Laboral Kutxak 51,8 milioi euroko irabaziak izan ditu 2021eko…

Laboral Kutxak 51,8 milioi euroko irabaziak izan ditu 2021eko lehen seihilekoan. Emaitza horiek % 12,7ko hobekuntza erakusten dute, 2020ko denbora tarte berarekin alderatuta.




Diru horren banaketari buruz hitz egiteko konferentzia telematikoa izan zuen atzo Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroak autonomia erkidegoetako sailburu ekonomikoarekin. Ministroak adierazi zuen dagoeneko erabakita dagoela diruaren hiru laurden, 7.230 milioi euro, nora joango diren.
Konferentzia horretan parte hartu ondoren, Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak ziurtatu zuen bere gobernuak ia 500 milioi euro dituela bermatuta. Hiru urtean jaso beharreko dirua da hori, eta Gasteizko gobernuak berak kudeatu beharko du haren banaketa. Madrilera bidalitako Euskadi Next planean, berriz, Jaurlaritzak 6.400 milioi euro eskatu zituen bere proiektuetarako.
Azpiazuk gaineratu zuenez, irailetik aurrera jakingo dute gehiago diruaren banaketari buruz.
Nafarroako Gobernuak ez zuen daturik eman.
Frantziarrak ez, euskal herritarrak dira Acedoko kanpinaren (Nafarroa) bezero nagusiak. Ireki zutenetik beteta egon da. Kanpineko zuzendariak, Eugenio Tardientak, azaldu du konfinamenduaren ondoren bezero askok kanpinetara jo dutela, «aire freskoa nahi baitute, eta naturatik gertu egon», eta horrek guztiak kanpinen alde egin duela. Tardientarentzat ona izan dena txarra izan da Alvaro Diaz Munio Destino Bilbao hotel elkarteko lehendakariarentzat. Hark ere nabarmendu du kanpinetara jo dutela herritar askok, eta bezeroak asko urritu zaizkiela hoteletan.
INEren 2019ko ekaineko datuak aurtengoekin alderatuz gero, beherakada handia egon da hoteletako bezero kopuruan: 2019an, 395.000 bezero eduki zituzten Hego Euskal Herriko hotelek, eta, iaz 60.000ra jaitsi ondoren, aurten 222.000ra iritsi dira. Landetxeen kasuan, 2019ko 29.800 bezeroen %30 eduki zituzten 2020an, eta %64 aurten. Egoera horren harira, kanpinek berreskuratu dituzte bezero gehien: duela bi urteko 54.100 pertsonaren %42 izan zuten iaz, eta %75 aurten.
Datuek diotena baieztatu du Acedoko kanpineko nagusiak: «Maiatzean ireki genuenetik, jende asko dugu hemen». Bungalow, partzela eta apartamentuak beteta izan dituzte. «Astean zehar lasaiago bagaude ere, asteburuetan dena betea izaten dugu; ostiral eta larunbatak izugarriak dira». Cedric Txasko Chibau Berria Donibane Lohizuneko (Lapurdi) kanpineko nagusiak ere Tardientarekin bat egin du: «Azken bi urteak zailak izan badira ere, aurten kanpina betea izan dugu uztail osoan».
Uda okerragoa pasatzen ari direla esan du, aldiz, Zarauzko kanpineko zuzendariak (Gipuzkoa), Irati Sesmak. «Hemen, normalean, europar asko izaten ditugu, eta, aurten, penintsulako jendea bakarrik dugu». Horregatik, ez dute dena betetzea lortzen. Gainera, kanpinean edukiera mugaturik ez badute ere, aldaketa batzuk egin behar izan dituzte gune komunetan distantziak mantentzeko eta kutsadurarik ez egoteko: «Gela zuri bat prestatu dugu, ohe eta komun eta guzti, positiborik balego bertan sartzeko, eta dutxetan kartel batzuk jarri ditugu, erabili ondoren desinfektatu egin behar direla abisatzeko».
