Bidasoa eskubaloi taldearentzat esanahi handiko eguna da apirilaren 22a, eta zer esanik ez aurtengoa. 30 urte bete dira bere historiako balentriarik handiena egin zuenetik: Europako Kopako txapeldun izan zen, finalean Badel Zagrebi irabazita. Bada, Irungo (Gipuzkoa) taldeak urteurrena goxatu du, Europako ligako final-laurdenetako joanekoan emaitza ona lortuta: 28-27 galdu du Alemaniako Melsungen taldearen aurka. Ironikoa dirudi partida galtzea albiste pozgarria izatea, baina Bidasoak lortu du helburua: kanporaketa Artalekun erabakiko da, datorren asteartean. Hala ere, gertu izan dute garaipena gipuzkoarrek. Bigarren zati hasiera ikusgarria eginda, markagailua irauli eta lau golen abantaila eskuratu du Bidasoak. Hainbat minutuz hobeak izan dira kantxan, baina azken partean aurretik jarri dira berriro alemaniarrak. Azkenean, gol batez galdu dute. Parean zer talde zuten ikusita, ez da emaitza txarra. Izan ere, punta-puntako jokalariak ditu Melsungenek, eta denboraldi bikaina egiten ari da. Alex Mozas Bidasoa taldeko entrenatzailearen iritziz, hura da Europako liga irabazteko «faboritoa». Alemaniako Ligan bigarren postuan daude, Fuchse Berlin liderrarengandik bi puntura —eta partida bat gutxiago jokatuta—. Alemaniako Kopan, berriz, txapeldunorde izan dira. Bidasoak erakutsi du, ordea, ez dagoela ezer oparitzeko prest, eta ez dela aurkaria baino gutxiago. Indarrak parekatuta ekin diote partidari bi taldeek. Eta markagailua ere horren isla izan da. Ia lehen zati osoan atzetik ibili da Bidasoa, baina ez dio utzi aurkariari alde egiten. Asko jota, bi golen abantaila lortu dute alemaniarrek, eta oreka izan da nagusi. Halaxe joan dira atsedenaldira: 15-13. Itxura ona eman du, halere, Irungo taldeak. Erik Balentziaga zarauztarra izan da defentsan Bidasoaren buruhausterik handiena, hura aritu baita gidari lanetan, baina sendo eutsi diote gipuzkoarrek. Erasoan, berriz, taldeak hainbat hutsegite egin ditu hasieran, baina pixkanaka topatu du nola min egin. Pedro Pacheco, Asier Nieto eta Julen Mujika jokoan sartu dira, ausart jo dute erasora, eta nabaritu egin da. Atezaina protagonista Oreka hori bigarren zatian apurtu da, hasiera batean, Bidasoaren alde. Funtsezkoa izan da Jakub Skrzyniarz atezainaren lana: meritu handiko geldiketak egin ditu, batez ere bigarren zatian. Hura izan da protagonista aldageletatik bueltan, hasi eta buka. Lauzpabost geldiketa jarraian egin ditu poloniarrak, eta ondo aprobetxatu dute aukera taldekideek, emaitza iraultzeraino: 15-19 jarri dira aurretik. Bigarren zatiko lehen zortzi minutuetan ez du golik sartu Melsungenek. Gipuzkoarrak jo eta su ari ziren; alemaniarrek, berriz, majo sufritu dute. Tarte batez eutsi dio Bidasoak hiruzpalau goleko abantaila horri, baina erasoan huts batzuk egin ditu, eta jokaldi batzuetan bigun ibili da defentsan; ondorioz, ohartzerako, markagailuan hurbildu egin zaizkie alemaniarrak. Pareko ibili dira ondorengo minutuetan, baina bost minuturen faltan berdindu du partida Alemaniako taldeak, eta segidan aurretik jarri dira: 27-26. Sufritzea tokatu zaio Bidasoari azken txanpan, eta horretan ere asmatu du. Alemaniarren azken jokaldia ezerezean utzi dute, eta, hala, gol batez soilik galdu dute: 28-27. Artalekun erabakiko da kanporaketa.
