Covid-19aren eraginez, EAEko ekonomiak % 9,5 egin du behera…

Covid-19ak eraginda, 2020an Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ekonomiak % 9,5 egin du behera eta enpleguak, %,8,1, Eustatek emandako datuen arabera.

Bidenekin zenbat aldatuko da hori? Ikusteko dago oraindik. Nahiko argi dago administrazio berriak harreman hobeagoak nahi dituela kanpo merkataritzan. Beharbada, tonu atseginago hori laster antzemango da, Munduko Merkataritza Erakundeko presidente berriaren izendapena desblokeatzen bada. Trumpek betoa jarri zion kontsentsuzko hautagaiari, Nigeriako Ekonomia ministro Ngozi Okonjo-Iwealari.
Tonu aldaketak, hala ere, ez du zertan politika aldaketa sakonik ekarri. Izan ere, herrialdearen merkataritza defizit itzela hor dago oraindik, eta globalizazioak kalte egin diela sentitzen duten langileak eta enpresak ez dira gutxi AEBetan, ezta bi alderdi handien boto emaileen artean ere. Horregatik, ia ezinezkoa da merkataritza harremanak Trump aurreko mailara itzultzea. Hori dela eta, Bidenek Buy America hartu nahi du goiburu, America Firsteko muga zergak inbertsioarekin ordezkatuz eta tokiko fabrikak eta ikerketa lehenetsiz.
Edonola ere, muga zergen gerra apaltzeko negoziazioetan hasi beharko dute orain Txinarekin; lan neketsua, zalantzarik gabe. Eta Europako Batasunarekin ere izan beharko dute hartu-emanik. Hor, ikusi beharko da zer gertatzen den AEBetako talde teknologikoak zergapetzeko europarren asmoekin.
Hori bai, aditu askoren ustez, Bidenek barne politikan jarriko du arreta, eta hortik kanpoko gaiak mantsoago joango dira.
Baina eskatuko zaio hori baino zerbait gehiago ere: herrialdeko desberdinkeria izugarria benetan murriztuko duten neurri ekonomikoak hartzea; izan ere, desberdinkeria eta milioika estatubatuarrek ikuspegi ekonomikotik pairatzen duten segurtasun falta dira, hein handi batean, krision muineko funtsezko arazoak.
Desberdinkeria murrizteko, hori bai, aldaketek sakonekoak izan beharko dute. Baina halakoetarako, aukeraz gain, denbora behar izaten da. Eta Joe Bidenek, nahiz eta pandemia ostean ekonomiaren hazkunde indartsua espero den, ez du denbora gehiegi ekonomia eta enplegua gutxieneko maila batzuetara bideratzeko, eta politika horiek errotzeko, gero ezabatzen horren errazak izan ez daitezen.
Bi urteren buruan midterm direlakoak iritsiko zaizkio, Ordezkarien Ganbera eta Senatuaren heren bat aukeratzeko hauteskundeak. Ordurako AEBetako herritarrek euren poltsikoetan hobekuntzarik antzematen ez badute, gerta daiteke demokratek erabakiguneetan gehiengoak galtzea, eta Bidenen talde ekonomikoa edozertarako maingu geldituko litzateke. Itxi egin daiteke Bidenentzat Georgiako bi senatari demokraten garaipenarekin urtarril hasieran zabaldu zaion aukera tarte estua.
Donald Trump garaitzea ez zen gutxi demokratentzat, baina Senatuan gehiengoa irabazteak izugarri zabaltzen dio Bideni bultza ditzakeen neurri politikoen eta ekonomikoen zerrenda, nahiz eta gehiengo hori oso estua izan —50na senatari dituzte demokratek eta errepublikanoek, eta, berdinketa egonik, Kamala Harris presidenteordeak erabakitzen du—. Izan ere, berez Kongresuarena (bi ganberena) da zerga legedia eta gastu federala ezartzeko eskumena. Hori gabe, zaila zukeen taxuzko ezer egitea ikuspegi ekonomikotik, Barack Obamari gertatu zitzaion bezala. Eta demokratek ez lukete nahi jokaleku horretan egon bi urteren buruan.
Gastu federala handitzeko bidea errazten diete, gainera, interes tasa txikiek, eta hori azpimarratzen aritu da egunotan presidente hautatua, teorian defizitak gorrotatzen dituzten errepublikanoen diskurtsoa aurretik isilarazi nahian.
