Donostia gene terapiaren erreferentzia da Bayerri esker
Biak ala biak egon ziren Viralgenen potentzialtasuna azaltzen EAEko agintari gorenen eta enpresa munduko hainbat eragileren aurrean: besteak beste, Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu, Ekonomiaren Garapeneko sailburu Arantxa Tapia, Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olano, Donostiako alkate Eneko Goia, Adegiko presidente Eduardo Junkera, eta Mondragon taldeko presidente Iñigo Uzinen aurrean. Espainiako Zientzia ministro Pedro Duquek ere eskertu zuen Bayer multinazionalak Viralgenen egindako inbertsioa, eta, une oro, Gipuzkoa eredu gisa jarri zuen ikerketa eta garapenaren alorrean eta esportatzeko gaitasunari dagokionez.
Viralgen 2016an sortu zuten, eta orain hilabete gutxi erosi zuen Bayerrek. AEBetako AskBio ere erosketa prozesu berean bereganatu zuen. AskBiok zituen Viralgenen akzioen %50; izan ere, Jude Samulski ikerlariaren hauspoa funtsezkoa izan du bost urteotan. 4.000 milioi euroko operazioa izan zen, eta Stefan Oelrich Bayerren goi agintariak berretsi du Viralgenen inbertitzen jarraituko dutela, sinetsita daudelako «erabateko garrantzia» izango duela «mundu osorako». Hizlari guztiek azpimarratu zuten Donostia dagoeneko munduko erreferentzia dela terapia genetikoetan.
Luzerako etorri da Bayer
70 milioi euroko inbertsioari esker eraiki dute goi teknologiarekin baizik jarduten ez duen instalazioa. 130 langile ari dira han jadanik, ikerkuntzaren alorrean, baina merkatura bideraturik. Guztira, 260ko lantaldea osatuko da inbertsio fase guztiak amaitzean, 120 milioi eurorekin. Urkulluk garbi utzi zuen Europaren aitortza dutela berriro Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak berrikuntzaren alorrean. «Euskadik bere posizioa berreskuratu du berrikuntza handiko eskualde gisa». Viralgen martxan jarri zenean esandakoa gogoratu du agintariak: «Gure helburua da Europako farmazia enpresa handiek lurralde interesgarritzat jotzea Euskadi». Eta Bayerren apustua aitortzen eta eskertzen duela erantsi zuen.
Alemaniako konpainiako goi agintari Stefan Oelrichek esaldi biribila utzi zuen Bayerren asmoen inguruan: «Luzerako gaude hemen. Konpainiaren matrizetik etorri naiz esatera. Viralgenen gisako proiektuak dira medikuntzaren geroa». Oelrichek errepikatu zuen Viralgenek egiten duena «bakarra» dela munduan. «Laborategitik gaixoetara transferitzen ari dira ezagutza».
Nafarroako Gobernuak 700 milioi euro erabiliko ditu enplegu planean,…
Atzo eguerdiko sinadura ekitaldian, pozarren ziren lau elkarteetako ordezkariak: Txibite bera, Juan Miguel Sukunza CENeko presidentea, Txetxu Rodriguez Nafarroako CCOOko idazkari nagusia, eta Jesus Santos UGTko idazkari nagusia. Era berean, gobernuko hainbat kontseilari izan ziren bertan.
Sinatu ostean, Txibitek nabarmendu zuen «aldaketen eta eraldaketen garai historiko batean» heldu dela bosgarren enplegu plana. «Ez gara ari soilik behin-behineko arazoak konpontzeko neurri zehatzez: eredu aldaketa bati buruz baizik. Eraldaketa sakona izango da, eta azkar egin behar da». Erronka horri aurre egiteko ikuspegi bateratuak eta elkarrizketa soziala behar direla azpimarratu zuen.
