bai. Erronka ingurunea da: korrosioa eta olatuak. Olaturik ez balego eta herdoila hain larria ez balitz, garapena lurreko energia eolikoa bezalakoa litzateke. Olatuek karga handia igortzen diete elementuei: kableei, konexioei, dorreari, barruan dauden osagai elektrikoei… Olatuek etengabe jotzen dute azpiegitura. Probak, haizearengatik bainoago, olatuengatik egiten dira. Sorgailua azpiegitura egonkorra izatea lortu behar duzu, eta ahalik eta gutxien mugitzea. Pentsa, 300 metroko egitura bat hamar metro gora eta behera… Bada, itsaso-ingeniaritza hain dago garatuta, sorgailuak ia ez baitu nozitu ere egiten. Horregatik, Nautilusen entseguak egitean, maketarekin, hogei metroko olatuak simulatzen genituen.
Zenbateraino dago ikertuta itsasoko haize erroten teknologia?
Lehenbiziko sorgailua Norvegian jarri zuten. Equinorrek eraiki zuen, herrialdeko petrolio enpresa nazionalak. Gero, AEBetako enpresa batek prototipo bat jarri zuen Portugalen, eta horiek bidea ireki zieten lehen bi parkeei: bat Eskozian dago, eta bestea, Portugalen. Batek bost haize errota ditu, eta besteak, hiru. Haien emaitzak aztertzen ari dira, eta datuek diote energia ekoizpena espero zen baino handiagoa dela. Datuak oso onak dira: lurreko edo itsas gaineko haize errota finkoek baino %20-30 energia gehiago sortzen dute. Arazoei dagokienez, berriz, ikusten ari dira egitura flotagarrietan kableak ere asko mugitzen direla; beraz, kable dinamikoak behar dira. Haize erroten kableek ikerketa handia eskatuko dute hurrengo urteetan.
Noizko orokortuko dira itsas zabaleko parkeak?
Hamarkada honetan garapen prozesu bat egongo da, baina ez zabalkunde oso handirik. Nire ustez, jauzi kualitatiboa 2030-2040ko hamarkadan iritsiko da. Hamarkada honetan, mundu guztian jarriko dira abian proiektuak, baina agian energia eoliko guztiaren %1 sortuko da bakarrik itsas zabalean. Egitasmo pila bat daude aztergai: AEBetan, Taiwanen, Vietnamen… baina sorkuntza elektrikoaren inpaktua hurrengo hamarkadan iritsiko da.
Euskal kostaldean egongo al da haize errotarik?
Nik baietz uste dut. Saitec enpresak dagoeneko aurkeztu du Geroa egitasmoa. Lehenbizi haize errota prototipo bat jarriko du Armintzan [Bizkaia], ondo bidean hurrengo urtean. Eta gero, urte batzuk barru, hiru errota jarriko ditu zona berean, baina pixka bat urrunago. Hamabost MWekoak izan daitezke, handietakoak alegia, 150 edo 200 metroko diametrokoak. Beraz, ikusiko al ditugu? Baietz dioen euskal enpresa bat dago, eta hasi ditu baimenak lortzeko tramiteak.
Toki aproposa al da euskal kostaldea?
Muga batzuk daude. Batetik, sakonera, kostaldetik pixka bat urrundu bezain laster asko handitzen delako; eta, bestetik, haizearen abiadura. Gure haize lekuak interesgarriak dira, baina, esaterako, Galizian haize biziagoa dute. Toki bat aztertzean, ufaden abiadura neurtzen dute lehenbizi, eta gero, haize hori erregularra den ala ez. Euskal Herria agian ez da tokirik onena hasteko, baina bai teknologia probatzeko.
Logistika ere buruhauste handia izango da, ezta? Palek, dorreek… toki handia eskatzen dute: 50 metroko eraikin baten tamaina dute.
Bai, logistikak eta muntaketak. Arazo handia da, baina alde teknikotik ez zait zaila iruditzen: gizakiak arazo zailagoak konpondu ditu. Itsas zabaleko errotetan ez dago garapena eragotzi dezakeen jakinduria mailako trabarik. Mugak dira leku aproposa aurkitzea, osagaien tamaina, finantzaketa… Beste buruhauste bat ainguratzea izango da, batez ere sakonera handiko kokaguneetan. Nola? Kateekin bakarrik? Kateak eta beste material batzuk? Lehengaiek itsasoan izango duten jokaera ikertu behar dugu, horrelako haize errota batek 20, 25 edo 30 bat urte iraun beharko duelako, betiere ekaitz handirik ez badago.
