Konfrontazioa abandonatzea leporatu dio LABek ELAri
Izan ere, LABentzat, ELAren azken mugimendua CIG eta CSC sindikatuekin batera, ez da eguneroko beste erabaki bat, besterik gabe. «Aitzitik, azken hilabeteotan, LAB eta ELAren elkarlanaren kontrako hainbat erabaki hartu ditu. Bere eredua eta erabakiak inposatu nahi ditu, eta hori egin ezin duenean, aldebakarreko erabakiak hartzen ditu, edo LAB ekimen batetik kanpo uzten du».
LABen ustez, bi arrazoi daude ELAren ekintzen atzean. «Lehena da eremu publikoan eta azpikontratatuan bai, baina eremu pribatuan patronalarekin konfrontatzeari uko egin diola». Iazko urtarrilaren 30eko greba orokorrean, sindikatuek, elkarrekin, patronalari exijitu zioten 1.200 euroko gutxieneko soldata, 35 orduko lan astea, soldata arrakalaren amaiera eta subrogaziorako bermeak, besteak beste. «Beren ezezkoen aurrean mobilizazio berriak antolatu ordez, Adegirekin eta Confebaskekin elkarlan giroa sustatu du ELAk», esan du LABek.
Iristen ez den une egokia
Ustezko elkarlan giro horren adibide batzuk aipatu ditu LABek: Aldi Baterako Erregulazio Espedienteen osagarriak eta Gipuzkoako metalgintzaren ituna, «borrokarik gabe adostua». Hala, LABek leporatu dio ELAri harreman onean dela patronalarekin: «Confebasken eta ELAren arteko harreman on horiek baieztatu dituzte erakunde bietako bozeramaileek». Kexu da sindikatu abertzalea, enpleguaren aldeko borroka indartzeko bere proposamenak bazter utzi dituelako gehiengo sindikalaren beste hankak. «ELAk uko egin dio behin eta berriro borroka elkarrekin egiteari».
Bi sindikatuen arteko elkarlana baztertzeko ELAk lukeen bigarren arrazoia ere esplikatu du LABek: «Uko egin dio Euskal Herriaren autodeterminazio prozesua gauzatzeko Estatuarekiko konfrontazioa sustatzeari». Gogoratu du 2017ko irailean burujabetza prozesuaren aldeko itun batean aritu zirela bi sindikatuak, «baina adierazpena plazaratu eta gutxira, bertan behera utzi zuen ELAk, egoera politikoa desegokia zelakoan». Ordutik, LABek ez du sumatu ELAren borondatean «adierazpen hartan hartutako konpromisoei heltzeko inolako interesik».
Jarrera hori aspaldikoa dela ere erantsi du LABek. «Zoritxarrez, horrela izan da azken hamarkada honetan: egoera politikoak aldatu dira, aldatu direnez, baina ELArentzat ez da inoiz heldu une egokia autodeterminazio prozesuaren aldeko konpromisoak hartzeko. Are, euskal harremanetarako eta babes sozialerako esparruaren aldarrikapenak gero eta leku gutxiago dauka ELAren diskurtsoan».
Mitxel Lakuntza idazkari nagusi duen sindikatua «Madrilera begira» dela ere gaineratu du LABek. «ELAk ez du inolako asmorik egungo esparru juridiko-politikoaren mugak gaindituko dituen ekimenik sustatzeko». Hori dela eta, sindikatu abertzaleak «beharrezkotzat» jo du euskal langileei eta Euskal Herriari egoera zein den jakinaraztea.