Eta, hala ere, asko kostako zaio Bidenen taldeari bere programako zenbait neurri aurrera eramatea. Kapitolioan jokatuko da borroka hori ere. Senatuan, berez, 60 boto behar baitira legeak onartzeko. Dena den, badago haiek gehiengo soilarekin ateratzeko modua: adiskidetze aurrekontuen bidea, zeina filibusterismoa —araudiaz baliatuta jarduera nahita trabatzea— gainditzeko sortu zen. Hori bai, bide hori soilik gai jakin batzuetarako erabil daiteke, baldintza jakin batzuetan, urtean aldi gutxi batzuetan.
Analista batzuen arabera, eta berak ere esan du berebizikoa dela lehenbailehen zerbait egitea, Bidenek ezinbestekoa izango du berehalako neurri batzuk hartzea. Eta urte bukaeran irits daitezke, neurri handinahienak aurrekontuen lege zabal baten barruan, eta baita adiskidetzearen bidea erabiliz ere. Hauek dira bide batetik edo bestetik Bidenek iragarritako neurri batzuk:
Laguntza zuzenak, txekeak eta langabezia
Aste honetan aurkeztu duen pandemiari aurre egiteko 1,9 bilioi dolarreko erreskate planean, Bidenek hirugarren estimulu txeke bat iragarri du, 1.400 dolarrekoa —Trumpek bi banatu ditu: 1.200 dolarrekoak, apirilean, eta 600ekoa, abenduan—. Langabezia sariak ere luzatu eta zabaldu nahi ditu Bidenek.
Gutxieneko soldata, hamabost dolarrera
Demokraten —zehazki, Bernie Sandersen— aldarrikapen bat bere egin du Bidenen talde ekonomikoak: erreskate planean gutxieneko soldata bikoiztea; orduko 7,25 dolarretik hamabost dolarrera handitzea jaso du. Aldaketa oso sakona izateaz gain, hurrengo presidente batek atzera bota ezineko neurria litzateke. Agian urte bukaerara itxaron beharko du hor zerbait lortzeko.
Azpiegitura plan erraldoia
Enplegua sortzeko, lan publikoetan gastu handia egiteko asmoa du Bidenek, eta hor, kontrakotasun txikiagoa espero daiteke errepublikanoen aldetik.
Zergak
Trumpek 2017an onartutako zerga jaitsiera soilik aberatsenen mesederako izan zela inork gutxik jartzen du zalantzan honezkero AEBetan. Bidenek esana du jaitsiera hori ezabatu nahi duela. Alderdi Demokratan indartsuak dira aberastasunaren gaineko zerga baten aldeko ahotsak.
Lehendabizi ekonomiaren egoeraz galdetu behar. Pandemian gaude, badirudi hirugarren olatua hemen dela. Badago beste atzeraldi baten beldurrik?
Halakoetan maximalismoetarako joera izaten da, baina ni zuhurtasunaren alde egiten dut, eta ez dut zoritxarren iragarle izateko asmorik. 2020. urtean ekonomia asko erori da, baina, ziurrenez, erorketa ez da aurretik pentsatzen genuen bezainbestekoa izan. 2021erako, berriz, %8,6ko hazkundea aurreikusten dugu, eta, beraz, ez da konpentsatuko 2020ko erorketa guztia, baina jardueraren eta enpleguaren zati handi bat berreskuratuko da. Gero, gauzak okerrago edo hobeagoak izango diren, osasun egoeraren eta hartzen diren neurrien araberakoa izango da. Baina, pentsa dezakegu aurten ekonomia zati batean berreskuratuko dela, eta 2022an 2019ko tasak berreskuratuko direla.
Hurrengo urteak inportanteak izango dira. Egoera hain berezia da, ezen Europak eskua zabaldu baitu defizitak baimenduz. Baina kezka badago noiz itzul daitekeen zorroztasun fiskala, ez delako berdin izango austeritatearekin lotutako neurriak 2022an badatoz edo 2023an.
