Erakundeetako ordezkaritza zabala bertan zela ireki dute ‘Rolando 2:15 2:45. 50 urte ETAren lehen sarraskitik’ izeneko erakusketa, gaur, Bilbon. Eusko Jaurlaritzako Justizia Saileko arduradun nagusiak zeuden bertan, Maria Jesus San Jose sailburua buru. Baita Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaritza, Bizkaiko Foru Aldundikoak eta Bilboko Udalekoak ere. ETAk 1974an egindako atentatu hartan hamahiru pertsona hil ziren, eta dozenaka zauritu. Alicia Gomez Cuadradok hartu du hitza erakusketaren irekiera ekitaldian, Francisco Gomez Vaquero Madrilgo Rolando kafetegiko sukaldiaren alabak. Gomez Vaquero atentatuan hil zen. Atentatu hartako biktimek «jasan duten utzikeria» salatu du Gomez Cuadradok. Ildo horretan, erakusketa «memoriarako babes bat» dela esan du, «eta ahanzturaren kontrako erresistentzia». Eskertu egin du erakusketan egindako ikerketa lana: «Gertatu zena argitzen du, eta opari bat da niretzat eta biktima guztientzat». Biktimen senideek hitza hartu aurretik, San Josek berretsi egin du Eusko Jaurlaritzak memoria sustatzeko duen konpromisoa, «memoria bat dibertsitatea, ezberdintasuna, aniztasuna eta gizarte demokratikoak eraikitzen dituzten oinarrizko balioak sustatzen dituena, gorrotoari, ezberdinari eta uniformitate kulturalari pasatzen ez uzteko». Dei egin du «gizarteari hainbeste min egin dioten heroi eta traidoreen errelato zaharrak baztertzera». Rolandoko atentatua nork egin zuen aitortzeko prozesua nahasia izan zen, eta hasieran ez zuen ETAk bere gain hartu. Milien eta polimilien arteko zatiketa betean izan zen. 2018an, ETAren azken Zutabe aldizkarian, ibilbide osoko atentatuen egiletzaren atalean, Rolandoko kafetegikoa ere bere gain hartu zuen. «Guk egin bagenuen eta orduko zuzendaritzak ez bazuen bere egin, ETAk bi akats egin zituen: lehena, bonba jartzen; bigarrena, bere gain ez hartzen».
«Musikaren sektorearen egoerari buruz berdintasunean hausnartzea, LGTBIQ+ kolektiboko musikaren sortzaileak eta profesionalak ikusaraztea eta sektoreak arlo horretan dituen erronkak identifikatzea». Helburu horiekin ekingo diote bihar Hots&Hitz jardunaldien hirugarren edizioari Bilbon. Amets Aznarezek, Yogurinha Borovak, Aner Peritzek, Kattalin Barcenak eta Miren Narbaizak hartuko dute parte, besteak beste. Musika Bulegoak antolatzen ditu jardunaldiak, Zinegoak jaialdiaren eta Anitzak elkartearekin lankidetzan, eta BERRIA da babesleetako bat. Arratsaldeko seietan hasiko dira bi egunetako saioak. Biharkoak La Sinsorga kulturgune feministan izango dira; etzikoak, berriz, Bilborocken. Jarduera guztiak doakoak izango dira. egitaraua Martxoak 19, asteazkena. 18:00. Jardunaldien aurkezpena 18:30. Berdintasunean programatu mahai-ingurua. Hizlariak: Lander Telletxea (Zinegoak), La Furia (Nerea Loron, Mimosa Bulegoa) eta Elena Garcia Fernandez (Mamiki konpartsa). Gidaria: Ibai Sanchez. Gaztelaniaz. 19:30. Oholtzak: identitate disidenteak eszenatokian mahai-ingurua. Hizlariak: Amets Aznarez, Aner Peritz eta Eduardo Gaviña Yogurinha Borova. Gidaria: Olaia L. Garialde. Euskaraz. Martxoak 20, osteguna. 18:00. Clubbing kultura eta LGTIBQ+ kolektiboa, bata bestearen zorretan? mahai-ingurua. Hizlariak: Anais Cordova-Paez aka LaNin (Feminist Projection Party), Leo Bueriberi (DJ Eromena), Laura Elordui (Harrika Kolektiboa & Harrikada Festibala). Gidaria: Ines (Krii Kolektiboa). Gaztelaniaz. 19:00. Euskal Herriko bideoklipak aztertzen ikuspegi queer batetik. Proiekzioa Zinegoak-en eskutik. 19:30. Musikaren lehen lerroan gorputza jartzearen ajeak mahai-ingurua. Hizlariak: Kattalin Barcena eta Miren Narbaiza. Gidaria: Oihana Arana. Euskaraz.
