Aberatsen ohiko formula
BPGrik handiena duten udalerrien zerrendan bigarren kokatu da Zierbena (Bizkaia). Herri txiki horretan (1.520 biztanle) kokatzen dira Bilboko portuko azpiegitura energetiko asko (Badia de Bizkaia, erregai biltegiak…) eta Haizea Wind, eta logistikako hainbat enpresa. Ezaugarri horiek berak ditu zerrendako hirugarrenak, Olaberriak (Gipuzkoa): jende gutxi (957) eta enpresa handi asko (Arcelor Mittal, Hine…).
Eskualdeetan ere gauza bera gertatzen da, eta horrek azaltzen du nola egon daitezkeen aberatsenen artean berez naturgune eta nekazaritza lur asko dituzten Arabako hiru eskualde: Gorbeialdea (48.531 euro biztanleko), Arabako Haranak-Añana (51.509) eta Arabako Errioxa (65.494). Azken horren paradoxa nabarmena da: biztanleko BPG handia du han biltzen diren upategien bidez, baina, aldi berean, hiru lurraldeetako biztanlerik pobreenak ditu (17.469 euro biztanleko). Hau da, han sortzen den aberastasunaren zati oso handi bat beste alde batzuetara joaten dela.
Paradoxarik ez dago Enkarterrin: biztanleko BPGrik txikiena du (18.429 euro biztanleko), eta errentarik txikienetan bigarrena (17.827). Horrez gainera, pisu erlatiboa galtzen ari da: haren biztanleko BPGa EAEkoaren %74 zen 2008an, eta %52, berriz, 2018an.
Bizkaian, Durangaldeak soilik gainditzen du EAEko batezbestekoa (109); Araban, sei eskualdeek gainditzen dute. Ohi bezala, egoerarik orekatuena Gipuzkoan dago: BPGrik txikiena duen eskualdearen eta gehien duenaren artean 28 punturen aldea zegoen 2017an, eta 24, berriz, 2018an.
Nafarroan, soldatak
Nafarroari dagokionez, Nastatek, duela gutxi biztanleko soldata gordinarenak argitaratu zituen. Hor ikusten denez, Iruñerriko kanpoaldean urbanizazio garestiak dituzten hiru udalerrik dute batezbesteko soldatarik handiena: Zizurrek (37.353), Arangurenek (32.470) eta Eguesibarrek (31.513)—. Erriberan batzen dira, berriz, soldatarik txikieneko udalerriak: Cadreita (20.603), Mendabia (20.718) eta Azagra (21.081).
Aeronautika, apirilera begira
Aernnova, ITP Casting eta Tubacexeko langileak elkartu ziren atzo goizean Bilbon, EAEren Auzitegi Nagusiaren aurrean. Tubacex ez da hegazkingintza enpresa bat, baina han ere kaleratze masiboa egin du zuzendaritzak —134 kaleratu— eta aurreko ebazpenek eragina izan dezakete haiek hasi nahi duten auzibidean. Bilkura zalapartatsua egin zuten, Aernnovako langileei elkartasuna adierazteko eta epaileei kaleratuak izan diren langileen errealitatea ikusarazteko.
Aernnovaren lehen epaiketak hurrengoen norabidea marka dezakeela uste dute langile eta sindikatuek. Ebazpenak aurrekari formal bat ezar dezakeela sinetsita daude, eta horregatik zen hain garrantzitsua atzokoa. Jesus Pablo Sesma epaileak, baina, erabaki bitxia hartu zuen, bai behintzat ELA ezustean harrapatu zuena —hura zen salatzailea—. USO sindikatuko abokatuak epaitegian egotea eskatu zuen, CCOOkoak eta UGTkoak egin bezala. Azken bi horiek ez ziren agertu; USOkoak, aldiz, ohar bat bidali zion epaileari, esanez ezingo zela egon, COVID-19a zuelako. Salaketa jarri zuen sindikatukoa ez izan arren, epailearen ustez hura gabe ezin zen epaiketa egin, eta apirilaren 13ra atzeratu zuen.
Egutegia eta epaiketen ordena ez dira teknizismo hutsak. Aitor Bezares Aernnovako langile batzordeko kideak azaldu zuen arrazoia atzoko epaiketa hasi aurretik: «Epaiketa honetan irteten dena besteentzat lagungarri izan daitekeela espero dugu». Azkenean, baina, Sesmak ez du izango lehen ebazpen hori emateko ardura. Ez behintzat beste epaiketak hasi aurretik. Kasu honetan, Aernnovaren bi epaiketak bateratzea erabaki logikoa izan zitekeen, baina ez da gertatuko, eta epaiketa bat bestearen atzetik egingo da. Bigarrengoaren epailea Garbiñe Biurrun da.