Faktore asko daude hor, eta ziurrenez gaur Europak ere ez daki zer gertatuko den. Europa jabetuta dago finantza krisian ez zuela bere egitekoarekin asmatu, austerizidioarekin ekonomia batzuk egoera okerragora eraman zituela. Orain, ekonomiaren beste erorketa handia iritsi denean, malgutasunaren alde egin du, defizit publikoarekin eta zorpetzearekin. Nire ustez, asmatu egin du, baita Euskadiri dagokionez ere, zorpetze ahalmen handia dugulako, zor txikiarekin. Horrek orain gasturako aukera ematen digu, arazo handirik gabe zorpetuz. Are gehiago interes tasak horren txikiak direnean, eta zorpetzea horren larria ez denean. Momenturen batean, ekonomia suspertzen denean, guztiok COVID-19az ahazten garenean, gehiegizko zorpetzeak birbideratzen hasi beharko dira. Baina, bideratze horrek, ez dago beste modurik, oso mailakatua etorri beharko du; hain zuzen, politika horiek ez daitezen kaltegarriak izan. Espero dut Europa buruargia izango dela horretan.
Aurrekontuei buruz, anbiziotsuak zirela esan zenuen, inoren ezezkorik ez jasotzeko modukoak.
Pixka bat bilbotarkeria zen hori esatea, baina neurri batean sinesten dut. Aurrekontu hauetan ahalegin handia egiten da. Aurreko urteetan igoerak izan dira, urtero 300 milioi euro ingurukoak, ekonomia hazkundeko garaiak izanda ere, Europaren mugak zeudelako gastuari eusteko. Orain, muga horiek gabe, gastua modu garrantzitsuan handituko dugu, uste dugulako gastu handia beharrezkoa dela COVID-19ari aurre egiteko eta jarduera ekonomikoa bultzatzeko.
ELAk dio gastua egiaz soilik %3 handitzen dela.
Azal diezadala hori nola den… Edonola ere, aurrekontuak beste aurrekontuekin alderatu behar dira. 2021eko aurrekontuak osotara hartzen baditugu, zorra hor sartzen denez, gaiak distortsionatzen ditugu, iaz baino zor handiagoa izango dugulako, adibidez. Baina aintzat hartzen baditugu lehen zazpi kapituluak, politika aktiboak egiteko sailetan banatzen den dirua, hor 770 milioi euro gehiago daude gasturako, %7,1 gehiago. Uste dugu igoera oso esanguratsua dela, kontuan hartuz prezioak zero inguruan dabiltzala. Eta Y grekoa eta Hegoaldeko Tren Saihesbidea aparte utzita, nik beti diot aparte utzi behar direla, esan behar da inbertsioa %6,4 hazten dela, eta hori oso gai garrantzitsua da. Aurrekontu hedakorrak dira, batere zekenak ez.
Euskadi Next. Merezi zuen horren gai inportanteak gardentasun handiagoa, adibidez, zerrenda osatzerakoan?
Ez dut uste oso bidezkoa denik gardentasun falta leporatzea. Kontu bat dago horren aurretik: nola edo hala ibili gara Euskadi Nexten inguruan eta proiektuen inguruan nola funtzionatu jakiten, ziurgabetasun handia dago, inkognita ugari, datu falta… Beraz, ez zen erraza talde parlamentarioek eskatzen zutenean gauzak asko argitzea, ez zirelako ezagutzen. Batzordean agerraldia egin dugu genekien guztia kontatuz. Bilkura monografiko bat ere izan da, ez zegoenean informazio handirik.
Gainera, asmoa ez da izan soilik zerrenda bat egitea, proiektuak paperean jarri eta dirua lortzea. Izan ere, benetan sinesten badugu Europaren diskurtsoa, hau aukera bat da eraldaketa energetikorako, digitalerako, sozialerako, eta baliagarria izan daiteke krisiei aurre egin ahal izateko. Eta uste dugu proiektuek herri ikuspegia behar dutela, erakunde artekoa, parte hartze pribatuarekin ere. Horrek guztiak sendotasuna ematen dielako, solbentzia, gaitasun eraldatzailea proiektuoi. Hori izan da lanerako espiritua; urte bukaerarako Espainiari agiri sendo bat aurkeztea. Jakina, hori guztia plaza publikora batzar modura aterata, ziurrenez ez ginen inora iritsiko. Oraindik ariko ginateke lehen proiektuaren lehen puntua eztabaidatzen. Eta, bestalde, gauza bat argi dago: gobernuarena da Espainiari agiri bat aurkezteko ardura.
Proiektuen kokapenak eman du zeresanik. Lurraldeen arteko orekaz kezkaren bat azaldu da. Eta proiektuetako asko kokatzeko daude oraindik.