Urtarrilaren 23an jakin zen albistea: EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarria zuen betebehar bat. 13 urtera arteko umeek talde kirolen bat klub batean egin izan badute, ezinbestean izena eman behar izan dute eskola kirolean. Araua 1990eko hamarralditik egon da indarrean. Baina auzitegiak, Pasaiako familia batek betebehar horren kontra abiarazitako auzibideari erantzunez, bertan behera utzi zuen. Diputazioaren bi aginduren zenbait puntu baliogabetu zituen, eta ebatzi zuen klub batean aritu nahi duten umeek ez dutela ezinbestean eskola kirola egin beharko. Aldundiak berehala iragarri zuen ebazpenari helegitea jarriko ziola. Kasazio helegite hori ebazpen zain dagoela gogoratu du gaur erakundeak, baina bitartean epaia behin-behinean betetzea agindu du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak, eta, diputazioak jakinarazi duenez, ez du aurkeztuko epaiaren exekuzio autoaren kontrako helegiterik. «Erakundeak errespetatu eta onartu egiten du epailearen erabakia, jarritako kasazio errekurtsoaren ebazpenaren zain dagoen bitartean», adierazi du erakundeak gaur arratsaldean zabaldu duen prentsa oharrean. Hasieran, albistearen berri izan bezain pronto, multikirola programaren gaineko irizpideak lehengoan mantentzeko era izango zutela aurreratu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiko iturriek. Sententziaren kontrako helegiteak horretarako modua emango zuela aurreratu zuten: «Errekurtso horrek eten egin du epaiaren aplikazioa, harik eta auzitegi eskudunak kasazio errekurtsoa ebatzi arte». Goizane Alvarez Kirol diputatuak irmoki defendatu zuen orduan eredua: «Multikirola defendatuko dugu aurrerantzean ere, orain arte egin dugun bezala; izan ere, oraindik ere oso argi daukagu Gipuzkoako kirol hastapenaren ereduak onura handiak dakartzala adingabeen garapenerako eta pertsonen prestakuntzarako». Solaserako borondatea ere azaldu zuen. «Familien edo adingabeen eskubideren bat urratzen dela uste bada, aintzat hartuko da, betiere Gipuzkoako errealitatea kontuan hartuta». Haren adierazpenak zabaldu ditu Gipuzkoako Diputazioak. Orain arte landutako bidean urratsak egiten jarraitzeko asmoa azaldu du berriro. «Gure konpromisoa da eskola kirolaren eredu ez baztertzaile bat eraikitzea». Bide horretan ezinbestean lurraldeko haur guztiei «kirola egiteko eskubidea» bermatzeko ahaleginak egiten jarraitu behar dutela nabarmendu du, eta horretarako hainbat ekinbide dituztela martxan. Urrats horien atzean beti egon behar duten balioak ere gogora ekarri ditu: «Inklusioa, ekitatea eta kalitatea». Lankidetzan Bide horretan aldundia lankidetzarako prest dagoela gogoratu du foru diputatuak. Gipuzkoan «kirol hastapenetan» jarduten duten eragileekin lanean ari direla adierazi du, eta hor urratsak egiten jarraitzeko «konpromisoa» dutela. Era berean, eskola kirolaren inguruko ponentzia bat sortu dute propio. Programa «indartzeko eta birpentsatzeko» abiaburu bat izatea nahi dute, eta nabarmendu du hor ere hainbat eragilek parte hartuko dutela. Alvarezek berak azaldu du asmoa duela Gipuzkoako Batzar Nagusietan gai honi buruzko azalpenak emateko. Apirilaren 11n egin zuen han hitza hartzeko eskea. Bi asmo nagusi izango ditu. Batetik, eskola kirolaren finantzaketa aztertu duen ikerlan bati buruzko informazioa emango die batzarkideei. Aurreko agerraldi batean horri buruzko hausnarketa bat «aurreratu» zuela gogoratu du erakundeak, eta orain zehaztapen gehiago emango dituela. Bide batez, etorkizuneko «agertokiak» ere aurreratu nahi ditu, zehazteko zer bide hartu ditzaketen arloan hazten jarraitzeko. Aurrez ere hitz egin izan du Alvarezek Gipuzkoako Batzar Nagusietan gaiari buruz, eta kezka adierazi izan du, besteak beste, aldeko sententzia lortu zuen Pasaiako familia horren gisara beste sendi batzuek ere jo dezaketelako auzitara orain arte indarrean egon den ereduaren kontra egitera. EH Bildu, PSE-EE, Podemos