Epaiketa horietan argitu beharreko bi zalantza handi daude: pandemian kaleratzeak egiteko aukera dagoen eta aeronautikaren krisia aldi baterako den ala ez. Espainiako Gobernuak zenbait neurri berezi onartu zituen iaz, enpresei aldi baterako erregulazioak hartzea errazteko; haien truke, baina, pandemian kaleratzeak egitea debekatu zien. Testuinguru horretan iritsi ziren aeronautikako kaleratzeak. Enpresetako langile batzordeen helburua da epaileek kaleratzeak bertan behera uztea, eta enpresek langileak berriz ere hartu behar izatea. Ondoren, aldi baterako erregulazioak edo lanaldi murrizketak onartzeko prest leudeke.
GTSren aurrekaria
Kaleratzeak bertan behera uztea, baina, ez da erraza. Iragan astean EAEko Auzitegi Nagusiak aurkakoa ebatzi zuen GTS Ingeniaritzaren kasuan. Gestampen barnean dagoen enpresa bat da, eta Matriceria Deustorekin batera itxi zuten. Bi enpresen artean 200 kaleratze baino gehiago izan ziren. Epaitegiak hiru aukera zituen: bidezko kaleratzetzat jo, bidegabetzat jo, edo bertan behera utzi. Bidegabe jo zituen, eta horrek kaleratuen kalte ordaina hobetu baino ez zuen egin. «Arrazoi ekonomikoengatik» eginiko kaleratzeak direla ebatzi zuen, pandemiaren eraginez harago doazen arrazoiengatik. ELA sindikatua, salatzailea, helegitea jartzekotan da.
GTS, dena den, autogintza enpresa bat da. Hegazkingintzari dagokionez, sindikatuek darabilten argudio nagusia da krisia «behin-behinekoa» dela. Enpresek onartzen dute galerak izan dituztela, baina sektorea berpiztu bezain laster zenbakiak hobetuko dituztela, eta testuinguru horretan kaleratzeak ez direla ezinbestekoak. Langileak ebazpenaren zain daude, baina enpresak ere bai. Aernnovak aldi baterako erregulazioak onartu ditu beste planta batzuetan, eta Berantevillako langile batzordeak uste du epaiaren zain daudela. Dena den, eta ebazpenak edozein direla, helegiteak espero dira; beraz, Aernnovaren, ITP Castingen eta Tubacexen erregulazioen azken atala Madrilgo epaitegi batean idatziko da.
Volkswagenek hiru egunez etengo du Landabengo ekoizpena pieza eskasiagatik

Nafarroako Volkswagenek eten egingo du hiru egunez ekoizpena covid-19aren ondorioz pieza eskasiagatik. Astearte honetan jakinarazi diete sindikatuei.
Eusko Jaurlaritzak Gazte Justizia Plana onartu du, lau urterako…

Eusko Jaurlaritzak 2020-2024 Gazte Justizia Plana onartu du, 100 milioi eurokoa, aurrekoan baino 20 milioi gehiago. Adingabeen zentro berri bat jarriko du martxan.
Sherpa.aik 8,5 milioi dolarrekin itxi du finantziazio erronda

Sherpa.aik 8,5 milioi dolarrekin itxi du finantziazio erronda, plataforma berriak arrakasta izan eta hainbat multinazionalekin akordioak sinatu ondoren lortu du.
Pandemiaren etena izan arren, lan istripu hilgarriak %52 ugaritu…
«Jardun ekonomikoak behera egin zuen arren, prekaritateak eta lanaren kalitate eskasak bere horretan dirau. Datu hauek onartezinak dira», salatu zuen atzo Leire Heredia ELAko lan osasunaren arloko arduradunak, txostenaren aurkezpenean. 70 lan istripu jazo ziren 2020an Hego Euskal Herrian, 2019an baino 24 gehiago: %52 ugaritu dira. Datuei galbahea pasatuz gero, %25 ez traumatikoak izan ziren; %14, altueratik eroritakoak; %22, harrapatzeek edo kolpeek eragindakoak, eta %17 joan-etorrietan gertatutakoak.
