Erregai-tanga betetzea 10 euro merkeagoa izango da Aste Santu honetan, petrolioaren beherakada dela eta. Estatu Batuen eta Txinaren arteko muga-sari gerrak ustekabeko ondorioak ekarri ditu.
Aljeriako Gobernuak herenegun baieztatu zuen Frantziako enbaxadako eta kontsulatuetako hamabi langile herrialdetik kanporatzeko agindua eman zuela «persona non grata» izendatuta, eta atzo kanporatu zituen, 48 orduko epea amaitu eta gero. Hari erantzunez, Frantziako Gobernuak erantzun «simetrikoa» eman zion atzo: iragarri zuen Aljeriaren beste hainbeste langile kanporatuko dituela, herrialdeak Frantzian dituen enbaxadan eta kontsulatuetan lan egiten dutenak horiek ere. Langileen kanporaketagatik «harridura» erakutsi zuen Frantziako Gobernuak atzo, ohar bidez, eta Aljeriako autoritateei egotzi zien «harreman bilateralak zakarki degradatzea». Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Stephane Romatet Frantziak Aljerian duen enbaxadoreari ere biltzeko deia egin zion. Asteburuan, Aljeriak Creteil hirian (Frantzia) duen kontsulatuko langile bat eta beste bi lagun atxilotu zituzten, Parisen, eta horren harira iragarri zuen Aljeriak kanporaketa. Frantziak iazko apirilean Amir Bukhors aljeriarra bahitzea leporatzen die —Aljeriako Gobernuarekin kritikoa da Boukhors, eta 2023an asilo politikoa lortu zuen Frantzian—. Aljeriak exijitu zuen hiru atxilotuak aske uzteko, eta arbuiatu egin zituen Frantziako terrorismoaren kontrako fiskaltzak horiek atxilotzeko erabilitako arrazoi «ahulak», «bai formari dagokionez, bai funtsari dagokionez. Hiru lagunen atxiloketa «lotsagarritzat» jo zuen Aljeriak, haren arabera kontsulatuko langilearen pasaporte diplomatikoa «inolaz ere kontsideratu gabe» egin zutelako, eta bi herrialdeen arteko hitzarmenak «urratu» zituztelako. Bruno Retailleau Frantziako Barne ministroaren kontra ere egin zuen Aljerrek, eta salatu haren «beti-bateko jarrera negatibo eta kezkagarria zela eta» egin zutela atxiloketa. Jean-Noel Barrot Frantziako Atzerri ministroak adierazi zuen atzo «lazgarria» dela Aljerian dituen enbaxadako eta kontsulatuetako hamabi langile kanporatzea agindu izana, eta Frantziako Gobernuak ez duela parte hartu horretan: «Prozedura judizial independente bat da; Bruno Retailleauk ez du inolako zerikusirik horrekin». Barrotek mehatxu egin zion Aljeriari, esanez «antzeko neurriak» hartuko zituela «berehala» kanporatze agindua bertan behera utzi ezean. Ordu gutxi batzuk beranduago heldu zen Aljeriaren hamabi langileak kanporatzeko erabakia. Barrotek ohartarazi zuen Frantziak Aljerren dituen langileak kanporatuz gero egoera «tamalgarria» izango dela, eta «bai alde batek, bai besteak egindako ahaleginak arriskuan» egongo direla. Azken hilabeteetako Frantziaren eta Aljeriaren arteko krisi diplomatikoaren harira esan zuen azken hori. Aljeriak, berriz, asteburuan salatu zuen bi herrialdeen arteko gerturatzea «oztopatzen» saiatzeko atxilotu zutela kontsulatuko langilea. Izan ere, iazko uztailean, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Marokok Mendebaldeko Sahararen autonomiarako proposatutako plana babestu zuen, argudiatuz lurralde horretako auzia konpontzeko «abiapuntu bakarra» zela. Horri erantzunez, Aljeriak Parisen duen enbaxadorea erretiratu zuen. Joan zen apirilaren 6an Aljerren egon zen Barrot, krisia baretze aldera. Azken egun hauetan gertatutakoak ikusita, esan zuen bi herrialdeen arteko «elkarrizketari eustea» dela haren lana, nahiz eta iragarritako erantzuna eman dioten Aljeriari, «tentsioa handitzea» erabakitzeagatik