Gizarte Elkarrizketaren Kontseiluan eman da negoziazioa, eta ELAk eta LABek ez dute parte hartu, organo antidemokratikotzat jotzen dutelako, besteak beste. Horri buruz galdetuta, Txibitek esan zuen «hor egon nahi izan duten sindikatuak» hor daudela, eta ez dutela inor baztertu. Haren esanetan, aurrera jo beste erremediorik ez dute izan. Akordioa aurrera atera duelako, «ausardia» eskertu zion Txibiteri UGTko Santosek, eta deitoratu zuen aurreko legealdian ez zela posible izan enplegu plan bat aurrera ateratzea: «Ez zen guregatik izan».
Planaren 701,7 milioi euroak Nafarroako aurrekontuetatik eta Europako Batasuneko laguntzetatik helduko dira, baina oraingoz ez da zehaztu gobernuak zenbat jarriko duen. Sukunzak aipatu zuen jada Europako laguntzak iristen hasi direla, eta Nafarroako ekonomia «uste baino hobeto» dagoela oraintxe. Aurten, adibidez, neurrietan 173 milioi inbertitzea espero da.
Enplegu planak 23 helburu estrategiko ditu, eta horiek betetzen diren gainbegiratzeko, sinatzaileek eurek jarraipen batzorde bat osatuko dute. Hiru hilean behin bilduko da. Planaren aurrekontu nagusia lehiakortasun arloko neurriek (300 milioi) eta enplegu politika aktiboen laguntzek (277 milioi) jasoko dute.
Berritasunen artean dago segurtasun arloko lurraldeko ordezkariaren figura berreskuratu egingo dela. Enpresetan, berdintasun planak bultzatzeko alor horretako ordezkari bat egotea ere bultzatuko da. Gainera, lehen eta bigarren hezkuntzan derrigorrezko ikasgaien artean egongo dira herritartasuna, ekintzailetza eta fiskalitatea, 2022-2023ko ikasturtetik aurrera.
LABen kritika
Ohar bidez, LABek salatu du Gizarte Elkarrizketaren Kontseiluaren ordezkaritza sindikala ez dela iristen %50era, CCOOk eta UGTk ez dutelako gehiengorik. LABek uste du beste sindikatuei betoa jarri zaiela. Sindikatuaren ustez, «propagandaz harago», akordioak ez du jasotzen «prekaritatea amaitzeko eta enplegu duina bermatzeko neurririk». Segurtasun arloko ordezkaria berreskuratzea ontzat jo du, baina ohartarazi du erne egongo direla sindikatuen finantzaketa iturri bihurtu ez dadin.
Makina Erremintaren azoka 2022ko ekainaren 13tik 17ra egingo dute…

Makina Erremintaren biurteko azoka 2022ko ekainaren 13tik 17ra bitartean egingo dute Barakaldoko BECen. 2020ko edizioa bertan behera geratu zen pandemiagatik.
Tubos Reunidosek uztailean SEPItik 112 milioi euro jasotzea espero…

Tubos Reunidosek uztailean SEPItik 112 milioi euro jasotzea espero du. Datozen hilabeteetan ekoizpena handitzea espero dute, eta ERTEei uko egingo diete.
Repsolek Muskizen kokatuko ditu Industria-eraldaketaren eta Bezeroen egoitza sozialak

Repsolek Muskizera eramango ditu Industria-eraldaketa eta Bezeroen egoitza sozialak, 2021-2025 plan estrategikoan finkatutako lau jarduera-eremuetatik bi.
Beste proiektu fotovoltaiko bat iragarri dute Araban, seigarrena
Gaur-gaurkoz, parke bakarra dago martxan: Ekian. Araba hegoaldean dago, Erriberabeitian, eta 55 hektarea ditu denera. Ekimen publikoz eta pribatuz sortutako gunea da, Jaurlaritzaren eta 26 enpresen artean, eta parkea osatzen duten 67.000 eguzki panelak iazko urtarriletik ari dira energia ekoizten. Handik gertu ari dira egiten Ekienea parkea ere. 200 hektarea izango ditu parkeak, eta horietatik erdiak eguzki plakez betetakoak izango dira. 100 megawatteko potentzia instalatua izango du, hots, urtean 160.000 pertsona hornitzeko gaitasuna izatea aurreikusten dute bultzatzaileek.
