Next funtsen kudeaketan autonomien papera defendatuko du Azpiazuk Madrilen

Sailburuak hainbat ministeriori aurkeztuko die Jaurlaritzak egindako ‘Euskadi Next’ plana, Europako funtsen laguntza jaso nahi duten proiektuak biltzen dituena.


Sindikatuek Euskal Herrian denda asko dituzten hiru taldetako egoera nabarmendu dute. H&Mri, Inditexi eta El Corte Inglesi egotzi diete irabazi handiei eustearren dendak ixtea eta lan taldeak txikitzea. «Inditexek, nahiz eta 3.800 milioi euroko irabazi garbia izan, azken lau hilabeteetan 23 denda itxi ditu Hego Euskal Herrian, eta, ondorioz, enplegua kendu eta lan baldintzak okertu ditu, langile askori lanaldia murriztuz».
H&Mn, berriz, langileek apirilaren 22an hasitako greba bukatu dute asteon, enpresarekin akordioa lortu ondoren. ELAk aldarrikatu du berak babestutako grebak eragin duela inor kalera ez joatea, baina kontakizun hori gezurtatu dute CCOOk eta UGTk, eta beren negoziazioen ondorio izan dela ziurtatu dute.
Europako Batasunak biltzen dituen datuen arabera, 95 gasolinaren litroa batez beste 1,367 euroren truke saltzen dute Espainian, eta gasolio litroa, 1,231 euroan. Urte hasierako lehen buletinean, urtarrilaren 11koan, hamazazpi zentimo merkeagoa zen gasolina: hortaz, %14 garestitu da azken bost hilabeteetan. Gasolioaren prezioa, berriz, %13,5 handitu da.
Erregaia garestiagoa da Frantzian —EBren arabera, 1,531 euro balio du gasolina litroak, eta 1.408 gasolioak—, baina haren prezioa gutxiago emendatu da urte hasieratik: %10 gasolina, eta %6,8 gasolioa.
Hego Euskal Herrian garestiagoak dira batezbesteko horiek. Atzo bertan, Espainiako Industria Ministerioaren arabera, Araban 95 gasolinarik merkeenaren litroa 1,25 euroan zegoen, eta garestiena, 1,469 euroan. Bizkaian, 1,267 eta 1,481 ziren prezio merkeena eta garestiena; Gipuzkoan, 1,269 eta 1,479 euro; eta Nafarroan, 1,209 eta 1,356.
Salneurririk merkeenak azalera handiko saltokietako gasolindegietakoak dira; errepideko zerbitzu estazioetan, prezio garestienaren inguruko salneurriak daude, gehienetan 1,44 eurotik gorakoak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan prezio merkeagoak daude, oro har. Dena den, 2012ko irailera joan behar da egungoak baino prezio garestiagoak aurkitzeko: hil horretan 95 gasolinaren litroak, batez beste, 1,522 euro balio zuen, eta gasolio litroak, 1,444.
Gasolina merkearen aroa bukatu da, bistan denez. Brent upela 75 dolarren muga gainditzear dago, eta LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak eta haren aliatuek, Errusia buru, lortu dute upelaren prezioa %40 igotzea azken urtean: 2021. urtea 51 dolarrean hasi zuen. Adituek diote ehun dolarreko Brent upela ere izango dela datozen hilabeteetan. Pandemiaren osteko susperraldi ekonomikoa hasia da Txinan eta AEBetan batik bat, baina baita Europan ere, eta energia beharra ziztu bizian handitzen ari da.
Petrolio gehiago
Kartela iazko udaberrian hasi zen ekoizpena txikitzen, Saudi Arabiak beste ekoizle handien aurka hasitako prezio gerrak hari ere kalte egiten ziola ohartu zenean. Berriro ere upela goranzko bidean jarri ondoren, iturria poliki-poliki hasi da irekitzen. Uztailerako, orain baino bi milioi petrolio upel gehiago egongo dira merkatuan. Petrolio ekoizleek uste dute ekonomia globala eta eskaria suspertzen ari direla, eta Saudi Arabiak men egin diela ekoizpena handitzeko presioei, bai erakunde barnetik, bai aliatuen aldetik eta baita kanpotik ere egin dizkioten presioei. Hala ere, garai batean baino dezente gutxiago ekoizten jarraituko du LPEEk.