Errota erraldoiak lur lehorrean muntatzen dira, ala itsasoan?
Haize errota finkoak itsasoan eraikitzen dira. Flotagarriak, aldiz, teknologiaren arabera. Sakonera txikiko tokietan lurrera finkatzeko ahalmena duen garabiontzi batekin eraikitzen dira. Zein da arazoa? Sakonera handiko itsasoetan ontzi horiek ez direla bideragarriak. Errota flotagarrien abantaila oinarria da, ez delako hondoratzen; beraz, asmoa da hura ontziola batean eraikitzea eta beste guztia portuan lotzea: dorrea eta turbina. Gero, ontzi batekin itsas zabalera eramaten duzu, eta kokagunean kateak eta kableak lotzen dizkiozu.
Industria horrek kostaldean behar du, beraz.
Bai. Logikoena da palak portutik gertu eraikitzea, hain pieza handiak lurretik garraiatu behar ez izateko. Eolikoen ferietan postu asko daude lursailak eskaintzen. Urrunago joan gabe, Haizea Wind Bilboko portuan dago.
Halako eraldaketa bat ezagutu zuen hemengo industriak 1980ko urteen amaieran eta 1990ekoen hasieran, aeronautika sektorean liderren artean kokatuko ziren enpresekin, Gamesa eta ITP, Energia Klusterreko zuzendari nagusi Jose Ignacio Hormaetxek gogorarazi duenez. «Dagoeneko automozioarentzat edota makina erremintarentzat ekipamendu elektromekanikoetan, ekipamendu elektrikoetan, ingeniaritzan… ari ziren hemengo enpresei, aeronautikarekin beste aukera bat zabaldu zitzaien, dibertsifikatzeko aukera».
Itsasoko energia eolikoaren aukera are eskuragarriagoa da, euskal enpresa asko daudelako jada energia eolikoan. Zerrenda oso luzea da: «Ehundik gora enpresak jarduten dute energia eolikoaren inguruan, 15.000 bat pertsona hemen eta euskal enpresekin lanean nazioartean». Gaur egun, lurreko haize erroten merkatuan lehia oso gogorra denez —«prezioak beherantz doaz, Txinarengatik»—, haize erroten alorrean lanean dabiltzanei «balio handiko merkatua zabaltzen zaie» itsasoko energia eolikoarekin.
Javier Garcia Iberdrola Renovables Internacionaleko nazioarteko negozioetako zuzendariak ere hori uste du: «Euskadik berriztagarrien industriarekin lotutako enpresa liderrak ditu, eta, alde horretatik, Iberdrolak euskal industrian egiten duen trakzioa erabatekoa da. Baina, enpresa handiez gain, euskal industriak baditu kontratuen esleipenerako bolumenik izan gabe offshore-ko kontratista handien hornikuntza katean oso ondo kokatuak dauden enpresak».
Hori bai, gaur egun energia eolikoan aritzen ez diren euskal industriako enpresa batzuentzat ere aukera zabaldu da, «eta konbinazio hori bilatzea da gure erronka», dio Energia Klusterreko zuzendari nagusiak. «Hemen ditugun beste sektore batzuentzat ere interesgarria izango da itsasoko energia eolikoa; adibidez, ontzigintza industriarentzat edota energia eolikoaz aparte aritzen den ingeniaritzarentzat, garabi handiak, altzairuzko bridak eta antzeko elementuak beharko direlako karga handiak jasotzeko».
Siemens Gamesak ere hori azpimarratu dio BERRIAri: « Siemens Gamesak 332 milioi euroko erosketak egin zizkien Euskal Herriko 700 enpresari baino gehiagori 2020an, aurreko urtean baino % 7 gehiago. Eta 332 milioi horietatik %10, hau da, 34 milioi, Siemens Gamesak Europa iparraldean duen itsasoko energia eolikoaren negozioarekin lotutako erosketak izan ziren. Hau da, Espainian oraindik offhsore parke eolikorik ez dagoen arren, euskal enpresek offshore-ekin lotutako produktuak saltzen dituzte beste herrialde batzuetako proiektuetarako». Horri esker, Siemens Gamesaren ustez, enpresa horiek «prest eta ondo kokatuta egon daitezke offshore merkatua Espainian hurrengo urteetan garatzen hasten denerako».
