Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleek greba ziklorako deialdia martxan zela, negoziatzen aritu dira sindikatuak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila. Arratsaldean hasi eta gauera arte luzatu da bilera, eta gauerdian oraindik negoziazioetan jarraitzen zuten. Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek egindako deialdiaren arabera, asteon, gaur, bihar eta etzi lanuzteak daude iragarrita; datorren astean, berriz, asteartean eta asteazkenean, eta gauerdian oraindik argitu gabe zegoen grebarekin zer gertatuko zen. Gobernuak eta sindikatuek hitzordua jarria zuten 16:00etarako, baina Hezkuntza Sailak mahai gainean jarritako azken proposamena aztertzeko denbora eskatu dute sindikatuek. Hala, bilerak 19:00ak aldera hasi dira, eta gauean luzatu. Eragile guztiak batera bildu dira aurrena, baina aldebiko bilkurak ere egin dituzte. Egun indarrean den lan hitzarmena 2010ekoa da, eta irakaskuntza publikoko sindikatuen arabera, egokitu beharreko elementu ugari ditu. Nabarmenenetako batzuk dira lan zamak arintzeko neurri zehatzak adostea, erretiroa hartzeko baldintzak hobetzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea, eta enplegu publikoa bermatu eta lanpostuak egonkortzea. Erosahalmenari dagokionez, sindikatuek kritikatu dute hitzarmena ez berritzearen ondorioez, azken hamabost urteetan erosalmehenaren %20 inguru galdu dutela. Hori berreskuratzea lehentasunen artean kokatu zuten, nahiz eta zehaztu zuten euren asmoa ez zela hori guztia batera berreskuratzea, horretarako prozesu bat bideratzea baizik. Eskaera horiei erantzun bat bilatzeko asmoz egin zieten sindikatuek grebarako deia 30.000 irakasle ingururi. Deialdiaren berri ematearekin batera, sindikatuek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren jarrera ere kritikatu zuten: «Komunikabideen aurrean esaten du negoziatzeko atea irekia duela, baina hitzarmen berria negoziatzeko mahaietan jarrera itxia du». Deialdi hura harriduraz hartu zuen Hezkuntza Sailak, baina jarraian mahaian esertzeko deia egin zien sindikatuei. Orduan, proposamena bat jarri zuen sindikatuen esku, eta hura izan zen atzoko bileraren oinarri nagusietako bat. Sailaren arabera, hark «argi eta garbi» erantzuten zien sindikatuen aldarrikapen nagusiei; besteak beste, soldatak eguneratzea, irakasleen eskola orduak murriztea, baliabide osagarriak indartzea eta langileak gaztetzeko plan bat ezartzea. Greba ziklo baten ostean iritsi da negoziazioa, eta horri erantzuten dio azken lanuzte deialdiak ere: irakasleek urtarrilean eta otsailean ere beste lau greba egun izan zituzten. Oraintxe Hezkuntza Sailari konpontzeko geratzen zaion korapilo bakarra da; izan ere, grebak tarteko, bi lan hitzarmen erdietsi dituzte azkenaldian: Haurreskolak partzuergokoa eta garbiketako eta sukaldeetako langileena. Aste honetarako ondorengo deialdian egin zituzten sindikatuek: gaur, Bilbon, 11:30ean; Hezkuntza Sailaren lurralde ordezkaritzatik hasita. Biharko, berriz, hiru manifestazio: Bilbon, Arriaga plazatik; Gasteizen, Bilbo plazatik; eta Donostian, Bulebarretik. Guztiak 11:30ean hasita. Eta ostegunean, Donostian, 11:30ean, Bulebarretik aterata.
