Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2023ko eta 2024ko ebaluazio diagnostikoen berri eman du, eta nabarmendu du datuek hobera egin dutela zientziarako gaitasunean, eta azken urteetako joerari eutsi diotela gainerakoetan. Horri lotuta, «emaitzak hobetzeko estrategia integrala» aurkeztu dute prentsaren aurrean. «Joera positiboa da, baina ezin gara erlaxatu», adierazi du Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak. 2023ko azterketa LHko 4. mailako eta DBHko 2. mailako ikasleei egin zitzaien, eta iazkoa LHko 6. mailako eta DBHko 4. mailakoei. Horietan, euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko hizkuntza komunikaziorako gaitasunak ebaluatzen dituzte, baita matematikarako eta zientzietarako gaitasunak ere. Emaitzen arabera, lehen hezkuntzako ebaluazioetan batez besteko puntuazioak egonkor mantendu dira, aurrez egindako azterketekin alderatuz gero. Halere, 2024ko datuei dagokienez, nabarmendu dute zientziarako gaitasunak sei puntu egin duela gora LHko 6. mailako ikasleen artean. Kontrara, lau puntu egin du behera gaztelaniazko hizkuntza komunikaziorako gaitasunak. Hain zuzen, Josu Solabarrieta ISEI Irakats-Sistema Ebaluatzeko eta Ikertzeko erakundeko zuzendariak adierazi du hura dela «hobekuntza arloetako» bat. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari dagokionez, berriz, 2023ko datuen beherakada nabarmenak erakutsi zituzten zientzia eta gaztelania gaitasunetan. Halere, 2024ko emaitzek ez dute halakorik adierazten, eta 2022ko ebaluazioko emaitzen parekoak dira; hain zuzen, haiekin alderatuta, bost puntuko gorakada bat dago gaztelanian. Euskara gaitasunean, berriz, hiru puntuko beherakada. Errendimendu mailari erreparatuz gero, hiru talde bereizten ditu azterketak: hasierako maila, erdi maila eta aurreratua. Solabarrietak adierazi duenez, Europako Batasunak jarritako helburua da 2030erako lehen mailan dauden ikasleen kopurua %15era murriztea, eta adierazi du urratsak egiten ari direla norabide horretan. LHko 6. mailako ikasleen artean, ehunekoa handiagoa da alor guztietan, baina nabarmen egin du behera zientzian: %33tik %21era. Gainera, landutako bost alorren artean, hasierako mailan duen ikasleen ehunekorik handiena euskarazko hizkuntza komunikaziorako gaitasunean ageri da: ia hirutik bat (%31). DBHko 4. mailako ikasleen artean, hasierako mailan dauden ikasleen ehunekoa txikiagoa da oro har, baina gaztelaniazko gaitasuna da %15eko mugan dagoen bakarra. Eta LHko kasuan bezala, euskarazko komunikazio gaitasunean dago ehunekorik handiena DBHko maila horretan, eta gora egin dute 2022ko azterketatik: lau ikasletik bat. Solabarrietak azaldu duenez, emaitzek lotura estua dute baldintza sozioekonomiko eta kulturalekin. Hau da, gero eta maila sozioekonomiko handiagoa izan, orduan eta garapen handiagoa. Alde hori presente dago emaitzak jatorriaren arabera aztertuz gero ere; batez ere, euskarari dagokionez. Era berean, nesken eta mutilen datuei ere erreparatu diete. Haien arabera, aldaketarako joera batzuk antzeman dira azken ebaluazioetan, eta, DBHko 4. mailako ikasleen artean, murriztu egin da nesken eta mutilen arteko aldea. Halere, neskek emaitza hobeak eskuratzen dituzte matematiketan ez beste alor guztietan. «Anbizioz» Emaitza horiei zein aniztasunak, bilakaera demografikoak eta teknologia berrien garapenak irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuetan duten eraginei erreparatuz, Jaurlaritza errealitate berri batera egokitzeko urratsak egiten ari da, Pedrosaren esanetan. Hala, adierazi du euskal hezkuntza sistema «eraldaketa prozesu batean» dagoela, eta hartan «anbizioz eta autoexijentziaz» jokatuko duela Jaurlaritzak. Jada lanean ari dira arlo horretan. Lucia Torrealdai Hezkuntza Politiketako sailburuordeak eman du martxan dituzten zenbait proiekturen berri. Besteak beste, honako hauek aipatu ditu: EHUrekin elkarlanean garatzen ari diren ikaskuntza sozioemozionalean sakontzeko» programa; adimen handiko ikasleak goiz antzematekoa, eta Haur Hezkuntzan ikaskuntza zailtasunak dituzten ikasleen identifikatzekoa. Ikasle zaurgarrienei begira, berriz, nabarmendu du Eraldatzen programa 67 ikastetxe publikotan dagoela martxan, «bizikidetza hobetzeko eta gaitasunen ikaskuntzan oinarritutako hezkuntza inklusiboa sustatzeko» helburuekin. Era berean, hezkuntza hobetzeko adituen foroari ere erreferentzia egin diote Hezkuntza Saileko ordezkariek. Hain zuzen, haren arduren artean dago ebaluazio diagnostikoen emaitzen azterketa, eta haietan oinarritutako hobekuntza estrategiak diseinatzen laguntzea. Hain zuzen, azaldu dute hezkuntza programak ebaluatzeko eredu bat definitzen ari dela foroa, «hezkuntza sistema hobetzeko erabaki zehatzagoak» hartzeko xedearekin.
