Aernnovako langileek kaleratzeak indargabetzeko itxaropena dute
Epaiketa atzo goizean egin zen, Bilbon, EAEko Auzitegi Nagusian. Juan Carlos Benito Butronek idatziko du ebazpena, baina erabakia lan arloko salako hiru epaileen artean hartuko dute. Dokumentazio bolumen handia ikusita, litekeena da hilabete inguru behar izatea ebazteko. Erregulazioak 82 lanpostu desagertzea eragin du —55 kaleratze zuzenak dira, eta beste 27ak, kaleratze ordainduak eta erretiro aurreratuak—, eta, abokatuen ustez, hura indargabetzeko nahikoa arrazoi badago. Hala balitz, enpresak berriz ere kontratatu beharko lituzke hala nahiko luketen langileak.
Dokumentazio horren zati handi bat atzo aurkeztu zuen Aernnovak Berantevillan (Araba) duen plantako zuzendaritzak. Sindikatuek aurrez eskatuak zituzten agiriak ziren, eta hor fede txarra ikusi dute. Agiri horietan, besteak beste, Aernnova Aeroestructuras Alava eta Aernnova Aerospace talde osoaren arteko harremana argitzea espero dute. Taldea da plantaren jabea, eta era berean bezero bakarra, gero hark banatzen baititu ekoitzitako gaiak. Sindikatuen ustez, argi gelditu da Berantevillako plantak ez duela erabakitze ahalmenik, eta horren aurrean talde osoak duela erantzukizun solidarioa;ondorioz, talde osoaren informazioa beharko litzakeela uste dute.
Abokatuek, halaber, auzitan jarri zuten enpresaren txosten teknikoaren inpartzialtasuna, Aernnovak ez baitzuen aurkeztu egilearekin izandako harremana: kontratua, eskakizunak… Teknikoak berak aitortu zuen agiri horiek badirela. Abokatuen ustez, ez dago kaleratzeak egiteko arrazoirik, baina azken alegatuan hipotesi hori kontuan hartu zuten, eta «egongo balira» COVID-19ak eragindako krisiarekin «lotura zuzena» luketela esan zuten; horrenbestez, aldi baterakoak direla. Izan ere, Aernnovak aurreikuspen onak zituen, eta haren txosten teknikoak dio 2020koa krisi «koiunturala» dela. Espainiako Gobernuak dekretu bidez debekatu zuen kaleratzeak egitea pandemiarekin harreman zuzena duten arrazoiengatik.
Enpresaren defentsak aurkakoa esan zuen: agiriak eta txostenak legeak eskatzen duena direla, hegazkingintzaren krisia estrukturala dela, eta pandemiaren eraginaz harago doala. Bere garaian aurreratu zuenez, 2024ra arte ezingo da itzuli krisi aurreko ekoizpen mailara.
Aernnovako langileek greba egin zuten atzo, eta asko epaitegiaren aurrean bildu ziren. Tubacexekoak eta ITP Castingekoak batu zitzaizkien. Bi horietan kaleratzeak egon dira, eta ITPkoek hilaren 27an dute epaiketa. Juan Carlos Gomez Aernnovako batzordeko presidenteak babesa eskertu zuen, eta berretsi zuen kaleratzeak ez direla beharrezkoak: «Aldi baterako erregulazioa 11 egunez luzatu izan balute, 55 kaleratzeak eragotzi ahal izango ziren. Enpresak ez zuen negoziatu nahi izan».