eta EAJko kideen babesa jaso izan du diputatuak: denek egin dute bat inor bazterrean utziko ez duen eskola kirolaren eredu baten aldeko asmoan. Pasaiako familiari arrazoia eman zion sententziaren antzeko ebazpen bat eman zuen EAEko arartekoak 2016an; baztertu egin zuen eskola kirola derrigorrezkoa izatea. Errenteriako familia batek aurkeztutako kexaren harira eman zuen iritzia; familia horren 8 urteko umeak futbola eta judo egiten zuen, baina derrigorrez parte hartu behar zuen eskola kirolean ere. Orduan, Ahal Dugu-ren ekimenez, Gipuzkoako Batzar Nagusiek Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu zioten azter zezala indarrean zegoen eredua, «hain inposatzailea» izan ez zedin. Garai hartako Kultura eta Kirol diputatua, Denis Itxaso, prest agertu zen batzorde bat sortzeko eta eredua malgutu edo ez aztertzeko.
Datorren astean, asteazkenean, NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Kontseiluak ebaluazioa egingo du propio aztertzeko zer-nola dagoen giza eskubideen arloa Espainian. Lau urtean behin egin ohi den azterketa izaten da hori. Horren harira, Espainiak hizkuntza eskubideei zer trataera ematen dien erakuste aldera, txosten bat argitaratu du ELEN Europako hizkuntza gutxituen gizarte eragileen sareak. Eta ohartarazpena egin du bertan: orain lau urteko txostenarekin alderatuta, «okerrera» egin da hainbat arlotan. Arazorik larrienak zerrendatu ditu. Hizkuntza gutxituen alde lanean ari diren eragileen ekarpenekin ondu dute txostena, eta tartean parte hartu du Euskalgintzaren Kontseiluak. Galizian, Herrialde Katalanetan, eta Asturiasen hizkuntza eskubideen alde ari diren elkarteek ere parte hartu dute. Heldu den asteartean saio bat egingo dute Genevan, txostenean jasotakoez mintzatze aldera. Bertan ordezkaritza izango du Kontseiluak ere. Txostenak, oro har, aintzat hartzen ditu Hizkuntza Gutxituen Itunaren 6. Ebaluazioaren gomendioak. Bost urtean behin egiten da balorazio hori, Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna izenpetu duten herrialdeek hartu dituzten neurriak aztertzeko. Iazko irailean argitaratu zen azken ebaluazioa. Besteak beste, Espainiako Estatuari eskatu zioten neurriak har zitzala epaiketak euskaraz egin ahal izateko. Nafarroako zonifikazioa bertan behera uzteko ere eskatu zuten, eta euskara sustatzeko beste hainbat neurri hartzeko. ELENek ohar bat zabaldu du datorren asteko saioaren berri emateko, eta sare horretako idazkari nagusi Davyth Hicksen adierazpenak jaso ditu. «Espainiak premia handiz konpondu behar ditu katalanak, euskarak eta galizierak dituzten arazoak», abisu eman du. Onartu du badirela txalotzeko moduko erabakiak, eta goraipatu egin du, adibidez, Espainiako Gobernuak hiru hizkuntza horiek EB Europako Batasunean ofizial egiteko urratsak abiarazi izana. Hain justu ere, 2023ko abuztuan abiarazi zuen eskabide hori Espainiako Gobernuak, eta ELENek berak Bruselan agerraldi batean parte hartu zuen aurrerago, horren alde egiteko. Baina konpondu beharrekoak zerrendatu nahi izan ditu ELENek oraingoan, eta aurreratu du gai horiek hizpide izango dituztela datorren asteko saioan . «Hitz egingo dugu Kataluniako murgiltze ereduaren kontrako lege erasoez, valentziera ahultzeko egindako Rovira lege irrigarriaz, eta euskara eta galiziera hiztunek administrazioan, osasun sisteman eta sistema juridikoan beren hizkuntzak erabiltzeko dituzten arazoez», aurreratu du Hicksek. «Espainiak premia handiz konpondu behar ditu katalanak, euskarak eta galizierak dituzten arazoak» DAVYTH HICKS ELENeko idazkari nagusia Arazoaren muinean dagoenaz ohartarazi