Euskararen eta iberieraren arteko harremanari buruzko ikerketa bat ondu du Joan Ferrer i Jane epigrafistak eta Bartzelonako Unibetsitateko Littera taldeko kideak, eta X sare sozialean eman du haren berri. Bi hizkuntza horien arteko lotura badela frogatu nahi izan du ikerketaren bidez. Ogei (20): una possible marca lèxica de capacitat ibèrica expressada en àmfores, sobre un dolium de Ruscino (Perpinyà) izena du lanak (Ogei (20): anforatan adierazitako neurri iberiarraren marka lexikal posible bat Ruscinoko (Perpinya) dolium batean), eta, 2022an idatzi bazuen ere, orain gutxi eman du argitara. Ikerlariak iberieraren eta euskararen arteko paralelismoak aztertu ditu bi hizkuntzen zenbaki sistemak alderatuta, eta, BERRIAri azaldu dionez, bere ondorio nagusia da iberierak eta euskarak «sustrai» bera izan dezaketela, hau da, ama hizkuntza berean izan dezaketela jatorria. Ja ha sortit el treball del 2022 (#DoliaexHispania) sobre el dolium de Ruscino amb el text ibèric ogei, que indica la capacitat en àmfores, cosa que es pot validar gràcies a les marques llatines i confirma la relació amb el numeral basc (h)ogei (20). https://t.co/XOTtCj85qj 1/10 pic.twitter.com/RHvbxv3YJP — Joan Ferrer i Jané (@joanferrerijane) February 16, 2025 Iberiera K.a. I. mende inguruan desagertu zen, baina epigrafia iberiarraren bidez dokumentatua dago. Euskarak, berriz, bizirik iraun du gaur arte, eta hizkuntzalari batzuen hipotesia da iberierarekin lotura izan zezakeela. Eduardo Orduña filologoak 2004. urtean egin zuen iberierazko eta euskarazko zenbaki sistemaren arteko antzekotasunei buruzko lehen proposamena, eta lan horretan sakonduta ondu du ikerlana orain Ferrerek. Eta biek ala biek ondorioztatu dute badela «ahaidetasuna» bi hizkuntzen artean. Ferrerek dioenez, iberieraren eta euskararen arteko harremana lexikoan ez ezik gramatikan eta idazkeran ere antzeman daiteke. Ikerlariak iberiar hizkuntzaren zenbakizko sistema ikertu du bere lanean. Horretarako, Ruscino hirian (Perpinya, Herrialde Katalanak) 1988an egindako indusketetan aurkitutako dolium edo buztinezko ontzi bateko inskripzioa aztertu du. III. mendearen amaierakoa edo II. mendearen hasierakoa da grafitoa, eta bertan, beste zenbaki batzuen artean, ogei hitza ageri da; ikerlariaren ustez, hitz hori dolium-en edukiera edo kantitatea adierazteko erabiltzen zen. Ontzien edukiera batez beste 26 litro inguruko amphorae quadrantales unitatekoa zela kontuan hartuta, orgei/ogei hitzak 20 amphorae esan nahi duela uste du egileak. «Ogei zenbaki iberiarraren balioa euskarazko hogeiren antzekoa da, eta zenbaki konposatuak osatzeko erabiltzen da: orgeirur (23), orgeikelaur (24), orgeiabar (30)», azaldu dio BERRIAri. Indusketa horretan eta beste batzuetan edukiera txikiagoko dolium-ak topatu dituzte, eta hori baliagarria izan da ziurtatzeko Perpinyan topatutakoa 20 amphorae-koa dela. Edukiera neurtzeko sistema oso baten parte da ogei hitza, ikerlariak azpimarratu duenez. Izan ere, irur (hiru), laur (lau), sei (sei), sorse (zortzi) eta abar (amar) zenbakiak ere aurkitu zituzten ontzien grafitoetan. Ikerlari katalanak gogoratu du ontzietan ez ezik iberiar txanponetan ere topatu dituztela euskararekin harremana duten hitz batzuk. Esaterako, Untikeskeneko txanpon etxean ekoitzi ziren txanponetan (K.a. II. mende inguruan), ban (bat), erder (erdi) eta serkir (seiko) hitzak aurkitu zituzten. Ferreren ustez, horrek are pisu handiagoa ematen dio bi hizkuntzen arteko loturaren hipotesiari. Ikerlariak azpimarratu du iberieraren eta euskararen arteko harremana ez dela «kasualitatea»; kontrara, ahaidetutako hizkuntzak dira, eta ama hizkuntza beretik datoz. Horrenbestez, uste du ikerketak aukera ematen duela bi hizkuntzen arteko antzekotasun gehiago aurkitzeko: «Pentsatzekoa da zenbakietan ez ezik beste hitz askotan ere izango dituztela antzekotasunak». 