Herri ikuspegi batekin egin dugu hau, logikoki lurraldeen artean oreka jakin bat gordez. Baina Madrildik dirua partitzeko kutxatxoak jartzen hasten bagara, eta bertan ere kutxatxoekin hasten bagara proiektuak banatzeko, ziurrenez, emaitza hutsa izango da, zero. Guztiok malgutasun dosiak behar ditugula uste dut, oreka jakin bat bilatuz bai, baina ez %51-%33-%15 banaketaren arabera. Horretarako, baliabideak partitzeko, badaukagu Finantzen Euskal Kontseilua. Nik uste dut proiektuak onak badira herrialdearentzat, erakundeak gai izango garela ulertzeko hoberena dela hori, gauzak derrigorrez BPGaren arabera edo koefizienteka banatzea baino. Eskuzabaltasuna behar da hor.
Alkate batzuek kezka agertu dute Europako diru horiek udaletara ez direla iritsiko. Diote Euskadi Nextek hiriburuak soilik hartzen dituela kontuan.
Mundu guztiak nahi ditu funtsak, baina azter dezagun funtsen muina; proiektu eraldatzaileei lotutako funtsak dira, eta horrek jada baldintzatzen du egitasmoen dimentsioa. Horrek ez du esan nahi diruak ez direnik joango udaletara. Adibidez, funtsak izango dira etxebizitzen birgaitze proiektuetarako, edo zonaldeetarako… Eta baliabide horiek daudenean, gobernuak jarritako planen arabera, proiektuak aurkezteko aukera izango da. Enpresa ertainekin eta txikiekin ere berdin gertatuko da, adibidez, obra publikoaren bitartez egongo da bidea, eta prest egon behar dute horretarako.
Badago jendea esaten duena ez direla funts horiek eskatu behar, haiekin datozen baldintzengatik eta erreformengatik. Kapitalari Planto mugimendua, esaterako.
Badago jendea ere dioena ez dela txertoa jarri behar. Gobernuak uste du Europaren politika hori zuzena dela; are gehiago, guk sinesten dugu Europak aurkeztu dituen transformaziorako zazpi ildoetan.
Diru asko eskatu duzue.
Kopuru bat dago hor, errekuperazio mekanismoko 5.700 milioi euro, 13.135 milioi euro erakartzeko. Estimazio bat da, gure ustez arrazoizkoa, baina ikusi beharko da gero zein den errealitatea, asko edo gutxi den. Saiatuko gara ahalik eta gehien izan daitezen; hori da gure helburua.
Hasieran zalantzan jarri zen Italia eta Espainia gai izan daitezkeen itzelezko laguntza horiek digeritzeko; proiektuak izateko, baldintzak eta epeak betetzeko.
Aurrekoan Sanchez presidenteak ere kezka hori agertu zuen administrazioen gaitasunaz. Ez da erraza. Inbertsio bolumena horren inportantea da, ez da erraza epeak bete ditzaketen proiektuak izatea. Guk, administrazio gisa, gauzak erraztuko ditugu, baina aldaketa batzuk egin beharko dira; Madrilen planteatu dira arau aldaketak, eta gure araudietara ere eraman beharko dira, sistema arinagoa izan dadin kontratazioetarako eta halakoetarako. Ez daitezela baliabideak paralizatu eta epeak galdu kontu administratibo edo legal batengatik. Baina argi dago arrisku bat badagoela, ondo inbertitzea eta epean inbertitzea ez delako erraza. Inbertsio hauek guztiak 2021, 2022 eta 2023an konprometitu behar dira, eta 2026ko abuzturako guztiek egon behar dute eginda. Hori bai, ezagutzen dugu Europa. Beti zazpi urteko planekin hasten dira Europan, eta gero gauzak luzatu egiten dira.
Lan mardula egin duzue Euskadi Nextekin, baina orain Madrilen izango duzue lana. Beti aipatu duzu inkognita asko daudela banaketaren inguruan. Jakin duzue zerbait gehiago?