Iratxe Sorzabalen kontrako epaiketaren bigarren eta azken egunean, pairatutako torturen berri eman du berriz ere Sorzabalek: poltsa, elektrodoak, kolpeak… «Polizia deklarazioa egiten ez banuen, okerrago izango zen, eta ezin nuen gehiago», adierazi du, eta esan du hainbat delitu torturapean hartu zituela bere gain. Hain zuzen, horietako bat da 1995ean Alacanteko aireportuan (Herrialde Katalanak) lehergailu bat jarri izana. Gaur, ukatu egin du hori egin izana, baina fiskalak sei urteko espetxe zigor eskaerari eutsi dio. Defentsak, berriz, absoluzioa eskatu du. Atzo, lehergailua aurkitu zuen garbitzaileak eta ikerketan parte hartu zuten Espainiako zenbait poliziek eta guardia zibilek hartu zuten hitza. Sorzabalek 2001ean egindako polizia deklarazioak izan zituzten aipagai nagusi —ez dira froga gisa onartu—, eta ustez hark ETAko zuzendaritzari espetxetik bidalitako eskuizkribu bat; Sorzabalek ukatu egin du berak idatzi izana. Fiskalaren esanetan, bi elementu dira, eta «bereizita» aztertu behar dira. Are gehiago, adierazi du idatzia aztertzeko ez direla kontuan hartu behar «atxiloketaren nondik norakoak». Nondik norako horiek, hain zuzen ere, torturak dira; Sorzabalek beste behin azaldu ditu epailearen aurrean. Sorzabalek adierazi duenez, atxilotu eta Madrilera bidean zirela, harekin autoan zihoazen agenteek kolpeak eman zizkioten, poltsa jarri zioten buruan, eta deskargak eragin. Behin polizia etxean, besteak beste, poltsa jarri zioten, eta botaka aritu zen horregatik. Epaileak, baina, hor moztu egin dio deklarazioa. «Hamarnaka aldiz izan zen», gehitu du Sorzabalek. Kontakizunari berrekin, eta adierazi du inkomunikazioko lehen egunean ez ziola utzi Auzitegi Nazionaleko auzitegi medikuari bera ikuskatzen, «beldurtuta» zegoelako, baina, torturek eragindako mina zela medio, hurrengo egunean baietz, utzi ziola ikuskatzen. «Auzitegi medikuak aztertu ninduenean jakin nuen [bizkarra] haragi bizitan nuela». Hark ospitalera bidaltzea erabaki zuen. Hain zuzen, Benito Morentin auzitegi medikua arduratu zen gerora Sorzabalen tortura kasua aztertu eta hari Istanbulgo protokoloa aplikatzeaz. Haren esanetan, txostenean jasotzen diren askotariko elementuek, tartean, lesio fisiko —bizkarrezurreko patologiak, ondoeza, alopezia…— eta ondorio psikologikoek —trauma osteko estresa, psikoterapia beharra…—, bat egiten dute Sorzabalek torturez egindako adierazpenekin. Horien artean, azalean eragindako lesioak izan ziren argigarrienak, auzitegi medikuaren hitzetan. Izan ere, Sorzabali biopsia bat egin zioten, eta haren ondorioz diagnostika daiteke elektrizitate deskargak eman zizkiotela. Tortura horien ostean, ospitaletik bueltan egin zuen lehen polizia deklarazioa Sorzabalek. «Ez nuen Guardia Zibilak esaten zidana egin beste aukerarik», lehen bi egunetan bizitakoa «sekulako infernua» izan baitzen. Azaldu duenez, adierazi beharrekoa «entseatzen» izan zuten, eta hiltzeko mehatxuak egin zizkioten. Ordurako Sorzabalek bi egun zeramatzan lorik egin gabe, esan duenez. Sorzabalek beste bi aldiz ere deklaratu zuen polizien aurrean, horiek ere «mehatxu» artean egin zituen: «Edozer egingo nuen. Gogoratzen naiz esan nuela nahi bazuten Carrero Blanco hil nuela ere sinatuko nuela, eta barre egin zidaten; hori ez zuela inork sinistuko, baina gainerakoa bai». Beraz, Aiert Larrarte defentsa abokatuaren esanetan, ezin da aztertu gabe utzi Guardia Zibilak torturatu egin zuela inkomunikazio aldian. Hain zuzen, adierazi du ez dela erraza izaten torturen