1. @joanferrerijane ikertzaile estimagarria da. Berriki erakutsi du bere maila Turuñueloko abezea aurkitzean. Dudarik gabe, bere saioa aintzat hartu beharrekoa da — Blanca Urgell (@b_urgell) February 17, 2025 Hotzago azaldu da Blanca Urgell Euskal Filologiako doktorea Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea, X sarean bertan idatzitako hari batean. Ferrer i Janeren ekarpen akademikoaren maila aitortuta ere —«Ikertzaile estimagarria da. Berriki erakutsi du bere maila Turuñueloko abezea aurkitzean»—, Urgellek ez du uste egindako aurkikuntza nahikoa denik ahaidetasunaren hipotesia ontzat jotzeko. Azaldu duenez, antzinako euskararen eta iberieraren «fonemen inbentarioa» paretsua da, «antzekoa eta mugatua», eta, horrenbestez, «aski erraza» da euskal zenbakien berdinak edo antzekoak diren testu zatiak aurkitzea. «Erraza izatea ez da nahitaez ona honelakoetan: zenbakiak aurkitu nahi badituzu, zenbakiak aurkituko dituzu». Haren hitzetan, ahaideak direnik baieztatu ahal izateko hots aldaketa arauak aurkitzea litzateke espero beharreko «gutxieneko kontua».
«Mila amarruko gizona, Musa, konta zadazu/ munduan ibili zena luzaro lekuz leku/ Troiako hiri santua zuenean urratu./ Gizon askoren hiriak ezagutu zituen/ haien ohiturak ikasi, bai eta bihotzean/ asko neke ere sufritu pontoaren gainean/ lehian zebilela bere bizitza salbatzeko/ eta lagunak etxera onik eramateko». Hala dio Homeroren Odisea greziar epopeiaren hasierak. Hainbat hizkuntzatara itzuli da, eta Matias Mujikak jatorrizko bertsiotik euskaratu du orain. Gaur aurkeztu du itzulpen lana, Donostiako Udal Liburutegian. [articles:2133037] Mendebaldeko literaturaren lehen zutabetzat jotzen dira Homero eta haren Odisea eta Iliada poema epikoak. Aedoek —Grezian epopeiak deklamatzen zituztenek— ahoz aho transmititu zuten Odisea, eta urteak aurrera joan ahala, idatziz jaso zen. Grezieraz idatzi zen lehendabizi, eta hainbat hizkuntzatara itzuli dute gerora. Abenturazko istorio bat kontatzen da Odisea-n, Ulisesen etxerako bidaia; alegia, Greziako mitologian aipatzen den Troiako gerratik Itakarako bidea. Iliada-ren jarraipena dela ere esan izan da. Izan ere, Troiako gerran jazotakoak jasotzen dira hartan. Hala, itzuleraren terminoari heldu dio Aritz Gorrotxategi Balea Zuria argitaletxeko editoreak liburua aurkezteko: «Lan bat hizkuntza batetik bestera ekartzea ere bidaia moduko bat da, bidaia asko aldi berean. Eta, hara non, hizkuntzak ekartzeari itzulpen esaten diogun. Ulises eta itzulpengintza ezpal berekoak edo bidaideak balira bezala». [articles:2133482] Homeroren lan originaletik abiatuta eta neurtitzetan egin den euskarazko lehen itzulpena ondu du Mujikak. Baina ez da Odisea euskarara itzuli den lehen aldia. Hala Gorrotxategi editoreak nola Mujika itzultzaileak gogorarazi nahi izan dute Odisea-k badituela bi aurrekari euskaraz. 