Lehia Batzordeak oniritzia eman dio BBVAk Sabadell erosteko eskaintzari: eta orain zer? Baimena ez da behin betikoa, eta Espainiako Gobernuak du orain hitza. 3. fasea deritzo prozesuaren azken parteari, eta baliteke irailean bukatzea.
Harropuzkeriaz betetako adierazpen probokatzaileen atzean, mehatxu ageriko eta ezkutukoen azpian, ehun egun geroago, Donald Trump kikiltzen hasia da. Horixe erakusten dute zantzu guztiek. Egia da luze doala hau guztia, ematen duela mende bat pasatu dela tarte labur honetan. Hiru hilabete eskasean, Trumpek mundua aztoratu du, eta kalte handia eragin arlo diplomatikoan, ekonomikoan eta sozialean. Eta, tamalez, oraindik ere min handia eragingo du. Hain zuzen, «beste hiru urte eta erdi» esaldia behin baino gehiagotan entzun da egun hauetan AEBetako albiste kateetan. Baina hel diezaiogun auziari atalez atal. Lehen egunean Ukrainako Gerra amaitu behar zuen Trumpek. Zain gaude oraindik; besteak beste, Zelenskik ez baitu onartu irtenbiderik errazena, Ukraina erabat errenditzea. Herenegun, Vladimir Putinez fidatzen ote zen galdetu zion kazetari batek AEBetako presidenteari, eta hark erantzun zuen kazetariak pizten ziola mesfidantza. To, Etxe Zurira itzuli aurretik gizon indartsuen artean konpontxo egitea erraza ikusten zuen Trumpek, baina orain ez dirudi Putinen pare dagoenik, ezta galderei zuzen erantzutera ausartzen denik ere. Hor kale, eta Txinarekin ere kale. Oraindik ere Xi Jinpingek noiz deituko zain baitago Trump, muga zergen kontua gizon indartsuen artean konpontzeko. Baina, hori bai, bitartean atzera egiten ari da Pekini jotako hordagoan. Elkarrekiko muga zerga orokor haiekin, gogoratu, ia berehala kikildu zen Trump —altxorreko bonuen joera kezkagarriaren bultzadatxoa lagun— eta egun gutxiren buruan iragarri behar izan zuen herrialde gehienen gaineko muga zergatan 90 eguneko geldialdia izango zela, you know, badakizu, zera… negoziazioei bide emateko. Trump, Etxe Zurira iristen atzo gauean. YURI GRIPAS / EFE Txinari %145eko muga zergak ezarri zizkion, ordea. Baina bueno, egun gutxiren buruan, gailu elektroniko batzuk (sakelakoak, ordenagailuak) salbuetsi zituen, eta orain, autoetarako osagaien gaineko muga zergak ere arindu ditu. Beldurtzen ari da eta. Ekonomia da Trump kikildu duena. Txinarekin hasitako sokatira neurrigabekoaren ondorioak laster dira igartzen hastekoak: apalak hutsik, inflazioa goraka, hazkundea moteltzen… Eta, gainera, kezka zabaldua da enpleguarekin zer gertatuko den… Aste honetan datu esanguratsuak plazaratuko dira. Noiz iritsiko dira Trump beldurrarazi duten datu benetan txar horiek? Ikusteko dago AEBetako konpainiek muga zergen aurretik zenbateraino handitu ahal izan dituzten inbentarioak. Horrek baldintzatuko du muga zergen inpaktua noiz sumatuko den. Eta ziurrenez, altxorreko bonuena noiz nabarituko den ere bai —horrek zuzenean eragiten dio AEBek zorra ordaintzeko duten gaitasunari, besteak beste—. Badaezpada ere, Trump ausarta hasia da inflazioaren bilakaeraren erantzukizuna Erreserba Federaleko presidente Jerome Powelli leporatzen, inflazioa izango dela gezurtatu ostean. Hori bai, ez da ahaztu behar koldar harroputzak arriskutsuak izan daitezkeela, eta, beraz, balitekeela Trumpek keinuren bat egitea gandorra altxatzeko, noiz-eta estatubatuarren artean onarpen gero eta eskasagoa duen honetan. Oilar agertu nahiko du, oilobusti izan beharrean. Eta horrelakoen pagaburu, normalean, ahulenak izaten dira.