Acedoko kanpinean ere moldaketak egin dituzte. Igerilekuan, edukiera muga jarri behar izan dute, eta maskara jartzea bete beharrezko araua da. «Hala ere, mugek ez dute jendea atzera bota, eta, zenbait erreserba bertan behera geratzen bazaizkigu ere , segituan okupatzen dira berriro», dio Tardientak. Zarauzko kanpinean ere joan den hilabetean atzera egin dute bezero batzuek. Gauzek hobera egitea espero du Sesmak: «Abuztuan beteago izaten dugu kanpina, eta, eguraldia hobea izanez gero, hurrengo hila agian hobea izango da».
Donibane Lohizuneko kanpinean ere, erreserba batzuk bertan behera geratu zaizkien arren, zuzendariak esan du ez dutela halakorik izan COVID 19agatik. «Beldurra izan genuen, aldaketak egin behar baikenituen neurriak betetzeko, baina jendeak ondo erantzun du, eta orain beteta dugu kanpina». Azaldu du garbiketan egin dutela esfortzurik handiena, eta garbiketa hori mantentzen laguntzeko eskatu dietela bezeroei; bisitariek ondo erantzun dute. Txaskok azaldu du hurrengo asteetan ere kanpina beteta izango dutela, ia dena erreserbatua baitute.
Acedon, abuzturako aurreikuspen ona egiten dute: %80-90eko okupazioa espero dute. Tardienta zuzendariak argi du azken hilabeteen ondoren jendeak nahiago duela naturatik gertu egon, eta zera aitortu du: «Espero dut egoera honetatik ateratzen garenean orain kanpinetara lehen aldiz datorren jendea etorriko dela aurrerantzean ere, eta okupazio bera izango dugula».
Landetxeek eta landa apartamentuek ez dute izan kanpinen igoera handirik, familia ezberdinak eta lagun kuadrilla handiak ezin elkartzeak zailtasun handiak ekarri baitizkiete. Nafarroako Landetxeen Federazioko lehendakari Maria Angeles Ezkerrek honako hau azaldu du: «Landetxe asko handiak direnez, normalean familia batek baino gehiagok alokatzen dituzte, baina, konfinamenduaren ondoren ezin denez, turismo mota hau jaitsi da».
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egoera Nafarroakoaren antzekoa dela berretsi du Idoia Ezkurdia Nekaturreko kudeatzaileak. Edukiera mugek egin diete min handien. «Hogeirentzako etxe indibidual batean lauko taldeak bakarrik elkartu bazitezkeen, ezin zuten ordaindu; beraz, ez zituzten alokatzen». Mugen eraginez, Nekaturreko datuen arabera, 2020ko fakturazioa %80 jaitsi zitzaien. Orain, berriz, edukiera mugak eremu komunetan bakarrik dituztenez, datuak gorantz doazkie berriro.
Landa ostalaritzan, beste hainbat eremutan bezala, aldaketak egin behar izan dituzte etxeetan eta apartamentuetan. Ezkurdia eta Ezker bat datoz garbiketarako erabiltzen dituzten produktuetan egin dutela aldaketarik handiena. Birusen aurkako garbiketa produktuak erabili behar dituzte, eta, gainera, dekorazioa eta beharrezkoak ez ziren altzariak kendu dituzte leku gehiago izateko eta distantziak mantentzeko. Horrez gain, digitalizazioa sartu dela ere aitortu du Nekaturreko kudeatzaileak: «Ordainketak, giltza ematea eta erregistratzea, aurrez egin beharrean, modu digitalean egiten hasi gara, kontaktua ekiditeko».
Bosgarren olatuaren eragina sumatu dutela azaldu dute bi elkarteek; batez ere, azken orduko erreserben erritmoa jaitsi dela aipatu dute. «Noizean behin, erreserbak bertan behera geratzen dira, positiboak direla eta, edo kontaktuak izateagatik, baina beti azken orduko erreserba asko izaten ditugu, eta, azken hamabost egunetan, horien falta nabari da», esan du Ezkerrek.
Olatuak olatu, Ezkurdiak datu onak iragarri ditu. «Duela bi urteko datuetara iristea espero dugu, nahiko gertu gabiltza, eta, txertaketak aurreratuta egonda, uste dugu bezero kopurua gorantz joango dela».
Ez du aurreikuspen onik egin Alvaro Diaz Muniok, Destino Bilbaoko lehendakariak. «Uztailean %40ko okupazioa izan dugu, eta abuzturako ere horrelako datuak izatea espero dugu». Gainera, horri gehitu dio gelak merkatu egin behar izan dituztela: « %50 inguru jaitsi behar izan ditugu prezioak, eta, hala ere, ez dugu lortu hotel erdia baino gehiago betetzea».