Hamdan Ballal zinema zuzendari palestinarra atxilotuta dago, kolono israeldar talde batek jipoitu eta Israelgo Armadak preso eraman ostean. Hala salatu du ‘No other land’ dokumentakaren beste zuzendariak, Yuval Abrahamek. Okupazioaren inguruko dokumentala zuzendu zuten biek batera eta Oscarra irabazi zuten otsailean. «Kolono talde batek Hamdam Ballal lintxatu berri du. Jo dute eta zauriak ditu buruan eta sabelean. Odoletan dago. Soldadu batzuk deituriko anbulantzian sartu dira eta eraman egin dute. Ez dugu haren berririk», idatzi du Abrahamek. Ordu bat geroago beste mezu bat idatzi du, Hamdam non dagoen ez dakitela ohartarazteko. Gaur arratsaldean gertatu da erasoa. Dokumentalaren ekoiztetxeak jakinarazi duenez, hamar bat kolono sartu dira Masafer Yattako Susiya herrixkan, Hebrondik gertu. Herritarrak zauritu dituzte eta etxeei eta autoei eraso diete. Erasoa pairatu dutenen artean daude AEBetako bost ekintzaile judu. Erasoa grabatzera joan dira, eta kolonoek jaien kontra jo dute, ekoiztetxearen arabera. Lekukoen arabera. kolonoak zinemagilearen etxera joan dira, eta haren autoa harrika hartu dute. Sari ugari jaso ditu Ballalek eta Abrahamek zuzenduriko dokumentalak, Oscarraz gain. Berlinalen bi garaikur eman zizkioten, eta, geroztik, Amsterdamgo Zinema Dokumentalaren Jaialdiko saria, New Yorkeko zinema kritikarien saria, NBR AEBetako Kritikarien Elkarteko Prentsa Askatasunaren Saria eta Europako Zinemaren Sarietan dokumental onenaren saria jaso ditu. Kolonoek Zisjordanian eginiko erasoen berri ematen du lanak, eta palestinarren apartheid egoera azaltzen du.
Ukrainako gerraren inguruko negoziazioek aurrera jarraitzen dute. Errusiako eta AEB Ameriketako Estatu Batuetako ordezkariek Ukrainarako menia akordio zabalago bat negoziatzeko elkarrizketa saio bat hasi dute gaur, Riaden, iragan astean azpiegitura energetikoetarako 30 eguneko su eten bat adostu ostean. Hamabi ordutik gora egon dira bilduta bi herrialdeetako diplomazialariak, eta TASS Errusiako berri agentziaren arabera, bihar argitaratuko dute bileran adostutakoa. Itsaso Beltzerako su etena lortzea espero du Steve Witkoff Etxe Zuriaren Ekialde Hurbilerako ordezkariak: horrek emango omen dio bide «erabateko meniari»; hala adierazi zuen atzo Fox telebista katean egindako elkarrizketa batean. Kremlinen lehentasuna Itsaso Beltzean nabigatzeko segurtasuna bermatzea da, eta hori izan da, hain zuzen, gaurko bilerako gai nagusia, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak baieztatu duenez egunero eman ohi duen prentsaurrekoan. Gainera, ziurtatu du 2022an laboreen inguruan adostutakoa berriz ere indarrean sartzea negoziatu dutela, eta gogorarazi orduko hartan zenbait herrialdek ez zutela bete adostutakoa 2022ko uztailean, Turkiak bideratuta eta NBE Nazio Batuen Erakundeak babestuta, akordio bat sinatu zuten Errusiak eta Ukrainak, blokeoa kentzeko Itsaso Beltzean barrena esportatutako laboreei. Horretarako, aldeek adostu zuten Itsaso Beltzean erasorik ez egitea: ez ontziei, ez portuei. 2023ko uztailean, baina, Moskuk akordioa hautsi zuen, argudiatuta Mendebaldeak ez zituela arindu Errusiak esportatutako laboreei ezarritako zigor ekonomikoak. Errusiak 2022ko otsailean Ukrainako inbasioa hasi zuenetik Errusiako armadaren Itsaso Beltzeko ontzidiaren herena suntsitu duela jakinarazi zuen Kievek iazko otsailean. Itun hori berrezartzeari buruz aritu dira gaur Riaden. Errusiak hauek bidali ditu ordezkari gisa gaurko negoziazio saiora: FSB Errusiako Segurtasun Zerbitzu Federaletako zuzendariaren aholkulari Sergei Beseda eta Errusiako goi ganberako nazioarteko gaien batzordeko buru Grigori Karasin. Bestalde, AEBen