Nafarroan jada eska daitezke auto elektrikoa erosteko laguntza publikoak
Espainiako Gobernuak Moves planaren bitartez erkidegoei emandako dirua da Nafarroako Gobernuak banatuko duena. 3,5 milioi joango dira auto elektrikoaren erosketa laguntzeko, eta gainontzekoa auto horientzako kargalekuak instalatzeko izango da.
Auto eta furgoneta elektrikoak eta hibrido entxufagarriak erosteko izango dira laguntzak. Auto guztiz elektrikoak erosten dituztenek 7.000 euroko laguntza izango dute baldin eta auto zaharra txatartegira botatzen badute, eta 4.500 euro halakorik egiten ez badute. Furgoneten erosketak, berriz, 9.000 euro jasoko ditu eroslea partikular bat bada eta zaharra gainetik kentzen badu, eta 5.000 eta 3.000 artean eroslea enpresa bat bada. Laguntza %10 handitu ahal izango dute 5.000 biztanletik beherako herrietan bizi direnek.
Diru horri batu behar zaizkio auto elektrikoa erosten dutenei Nafarroako Ogasunak ematen dizkien zerga kenkariak. Erosketaren %30 adinakoak dira, behin Moves planaren deskontua aplikatuz gero.
Jaurlaritzak, irailean
Jaurlaritzak ere bere gain hartu du Moves planaren kudeaketa. Espainiako Gobernuak 16,4 milioi eman dizkio, eta horietatik bederatzi bideratuko ditu autoen erosketa laguntzera, eta beste 7,4 milioi instalazioak egitera. Uda tartean denez, Jaurlaritzak erabaki du irailaren 28ra arte ez duela laguntza eskaerarik jasoko. Hori bai, apirilaren 10etik aurrera auto elektrikoa edo hibrido entxufagarria erosi dutenek jaso ahalko dute.
Kostata izan bada ere, eskaintza ugaritu ahala, azkenean lortu dute auto elektrikoek kontsumitzaileen arreta bereganatzea, eta %5eko merkatu kuota gainditu dute jada. Urtarriletik ekainera 1.209 ibilgailu elektriko matrikulatu dituzte Hego Euskal Herrian, iaz epe horretan halako bi. Autoak dira horietako gehienak.