Agurainen ia 50.000 plaka fotovoltaiko instalatzea aurreikusten duen proiektuaren aurka agertu da herriko udala, eta egitasmoa sustatzen duen enpresari —Cañaveras Solarri— eskatu dio eguzki parkearen proiektua berriz aztertzeko. Udalaren jarrera gaurko udalbatzan islatu da, onartu baita EH Bilduk egitasmoaren kontra aurkeztu duen mozioa. Koalizioaren esku daude alkatetza eta osoko bilkuraren gehiengoa. Ubalza II izeneko egitasmoak 30,9 MWeko potentzia izango luke, eta 50 hektarea gaindituko lituzke 48.960 panelak instalatuta. Udalak azaldu duenez, zenbait aldaketa egiteko eskatu dio enpresari, baina Cañaveras Solarrek horiei «jaramonik egin gabe» jarraitu du aurrera. Besteak beste, udalak eskatu dio instalazioak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metrora egon dadila. Udalaren esanetan, proiektuak ez du tarte hori errespetatzen Egileor auzoari dagokionez. Horrez gain, udalak uste du zentral fotovoltaikoak onura ekonomiko eta sozialak izan beharko lituzkeela herritarrentzat, eta enpresari galdegin dio azpiegitura ustiatzeko sortutako sozietatearen jabetzan parte hartzeko aukera zabaltzea Aguraingo erakunde publikoei, sozialei eta ekonomikoei. «Udal Gobernuak hainbat eskaera egin dizkio enpresari, proiektu hau energia berriztagarriaren hedapenari ekiteko defendatzen ditugun printzipioetan txertatzeko: gure eremu babestuak eta balio estrategiko handiko nekazaritza lurrak babestea eta energia ekoizpenaren demokratizazioan urratsak egitea, gure komunitateak proiektuetan parte hartuz. Eta orain arte ezezko erantzuna jaso dugu. Horregatik gaude proiektu hauen aurka», azaldu du Raul Lopez de Uralde Aguraingo alkateak. Jaurlaritzari ardura eske Eusko Jaurlaritzari ere mintzatu zaio udala, eta eskatu dio bere gain hartzeko energia berriztagarrien hedapenean ordena jartzeko betebeharra, «gure lurraldearen energia beharrei erantzungo dien trantsizio energetiko justu eta demokratikoa bermatuko duten deliberazio prozesuak bultzatuz». Udalak Jaurlaritzari galdegin dio ez dezala Ubalza II proiektua gauzatzeko baimenik eman Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala onartu arte. Plan horrek antolatu eta arautu behar du energia berriztagarrien zabalkundea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Jaurlaritzak onartua du haren behin-behineko bertsioa. Planaren arabera, hamar hektareatik gorako eta bost MW baino gehiagoko zentral fotovoltaikoak ezin izango dira ezarri balio estrategiko handiko nekazaritza lurretan. Horrez gain, gisa horretako azpiegiturek gune populatuetatik 500 metrora egon beharko dute gutxienez. Jaurlaritza plan sektorialari azken onarpena ematekoa da. Cañaveras Solar enpresak bi proiektu aurkeztu dizkio Jaurlaritzari, Agurainen parke fotovoltaikoak egiteko. Ubaza II proiektuaren aurretik, Ubaza izeneko egitasmoa aurkeztu zion enpresak Jaurlaritzari: Agurainen 38.000 plaka instalatzea aurreikusten du, eta 21,3 MWeko potentzia instalatua edukiko du. EH Bilduk mozioan argitzen duenez, 2023ko maiatzean aurkeztu zion lehenengoz enpresa sustatzaileak udalari Ubaza egitasmoa, eta beste proiektu bat —Ubaza II— garatzeko asmoa zuela aurreratu zion. Lehen bileran, Aguraingo Udalak kezka agertu zion, energia berriztagarrien hedatzea «premiazko eta beharreko neurria» dela uste duen arren arduratuta dagoelako «energia proiektuen ugaritze kaotikoa» ikusita. Hori dela eta, gaurko mozioan jasotzen diren eskari berak egin zizkion enpresari: balio estrategiko handiko nekazaritza lurrak salbuesteko, gune populatuetatik gutxienez 500 metrora jartzeko instalazioa, eta herriko eragile publikoei, ekonomikoei eta sozialei azpiegituraren ustiaketan ariko den sozietatearen jabetzan parte hartzeko aukera irekitzeko. «Enpresak eskaera horiek aztertzeko konpromisoa helarazi zion udalari, baina ez genuen berririk izan, harik eta 2024ko martxoan Ubalza proiektua jendaurrean ikusgai jarri zen arte». Egitasmoak ez zituen udalaren eskariak jaso, eta udalak proiektuaren kontrako alegazioak aurkeztu zituen. Mozioak jasotzen duenez, udalak eta enpresak beste bilera bat egin zuten 2024ko irailean. Orduan, Cañaveras Solarrek atea itxi ziola Aguraingo eragileek parke fotovoltaikoaren enpresa ustiatzailean parte hartzeari. Ubalza II proiektuaren berri apirilaren 7an eman zuten, eta orduan jakin zituen haren xehetasunak Aguraingo Udalak ere. Proiektuari alegazioak aurkezteko aukera aztertzen ari da udalaren hirigintza zerbitzua. Maiatzaren 6an amaituko da horretarako epea.