du ELENeko idazkari nagusiak: «Hiru hizkuntzak ofizialak dira [euskara, katalana eta galiziera], baina ahulduta daude oraindik». Txostenaren arabera, erakunde autonomikoetan hizkuntza eskubideak bermatze aldera neurriak hartu badira ere, «apala» da gehienetan hizkuntza kontuetan estatuko administrazioetan egin den aurrerabidea. Hizkuntza gutxituen garapena eragotzi duten hainbat ebazpen judizial ere propio aipatu dituzte. Kontseiluak berak aurreratu du hizpide izango dituztela datorren asteko bilkuran euskararen aurkako «oldarraldi judizialak» eragindako kezkak ere. euskarari buruz jasotakoak Hizkuntza «zatituta» dago. Txostenenean ohartarazi dute, oro har, lege babesa euskararen lurralde osoan «zatituta» egoteak «areagotu» egiten dituela hizkuntzaren arazoak, alor askotan: «Hezkuntzan, administrazioan, sistema juridikoan eta hedabideetan». Propio gomendatu dute neurriak hartzeko Nafarroan egun dagoen zatiketa administratiboak dakartzan arazoak gainditzeko, euskarak behar duen «babesa» hobetzeko bidea hori dela argudiatuta. RTVEren ekarpena urria da. Beste hainbat tokitan Espainiako Irrati Telebista RTVEren emanaldiak «ia osorik edo osorik» hizkuntza gutxituetan badira ere, euskararen lurraldeetan presentzia oso urria dela salatu dute: «Urtean minutu gutxi batzuetakoa». Justizia sistema ez da euskalduna. Euskarak leku urria du Espainiaren administraziopeko justizia sisteman, eta ELENek gogora ekarri ditu hori erakusten duten datuak ere. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan jasotako datuen arabera, adibidez, epaileen %7k bakarrik dute egiaztatua euskara ezagutzaren bat. Hizkuntza eskubideak urratzen ditu horrek. «Ez dago behar bezala bermatuta prozedurak euskaraz egiteko aukera». Estatuko administrazioetan ere, oro har, euskarak presentzia urria du. Hezkuntzan hutsuneak badira. Hegoaldeko erretratua eginda, oro har, graduak euskara hutsean egin ahal izateko aurrerabideak falta dira oraindik. Zenbait gabezia zehatz ere aipatu dituzte: esaterako, ikasleei dislexia diagnostikatzeko testak gaztelania hutsean daude oraindik usu, bai eta adimen gaitasun handiko haur eta gazteak atzemateko egiten diren probak ere.
Frantzisko aita santua gaur goizean hil da iktus baten ondorioz, Vatikano Hiriko Santa Marta etxean, 07:35ean, Kevin Joseph Farrell Vatikanoko kamerlengo eta apezpikuak jakinarazi duenez. 88 urte zituen. Farrelek «min handiz» eman du aita santuaren heriotzaren berri: «Erromako apezpikua aitaren etxera itzuli da; Jaungoikoaren eta Elizaren zerbitzuan eman du bizitza guztia». Azken boladan osasun arazoak izan zituen Frantziskok: hilabete pasatxo igaro zuen ospitalean pneumoniagatik, martxoaren 23ra arte. Atzo, Pazko igandean, jendaurreko agerraldia egin zuen Vatikanoko Done Petri plazan, urbi et orbi bedeinkazioa emateko. Asteazkenean eramango dute haren gorpua Done Petri basilikara, herritarrek azken agurra egin ahal izateko. 2013an aita santu hautatu zuten Jorge Mario Bergoglio argentinarra, eta ustekabekoa izan zen. Inork ez zuen haren alde apustu egina, nahiz eta Ratzingerren aurkako frontearen buru gisa agertua zen 2005eko konklabean; izan ere, horren ondotik Argentinara itzuli zen, anbizio orori uko eginda. Baina, bat-batean, Benedikto XVI.ak karguari uko egin zion, anitzen harrigarri, eta, hala, Bergoglio bilakatu zen haren ondorengo: Frantzisko aita santua. Zenbait beharri erantzuteko izendatu zuten Bergoglio, Elizaren barrenean krisi larria izana baitzen Joan Paulo II.a aita santu poloniarraren aitasantutzan eta, batez ere, Benedikto XVI.a alemaniarraren