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek badakite gizartean diskriminazioa dagoela. Hala jaso du Ikuspegiren Euskadiko biztanleek diskriminazioaren inguruan dituzten pertzepzioei eta jarrerei buruzko inkestak —inkesta 2024. urteari dagokio—. Are, %45,9k uste dute «arazoa nahiko handia» dela. Uste dute etxebizitza edota ardura postuak eskuratzeko aukeretan nabari dela diskriminaziorik handiena. Hain justu, inkesta erantzun duten hamar pertsonetatik zazpik uste dute bai etxebizitza eta bai laneko ardura postu bat lortzeko orduan «ezberdintasunak» egiten dituztela, «pertsonaren arabera». Etxebizitza lortzeko orduan, adibidez, diskriminaziorako arrazoien artean gehien aipatutakoak hauek dira: «Baliabide ekonomiko gutxi izatea, atzerritar jatorrikoa izatea, ijitoa izatea eta langabezian egotea». Bestalde, herritarren erdiek baino gehiagok uste dute ijitoek jasaten dutela diskriminaziorik handiena. Jatorri etnikoa ere bada diskriminaziorako arrazoi bat, baita atzerritarra izatea ere. Azalaren koloreak eta itxura fisikoak ere eragina dute diskriminazioa pairatzeko garaian. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 1.200 herritarrek hartu dute parte Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiaren inkestan. Galdetegiaren bidez, herritarrek aniztasunaren inguruan duten jarrera eta irekitasuna ikertu nahi dute «eremu guztietan», baita diskriminazioaren pertzepzio soziala aztertu ere. Gaur argitaratu dituzte ikerketa horren emaitzak, Bilbon. Ondorio nagusi moduan, jakinarazi dute herritar gehienek nahiago dutela gizarte plural batean bizi, hau da, jatorri, kultura, erlijio sinesmen, sexu orientazio eta identitate desberdinetako pertsonekin, homogeneotasuna nagusi den gizarte batean baino. «Datuen arabera, diskriminazio estrukturala dago, eta diskriminazio horrek bereziki eragiten die ijitoei, atzerritar jatorrikoei, emakumeei eta baliabide ekonomiko txikiak dituztenei» JULIA XERXNEVA Ikuspegiko zuzendaria Nahi horrek, baina, ez du islatzen egungo errealitatea. Iaz, sei lagunetik bat baztertuta sentitu zen. Diskriminazio horrek eragin handiagoa izan zuen emakumeengan (%23,2) gizonengan baino (%9,4). Diskriminazioa jasan zutenetatik %40,2k «emakume izateagatik» pairatu zuten. Beste batzuek, berriz, gaztea, etorkina edo adinekoa izateagatik, edota itxura fisiko orokorrarengatik. Hein txikiago batean, hizkuntza, jatorri etnikoa edo desgaitasunen bat izatea izan ziren diskriminazioa jasateko arrazoia. Gertakari gehienak esparru publikoan eta lan esparruan izan ziren. Aurkeztutako kexak Baztertuta sentitu ziren herritar guztietatik %16,1ek baino ez zuten kexa, erreklamazio edo salaketaren bat aurkeztu. Zergatik? Hainbat arrazoi eman dituzte herritarrek. Hamarretik seik, adibidez, uste dute salaketa jartzeak ez duela «ezertarako balio». Beste batzuek, berriz, adierazi dute egoera ez zela neurriak hartzeko bezain larria, edo ez zekitela nora jo. Aipatzekoa da batzuek ez zutela salaketa aurkeztu iritzita diskriminazioa «ohikoa» dela gizartean. Nork bere larruan bizi izandako diskriminazio egoerei buruz ez ezik, ikusitako egoeren inguruan ere galdetu diete herritarrei. Inkestaren arabera, %26,7 horrelako egoeraren baten lekuko izan ziren iaz. Arrazoi ohikoenak jatorria, etnia eta azalaren kolorea izan ziren. «Datuen arabera, diskriminazio