1985ean bizkaierara ekarri zuen Aita Onaindia apaizak, eta 2007an gazteentzat egokitutako prosazko bertsioa moldatu zuen Juan Cruz Igerabidek, Erein argitaletxearentzat. «Lan horien bidez hasi zen Odisea gurera etortzen, eta Matias Mujikaren itzulpenarekin, itzuli egin da. Luzerako, espero dut», gaineratu du editoreak. Errimatu gabeko neurtitzak Bizpahiru urteko lanaren emaitza da Mujikak aurkeztutako euskarazko itzulpena. Lan korapilatsua izan dela aitortu du autoreak, baina korapilo horiei jarritako soluzioak ere aipatu ditu. Bereziki, egiturari dagokionez. «Itzulpen tradizio handia dauka Odisea-k. Mila aldiz, mila hizkuntzatara eta mila modutara itzuli dute gaur arte. Batzuetan prosan, besteetan neurtitzetan. Errimarekin edo errimarik gabe. Testua erabat errespetatuz edo sinpletuz… Itzultzaile bakoitza bere modura ibilia da. Eta horrelako lan bat egiteko, itzultzailea berak hartu beharreko erabaki sail baten aurrean aurkitzen da». Prosa baztertu eta itzulpena neurtitzetan egitea izan da Mujikak hartutako lehen erabakia. «Odisea ez da nobelatxo bat, baizik eta poema epiko bat. Horrelako obren formak dakartzan estiloak osagai funtsezkoak dira. Eta hori kenduz gero, Odisea benetan desitxuratua gelditzen da». Horri dagokionez, itzultzaileak nabarmendu du ez duela zalantzarik egin: «Asmoa baldin bada irakurleari helaraztea obraren esentzia estilistikoa zein den, nahitaezkoa da euskaraz ere originalaren antzeko artefaktu erritmiko bat sortzea». «Horrelako obren formak dakartzan estiloak osagai funtsezkoak dira. Eta hori kenduz gero, ‘Odisea’ benetan desitxuratua gelditzen da» MATIAS MUJIKA Itzultzailea Gainera, nahita erabili du autoreak neurtitz terminoa, eta ez bertso hitza. «Bertsoak estrofaren kutsua ekartzen digu burura euskaldunoi, eta nahasgarria da, Odisea-k ez baitauka estrofarik. Bertso, lerro eta neurri bakarreko poema bat da, hasi eta bukatu bitartean 12.000 hexametro bata bestearen ondotik jarriak; beti neurri berean eta inolako mozturarik gabe». Mujikaren esanetan, egitura hori ere «funtsezkoa» da obraren estiloan, irakurlea «liluratu» egiten baitu. «Bestela, hori gabe arriskua dago testua aspergarria iruditzeko. Bertsoaren metrika horrek errazten du irakurlea poemari entregatzea», gaineratu du. [articles:2133840] Hori erabaki eta gero, zein neurri erabili hautatu behar izan du itzultzaileak. «Hamabost silabako euskal bertso luze tradizionala» aukeratu du Mujikak, «zortzi eta zazpi silabako bi hemistikioz» osatua, eta originala bezala, errimarik gabea. Hori arazoa ere bada, neurri hori hexametroa baino «laburxeagoa» baita, eta euskara grekoa baino «luzexeagoa» ere badelako. Horregatik, euskarazko bertsioak eta bertsio originalak ez daukate lerro kopuru bera. «Ez dut ahaleginik egin horretara egokitzeko. Grekoz zegoena euskarara itzultzeko behar adina lerro erabili ditut. Gehiegizko behardura zela iruditzen zitzaidan. Eta horrek askotan jatorrizko testua gehiegi distortsionatzera eramaten zaitu», aitortu du Mujikak. Aitortza Etxeberriri Finean, jatorrizko bertsioari «traiziorik ez egitea» izan da Mujikaren hautua. Eta azaldu du Joanes Etxeberriren Manual devotionezkoa liburua erabili duela horretarako. «Nik behar nuenerako eredu on bat izan da. Eta makina bat trikimailu edo bidezidor kopiatu dizkiot bertsoa edertzeko eta osatzeko». Bertso egilearekin daukan «zorra» aitortzeko asmoz oroitu da harekin aurkezpen prentsaurrekoan, eta eredutzat hartu duen liburuko bertso bati tokia egin dio Odisea liburua zabaltzen duen aipuan: «Ikhussiric, nola bainaiz iaiatcez escalduna/ gure natioa dela kopla maite duena/ hartaracotz iaquiara diat versuz ecarri/ lasterrago ikhas eta maizago aiphagarri».