garaian. Erromako gotzain berriak Frantzisko izena hautatu zuen, eta, kargua harturik, Europatik kanpo jaiotako lehenbiziko aita santua bilakatu zen. Izan ere, Buenos Airesen sortu zen, 1936an, baina gurasoak migratzaileak zituen, Piemontekoak, eta, beraz, Bergoglio izendatuta, aitasantutza Italiaren esku gelditu zen berriz ere, partez bederen. Aldi berean, Bergoglio hautatuz aitortza egin zioten katolizismoaren gotorlekuetako bati, hau da, Latinoamerikari, jakinda, gainera, fede katolikoa gero eta estuago zegoela han, sekta ebanjelikoen hedapena zela medio. Frantziskoren alde egin zuten gai zelako Eliza fededunengana hurbiltzeko, hala hizkera arrunta erabiltzeagatik nola hizpide hartzen zituen gaiengatik. Funtsean, erronka zera zen, Benedikto XVI.aren aitasantutza zorrotzean konpondu gabe utzitakoei heltzea: hots, bokazio krisiaren eraginez apaiz kopurua izugarri urritu izana, apaizek adingabeei egindako gero eta abusu gehiago azaleratzea, eta fededunen desilusioa, zeinak elizak hustea baitzekarren, batez ere Mendebaldean. Nahiz eta «aita santu emeritua» ere tartean egon, Bergoglio berehala agertu zen iraultzaile bere jardunean. Irmo salatu zuen migratzaileen egoera zaila, eta «gotorleku» itxurako Europa horren kontra egin. Are, gogora ekarri zuen kontinentearen sustraiek lotura dutela kristautasunarekin, ez ikuspegi identitariorik, baizik eta elkartasunaren eta humanismoaren aldetik. Aitasantutza hasi eta berehala, argi adierazi zuen bere jarrera, Lampedusako hondartzak bisitatu baitzituen, eta, hiru urte geroago, baita Lesboskoak ere, zeinak errefuxiatuen hilobi bilakatuak baitziren mugak hesteko politiken eraginez. Bertzalde, garrantzizkotzat jo zuen ingurumena babestea, eta entziklika bat ere idatzi zuen auzi horri buruz 2015ean, Laudato si. Hartan, lotura estua ezarri zuen ekologiaren eta justizia sozialaren artean. Gainera, kapitalismo globalaren gehiegikerien kontra mintzatu zen behin baino gehiagotan. Frantzisko aita santua, joan den abenduan. EFE Horrez gain, behin eta berriz gaitzetsi zuen gerraz baliatzea, eta txartzat jo zuen «bidezko gerrarik» izan daitekeelako uste oro. Horren harira, ohartarazi zuen potentzia handiak elkarren artean «hirugarren mundu gerra» abiatua zutela «puskaka»; bertzalde, NATOk Errusia probokatzea kritikatu zuen, eta palestinar herria esplizituki defendatu. Hizkera modernizatu eta sekularizatu zuen, eta bazterrean utzi zituen kutsu monarkikoko zenbait gauza, haren aitzinekoak oraindik baliatzen zituenak. Adibidez, uko egin zion aita santuarentzako luxuzko apartamentuetan bizitzeari, eta, horren ordez, egoitza xumeago bat aukeratu zuen: Santa Marta etxea. Bat baino gehiago harritu zen ikusita agurtuz hasten zituela homiliak, norbaitekin harremanetan jarri nahi izanez gero zuzenean deitzen zuela eta elkarrizketak eman zituela telebista saio ezagunetan. Bere jarreragatik eta egiteko moduengatik, azken hamarkadetako aita santurik maitatuena izan da Bergoglio, eta erreferentziazkoa ere bai mundu zabaleko sektore progresistentzat. Halaber, politikako eta Elizako sektore erreakzionarioek gogor kritikatu dute, bereziki AEB Ameriketako Estatu Batuetan: «heretikoa» izatea leporatu diote inoiz, baita «antikristoa» izatea ere. Bergoglio, Frantzisko aita santu gisa izendatu zutenean. VINCENZO PINTO / EFE Bergogliok defendatu du beharrezkoa dela Eliza «bekatari salbatuen» komunitate bat izatea, ez «kide perfektuz» osatutako komunitate bat, eta, aita santu izan den aldian, nagusiki ekintza pastoralean aritu da, nekaezin aritu ere, misiolari ikuspegia izanik Mendebaldean