Egunetik egunera ari gara gauza puntualak jakiten. Niri argitasun askoz handiagoa izatea gustatuko litzaidake. Oraindik ez da Ogasun ministroarekin harremanik izan, eta hark koordinatuko du gaia Madrilen. Ez da bilerarik izan, ez daukagu klaberik. Pixka bat isilpean ari gara lanean, informazio bila; baina, tamalez, guztiok berdina dakigu: gutxi. Eta denbora aurrera doa. Ikusiko dugu egunetik egunera. Jendea beharko dugu lanean, kudeaketa politikoa beharko da, indar guztiak erabili beharko dira. Horretarako gaude.
Borroka latza espero daiteke erkidegoen artean, ezta? Ezingo da gigafaktoria bat jarri erkidego bakoitzean.
Nik benetan espero dut funtsetarako lehia proiektuena izatea, Europak esaten duen bezala. Proiektu onenentzat eta haiek egiteko gaitasuna duenarentzat izatea baliabideak. Dena den, guztia soilik proiektuen bidez, komatxo artean zientifikoki, banatuko dela pentsatzeko bezain xaloak ere ez gara izango. Izango direlako borrokak erkidegoen artean, diru kontua delako. Nik espero dut dirua proiektuetatik kanpoko irizpideekin partitzeko tentazioa txikia izatea.
Europako Batasuna ere hor izango delako, zaintzen?
Espero dut Europa hor egotea zaintzeko, hori gustatuko litzaidake. Guk ez dugulako ezer ezkutatzeko, eta plan on bat dugulako, proiektu oso lehiakorrekin. Nahiko genuke europar arauak jarraitzea, eta ahal den neurrian interferentzia politikoak ekiditea. Guk proiektuekin egiten dugu apustu.
Europan izango duzue aterik?
Printzipioz ate horiek itxita daude Europan. Han esan dute ezin direla mundu guztiarekin harremanetan hasi, eta estatuekin ariko direla. Baina egia da estatu deszentralizatuetan, erkidegoak gure kasuan, Europako arauak esaten du erakunde deszentralizatu horiek erabili egin behar direla, proiektuek etorkizun hobea izan dezaten. Guk horri balioa emateko asmoa dugu.
Zergei buruz ere galdetu nahi nizun. ELAk dio zerga igoera beharrezkoa dela, baina aipatu izan duzu ez dela garaia.
Zerga guztiek dute izaera uzkurtzailea, ez baduzu zorpetzearekin konpentsatzen gastuaren aldetik. Eta une honetan hazkundea sustatu nahi badugu, ez dugu koherentea ikusten kontrako norabidea hartzea. Gastua handitzeko zorpetzea handitzea aukeratu dugu; besteak beste, interes tasa txikiak ikusita. Nik esan dut ez dela garai egokia zergak igotzeko, baina uste dut ere badela garaia pentsatzen hasteko etorkizunera begira zer egin behar den zergen inguruan. Ari gara proposamen batzuekin bueltaka, Zergen Koordinaziorako Organoaren mahai gainean jartzeko eta aztertzeko. Jaurlaritzaren eta diputazioen artean joango gara ikusten zein diren batzuen eta besteen planteamenduak.
Beraz, zerga erreforma buruan du oraindik Pedro Azpiazuk.
Uste dut urte honetan gogoeta hori egin behar dugula. 2022an neurriak jartzen hasteko, betiere egoera ekonomikoa zuzendu bada. Izan ere, lehen aipatu dugun bezala, oso posible da noizbait Europa eskatzen hastea aurreko defizit mailara itzultzeko, modu mailakatuan bada ere. Eta horrek politika publikoetan murrizketak eragiterik ez badugu nahi, osagarri bat beharko da zerga erreformatik etor daitezkeen baliabideetatik.


Derioko lantegiko obrak aurten hasiko dituzte, eta 2024rako amaitu nahi dituzte. 60.000 metro koadro inguru izango ditu, eta 100 milioi sendagai unitate baino gehiago egiteko ahalmena izango du. Baliabide propioekin eta kanpo finantzaketarekin ordainduko dira lanak, enpresak besterik zehaztu gabe jakinarazi duenez. Lantegi horri esker, sendagai mota berriak produzitu ahal izango dituztela esan du, eta gaur egun hirugarrenei azpikontratatuak dizkieten ekoizpen batzuk integratzeko aukera emango diela. Horrekin batera, bere produktuen eraginkortasuna hobetzea eta kostuetan lehiakorragoak izatea espero dutela adierazi du. «Gihar industrial handiago horri esker, Faes Farma taldeak bere hedapen organikorako plan estrategikoa bete ahal izango du, sendagaien salmentak handituz, bai Espainian, bai nazioarteko merkatuetan», azpimarratu du komunikabideetara bidalitako oharrean.