Iberdrola eta Siemens Gamesa punta-puntan dabiltza itsasoko energia eolikoan. Iberdrola offshore finkoan dabil batez ere; «pixkanaka ari gara teknologia flotagarria gehitzen». Energia konpainia orotara 2.600 MW hartuko dituzten lau offshore proiektutan dago aldi berean, gihar finantzario nabarmena erakutsiz. Bretainian parke bat egiten ari da oraintxe bertan; Alemanian (Baltikoan) beste bat, eta AEBetako ekialdeko kostan beste bat.
Siemens Gamesa multinazionalak hainbat offshore proiektu ditu abian, eta gero eta haize errota handiagoak garatzeko lasterketan dago. Vattenfall konpainia Norfolken (Ingalaterra) munduko haize-errota eremurik handienetakoa eraikitzen ari da (3,6GW), eta Siemens Gamesa lehentasunezko hornitzaile izango du. Parke hori gai izango da lau milioi etxebizitza argindarrez hornitzeko. Kostatik 47-72 kilometrora egongo da, eta Siemens Gamesaren SG14-236DD 236 diametroko errotoreko haize errotak izango ditu.
Bi konpainia handiek enpresa sarean duten trakzio eragina agerikoa da. Baina offshore-ko balio kate ia osoa topa daiteke Euskal Herrian. Energia eolikoan ari diren enpresa horien artean daude, besteak beste, Haizea Wind lurreko eta itsasoko haize errotentzat dorreak eta zimendatzeak egiten ditu, Navacel plataforma eta dorreentzako egitura metaliko handiak egiten ditu, eta Vicinay errota flotagarrientzako ainguraketa sistemak egiten ditu.
Itsasoko energia eolikoa Bilboko Portuarentzat ere aukera izan daiteke, Hormaetxek azaldu duenez: «Europa iparraldeko portu guztiak prestatzen ari dira energia eolikoaren sektoreari zerbitzuak eskaintzeko. Bilboko Portua garrantzitsua izango da esportaziorako, direla palak, direla brida handiak… Adibidez, Euskadin ekoizten diren errodamenduak orain errepidez joaten dira, baina, gero eta handiagoak izango direnez, portutik joan beharko dute. Horrelako korridore bat izateko, logistikan ere lehiakor izateko, elkarlanean ari gara, portuarekin, [Bizkaiko] aldundiarekin, Jaurlaritzarekin…».
Flotagarritasuna, bultzada
Itsasoko energia eolikoaren hazkundea mugatua izan da orain arte, munduan ez direlako hainbeste errota finkoak ezartzeko moduko plataforma kontinentalak. Haize errota flotagarriak dira itsasoko energia eolikoaren hazkunderako bidea, nahiz eta teknikoki askoz ere konplexuagoak diren. Iberdrolako Garciaren aburuz, dena den, «eoliko flotagarriak utzi dio ingeniaritza problema izateari, funtzionatzen duela frogatu delako, eta estrategia problema da orain: sektoreak prestatu egin behar du logistikarako, industrializaziorako, baimenetarako, finantza ahalmena izateko… 2030. urtea baino lehen ehunka MWeko proiektu flotagarriak garatzeko».
Izan ere, zailtasunak zailtasun, finko edo flotagarri, itsasoko energia eolikoa sustatzeko apustu argia egiten ari dira hainbat herrialde. Energia eolikoa giltzarria izango da klima larrialdiari aurre egiteko, energiaren deskarbonizaziorako, eta itsasokoak, printzipioz, kontrakotasun txikiagoa piztuko luke lurrekoak baino.
Apustu hori egin du, adibidez, Alemaniak. Olaf Scholz kantziler bihurtu duen koalizio gobernurako akordioarekin herrialdeak argindar mix-aren %80 berriztagarriekin bete nahi du 2030ean —lehen, helburua %65 zen—. Hori lortzeko, besteak beste, itsasoko energia eolikoko ahalmen instalatua 30GWekoa izatea nahi du, 40GWera handitzeko 2035ean, eta 70GWera 2045ean. Ezinbestekoa izango zaio Ipar Itsasoko ur urrunetara joatea, eta akordio transnazionalak bultzatzea, bai Ipar Itsasoan baita Itsaso Baltikoan ere.