ere, alde batera utzita bere aitzinekoen ikuspegi teologiko eta dogmatikoa. Halarik ere, Eliza kudeatzeko orduan, anitzetan bizkarra eman die hasierako asmo zinez erreformistei; hori ez da kleroko ildo progresisten gustukoa izan, eta agerian utzi du historiako lehenbiziko aita santu jesuitaren kutsu kontserbadorea. Nahiz eta hasieran dibortziatuei modua eman zien zenbait sakramentu hartzeko, Bergogliok arrunt baztertu zuen apezei ezkontzeko eskubidea ematea. Vatikanoko arlo burokratikoan emakume zenbait izendatzea bultzatu du, nahiz eta prozesua mantsoa izan, baina emakumeak apez izatearen kontra agertu zen. Frantzisko misogino samar ere aritu da zenbaitetan, hala nola mojen «hitzontzikeria» kritikatu zuelarik. Homosexualitateari dagokionez, aita santu batek aitzinetik egundaino erran gabekoak erran zituen 2013an: «Norbait gaya baldin bada eta jainkoarengana jotzen badu, nolatan epaituko dut nik?». Geroago, nahiz eta gaitzetsi egin zuen zenbait gobernu homosexualei jazartzea, oroitarazi zuen homosexualitatea bekatua dela oraindik, eta, gainera, abortuaren eta eutanasiaren kontra solastatu zen. Egiturari eutsiz Beraz, azaleko moldaketa batzuk goiti-beheiti, Bergogliok bere hartan eutsi dio Elizaren egitura instituzionalari. Edozein modutan, aitzinekoekin konparatuz egin dituen berrikuntzengatik hain ezagun bihurtu da, non haren mezu iraultzaileengatik oroituko baitu jendeak, eta auzi anitzetan izandako jarrera konformista eta kontserbadorea ahantzi. Hagitz agudo ahantzi da askapenaren teologia gaitzetsi zuela, eta berdin gertatu zen akusazio jakin batekin ere: zenbaitek leporatzen zioten Jorge Videlak Argentinan ezarritako eskuin muturreko erregimenarekin kolaboratu izana. Hirugarren munduaren eta pobreen aldeko mezuak zabaldu zituenez gero, «aita santu progresista» bilakatu zen, definizioz.
ELB, Lurzaindia eta Ostiak Kanboko (Lapurdi) Marieneko lurretan baratze bat landatzera deitu dituzte herritarrak. Maiatzaren 17an eginen dute landatzea, eta egun osoko egitaraua antolatu dute. «Marienea laborantza lurra da, bere belardiak betidanik landuak izan dira. Barazkiak ere landatu daitezkeela erakutsi nahi dugu», adierazi dute deialdian. «Lekuko eta kalitatezko mozkinen biltzeko ahala emanen du, ingurumena errespetatuz eta kontsumitzaileekin harremanetan jarriz». Hiru eragileek abiatutako laborantza ekinbide hori beste talde anitzek sostengatzen dutela baieztatu dute, «baita lurralde honetako biztanle gehienek ere». AHT, Aroztegia, E-CHO, eta azken urteetan borrokaldiak eragin dituzten beste makroproiektuei aipamena egin diete deitzaileek, eta lurra elkarrekin defendatzera deitu dute. Euskal Herri osoko herritarrak bertaratuko direla espero dute. Marienea bera Babestu eta ereiteko eremua izendatu dute: bee, ardiaren oihuaren onomatopeia bezala. Lurra iraultzeko erabiltzen den laia eskuetan duen ardi bat hautatu dute ekitaldiaren irudi gisa. Goizean ibilaldiak eginen dituzte Marienera, Kanboko eta Itsasuko herriko etxeetatik abiatuta; eguerdian ekitaldia eta bazkaria, eta arratsaldean, landatzea. [articles:2122085] 2014tik geroztik, bazterrak harrotu ditu Kanboko herri sartzean eraiki nahi duten etxe multzoak. Auzapezaren taldeak bultzatu Marieneko lurren artifizializazio saiakeraren kontra mobilizazio andana antolatu dituzte, eta auzitegietara ere heldu da gaia, hirigintza planaren eta Bouygues enpresari emandako eraikitze baimenaren kontra helegiteak aurkeztu baitzituzten elkarteek administrazio auzitegian. Militanteak ere auzipetu dituzte desobedientzia ekintzetan parte hartzeagatik, eta baita