Nahiz eta gela guztiak sal ditzaketen, gune komunetan gehienez %35eko edukiera dute, eta horrek buruhausteak ekarri dizkie; batez ere, otordu garaietan. «Bezeroek uste dute etortzean gosaltzeko lekua izango dutela, eta, jantokian jende gutxi izan dezakegunez, ordutegiak moldatu behar ditugu». Nahi baino bezero gutxiago dituzte, eta langileak ere ohi baino gutxiago: haien %50, hain zuzen, ABEE aldi baterako enplegu erregulazioan.
Bizkaiko hotelen egoeraren guztiz bestelakoa da Ezpeletako Euzkadi hotelarena (Lapurdi). Haren jabe Isabelle Darraidouk kontatu du maiatzean ireki zutenetik ia beti okupatua dutela: «27 gela ditugu, eta horietatik bi edo hiru izaten ditugu hutsik; bestela, beteak ditugu beti». Darraidoutarren hotelean ez dute edukiera mugarik, baina batzuetan taldekatze mugak izan dituzte jantokian: «Lauko edo seiko taldeetan banatu behar genituen bezeroak jatetxean, baina, edukiera mugarik gabe dena betea genuenez, berdin zitzaigun».
Bezeroen jatorrian ere ezberdintasunak daude bi lekuetan. Diazek azaldu du Madril eta Bartzelona ingurutik etortzen zaizkiela batik bat, eta batez ere familiak direla. Darraidouk, berriz, Frantziako jendea du hotelean.
Bosgarren olatua bezeroen dudak eta beldurrak sortzen hasia da batean zein bestean. «Bezero batzuek erreserba bertan behera utzi dute beldurragatik. eta beste batzuek galdezka deitzen dute», kontatu du Diazek. Euzkadi hotelera ere deitzen dute abuztuan erreserba dutenek: batzuek, kutsatzeko beldurragatik eta beste batzuek, txertatu gabe joan daitezkeen galdetzeko. «Txertatu gabe etor daitezkeela esaten diegu, noski, baina ezin dutela gure jatetxean jan».
Diazek eta Darraidouk egoera ezberdina bizi badute ere, biek esan dute egoera kontraesanezkoa dela. «Kaleak beteta daude eta asko maskararik gabe dabiltza, baina guk neurri asko bete behar ditugu aurrera jarraitzeko», salatu du Darraidouk.



«Aldaketa sakona bilatzen dugu». Irmoki egin du berba Alex Lopez Ekhilur kooperatibako kideak. Utopiatik ihesi, egungo jardunaren bidez «bestelako ekonomia bat» sortzeko lanean murgilduta dabil; «inori itxaron gabe, gaurdanik pausoak emateko prestutasunez». Hain zuzen ere, helburu horrekin garatu dute Ekhilur ordaintzeko sistema berria. Bilbon eta Hernanin (Gipuzkoa) ari dira probatzen. Urtebez egingo dute saioa.
«Lortu nahi dena ez da bakarrik tokiko ekonomia bultzatzea, birlokalizatzea eta komunitatea indartzea. Horren bidez, gure azken helburua da sistema ekonomikoan aldaketa sakon bat egitea; finean, hazkundean oinarrituta ez dagoen sistema ekonomiko bat garatzea da asmoa», jakinarazi du. Txikitik eraginez gauza handiak lor daitezkeela sinistuta dago Lopez. Horregatik, desazkundearen teorietatik edanda, eta teknologia berriak erabiliz, logika berri bat eman nahi izan diote tokiko txanponen sistemari, eta Ekhilur ordaintzeko sistema berria horren emaitza izan da.
Orain, Bilbon eta Hernanin abiatu dituzte sistemaren lehenbiziko probak, eta, dena ondo joatekotan, urtebete barru beste hainbat udalerritara hedatzea espero dute.