Hazten ari den sektorea
Bizkaian erro sakonak dituen enpresa da Faes Farma. Duela 86 urte sortu zuten, eta bere urterik oparoenetan da. 2020an, 63 milioi euro irabazi zituen, irailera artean. Horiek dira orain arte jakinarazi dituen azken emaitzak. Urte amaierakoak inoizko onenak izango dira. Aurreko errekorra 2019an ezarri zuen , 64 milioi lortuta urte osoan, eta guztira, 357,4 milioi fakturatu zituen. Atzoko iragarpenaren ostean, konpainiaren akzioek %7 egin zuten gora.
Azken bost urteetan nabarmen hazi da farmaziaren sektorea. Inbertsioak bikoiztu egin dira, Eustaten datuen arabera. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako industrian duen pisua, baina, txikia da oraindik ere (%1,5). Gipuzkoan Viralgen da sektoreko enpresa nagusia. Urrian jakin zen Alemaniako Bayerrek erosi zuela. Horri esker, lantegi berria eraikitzen ari dira Donostiako Miramongo parke teknologikoan, eta 2022ko udaberrirako amaituta egotea espero dute. Hirurehun lanpostu sortzea aurreikusten dute. Enpresaren hazkundea izugarria da: pandemiaren aurretik, 70 langile zituen; gaur egun, 127; eta, bi urte barru, 500era iritsiko dira.
Viralgen COVID-19aren aurkako txertoetako batean ari da lanean. Massachusettseko General Brigham ospitaleak (MGB) eta Harvard Unibertsitateak garatukoan, hain zuzen ere. AEBetatik kanpo txerto hori produzituko duen enpresa bakarra izango da.
Nafarroan, Cinfa da enpresa nagusia. Sendagai generikoen lehen ekoizlea da Iberiar penintsulan. Ollokin planta berri bat eraikitzeko egitasmo bat du martxan, eta horrekin produkzioa %30 handitzea aurreikusten du.
«Europako batezbestekoekin parekatzeko, Jaurlaritzak beste 100 lan ikuskatzaile kontratatu beharko lituzke, eta Nafarroako Gobernuak, 50. Argi dago orain darabiltzaten estrategiek ez dutela eraginik; lan osasunak ez du lekurik politikak». Lourdes Eraso LAB sindikatuko lan osasuneko arduradunak atzo eginiko salaketa da hori. Sindikatuek manifestazio deigarria egin zuten Bilbon iaz Hego Euskal Herrian hildako 66 langileak gogoratzeko. Hileta bat irudikatu zuten Moyua plazatik Jaurlaritzak Kale Nagusian duen egoitzaraino. Hilkutxan «zerbitzu publikoak» idatzita zegoen. Iruñean ere elkartu ziren.
Sindikatuek hiru bilera eskaera ofizial erregistratu dituzte: Idoia Mendia Jaurlaritzako Lan sailburuarekin, eta bana Manu Aierdi eta Santos Indurainekin, Nafarroako Garapen Ekonomikoko eta Osasun kontseilariekin, hurrenez hurren. «Prekaritateaz hitz egiteko. Lan istripu pila bat geratzen direla esan nahi duegu, eta konponbidea dutela».
Sindikatuen iritziz, iazko datuek agerian utzi dute lan osasun politikak «errotik aldatu» behar direla. Horretarako eskaera zehatzak plazaratu dituzte: kontrol zorrotza erorketa eta gorputz atalen harrapaketa arriskua, edota minbizia sor dezaketen gaiekin lan egiten duten enpresetan; bi urtetako epean enpresa guztien arrisku psikosozialen azterketa egitea; prebentzio arloan zigorra duten enpresak ez kontratatzea.
Urteko lehena, Iberdrolan
Sindikatuen zifren arabera, iaz 66 langile hil ziren lan istripuetan Hego Euskal Herrian, eta aurten dagoeneko hil da aurrenekoa, Iberdrolak azpikontrataturiko enpresa bateko 36 urteko langile bat. «Eta ez da izango Iberdrolak segurtasun neurriak aplikatzeko dirurik ez duelako!», nabarmendu zuen haserre Herediak. «Azpikontrataturiko langileen interesa ezberdina da. Horren inguruan ere hitz egin nahi dugu».