estrukturala dago, eta diskriminazio horrek bereziki eragiten die ijitoei, atzerritar jatorrikoei, emakumeei eta baliabide ekonomiko txikiak dituztenei», ohartarazi du Julia Xerxneva Ikuspegiko zuzendariak. Lan esparruari dagokionez, herritarrak prest daude «baliabide ekonomiko gutxi dituztenak, heterosexualitateaz bestelako sexu orientazioa dutenak, beste erlijio batekoak direnak, adinekoak, pertsona transak, desgaitasunen bat dutenak eta atzerritar jatorrikoak» kontratatzeko. Prestasun hori, baina, apaldu egiten da buruko gaixotasunen bat dutenekin (%64,7), baita ijitoekin ere (%62,3). Era berean, %80k baino gehiagok alokatuko liekete etxea «adinekoei, heterosexualak ez direnei, desgaitasunen bat dutenei, pertsona transei edo beste erlijio batekoei». Atzerritarrei, berriz, %72,2k alokatuko liekete etxea, %9,8k izkin egingo liokete aukera horri, eta %11,7k ez lukete egingo. Arrakala horiek handitu egiten dira herritarrei inguruko jendeaz galdetzean. Hau da, senideek edo lagunek haiek bezala jokatuko ote zuten galdetuta, datuok aldatu egiten dira. Esaterako, galdeketan parte hartu dutenen %62,3k esan dute ijito bat kontratatuko luketela, baina ingurukoek berdin jokatuko luketela uste denak %45 dira. Emaitzak ikusita, Xerxnevak ezinbestekotzat jo du «berdintasun politika publikoak indartzea, salaketak aurkezteko bideak erraztea eta, aldi berean, pertsonen arteko diskriminazioa desagerrarazteko lan egitea».
«Nire ustez, eta zalantzarik gabe, Aita Donostiaren obra nagusiena da». Halaxe aurkeztu du Josu Okiñena piano jotzaile, ikerle eta irakasle doktoreak Aita Donostia konpositorearen ‘llustrations musicales pour La Vie Profonde de Saint François d’Assise d’Henri Ghéon (Henri Gheonen Asisko San Frantziskoren bizitza sakonerako ilustrazio musikalak). Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde Ibone Bengoetxearekin batera aurkeztu du Okiñenak konposizioaren testu osoa batzen duen liburua, eta itzultzaileak ere alboan izan ditu: Paulo Agirrebaltzategi ohorezko euskaltzain eta frantziskotarrak euskaratu du liburua frantsesetik, eta Victor Herrero de Miguel poeta kaputxinoak gaztelaniaz paratu du. Elkarlanean egindako edizioa dela nabarmendu du Okiñenak. Abiapuntua, ordea, berea da. Iruñeko Kaputxinoen Probintziako Artxibo Historikoan dokumentazio bila ari zela, Aita Donostiaren eskuizkribu autografoa aurkitu zuen. Baita haren frantsesezko beste eskuizkribu bat ere, «serendipiaz»; hain zuzen, piezari antzerki-forma emateko eta oholtzaratzeko idatzitako egokitzapena da bigarren eskuizkribu hori. Besteak beste, aktoreentzako dialogoak eta kanturako hitzak agertzen ditu eskuizkribu horrek. Okiñenaren aburuz, nekez sailka liteke Aita Donostiaren pieza hori genero jakin batean, baina izatekotan «teatro lirikotzat» joko lukeela esan du: «Aita Donostiak ere halaxe deitzen zion». Illustrations musicales pour La Vie Profonde de Saint François d’Assise d’Henri Ghéon 1926ko azaroaren 1ean eta 6an taularatu zen Eliseoko Zelaietako Antzokian. Max Eschig argitaletxeak edizio moduko bat egin zuen urte hartan, baina, Okiñenaren arabera, «pieza oholtzaratu ahal izateko justuko lanak hartuta. Geroztik deskatalogatuta zegoen». Henri Ghéon poeta frantsesaren testu bat du oinarri. Hura egokitu eta musikaren lengoaiara eraman zuen Aita Donostiak. Bost zatitan, San Frantziskoren bizitza kontatzen da bertan; konbertitu zenetik