Euroguneko estatu kideen artean, Alemanian garestitu da gehien erregaia, eta haren atzetik Espainia dago. 50 litroko biltegi bat duen auto bat hartuz gero, duela urtebete baino 15 euro inguru garestiagoa da autoren biltegia betetzea Hego Euskal Herrian. Duela urtebete, ordea, pandemia betean zegoen Europa osoa; konparazioa 2019ko ekainarekin eginez gero, aldeak ez dira hain handiak: bi euro ingurukoak baino ez.
Arazoa ez da berehalakoan desagertuko. Autoen ekoizpenerako beharrezkoak diren osagai elektronikoen eskasiak autogintza osoari eragin dio, eta, gutxien-gutxienez, arazoak urte osoan iraungo duela espero da. Baliteke 2022ra ere luzatzea.
Krisiaren jatorria iaztik badator ere, industriak aurten nabaritu du batik bat haren eragina. Sektoreak azaldutakoaren arabera, honezkero 500.000 ibilgailuren produkzioa atzeratu da Europan, eta Iruñean eta Gasteizen nabaritu dute hornidura falta. Mercedesek produkzioa eten zuen martxoaren 23an. VWek gauza bera egin zuen martxoaren 25ean, 26an eta 27an.
Krisiak agerian utzi du just in time edo hornidura kateko osagaiak unean jasotzeko ereduaren arriskua. Orain arte, eskularru kutxa azpiko IMB3 zentralitaren gabeziak eragin dio batik bat buruko mina Volkswageni. Apirilean erabaki zuen ez ixtea eta osorik bukatu gabeko ibilgailuak ekoiztea. Asmoa zen osagaiak iritsi ahala falta zen eskularru azpiko zentralita jartzea eta prozesu osoa burutzea.
Bitarte luze horretan logistika arazo handia sortu zaio. Gaur-gaurkoz, Iruñeko fabrika ondoko aparkalekuan bukatu gabeko 5.000 ibilgailu ditu geldi: 3.000 T-Cross eta 2.000 Polo. Zuzendaritzak espero du 1.500 Polo bukatzeko aukera egongo dela, baina oraindik 500 Polok kanpoko aparkalekuan jarraituko dute.
Aste honetan, Polo berria
Aldi berean, atzerapen horrek bat egin du Polo berriaren jaulkipenarekin, eta arazo gehigarri bat eragin diezaioke multinazionalari. Aurreko modeloa eskatu duten bezeroei autoa ez zaie iritsi oraindik, eta datorren astean Polo modelo berriaren lehen autoak merkaturatzen hasiko dira. Hain zuzen ere, herenegun gauean hasi ziren ibilgailu berriak egiten.
Eskularru kutxa azpiko zentralitaz gain, orain irrati pantailako zentralita eta motorreko beste zentralita baten hornidura arazoa gehitu zaio, eta VWek erabaki du hemendik aurrera ez duela bukatu gabeko autorik egingo. Datorren astean, hortaz, bi egunez baino ez dira egongo lanean Landabenen, eta zuzendaritzak sindikatuei ere onartu die ekainaren 28tik aurrerako astea ere zaila izango dela. Berez, espero dute uztailean eta abuztuan egoera apur bat hobetuko dela, nahiz eta krisia ez den desagertuko.
Oraintxe bertan ez da uste egoerak hirugarren modeloari eragingo dionik. Irailaren 27tik aurrera, Taigo izeneko crossover modeloa egiten hasiko dira. Produkzioa bermatuta dago oraingoz.