Horiei lan gaixotasunen erruz hildakoak gehitu beharko litzaizkieke. Sindikatuen arabera, iaz 28 langile hil ziren amiantoarekin lan egin izanak eragindako gaitzengatik, eta koronabirusak lantegietan izandako eraginaren inguruko datuak falta zirela salatu zuen. «COVID-19ak jota hil diren langileen erregistrorik ez daukagu. Ez dago haien arrastoa jarraitzeko modurik. Kasu deigarri bat ezagutu dugu, Osakidetzaren ESI bat: 183 positibo egon ziren, eta bi bakarrik bideratu zituzten mutualitatera lan gaixotasun gisa».
Osakidetzaren kasua aipatu zuen ELAko ordezkariak; Erasok, aldiz, adinekoen egoitzetako langileengan jarri zuen arreta. «Euskal Herrian 4.007 pertsona hil ziren COVID-19arekin iaz, eta horietatik 1.430 zahar etxeetako egoiliarrak ziren. Pandemiarekin agerian gelditu da sektore horrek jasaten duen prekarizazio maila. Sektore oso feminizatu bat da, gainera».
COVID-19aren eta atzeraldi ekonomikoaren eragina oso nabaria izan da prezioen bilakaeran ere. Mugikortasunaren debekuak eta mugek ekarri dute garraioen arloa izatea 2020. urtean gehien merkatu zena: %4,1 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %5, berriz, Nafarroan.
Inflazioaren kalkuluan pisu handia du garraioaren atalak, eta horren barruan erregaien prezioak, herritar askoren hileroko fakturan pisu handia duen atala baita. Erregaiek eragin dute, hain zuzen ere, garraio atala merkatzea. Gasolinaren, gasolioaren eta beste erregaien prezioa amildu egin zen pandemiaren hasieran, Saudi Arabiak Errusiarekin zuen borrokaren ondorioz, ekoizpena ez baitzen eskaria bezainbeste jaitsi. Bakea sinatu zuten Riadek eta Moskuk, baina ordurako kontsumoa hondoratuta zegoen, eta oso poliki baizik ez da handitu. Ondorioz, aurtengo abenduan erregaiak iaz baino %13,8 merkeagoak ziren Nafarroan, eta %11,1 beste hiru lurraldeetan.
Horrek eragin nabaria izan du beste sektore batzuetan ere. Komunikazioetan eta aisialdiarekin eta kulturarekin loturiko jardueren prezioetan, %4 eta %2,2 jaitsi dira, hurrenez hurren, lau lurraldeetan.
Urte hasieran eztabaida iturri bihurtu da etxeko energien prezioak garestitu izana, eta bereziki gasa eta argindarra. Gasaren prezioa izugarri igo da azken asteetani, baina 2020 osoan beheranzko joera nabarmena izan du, eta urtea %11,8ko merkatzearekin amaitu zuen Espainian —INEk ez du atal zehatz horretako daturik ematen Hegoalderako—. Argindarra ere 2019an baino merkeagoa izan da urte osoan zehar, eta %20 merkeagoa izatera iritsi zen apirilean, eskaria askoz txikiagoa izan zelako eta zati handi bat energia berriztagarri merkeekin betetzeko modua izan zelako. Abenduan, ordea, joera aldatu du, eta %5,9ko garestitzearekin amaitu. Urtea %30eko garestitzearekin hasi du aargindarrak, baina azken hiru egunotan merkatu egin da: gaur atzo baino %13,6 gutxiago ordainduko dute tarifa arautua dutenek —bitik batek—.
Erosteko ahalmena, gora
Inflazio negatiboak badu alde arriskutsu bat, luzaroan iraunez gero deflazioa eragin dezakeelako, eta harekin batera bere burua elikatzen duen atzeraldi bat. Baina alde positibo bat ere badu: herritarren poltsikoak polikiago husten ditu. Horrela, 2020an erosteko ahalmena irabazi dute soldatei edo beste sariei eusteko gai izan direnek. Adibide gisa, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean dauden lan hitzarmenek %1,82ko soldata igoera finkatuta dute —Lan Harremanen Kontseiluaren azken datua—, eta %1,98 aurten sinatutakoek. Langile publikoei %2 handitu zieten soldata 2020ko urtarrilean, eta %0,9, berriz, pentsioak.