Bereziki deigarriak dira eraikuntza sektoreko datuak: zazpi hildako. Garraiolarienak ere bai. Luli Eraso LABeko lan osasunaren arloko arduradunak xeheago azaldu zuen azken datu hori. «Gero eta merkantzia gehiago mugitzen dira. Garraiolariek lan asko egin zuten iaz. Baldintza txarretan dihardute askok: kargatzen, deskargatzen… Eta okerrena da lan osasuneko erakundeek ez dituztela zenbatzen lan istripu gisa, ezta joan-etorrian jazotakoak ere. Trafiko istripuak dira haientzat».
Sindikatuen datuek talka egiten dute Osalanek eta Nafarroako Gobernuak emanikoekin. Haien arabera, 38 dira hildakoak. Herediak azaldu zuen aldea: «Esan bezala, erakundeentzat errepidekoak ez dira lan istripuak. Ez traumatikoak ez dituzte zenbatzen, ezta kooperatibistenak eta kanpoko enpresetakoak ere». Esaterako, maiatzean, Beasainen (Gipuzkoa) bi hilabete geldirik zeraman Italiako zirku bateko trapezista bat hil zen entsegu batean. Bada, Osalanek ez du zenbatzen, atzerriko enpresa bat delako.
2020a, baina, beste ezeren gainetik, COVID-19aren urtea izan zen. «Hor arazo itzelak ditugu», kritikatu zuen Herediak: «Datuak falta zaizkigu. Ez dakigu zenbat jende gaixotu den lanean, ezta zenbatu den ere. Osasun langileez gain, badakigu sukaldari bat hil zela COVID-19arekin, laborategi batean lan egiten zuen emakume bat… Baina ez dakigu non bilatu, eta Osalanek ez dizkigu datuak ematen». Gainera, salatu zuten lantokietan gaixoturiko asko osasun zerbitzu publikoetan artatu dituztela. Erasok gogor hitz egin zuen: «Mutualitateak pandemia honetako desagertu handiak izan dira. Gaixotasun agiri eta sendagiri guztiak lehen arretako zentroetan banatu dira». Horrez gain, nabarmendu zuten iaz 28 pertsona hil zirela amiantoaren inguruan lan egin izanaren erruz.
Txostenaren ondorioetan, besteak beste, kontrol falta salatu dute, eta nabarmendu Europako batezbestekoak berdintzeko 100 ikuskari gehiago beharko liratekeela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 50 Nafarroan. Zentzu horretan, Erasok salatu zuen Jaurlaritzak entzungor egiten diela: «Urtarrilean bilera eskaera erregistratu genuen istripuei buruz hitz egiteko. Idoia Mendia lan sailburuak ez digu erantzun ere egin». Urrunago joan gabe, atzo lan istripu larri bat jazo zen Donostian: igogailu bat konpontzen ari zen langile bat seigarren pisutik erori zen. Ez zen hil, baina ospitalean artatu behar izan zuten.
Gehiengo sindikalak salatu du geldialdi ekonomikoan ere ez direla…

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek salatu dute pandemiaren ondorioz izan den geldialdi ekonomikoak ez duela lan-istripuen sarraskia gelditu.
Bizkaiak 25 milioi euro bideratuko ditu enpresei eta ekintzaileei…

Bizkaiko Foru Aldundiak 25 milioi euro bideratuko ditu enpresei eta ekintzaileei laguntzeko programetara, 2021ean beren jarduera berrabiarazteko.
Agrooihangintzaren teknika
Hogei bat parte hartzaile ziren astelehenean Euskal Herriko Laborantza Ganberak (EHLG) Ainhize-Monjolosen eta Suhuskunen antolatu ikastaro teknikoan. Horietarik hamabost laborariak edo laborantzan instalatzeko proiektua duten gazteak ziren, agrooihangintza etxaldean integratu dutenak edo hala egin nahi luketenak. Fruitu zuhaitzetan garai hauetan egiten diren adar mozketak ulertzea eta horiek egiten ikastea zen ikastaroaren xedea. Ilde Perez gidari, goizean teoria landu eta arratsaldean bi etxaldetako sagardietan ikusi zuten, praktikatuz, fruitu zuhaitzen adarrak nola mozten diren sasoi honetan.