Baina bi horiez gain, beste bost proiektu asmo iragarri dituzte. Solaria enpresarenak dira bi: Arratzua-Ubarrundian egingo litzateke bata, eta Burgu eta Barrundia artean bestea; 50 MW sortzeko 100 hektareako bi parke lirateke. New Circle Energy enpresak ere 40 hektareako parke bat jarri nahi du, lautadan, Agurain inguruan. Herrialdearen hego-mendebaldean, Lantaronen, ipiniko lukete Repsolek eta Aldeamayor enpresak. Bi horien parkeak txikiagoak dira, nolanahi ere: 30 eta 18 hektareakoak, hurrenez hurren.
Horietako batzuek hasiak dituzte elkarrizketak kontzejuekin eta lursailen jabeekin, eta litekeena da aurki zirt edo zart egin behar izatea, proiektuarekin aurrera egin edo ez erabakitzeko.
Nekazarien protestak
Testuinguru horretan, Arabako hainbat herritako bizilagunak kexu azaldu dira energia berriztagarria ekoizteko nekazaritzarako erabiltzen diren lurrak baliatu nahi dituztelako. Hainbatek salatu dute, gainera, proiektu zehatzik gabe erabakitzera behartu nahi dituztela.
Arratzua Ubarrundiako herritarren kasua da hori, esaterako. Proiektu honi ez! izeneko elkartean batu dira herritarrak, eta salatu dute «presioak» eta «mehatxuak» jasan dituztela parkea egin nahi duen enpresaren aldetik: Solaria. Bada, erakundeei eskatu diete energia berriztagarrien lurraldeko plan sektoriala eguneratzeko, eta hori egin artean proiekturik ez onartzeko.
Jaurlaritzak landa eremuen ikuspegia jaso nahi du erabakietan
Landa Garapenaren Lege proiektua onartu du Jaurlaritzak, zeinaren bitartez estrategia berri bat ezarriko duen bere politiketan, lurralde garapenaren kontzeptuan ikuspegi berri bat txertatuz. Izan ere, Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomia Garapeneko sailburuaren hitzetan, aldaketa garrantzitsuak izan dira azken hogei urteetan, eta horiek eragin zuzena izan dute landa eremuarengan, bai eta landa inguruaren eta hiriaren arteko harremanean ere. Legebiltzarrera eramango dute lege proiektua orain, han onartzeko.
Tapiaren hitzetan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako landa eremuak «ez daude hutsik», eta hori «orekari» eusteko egin den lanaren ondorio da, hein handi batean. Oraintxe bertan, EAEko biztanleen %8,3 bizi da landa eremuko herri txikietan, hots, kilometro karratuko 150 biztanle baino gutxiago dituzten udalerrietan. Sailburuaren arabera, datua ez da hain kezkagarria; are gehiago, nabarmendu du pandemia garaian «igoera oso nabarmena» izan dela zenbait herrietako erroldetan. Araban eman da aldaketa hori, batez ere: Mendialdean, esaterako, %7 handitu da biztanle kopurua azken urtean; %2,5 inguru handitu da Añanako eskualdean, eta %3 Zuian.
Organo berri bat
Hala ere, administrazioak landa ingurunea bizitzeko leku erakargarria izatea nahi du, eta herrialdearen ekonomiaren, gizartearen eta lurraldearen garapenerako eta kohesiorako «funtsezko faktore» izatea. Horretarako, funtsezkotzat jo du landa eremuan bizi direnen garapen aukera hirietan dagoenaren maila berekoa izatea, nola bizi kalitateari dagokionez hala ekonomia eta lehiakortasunari dagokionez ere. Hau da, landa eremuan ere berrikuntzari, modernitateari eta ekintzailetzari garatzeko aukera ematea nahi du, nekazaritzaren «zeregin estrategikoa» baztertu gabe.
