Mercedesek 750 behargin kontratatuko ditu Gasteizko lantegirako
Ekainaren 14an hasiko dira nabaritzen ekoizpen helburu berriaren ondorioak. Txanda murriztuak albo batera utzi, eta ohiko txandatan ariko dira beharginak berriro. Abuztuaren 2tik 22ra hartuko dituzte oporrak langileek, eta uztailaren 5etik irailaren 19ra astebeteko oporraldia hartu ahal izango dute, gainera.
Zuzendaritzak batzordeari azaldu dio beste 750 langile beharko dituela; batetik, txanda murriztuak ohiko txanda bihurtzeko: 400 bat langile beharko dira horretarako; eta, bestetik, 350 kontratazio gehiago egin beharko ditu oporrak egin daitezen. Enpresak jakinarazpen ofiziala helaraziko die langile guztiei, beharginen senitartekoek izena eman ahal izateko langile hautagai gisa. ELAk esan du «langile ohiek lanera itzultzeko aukera» izango dutela.
Abenduko protestak
Gasteizko Mercedesen zuzendaritzak erabaki garrantzitsu bat hartu zuen urte amaieran, enpleguari zuzenean eragin ziona: lan txandak aldatu zituen. Ondorioz, 500 langile beren enpleguak galtzeko bidean jarri zituen, aldi baterako beharginak gehienbat. Langile batzordeak salatu zuen Alemaniako konpainia bere «irabaziak handitzen» saiatzen ari dela «langileak kalean utzita».
Gasteizen, protesta handiak eragin zituen Mercedesek hartutako bideak. Izan ere, 5.000 langile inguru dituen planta handian egiten diren aldaketek ez diete soilik fabrikan lan egiten dutenei eragiten; bere inguruan jarduten duen industria hornitzailearen kontratatzaile handia da Mercedes; ez alferrik, Euskal Herriko handienetakoa, eta haren doministiku batek beste enpresa askotan eragin ditzake aldaketak; abenduaz geroztik, txarrerako, baina onerako ere izan daiteke, uda honetan.
Jakina da autogintzaren sektorea ez dagoela ongi. 2019an eta, batez ere, 2020. urtean, auto salmentak behera egin du nabarmen. Koronabirusak eragindako jokalekuak ez du lagundu. Baina krisian al dago Mercedes? Sindikatuek ezetz diote, ez dela egiturazko krisi bat, eta esan daiteke zuzendaritzaren azken erabakiak, 750 behargin gehiago hartzeak, tesi hori indartzen duela.