hil zen arte. Haren heriotzaren zazpigarren mendeurrenaren karietara ondu zuen pieza Aita Donostiak, eta zortzigarren mendeurrenaren atarian heldu da liburua. «Mugarri bat euskal musikan» Agirrebaltzategik Okiñena joan zitzaionekoa ekarri du gogora. Kaputxinoen edota frantziskotarren artetik liburua nork euskaratu zezakeen galdegin zionean, ez omen zitzaion inor bururatu. Baina biharamunean bazuen kandidaturik: «Obra San Frantziskori buruzkoa izanik, eta laster haren haiotzaren zortzigarren mendeurrena izango dela kontuan hartuta, ilusioa egin zidan neuri». Itzultzeak eman dion lanaz mintzatu da Agirrebaltzategi: «Testua oso poetikoa da. Eta logika sarritan apurtzen denez, interpretazio problemak ere baditu. Erraza ez da izan, baina gozatu egin dut, testua oso bihotzekoa delako». «Testua oso poetikoa da. Eta logika sarritan apurtzen denez, interpretazio problemak ere baditu. Erraza ez da izan, baina gozatu egin dut, testua oso bihotzekoa delako» PAULO AGIRREBALTZATEGI Itzultzailea Gozatuagatik ere, horretan ordu asko eman behar izan dituela aitortu du Agirrebaltzategik. Hasierako poema neurtu bat ipini du zailtasun horren argigarri: «Benetan bihurria da. Interpretazio aldetik batetik, baina bestetik, neurtua delako». Itzultzailea neurri jakin horretara errenditzen saiatu zen lehendabizi, baina gustura gelditzen ez. Besteei begiratuta heldu zitzaion irtenbidea: «Gaztelaniazko itzulpena ikusi nuenean liberatu nintzen. Utzi ditzagun neurriak eta goazen itzulpen libreagoa egitera, neurririk gabe». Ordura artekoa bertan behera utzi, eta beste itzulpen bat egin zuen. Azken horrek gogobete zuen. Herrero de Miguelek ere testua itzultzeko zailtasuna aipatu du: «Ez da erraza piezaren sinbolismoa ulertzea. Edertasun handia du, bai estetikoki, bai etikoki ere. Frantzisko poetikoki bizi izan zen eta poema guztiak barne hartzen dituen poema idatzi zuen». Bengoetxeak Aita Donostia goraipatu du, bai euskal folklorearen biltzaile gisa, bai eta sortzaile gisa ere: «Ziurrenik, Aita Donostia Aita Gurea musika piezaren konposatzailea da gehienentzat, baina gure herri ondareko ia 2.000 letra eta partitura jaso zituen Euskal Eres-Sorta bilduman». Bengoetxearen ustez, liburuak aparteko garrantzia dauka euskal gizartearentzat: «Mugarri garrantzitsua da gure herrialdeko kultura ondarea berreskuratzeko, zaintzeko eta aitortzeko. Liburu honek herri gisa dugun historiaren zati bat irudikatzen du, gure identitate kolektiboaren parte da, eta, horri esker, gure iraganari etorkizuna ematen diogu, gure kultura bizirik mantentzeko. Lan zoragarria da». Parekorik ez duen obra bat dela dio Okiñenak: «Euskal musikaren historiako lan nagusietako bat da, besteak beste, folklorea eta Parisen ezagututako lengoaia abangoardista uztartuz, espiritualtasunean sakontzen duelako musikaren eta kantu gregorianoaren bidez». Aurrerantzean, obra interpretatzeko eta ikertzeko helduleku bat eskainiko du liburuak. «Euskal musikaren historiako lan nagusietako bat da, besteak beste, folklorea eta Parisen ezagututako lengoaia abangoardista uztartuz, espiritualtasunean sakontzen duelako musikaren eta kantu gregorianoaren bidez» JOSU OKIÑENA Musikari eta ikerlea
Iberdrolako eta Repsoleko arduradunek euren konpainiek lehen hiruhilekoan izandako emaitzen aurkezpenetan hitz egin dute, eta, besteak beste, itzalaldiaren harira berriro zabaldu den eztabaidara batu dira.