«Hainbat dendarirekin hitz egin dugu, ikusteko zer onarpen izango zuen sistemak, eta, egia esan, Ekhi txanponarekin aurretiazko esperientzia bat genuenez, harrera nahiko ona izan da», kontatu du Lopezek. Sistema martxan jartzeko, REAS ekonomia solidarioaren sarearekin ere elkarlanean dabiltzala azaldu du, sistema berria garatzeaz gain, bestelako ekonomia batean oinarritutako proiektuei ere bultzada emateko.
Momentuz, 60 denda daude sisteman, eta, orain, horien bidez, dendariak «sartuz» joango direla esplikatu du Lopezek. «Zerrenda webgunean jarri dugu, jendeak ikus dezan zer-nolako eskaintza dagoen. Horren ostean, dendari bakoitzak hamar erabiltzaile sartu ahalko ditu sistema proba dezaten, bazkide izateko beharrik gabe».
Proba saio bat izango dela erantsi du kooperatibako kideak, saretze prozesu bat garatzeko helburuarekin jarri dutela martxan. «Urtebetez saretze hori garatuz eta sistema finduz joango gara. Helburua izango da sistema aztertzea, gainontzeko udalerrietara zabaldu baino lehen: aplikazioa testatu, sor daitezkeen arazoak konpondu…». Esan duenez, badira jada interesa azaldu duten udal batzuk, eta, behin probaldia amaituta, sistema udalerri horietara zabaltzea izango da kooperatibaren asmoa.
Sareen sarea
Lopezek zehaztu duenez, sistema osoak sare bakar bat izango balitz bezala funtzionatuko du, eta horren baitan, azpisare lokalak sortuko dituzte: «Bilboko eta Hernaniko sareen bidez, sare handi horren barruan dauden bi azpisare jarriko ditugu martxan. Orain horiek zelan funtzionatzen duten probatuko dugu, eta, gero, helburua izango litzateke sare guztiak haien artean lotuta egotea». Haren esanetan, ideia nagusia izango da sareak haien artean elkarlaguntzea. «Sareen sare bat sortu nahi dugu, proiektuari bideragarritasuna emateko oinarri nagusi bezala».
Izan ere, Lopezen aburuz, orain arte garatu diren proiektuak «tokikoegiak» izan dira, eta, sistema berri honen bidez, horrek sortzen zituen arazoak gainditu nahi dituzte. «Azpisareen sistemaren bidez, tokikotasuna mantenduko genuke, besteak beste, udalei haien aurrekontua ekonomia lokalera eramaten laguntzeko; baina, aldi berean, sare osoan ibiltzeko aukera ere zabaldu nahi dugu; batez ere, dendariei zuzenduta. Hortaz, jasotzen duten dirua, Hego Euskal Herriko sare osoan erabili ahalko dute dendariek; beraien hornitzaileei erosteko, esate baterako».
Proiektua bideragarria egiteko, Lopezek dio urtebetean mila bazkide inguru lortu beharko lituzkeela kooperatibak Bilbon. «Ehun dendari eta mila bazkiderekin proiektua autosostengarria izango litzateke. Gero ikusi beharko da nola garatzen den». Horretarako, hasiera batean, sarea eratuko den auzoko jendea animatu nahi dute parte hartzera. «Edonork parte har dezake, dendari zein erabiltzaile gisa, baina, hasiera batean, toki jakin batean zentratu nahi dugu, gure baliabideak ere mugatuak direlako, eta, azken finean, helburu nagusia ez delako soilik tokiko ekonomia bultzatzea, baizik eta toki bateko komunitate osoa», argudiatu du Lopezek.
Zapikaleetan lehenbizi
Bilboko Zazpikaleetan abiatu dute proiektua, eta ordainketa sistema bertan garatzea izango dute helburu. «Oso garrantzitsua da Bilbon gauzak ondo joatea, erreferente handia izan daitekeelako sistema beste udalerri batzuetara hedatzeko orduan». Hori lortzeko, funtzionatzeko era erraztu dutela esan du; eta sistemaren jarduna aztertu eta sistema bera ere finduz joango direla azaldu du.
«Ondo bidean, datorren urteko uztailean ikusiko genuke zer-nolako egoeran dagoen proiektua», iragarri du. Behin urte oso bat igarota, proiektua baloratu eta egin beharreko aldaketak egin ostean, jada Hego Euskal Herri osora hedatu ahal izatea espero du Lopezek.