2021. urtea: lehengo lepotik burua?
Errebote horren zain eta prest daude euskal enpresak, baina nazioarteko merkatuak ez dira normaltasun batera itzuli oraingoz —etxekoak are gutxiago—, txertaketa prozesua motel doalako. Edalontzia erdi hutsik ala erdi beteta ikusi behar da? Galdera hori egin die BERRIAk Bazkundea Gipuzkoako merkataritza ganberako zuzendari nagusi Javier Zubiari eta Mondragon taldeko Estrategiaren Planifikazioko arduradun Rafa Poli. Zuhurtzia handiz, baina esperantzarako arrazoiak badirela uste dute biek ala biek.
«Hirugarren olatuak urtarrila baldintzatu du, eta litekeena da lehen hiruhileko osoari eragitea. Txertoari esker euts diezaiekegu hazkunde aurreikuspenei, baina erabakigarria izango da zenbat denbora beharko den herritarren portzentaje handi bati txertoa jartzeko», azaldu du Javier Zubiak. Merkataritza ganberako zuzendariak oso argi dauka txertoaren erritmoaren araberako susperraldia egongo dela. «Gaur egun dakiguna aintzat hartuta, esan behar da ziurgabetasuna oso handia dela, baina txertoak iritsi direla, eta aldagai horrek ematen diola bidea esperantzari».
Mondragon taldeko Rafa Polek garbi dio «atzeratzen» ari dela hasiera batean finkatu ziren susperraldi aurreikuspenak. «Botiken irtenbideek eta konfinamendu adimentsuek salba ditzakete jarduera batzuk, eta hazkundearen bidean jarri ekonomia». Korporazioko kideak «erabaki politiko ez hain oldarkorrak» aipatu ditu konfinamenduak eta jarduerak ahotan hartzean. Dena den, Polek gogoratu du azaroan egin ziren aurreikuspenetan kontuan hartu zela oraindik eragina ez duen aldagai bat: Europako funtsak eta erakundeen beste laguntza batzuk. «Hazkundearen estatistika ereduak lautu egiten ari dira, egia da, baina Europako funtsen eragina ez da islatuko urteko hirugarren edo laugarren hiruhilekora arte».
Javier Zubiak, bestalde, azpimarratu du urte bukaeran egindako hazkunde aurreikuspenetan marraztu zela urteko lehen hiruhileko apal bat, «baina egia da uste baino kalte handiagoa egingo diola pandemiak urteko lehen zatiari»; «garrantzitsuena da txertoa azkar jartzea hiritarren kopuru jakin bati, eta horrela erietxeak husten hastea».
Urrutirago begiratu behar
Izan ere, Gipuzkoako merkataritza ganberako zuzendariak urrutirago begiratzeko eskatu du. «Orain sasoi txar batean gaude, eta epe motzera ikuspuntu ezkorrak nagusitzen dira, baina osasun adituek oso garbi esan digute txertoa dela konponbidea, eta analisi guztiek ondorioztatu dute susperraldia aurten iritsiko dela». Hori dela eta, eusteko aroan gaudela uste du Zubiak, nahiz eta atzeratu, iritsiko baita jarduerak biziberritzeko momentua.
Bat dator ikuspegi horrekin Mondragon taldeko Pol. «Edalontzia erdi beteta dagoela pentsatzea ez da okerra. Izan ere, azkartu egin dira esparru batzuekin lotutako dinamikak; adibidez, digitalizazioarekin lotutakoak, jasangarritasunarekin, osasunarekin… Garatzeko esparru berriak zabaldu dira». Arazoa da horrek guztiak ezin duela arindu orain arte pilatutako nekea eta zigorra, eta amaiera ez duen basamortuak biktimak utzi dituela eta utziko dituela oraindik ere. «Bidean galduko dira batzuk, hori segurua da». Eta benetako amesgaiztoa da ekonomiaren apnea gehiegi luzatzea, eta horrek eragin dezakeena: «Susperraldiak duen arriskurik handiena da oraingo krisi ekonomikoa finantza krisi bat bihurtzea».
2008. urtean, Atzeraldi Handiak era gordinean erakutsi zuen aldagai hori ez azaltzeak berebiziko garrantzia daukala suspertze azkar bat lortzeko, eta, horretarako, osasun arloko konponbideak lehenbailehen iritsi behar du. «Berankortasuna, zorra handitzea, dibisen gerra… arazo horiek kinka larrian jar dezakete finantza sistema».
Datozen hilabeteen kolorea marraztuko duen ariketan ez lukete azaldu beharko hitz larri horiek, 2021. urteak susperraldiarena behar badu.