Kanboko Herriko Kontseiluan izandako gertakarietan Christian Deveze auzapezari eraso egitea leporatuta ere; irailean izanen dute auzia. Iazko maiatzean, taktika ezberdinak bateratu eta Marienea gelditu arte mobilizatzera engaiatu ziren eragileak. Denera 25 taldek izenpetu dute deia. Abenduan, Euskal Hirigune Elkargora ere iritsi zen gaia. Higiezin proiektuari buruzko eztabaida baten antolatzea galdegin zioten Jean Rene Etxegarai lehendakariari 64 hautetsik. Horien artean dira Bil Gaiten taldeko hautetsiak, Peio Etxeleku Kanboko hautetsi eta Elkarrekin Herriarentzat taldearen bultzatzailea eta Colette Capdevielle Baionako hautetsi eta Frantziako Asanbleako diputatua. Eztabaidaren alde agertu zen Etxegarai, eta adierazi zuen gerora erabakiko zutela noiz eta zer formatutan egin. Gaur-gaurkoz, ez du horri buruzko informaziorik eman. Makila eskuan ELB, Lurzaindia eta Ostiak argi dute: landa lurraren desagerpenak, klima aldaketak, eta laborarien biziraupenak «lehentasunen berrikustea» galdegiten dute, «nahiz eta politikari, enpresaburu eta diruz gose diren jabe batzuk» beren zereginetan tematu. «Botere eta etekinen salbatzeko, etxebizitza eskasia eta bizitegi beharra aipatzen dituzte, Kanboko erdigunean bizitegien eraikitzeko beste aterabide konkretuak badirelarik». Bouygues higiezinen multinazionalak bururatu nahi lukeen proiektu hori behin betikoz bertan behera utzi arte borrokan aritzeko borondatea erakutsi dute, «atxiloketen, auzipetzeen eta isunen» gainetik. «Ez dugu Marienea betoiz estaltzen utziko», aldarrikatu dute. «Ingurumen sano eta bidezkoan bizi nahi badugu, jendarte eta politika norabide aldaketak beharrezkoak dira. Lekuko hautetsiek har ditzatela beren ardurak, eta biztanleria lurra eta etxebizitzaren aldeko dinamiketara lot dadila. Lurraldearen oraina, eta geroa ere, gure inplikazioaren araberakoa izanen da». Maiatzaren 17koa lehen landatze eguna izanen dela erran dute, eta kopuru handian bertaratzera deitu dituzte herritar eta eragileak. «Elkartze, aldarrikapen eta festa momentu garrantzitsua izanen da». Horrez gain, makila eskuan agertzeko deia egin dute: «Hesiaren luzaran jarria izanen da, lurrean zin kolektiboa zigila dezagun, gure determinazioaren lekukotasun gisa, maite dugun hazlur hau babesteko».
Eguerdi iristerako, Sarako Idazleen Biltzarreko gela jendez lepo bete da, eta literatura solasen oihartzuna hedatu. Argitaletxeek eta idazleek goizetik goiz hartu dute leku, irakurleen esperoan; emeki-emeki hurbildu dira, pasabideak osorik betetzeraino. Orotara, 77 mahai bisitatu ahal izan dituzte: argitaletxeak, idazleak, marrazkilariak, argazkilariak, diseinatzaileak, grafistak, dokumental egileak… 42. aldikoz, Saran (Lapurdi), orotarikoa eskaini zaio orotariko jendeari. Liburu aurkezpenak eta mahai inguruak ere antolatuak zituzten. Goizaldia aitzina, jendea joan-jinka ibili da azokaren gelatik aurkezpenenera. Ordu laurdenean behin egile bat pasatu da bere obraren kontatzera, labur-labur, jendeari gogoa pizteko heina. Atzo eta bihar 10:45ean, Euskaltzaindiak leku hartu du aurkezpen gelan. Itxaro Borda idazleak errepresentatu du instituzioa, eta berekilan zituen Joseba Sarrionandia, Jabier Kaltzakorta eta Battittu Coyos. Bakoitzak liburu bat aurkeztu du, baina bakarrak ere ez du liburua idatzi: bilketa lana egin dute, transmisiorako bidean. Sarrionandiak Txomin Peillen idazlearen testuekin osatutako bilduma aurkeztu du: Txomin Peillenen testuen bilduma. [articles:2140707] Kaltzakortak Martin Ducq apez eta idazle baxenabartarraren Erroma eta Jerusalem lana paratu du: «Duela 134 