IEA Nazioarteko Energia Agentziak ere hazkunde esanguratsua aurreikusi du itsasoko energia eolikoarentzat. Azken urtean Txinak atera ditu aurrera proiektu gehien, besteak beste, hango garatzaileak presaka ibili direlako iraungitzear dauden laguntza publikoak eskuratzeko. Haien hazkunde erritmoa geldotu egingo da ziurrenez, baina beste merkatu berrietan oinarrituko da datorren bost urteko hazkunde sendoa. Erresuma Batua, Alemania, Belgika, Danimarka eta Herbehereetako ohiko merkatuei Frantzia, Taiwan, Hego Korea, Vietnam eta AEBetako eskala handiko proiektuak gehituko zaizkie.

Urrian aurreratutako datuak pixka bat zuzendu zituen atzo Eustatek, baina ez okerrera, hobera baizik. Horien arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPG barne produktu gordinaren hazkundea moteldu egin da urteko hirugarren hiruhilekoan, aurrekoarekin alderatuz gero. Bigarren hiruhilekoan %2,2 hazi zen, eta hirugarrenean, berriz, %1. Edonola ere, moteltzea ez da iragarri bezain handia izan: %0,8 hazi zela esan zuen urrian.
Orduan, Eustatek jakinarazi zuen industria izan zela moteltzearen eragile nagusia, hornidura katean zeuden arazoak zirela eta. Datuek baieztatu egin dute iragarpen hori: industriak %0,2 egin du atzera hiruhileko batetik bestera.
Tasa negatiboa izan du lehen sektoreak ere (-%7,2). Zerbitzuak hazi egin dira (+%2,3), baina kontsumoarekin lotutako haren osagaia — merkataritza, ostalaritza eta garraioa— %2,7 uzkurtu da.
Urte arteko tasan ere zuzenketa bat egin du Eustatek, gorantz. Urrian, %3,8 esan zuen, eta orain dio %3,9 izan dela. Edonola ere, urrun dago Eusko Jaurlaritzak udako hilabeteetarako egin zuen iragarpenetik (%5,5).
Urritik abendurako hiruhilekoan urte arteko %7,4ko hazkundea iragarri zuen Pedro Azpiazuren sailak, baina orain ez da ausartu kopuru hori berrestera. Hori bai, «ditugun datuek pentsarazten digute urteko azken hiruhilekoa hobea izango dela hirugarrena baino», azaldu du. Besteak beste, 2020ko udazkenean koronabirusaren bigarren olatuak hainbat murrizketa ekarri zituelako ostalaritzan, eta maila horretako neurririk ez dagoelako oraindik indarrean.
Urte arteko tasa izan ohi da fidagarriena ekonomiaren osasuna neurtzeko, gertaera puntualen eragina leuntzen duelako, baina ez da horrela azkenaldian, konfinamenduak eragindako kolpeak, haren erreboteak eta koronabirusaren hurrengo olatuek datuak desitxuratu dituztelako. Horrela, urteko bigarren hiruhilekoan %18,6ko hazkundea eman zuen, inoizko handiena, itxialdiaren hilabeteekin alderatzen delako.
Bizkaiak, datu hobeak
Lurralde historikoen araberako BPGari dagokionez, 2021eko hirugarren hiruhileko honetako bilakaera homogeneoa izan da urte arteko terminoetan: % 3,9ko hazkundea Araban eta Gipuzkoan, eta % 4,0koa Bizkaian. Hiruhilekoen arteko bilakaera desberdinagoa izango da, baina positiboa hiru lurraldeetan: Bizkaian, % 1,4ko hazkundea; Gipuzkoan, %0,6koa, eta Araban, %0,3koa. Azken bi lurralde horietan du industriak pisurik handiena.
Enpleguak bilakaera ona izan zuen uztailetik irailera, %0,9 handitu baitzen dedikazio osoaren baliokide diren lanpostuetan neurtuta; zenbaki osoetan, 8.000 enplegu gehiago dira. Urte arteko tasan, berriz, iazko udan baino %3,5 lanpostu gehiago izan dira aurtengoan.