Bi lan desberdin ziren aztergai: Ainhize-Monjolosen, elkartearen egoitzatik hurbil diren lurretan, 1992an landatu sagarrondoak nola berregituratu; Suhuskunen, berriz, bizpahiru urteko sagarrondo gazteen adarrak moztuz nola formatzen diren ikustera joan ziren. «Agrooihangintzako praktika berritzaileak integratzea ontsa da, baina etxaldeetan historikoki zuhaitzen inguruan izan den jakintza berreskuratzea» kausitu nahi du EHLGk ikastaldi tekniko horiekin, Etienne Jobard teknikari eta animatzaileak argitu duenez.
Historikoki zuhaitzek leku gehiago baitzuten etxaldeetan. Gaur egun, bereziki gazteen interesa berpizten da -astelehenean agerikoa zenez-, fruitu zuhaitzak ere ekoizpen dibertsifikatu baten parte bilakatzeko. Izan eskala tipian fruituen autokontsumorako, ala handian ekoizpenaren salmentarekin ekarpen ekonomiko bat ziurtatzeko. «Ikastaro teknikoetako parte hartzaileak gehienak gazteak dira, baina ez da 50 urtekoek teknika menperatzen dutelako», Etienne Jobarden ustez, «baizik eta ekoizpen askotarikoaren parte fruitu zuhaitzak nahi dituztenak adineko pertsonak eta gazteak direlako».
Ikastaroan bisitatu zuten bigarren etxaldean, Suhuskuneko Bixente Labyren xerri hazkuntzan, zuhaitzak kabaleentzat ezarri dira: itzala egin dezaten, eta fruituak erortzean bazka gehigarria ekar dezaten. 2018an hasirik, urte oroz landatzen dituzte sagarrondo, haritz edo gaztainondoak. Baina Jobarden erranetan, etxaldeetan zuhaitzak ezartzearen aldeko argumentuak anitzez gehiago dira: «Kabalaren ongizatearen berme bat dira, babes klimatikoa eskaintzen baitute -izotzaz, haizeaz edo udako beroaz babesteko-, biodibertsitatearen aterpe dira, eta, hor, erasotzaileen erasotzaile diren espezieak atzematen dira, egur eta hosto hilek lurrari karbono ekarpena egiten diote…», zerrendatu du. Ahantzi gabe, bistan denez, fruitu eta egur ekoizpenak dakartzala.
Suhuskuneko sagarrondoek interes berezia piztu zuten astelehenean, duela bi edo hiru urte landatu arbolen adarrak moztuz nola formatzen diren ikasteko balio izan zutelako. Zuhaitzaren bihotzeko adarrak moztu, baita enbor azpikoak ere, eta adarrik gorenen puntak pikatzen zituzten, aldian aldi, sagarrondo bakoitzaren formari egokituz. Horretan ari zen Ilde Perez xedarra-aizturrekin, eta gazteak beha, beren aldia heldu arte.
Gaztainen inguruko zikloa
«Duela 40 edo 50 urte etxaldeetan bazen oraindik jakintza handia zuhaitzen inguruan. Jendeek bazekiten zuhaitz bat landatzen eta artatzen», Jobardek dioenez, baina gaur egun jakintza hori berreskuratzeko, pertsona erreferente zehatzengana jo du EHLGk: Ilde Perezekin adarren mozketa landu duten bezala, Gabriel Durrutirekin gaztainaren inguruko ziklo bat abiatu dute Ainhize-Monjolosen.
Lehen saio batean, gaztainaren itzal historikoa eta haren fruituak Euskal Herriarekin duen lotura kulturala aipatu zuten, eta, ondoko aldietan, hilabete hondarrean eta apiril hastapenean, lantzekoak dituzte «txertaketa, zuhaitzaren arta eta fruituaren erabilpena, ekarpen ekonomiko gehigarri gisara». Beste leku batzuetan lan sail gisa antolatua bada ere, gaztainaren inguruko garapena egin gabea da, oraindik, Ipar Euskal Herriko laborantzan. Adar moztearen ikastaroak ukan arrakasta berdintsua ukan zuen gaztainaren ingurukoak ere.
Ainhizeko elkarteak egin dituen ikerketetan, hala nola etxalde zenbaiten diagnostiko zehatzetan, agerikoa da instalatzen direnek ekoizpenen dibertsitatea xerkatzen dutela geroz eta gehiago. Etxalde batzuetan ekarpen ekonomiko gehigarria da jadanik, «ñimiñoa izanik ere», eta guti batzuentzat jarduera nagusia, Anhauzeko Miren Hariñordokiren etxaldean bezala, fruituak izozkietan transformatu eta saltzeko.