urte argitaratu zen liburu bat da. 1888an, bidaia bat egin zuen Erromara, bertan hiru edo lau egun, eta handik Palestinara joan zen, Jerusalemera. Eta, han, bi hilabete eman zituen lur sainduak ikusten». Han ikusi eta bizi zituenak bidaia liburu batean idatzi zituen, eta liburu hori da, hain zuzen, Kaltzakortak gaurkotu eta berrargitaratu duena; sarrera ere idatzi dio. Coyosek aurkeztu duen liburuak, bukatzeko, Junes Casenave-Harigileren lau pastoral ezezagun agertzen ditu: Zortzi pastoral berri II; lehen zenbakian atera ziren beste laurak. Ezinbestekoa den bezala idazki zaharren berreskuratu eta berrargitaratzea, ezinbestekoa da idazki berrien agertzea ere. Hain zuzen, idazleen eta idatzien belaunaldi artekotasuna nabaria zen azokan. Amaiur Epherek 31 urte ditu, eta bigarren liburua agertu zuen otsailean: «Oraindik atera berria da; oraindik ez da oihartzunen garaia, beraz». Guttienez, azokak irakurle posibleekin trukatzeko parada ematen dio, baita beste idazleekin ere. Laster, agian, hedatuko da nobela beltz baten idazteko beka irabazi duen Tomasen istorioa. Haize beltza eleberriaren idazleak ez bezala, Tomasek ez du lortzen bere nobela bukatzea, baina laster iritsiko zaio hitzordua editoreekin. «Hortik abiatzen dira hainbat solas, eta, batez ere, nobela beltzaren inguruko solasak dira, arras nobela beltza izan gabe», esplikatu du Epherek; metaliteratura, hots. «Dudarik gabe, baina ez dakit zoin den aitzakia bata bestearentzat: istorioa metaliteraturaren zerbitzuko edo kontrakoa?». Mexikon «itzulika» Nagusiki, Euskal herriko jendea jin da obrak aurkeztera, baina ez du kentzen beste lurraldetako istorioak kontatzen ahal dituztela. Hain zuzen ere, Veronique Traba idazleak eta Patxi Beltzaiz argazkilariak Mexikori buruzko liburu bat atera dute elkarrekin. 2010 eta 2020 artean bidaiatu dute hara, pausak eginez baina, ororen buruz, bost urtez kasik. Euskal Herrira itzultzean deliberatu zuten han idatzitakoen eta argazkitan hartutakoen argitaratzea. «Anitz itzulika aritu ginen; ez dugu bidaiatu tokien ikustera joateko: usu itzuli ginen jadanik ezagutu genituen lekuetara, barneratu nahi baikenituen mexikarrek zituzten harremanak, herritarrekikoak eta herriarekikoak. Itzulika aritzea, guretako, biziki positiboa zen». Liburua ez da tematikoa, ezta kronologikoa ere: «Lurraldekako bidaia bat da». Hiriburutik abiaturik, Guerrero eskualdera buruz joan ziren, han 43 ikasle erail zituzteneko garai berean. «Izugarriko manifestaldiak baziren, eta justu han ginen. Familia batzuk ezagutu genituen, harremandu ginen, eta desagertuen tematika landu ahal izan genuen». Hango besta tradizionalak ere aipatu dituzte, «erresistentzia tresna gisa» erabiltzen dituztenak. Eta Chiapasera buruz doa liburua gero, nahiz horien lehen helmuga izan zen, hasieran. «1994ko urtarrilaren lehenetik geroz barnetik ezagutu nahi genuen mugimendu iraultzailea da. Emazteak eta gizonak altxatzen direnak errateko existitzen direla». Kontakizun horiek guziak elez eta irudiz josi dituzte, De l’autre côté du charco liburuan. Veronique Traba eta Patxi Beltzaiz beren liburua aurkezten, gaur, Sarako Idazleen Biltzarrean. GUILLAUME FAUVEAU Idazle eta irakurleak Sarara bildu dira aise bazelako begi, belarri eta izpirituen betetzekoa. Bihar Batzarrak jarraikiko du, baina profesionalei zuzendutako egunaldia izanen da: euskal migrazioaren gaia jorratuko dute.
Washingtonen elkartuko dira bi erakundeotako ordezkariak, gaur hasi eta larunbatera bitartean. Besteak beste, Trumpen azken politikek munduko merkataritzan izan duten eragina aztertuko dute.