Balentria zuen amets, baina ez du lortu. Bidasoa ez da sailkatu Europako ligako Lauko Finalerako. Oro har txapelketa ona egin dute irundarrek, harro egoteko modukoa, baina azken neurketan birrindu egin ditu Alemaniako Melsungen taldeak. Joaneko partida gol batengatik galdu arren, egurra jaso du Artalekun: 22-32 amaitu da partida. Lehen ordu laurdenean indarrak pareko aritu dira bi taldeak, baina ez denbora gehiagoz. Hortik aurrera erabat hautsi da lehia, eta nagusi izan dira alemaniarrak. Konfiantzan ere nabaritu da aldea. Hala, final-laurdenetan esan behar izan diote agur lehiaketari. Partida bizi hasi da, eta jokaldi landuak egin dituzte bi taldeek; bai defentsan, eta baita erasoan ere. Lehen minutuetan oreka izan da nagusi, eta halaxe islatu du markagailuak ere: 6-6. Ez batak ez besteak ez zuen partidaren kontrola, baina pistan ondo zegoen Bidasoa, eta ez zen hori seinale txarra. Bi gol aurretik jartzea ere lortu du: 8-6. Ordu laurdena bete aurretik itzali da, ordea, Irungo taldea, eta ez da itzuli bere onera. Ez da gai izan lehen zati osoan gol gehiago sartzeko, eta bederatzi sartu ditu aurkariak. Hala, ihes egin dio kanporaketak. Bat-batekoa izan da, gainera, itzalaldia: hainbat eraso jarraian egin ditu ezin asmatuta, erabaki txarrak hartzen, eta horrek kondenatu du. Defentsan eutsi dio minutu batzuez, baina aurrera jo du Melsungenek, eta tartea zabaldu du azkenean. Joaneko partidan Bidasoako atezaina nabarmendu zen, meritu handiko hainbat geldiketa eginda. Bada, gaurko neurketan ondo ibili bada ere, Alemaniakoa izan da ikusgarri aritu dena. Horma bat eraiki du atean, eta Bidasoa nahi eta ezinean aritu da haren aurka. Ez du asmatu penaltietan ere. Bi jaurti ditu lehen zatian, eta biak gelditu ditu Adam Morawski atezainak. Bigarrenean ere, ezin Atsedenaldirako, 8-15 aurretik ziren alemaniarrak. Hortzak estutu eta lanean segitzea besterik ez zuen Bidasoak. Saiatu da, baina parean ez zuen edozein talde. Bi gol jarraian sartu dituzte irundarrek, baina azkar erantzun dute alemaniarrek. Istant batean ere ez diote utzi aldea murrizten. Kontrara, zuloa zabaltzen joan dira apurka. Azkenean, 22-32 bukatu da partida. Egun epiko bat bizitzeko gogoz joan dira zaleak Artalekura, eta lepo bete da harmaila. Hauspotu dute taldea, baina ez da nahikoa izan. Beste batean beharko du.
Bihar eta etzi Arriaga antzokian egitekoak diren Mari-Eli zarzuelaren emanaldiak ez du langileen oztoporik izango. Bilboko gizarte arloko epaitegian lortu dute akordioa Bilboko Orkestra Sinfonikoko zuzendaritzak eta langileek. Izan ere, BOSeko zuzendaritzak auzitara jo zuen langileen grebaren aurka, «legez kanpokotzat» eta «abusuzkotzat» baitzeukan. BOSeko zuzendaritzak Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia negoziazioan inplikatzeko konpromisoa erakutsi izanak akordioa bideratzen lagundu du, langileen ordezkari sindikalek adierazi dutenez. Izan ere, bi erakunde horiek finantzatzen duten Bilboko Orkestra Sinfonikoa. Auzitara jo aurretik, Lan Harremanen Kontseiluan bildu dira bi aldeak, baina ez dute lortu ados jartzea. Horrenbestez, Jesus Guridiren Mari-Eli zarzuelaren bi emanaldi egingo dituela berretsi du Arriaga antzokiak. Antzokiak berak produzitu du zarzuela, BBK fundazioaren laguntzaz. Jon Malexetxebarria da Mari-Eli-ren zuzendari musikala, eta Calixto Bieito eszena zuzendaria. Solistak, berriz, Andrea Jimenez, Botond Odor, Gexan Etxabe, Fernando Latorre, Lara Sagastizabal, Christopher Robertson eta Julen Garcia izango dira. Iñaki Maruri, Mitxel Santamaria eta Ugaitz Alegria aktoreek ere parte hartuko dute zarzuelan, baita Bilboko Elkarte Koralak ere. [articles:2140988]