Petronorrek 2028an jarriko du martxan 100 MWeko elektrolizagailua, 260 milioi euroko inbertsioarekin. Gainera, 2030erako 70 kilometroko hidrobidea eraikitzea aurreikusten du, industria sektoreko enpresak hornitzeko asmoz.
Eskatutako trenak agindutako epean ez egiteagatik 116 milioi euroko isuna ordaindu beharko dio tren ekoizleak Renferi. Ondorioz, langileek 10 milioi euro gutxiago jasoko dutela kalkulatu du CSIF sindikatuak.
“Gure Ardoak” Euskadiko edarien erakusleihoa izan da Euskalduna Jauregian. Mahastizaintza eta ardogintzaren sektorea indartzeko 101 upategi eta ekoizle bildu dira Euskadiko edarien showroomean.
Bigarrena jarraian irabazi dute. Erkiaga eta Ibarluzea dira aurtengo Winter Series txapelketako garaileak, finalean Ladutxe eta Manciri gailenduta (15-10 eta 15-12). Hirugarren txapela du Ispastergo aurrelariak, eta bigarrena Markina-Xemeingo atzelariak. Gernikako Jai Alai pilotalekuan (Bizkaia) jokatu da finala, eta bikaina izan da giroa. Faboritoak ziren Erkiaga eta Ibarluzea txapelketaren hasieratik, baita finalean ere, eta merezita jantzi dute txapela. Puntista onenaren saria ere Erkiagarentzat izan da. Erkiaga, gaur, Gernikan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU Finala berdinduta hasi da, baina lehen setaren erdikalderako tartea zabaldu da (7-4). Errenta horri eutsi diote Erkiagak eta Ibarluzeak. Bigarren setean ere errenta txikiak izan dituzte alde irabazleek, eta tanto ederrak ikusi ahal izan dituzte pilotazaleek.
Binakakotik kanpo geratu dira Altuna III.a eta Bikuña. Azken-azkeneko neurketak erabaki du txapelketako ligaxkako sailkapena, Aspekoek Jon Ander Peña-Jon Ander Albisuren aurka Donostiako Atano III.ean jokatutakoak: 4-22 gailendu dira urdinak, emozio gutxi izan duen partidan. Matematikak errazak ziren: bikote irabazleak lehian jarraituko du, eta galtzaileak agur esan dio binakakoari. Txapelketatik kanpo geratu diren bi bikoteak, beraz, Aspekoak dira: Peio Etxeberria-Martija eta Altuna III.a-Bikuña. Eta finalaurrekoetara zuzenean sailkatu diren bi bikoteak, berriz, Baikokoak: Ezkurdia-Rezusta eta Laso-Iztueta. Agerikoa da azken urteetako joera hautsi dela. Gaurko partidan Peñak eta Albisuk egurra eman diete Altunari eta Bikuñari. Baikokoak txapeldunorde izanak dira binakakoan, baina behar bezain ondo aritu ezinda ibili dira denbora luzez. Ordea, gora egin dute azken jardunaldietan, eta bolada onean iritsi zaie partida erabakigarria. Presioa Albisu nagusi izan da atzeko koadroetan, tantoak bukatzen asmatu du Peñak, eta gorriak ezinean aritu dira uneoro. Jokoan sartzen gutxi utzi diote Altunari, eta sartu denean ere ez da fin aritu. Bikuñak sekulako presioa zuen, nabaritu da, eta hasiera hasieratik hautsi da partida. Irabazleek Zornotzan jokatuko dute kanporaketa datorren ostiralean, Jaka-Imazen aurka.