ordezkaritza Andrew Peek Etxe Zuriko Segurtasun Batzordeko zuzendaritzako kideak eta Michael Anton Estatu Idazkaritzako goi funtzionarioak osatu dute. Bilera artean, Karasinek esan du negoziazioek «ez zutela zertan dokumenturen batekin edo akordio handiren batekin amaitu», eta erantsi Errusiaren eta AEBen arteko elkarrizketak «gorenean» daudela: «Garrantzitsuena da harremana ez galtzea eta elkarren ikuspuntua ulertzea; lortzen ari gara hori». Ukrainak, bere aldetik, esana du ez duela asmorik haren erasoaldiak bertan behera uzteko bi aldeek meniarako testu formal bat sinatu ezean. Atzo, Ukrainako ordezkaritza batekin ere batzartu ziren AEBetako diplomazialariak, Riaden. Bilkura «erabilgarria» izan zela esan zuen Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak, atzo gauean telebista bidez egindako adierazpenetan. Baina, bilkuran hitz egindakoa albo batera utzita, gehitu zuen lortu behar dela Putinek erasoak eteteko agindua ematea. Ukrainako ordezkariak Saudi Arabian daude oraindik, eta AEBetakoekin batzartzekoak ziren gaur beste behin, azken horiek Errusiako ordezkaritzarekin egin zuten bilkura amaitu ostean. Ukrainako iturri ofizial batek hala jakinarazi dio AFP berri agentziari. AEBen eta Ukrainaren harremanak berriro hurbiltzen ari diren honetan, Donald Trump Etxe Zuriko maizterrak adierazi du «laster» espero zuela sinatzea Ukrainarekin mineral arraroen akordioa, zeina behera geratu zen Zelenskirekin Etxe Zurian izandako liskarra medio. Energia instalazioetarako menia Iragan astean energia azpiegiturei eraso ez egitea adostu ostean, Errusiak eta Ukrainak elkarri egotzi zioten su eten partzial hori urratzea. Horren harira, Peskovek gaur ziurtatu du akordioak indarrean dirauela. Baina bai Kievek eta bai Moskuk asteburuan salatu dutenez, hala batak nola besteak eraso egin diote energia instalazioei. Gaurko ordu txikietan, Ukrainako armadak Errusiako Krasnodar eskualdeko petrolio instalazio bati eraso dio, Errusiako Defentsa Ministerioaren arabera. Iragan otsailaren 17an drone batek bete-betean jo zuen estazio hori, eta aldi baterako gerarazi behar izan zuten konponketa lanetarako; gaurko dronea, baina, estaziotik zazpi kilometrora eraitsi dute. Gaur arratsaldean, misil batekin eraso egin diote Ukraina ipar-ekialdeko Sumi hiriari, eta gutxienez 74 pertsona zauritu dituzte, tartean 14 adin txikiko behintzat, Sumi eskualdeko Fiskaltzaren arabera. Eskualdeko gobernadoreak salatu du hiriaren erdigunera jaurti zituztela misilak, eta etxebizitzak, ospitale bat eta eskola bat kaltetu dituztela. Horren aurrean, Ukrainako Atzerri ministro Andri Sibihak sare sozialetan Errusiari galdegin dio bonbardatzeari uzteko, «bake adierazpen hutsalak» egin ordez. Sumi eskualdeak muga egiten du joan den abuztuan Ukrainak okupatutako Kursk eskualdearekin, zeinaren kontrola berreskuratzen ari den Mosku. Bestalde, Ukrainako aireko indarrek jakinarazi dute Errusiak jaurtitako 57 drone suntsitu zituztela herenegun gauean; Errusiako Defentsa Ministerioak, berriz, jakinarazi du Ukrainako 227 drone suntsitu dituztela azken 24 orduetan Zibereraso bat egin diote ukrainako trenbide konpainia publikoari Ukrzaliznitsia Ukrainako trenbide konpainia publikoak salatu du «zibereraso masibo bat» egin diotela bere sistema digitalari. Konpainiak gaur zabaldutako ohar batean azaldu duenez, erasoaren ondorioz zerbitzuz kanpo geratu dira enpresaren webgunea eta online salmenta zerbitzua. Halere, Ukrainako tren zerbitzuak kudeatzen dituen enpresaren arabera, «etsaiak huts egin du», eta ez du lortu trenen trafikoa geldiaraztea: «Trenen trafikoa martxan dago, eta ongi funtzionatzen ari da, atzerapenik gabe».