Horretarako, egun martxan dauden laguntza programak indartzeaz gain, Euskadiko Landa Garapeneko Sarea sortzea proposatu du. Landa garapenean inplikatutako erakunde eta eragileen arteko koordinazioa eta lankidetza bultzatzea izango luke zeregin nagusitzat. Organo berri hori osatuko lukete, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren, foru aldundien, Eudelen, Arabako Kontzejuen Elkartearen, Kuadrillen, Haziren, Landa Garapenerako Elkartearen, Tokiko Ekintza Taldearen eta lurraldeko eta sektoreko beste erakunde batzuen ordezkariek.
Pandemian asko edan eta gutxi gastatu dute familiek
Familien gastuari buruzko inkestaren arabera, familien gastu orokorra %7,75 jaitsi zen iaz Hego Euskal Herrian: 40.167 milioi eurotik 37.054 milioira.
Jaitsiera igarri da etxeetako batez besteko gastu kopuruetan ere. Pandemiaren eragozpenekin, 2020an familiek aurreko urtean baino 2.925 euro gutxiago gastatu dituzte EAEn (-%8,5), hots, 31.498 euro. Eta 2.130 euro gutxiago gastatu dituzte Nafarroan (-%6,3): 31.780 euro batez beste.
Azkenean, COVID-19ari aurre egiteko murrizketa guztiek aldatu egin dute etxeetako gastuaren banaketa. Etxebizitzari lotutakoek (etxebizitza, argindarra, gasa…) 2019an gastuen herena hartzen zuten Hego Euskal Herrian; iaz, baina, familiek beren aurrekontuaren zati handiagoa bideratu dute horiek ordaintzera, derrigorrez: %37,4. Eta berdin gertatu da elikagaiekin: gastuaren %13,9 hartzen zuten, eta iaz, berriz, %16,4.
Iaz Hego Euskal Herrian janarian gastatutako guztian, deigarriak dira bariazio batzuk. Esaterako, arrainetan egindako gastu osoa %20,5 handiagoa izan da; haragitan egindako gastu orokorra %8 igo da; barazkietan egindakoa %14; eta fruituetakoa, berriz, %9,8.
Pandemiak etxe askotako bizimoduan eragindako aldaketen adierazle dira beste bi epigrafe: komunikabideena, eta alkoholdun edariena eta tabakoarena. Azken horietan Hego Euskal Herriko etxeek guztira egindako gastua modu ikusgarrian igo da, 527 milioi eurotik 631 milioira (%19,7). Garagardoa izan da nagusi; hain zuzen, 72 milioi eurotik 108 milioi eurora handitu da iaz Hegoaldeko euskal herritarrek etxerako garagardotan egindako gastua: %49,5 gehiago gastatu da. Ardoa erosten ere %29,5 gehiago gastatu dute, 187 milioi euro.
Komunikabideek etxeko aurrekontuaren %2,6 hartzen zuten, eta %3,1era pasatu dira iaz. Prentsan egindako gastua %11,5 handitu da, orotara.
Jaitsiera, etxetik kanpo
Aldiz, beste gastu batzuek pisua galdu dute. Adibidez, etxeetako gastuen zati handi bat garraiora joan ohi da (%11,1 2019. urtean), eta, nola ez, pandemiarekin jaitsi egin da, %9,6ra.
Galera handienetakoa, dena den, jatetxe eta hoteletan egindako gastuak izan du: 3.537 milioi eurotik 2.038 milioira jaitsi da horretan egindako gastu osoa. Pakete turistikoetan %57 gutxiago gastatu da, eta diru gutxiago bideratu da jantziak (-%24,2) eta oinetakoak erostera ere (-%18).
Internet bidezko erosketentzat ere urte oparoa izan da iazkoa. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako etxeen %38,8k egin dute erosketaren bat bide horretatik.