Sutea izan da Zornotzako adingabeen zentroan, eta bi langile…

Zornotzako adingabeen zentroko bi profesional Galdakaoko Ospitalera eraman dituzte gaur Aldundiarena den zentroko logela batean izandako sutearen ondorioz.


«Ezin gara Paristik eta Madrildik datorrenaren begirale hutsak izan. Lan erreforma indarrean dago oraindik, eta pentsioena badator. Behar-beharrezkoa da Euskal Herritik eta Euskal Herrirako balioko duten lege berriak onartzea». Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak horrela eman dio sarrera sindikatuaren gizarte lanaren oinarri izango den marko teorikoari. Hilabeteak egin dituzte lan kode eta gizarte segurantza lege propio bat ikertzen eta taxutzen, eta horien zirriborroa da programaren oinarrietako bat.
Sei ezaugarritan aletu ditu lege proposamen horiek. Aurrenekoa da «lana eta zaintza lanak arautzea». Zaintza erdigunera eramatearen leloa, baina, mamiz hornitu behar da, eta hor datza proposamenaren berritasun nagu- sietako bat: zirriborroaren arabera, zaintzarako baimena eskatzen duen langileak soldatapean eta kotizatzen jarraituko luke. Baina nola ordaindu hori? «Funts espezifiko bat sortuta, enpresen, langileen eta erakunde publikoen artean horniturikoa».
LABen iritziz, langile guztientzat kotizazio erregimen bera ezarri behar da, «diskriminazioa amaitzeko». Era berean, enplegu bermatua aldarrikatu du, eta, sei hilabetean hala izan ezean, administrazioak gutxieneko soldata bermatu beharko lioke enplegu eskatzaileari, kalte ordain gisa. Era berean «kaleratze librea» ezabatuko litzateke legeditik.
Gutxieneko soldataren eztabaidari ere heldu dio LABek, eta, haren ustez, «beste urrats bat» egin behar da eskaeretan. 35 orduko lanaldiaren eta 1.200 euroko gutxieneko soldataren alde borrokan jarraituko duen arren, urrunago begiratzeko garaia da: 30 lanorduko astea, eta 1.400 euroko lanaldi gordina, hamalau ordainsaritan. «Euskal Herriko batez besteko soldataren %60 da», zehaztu du Aranburuk. Era berean, soldata handiei ere mugak jarri behar zaizkiela uste dute, 1:3ko proportziora, alegia, 4.200 eurora hain zuzen. «Ondasunak egoki banatzea» eta «lanen digitalizazioak ekar dezakeen lanpostu galerari aurre egitea da» muga horien filosofia.
Pentsioen sistema publiko eta unibertsalaren alde dago LAB, «sistema osagarririk gabeko» sistema baten alde. Erretiro adina 60ra aurreratu beharko litzateke, eta 58 urtetik aurrera erretiro mailakatua ezarri. Gutxieneko pentsioa eta soldata parekatzearen aldeko da sindikatua, baina trantsizio gisa 1.080 eurokoaren alde borrokatzen jarraituko du. Pentsioa kotizazioen arabera kalkulatuko da, langilearentzat komenigarrienak diren bost urteak kontuan hartuz.
Seigarren ezaugarria lan harremanak erregulatuko dituen erakunde berri bat da: langileen botoen bidez hautaturiko Lanaren Kontseilua. Aranbururen ustez, elkarrizketa sozialeko mahaia ez da eraginkorra, eta erreminta berri bat behar da. Kontseilu horrek ahalmena izango luke erakunde publikoen erabakiak ikuskatzeko eta lege proposamenak egiteko.
Euskal Herri osorako proposamenak dira. Hego Euskal Herrian egun instituzioek dituzten eskumenak erabili beharko lirateke, EAEko kontzertu ekonomikoak eta Nafarroako Itunak ematen dituzten aukerak baliatuz. LABek badaki Iparraldean eskumenak mugatuagoak direla, baina, oraingoz eta «batez ere», administrazio publikoko lan baldintzak arautzeko ematen dituen aukerak baliatu behar lirateke.
Nola ordaindu?
Eta hau nork ordainduko du? Aranburuk argi du oinarria zerga erreforma dela: «Zerga politika herritarren zerbitzura ipini behar dugu». Pentsioen kasuan, esaterako, nagusiki kotizazioekin ordainduko litzateke, soldatak duinduz eta kotizazio mugak handituz. Baina, «momentuak eskatzen duenean», aurrekontu bidez finantzatzeko aukera egongo litzateke. Zerga erreformarekin, besteak beste, enpresen irabaziak gehiago zergapetuko lirateke.
Proposamen horrekin «herri eztabaida sortzea» da xedea. Lehen pausoak bere militantziarekin emango ditu LABek, eta ostiralean egingo dute lehen aurkezpena, Donostian.
Barne eztabaida udararako bukatuta izatea espero dute, eta gero zabalduko lukete beste kolektibo batzuetara.