Sindikatuak (LAB, STEILAS, ELA eta CCOO) eta Eusko Jaurlaritza azken unera arte saiatuko dira negoziatzen. Akordiorik lortu ezean, ordea, unibertsitatez kanpoko irakaskuntza publikoko irakasleak grebara deituak daude martxoaren 25ean, 26an eta 27an eta apirilaren 1ean eta 2an.
Sindikatuak “eredu sindikal autonomoa eta konfrontaziokoa” defendatu du, eta “autogobernuaren higaduraren” aurrean mobilizazio sozialaren aldeko apustua egin du.
Garamendik onartu du ez zaiola EAEko berrikuspen fiskalaren “errelatoa” gustatzen, edukia ezagutu ez arren. Halaber, enpresek dirua irabaztea ona dela nabarmendu du CEOE patronaleko presidenteak.
Balentria handia lortzea gertu du Bera Berak, baina erronka zaildu egin zaio gaur. Imanol Alvarezen taldeak Blomberg-Lippe jaso du goraino bete den Gaska kiroldegian, eta markagailuan aurretik ere izan den arren, hiru golen aldeagatik galdu du (25-28). Zaila izango da Alemanian kanporaketa iraultzea, baina, gaurko lehia ikusita, ez da ezinezkoa. Alba Menendez kapitainak asteon BERRIAri esan zion moduan, Europako Ligako Lauko Finalean sartzea «klubarekin historia egitea» izango litzateke, eta gaur nabaritu da hori. Egun handietakoa izan da giroa: ia 2.000 zale elkartu dira Bera Bera animatzeko. Eta jokalariek erantzun dute. Bera Berak aurpegia eman du talde gogor baten aurka, oso fisikoa, eta ia partida osoan atzetik ibili arren, ez diote markagailuan ihes egiten utzi. Berdinduta hasi da norgehiagoka; Karsten fin ibili da erasoan, eta atzealdean geldiketa onak egin ditu Lucia Pradesek (6-6). Alemaniarrek, ordea, 0-6ko partziala egin dute orduan, baina 4-0eko batekin erantzun du Bera Berak, Ogonovszkiren hiru goli esker. Atsedenaldira 12-14 heldu dira. Bera Berako jokalariak defentsa lanetan, gaur, Gaskan. GORKA RUBIO / FOKU Bigarren zatian indartsu atera da kantxara etxeko taldea, eta partida berdintzea lortu du (17-17). Zaleen bultzadarekin, 19-18 aurretik ere jarri da, baina ezin izan dute errenta handitu, eta Blombergek ez du barkatu abagunea izan duenean (23-27). Azken minutuetan, erasoan, zazpi jokalari jarri ditu Alvarezek tartea murrizten saiatzeko, eta Erauskinek hegaletik egin ditu azken hiru golak. Datorren igandean jokatuko dute itzulerako partida Alemanian. Kanporaketa gainditzeko hiru gol baino gehiagogatik irabazi beharko du Bera Berak. Erronka handia da, baina gaur agerian geratu da gaitasuna baduela taldeak.