eragin fisikoak jasoak egotea epaiketetan, baina oraingoan badaudela. Hala, galdetu du ea nola den posible bere eskubideen berri duen norbaitek hasieran miaketa ez sinatzea, gero 22 delitu larri bere gain hartzea, eta ondoren hori ukatzea. Narrazioa Fiskalak, baina, hori kontuan ez hartzearen alde egin du bere azken adierazpenean. Argudiatu du ustez Sorzabalek ETAri bidali zion testuan polizien aurrean egindako deklarazioan baino xehetasun gehiago ematen dituela, baita akta hartan ez dauden zenbait ekintzen berri ere. Hala, bere ustez, Sorzabalek «egindakoen narrazio bat» da hura. Eta Morentinek esandakoei erreparatuz, argudiatu du Sorzabali egindako ebaluazio psikologikoan zehazten dela atxiloaldiaren «oroitzapen nahasiak» zituela, eta horregatik idatzian jasotakoa ezin daitekeela izan poliziei esandakoaren narrazio bat. Larrarte ez da iritzi berekoa. Hark zenbait argudio erabili ditu eskuizkribu hori froga gisa erabiltzearen kontra. Batetik, adierazi du ez dagoela hura Sorzabalekin lotzen duen azterketa grafologikorik, eta hari egotzita ere, ez dagoela esaterik egindakoen zerrenda bat dela, eta ez guardia zibilei kontatutakoena. Izan ere, testuaren azterketa eginez, Iñigo Camino Euskal Filologian katedradunak adierazi du Sorzabalen idatziaren itzulpena «ona» bada ere, bost hutsune daudela. Horiek guztiek, filologoaren hitzetan, «hari semantiko bat» dute. Hau da, polizia etxean jasandakoei egiten diete erreferentzia. Besteak beste, hark dioenez, adierazitakoa «entseatzera» behartu zuten, eta galdekatu zuten agenteek «egurra emateko» nahia bazuten ere, uste zuela «egur fisiko gehiago» ez emateko agindu zietela. Gainera, testu hasieraren zati hau ere itzuli gabe utzi zuten: «Gero kontatuko dizuet nola atera zizkidaten gauzak, eta nola igaro ziren bost egun horiek. Hau da txakurrei esan nien guztia». Beraz, Larrartek adierazi du testu hura Sorzabalek idatzi zuela onartuta ere, ea nola uler daitekeen hura eta jasandako torturak bereiztea: «Torturatua izan ez balitz hori idatziko luke?». Izan ere, Larrartek gogoratu du hura Sorzabalen bigarren atxiloketa izan zela, eta lehenengoan ez zuela halako ezer adierazi, nahiz eta epaiketa honetan egozten zaion ekintza ordurako egina zegoen: ekintza 1995ekoa da, baina Sorzabalek adierazi du 1996an sartu zela ETAn, eta 1997an atxilotu zutela lehen aldiz.
Administrazio kontseiluak 400 milioi euroko balioa duten Iberdrolaren akzioak fundazio akziodunetara eskualdatzeko proposamena egin zuen, eta Kutxabankeko akziodunen batzar nagusiak eragiketa baimendu du.
EAErako gutxieneko soldata propioaren eztabaidari dagokionez, koalizioak patronalari eskatu dio sindikatuekin “eseri eta negoziatzeko”. Akordiorako aukerak ikusten ditu EH Bilduk gai honetan.
Greba 2025eko apirilaren 9an Nafarroako Administrazio publikoan, “benetako negoziazioa” eskatzeko. LAB, AFAPNA, CCOO, ELA eta UGT sindikatuek lanuztea deitu dute Nafarroako Gobernuari behargin publikoen baldintzak hobetzea eskatzeko.
Gasteizek “Aste Santu inguruan” eskatuko du “hiri osoa” gune tentsionatu izendatzea. Borga Rodriguez Hirigintza eta Etxebizitza zinegotziak azaldu du “alokairu eskuragarria sustatzea” dela helburua. Oposizioak leporatu dio 2024an eskatzea hitzeman zuela.
Sindikatuek bertan behera utzi dute Renfen eta Adifen aurreikusitako greba gauerdian hasi baino lau ordu lehenago, Garraio eta Mugikortasun Jasangarrirako Ministerioarekin akordio bat lortu ostean, negoziazioko iturriek igande honetan jakinarazi dutenez.