Ekitaldi sinbolikoa egin dute gaur Altzon (Gipuzkoa). Altzoko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiek hainbat ekitaldi egingo dituzte aurten Gipuzkoa hitzaren lehen erreferentzia idatziaren milurtekoa ospatzeko, eta ekitaldi sorta horri Ipuskoa. Izanetik izena 1025-2025 deitu diote. Horien baitan, Batzar Nagusiek Altzoko herriari oparitutako hiru hagin landatu dituzte gaur, Gipuzkoako armarrian ageri diren hiru zuhaitzen oroigarri gisa. Hagin bana landatu dute Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako lehendakariak, Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Xabier Olano Altzoko alkateak. Aurretik, hitza hartu dute hiru agintariek. Ezeizabarrenak gogoan izan du ostiralean hil zen Jon Esnal, Batzar Nagusietako lehendakari izan zena 1991tik 1995era. Ondoren, azaldu du hiru haginak Gipuzkoako hiru bailaren ikur direla, eta lurraldea osatzen duten herrien arteko berdintasunaren eta elkartasunaren erakusle direla. Olano alkateak kontatu du haginak Aiako Harritik, Herniotik eta Aralartik eramandakoak direla, eta begirada zabaldu du: «Altzotik abiatu eta Nafarroako Azkaratera doan mendi bidearen albotan hamarnaka, ehunka hagin topa genitzake. Gipuzkoa eta Nafarroaren artean mendez mende izan diren harremanen lekuko dotoreak dira, artadi, pagadi eta hariztiekin batera». Ordezkaritza zabala Mendozak, berriz, esan du Euskal Herrian oso errotuta egon den ohitura dela «esanahi berezia duten zuhaitzen babesean batzartu, hitz egin, elkarri entzun, eztabaidatu eta, ondoren, komunitatearen mesedetan erabakiak hartzekoa». Eta egungo testuinguruarekin lotu du hori: «Munduan zehar indibidualismoa eta kontsumismoa hedatzen ari den honetan, guk kontrako norabidean eragin nahi dugu». Ekitaldian txalaparta jo dute Juan Mari Beltranek eta Aitor Beltranek, eta, aipatutakoez gain, beste zenbait politikari ere elkartu dira Altzon: Gipuzkoako Batzar Nagusietako Mahaiko kide Zelai Amenabarro, Jesus Zaballos eta Jorge Mota, eta alderdi guztietako batzarkideak, besteak beste, EH Bilduko Maddalen Iriarte, EAJko Maria Eugenia Arrizabalaga, PSE-EEko Alberto Albistegi, PPko Iñigo Manrique eta Elkarrekin Gipuzkoako Miren Etxebeste. Han izan dira Irune Berasaluze, Felix Urkola, Xabier Arruti eta Goizane Alvarez foru diputatuak ere.
Eszenifikazio ikusgarria, musikarien bikaintasuna, haien arteko sinkronizazio akasgabea, soinuaren kalitatea, errepertorioaren hautaketa zaindua, abestien ordena, batetik besterako jarraitasun landua edota doinu zaharrak zein berriagoak gaurkotasun berberaz jotzeko naturaltasuna. Horra Fermin Muguruzaren bandak Parisko aste antikolonialistaren barruan eskainitako akelarrea esplika lezaketen zenbait adibide. Eta hori gutxi balitz, Fermin Muguruzaren beraren gaitasun txundigarria. Harena lidergoa baino gehiago da. Harena ikus-entzuleak transformatzeko eta kontzertuaren parte eta protagonista sentiarazteko magia da. Harenak, motz esanda, ez du parerik. Begiak arranpalo eta irribarre ezin zabalagoaz egiten zion so publikoak ikuskizunari, eta, halaber, etxeko sukaldean balego bezala kantatzeari eta dantzatzeari utzi gabe. Berea zelako festa, Fermin Muguruzaren bandarena bezainbeste. Eta han biziberritzen eta ospatzen ari zena herri baten bizinahiaren 40 urteko grina zelako, Fermin Muguruzaren ibilbide oparoarena bezainbeste. Ezerk ez zuen bi ordu eta erdiko libertimendua ilundu, ezta anaiari eskainitako perla sentituak ere. Iñigoren heriotzari baino gehiago, haren bizitzari egin baitzioten gorazarre, Lide Hernandoren ahotsaren indarrez —bide batez, zer-nolako talentua Hernandorena!—. Ez da exajerazioa La Cigale aretora bildutako milaka lagunek Iñigo bertan sentitu zutela esatea. Arrazoi zuen Muguruzak biraren harira esandako hitzetan: Parisko kontzertuak ez baitzuen iraganaren nostalgiarik transmititu; talde ezin potenteago baten proiekzioa eta haien aldeko harrotasuna nagusitu baitziren minutu oro.