Zisterna kamioi batek eta auto batek aurrez aurre jo dute NA-134 errepidean, Milagroko saihesbidean (Nafarroa), 15:00ak aldera. Kolpearen ondorioz gizon bat hil da, autoko gidaria. Kamioiak su hartu du, baina gidaria ez da zauritu. Azkoiengo eta Tuterako suhiltzaileak eta foruzainak joan dira istripuaren lekura. Foruzaingoa istripuaren arrazoiak ikertzen ari da.
Garraio Ministerioak Adifen bidez egingo du lanen eskaintza eta linearen “elektrifikazioan funtsezko urratsa” emango duela adierazi du. Bitartean, aurrera doaz Bizkaiko adarreko eta Bergarako lotuneko plataformetako lanak, baita trenbideak jartzeko proiektuak ere.
Sindikatuak kritikatu duenez, Osalan, “gaia argitu eta erantzukizunak eskatu” beharrean, “gertatutakoa ezkutatzen” saiatu zen. Gertatutakoak erantzukizun politikoak dituela uste du LABek, eta “formakuntzaren publifikazioa” eskatu du.
Gerra komertzialak eta AEBko presidenteak iragarritako muga-zergek ziurgabetasuna zabaldu dute mundu osoko merkatuetan. Bideojokoen sektoreko enpresak izan dira azken aste hauetan kaltetuenetako batzuk.
Norbaitek uste bazuen Donald Trumpek finantza merkatuen ohar ozena entzun eta tarte batez tiradera batean sartuko zuela muga zergak handitzeko politika, oker dabil. AEBetako presidenteak asteburuan iragarri du «aurki» jarriko dizkiela aduana tarifa bereziak orain halakorik ez duten produktuei, hala nola botikei, erdieroaleei, sakelako telefonoei, ordenagailuei eta aparatu elektronikoei. Trumpek merkataritza gerra hasi zuenetik, burtsak amildu egin dira —AEBetako S&P 500 indizeak %12 egin du behera otsailaren erdialdetik—, dolarrak indarra galdu du —%10 azken astean euroarekin alderatuz—, eta AEBetako zorraren interesak igotzen ari dira. Merkatuek garbi erantzun diote Trumpi, eta neurri batean atzera egitea bultzatu dute, 90 egunez %10era mugatu baititu egun batzuk lehenago iragarritako «elkarrekiko» muga zergak —Txinari jarritakoak izan ezik—. Tentu handiagoarekin jokatzeko asmoa zuela iradoki zuen ostiral arratsaldean, sakelako telefonoen eta aparatu elektroniko batzuen muga zerga horietatik kanpo utzita, eta merkatuek ongi hartu dute hori, gora egin baitute azken egunotan, eta baita gaur ere. Baina baliteke finantza merkatuen su etenak gutxi irautea. Igande arratsean, golf partida bukatutakoan, Trumpek berriro ekin zion erasoari, Truth Social bere sare sozialaren bitartez, eta, nola ez, hizki handiz. «Inor ez da libratuko», ohartarazi zuen, eta iragarri zuen beste muga zerga bat jarriko ziela «aurki» erdieroaleei «eta produktu elektronikoen ekoizpen kate osoari». Txip horiek produktu elektroniko guztietan erabiltzen dira, eta, hortaz, denak garestituko lituzke. %80 Zenbat iPhone telefono egiten diren Txinan. Appleren sakelako telefonoek sekulako arrakasta dute AEBetan, merkatuaren erdia baino gehiago (%51) kontrolatzen baitute —Euskal Herrian, lautik bat dira—. Telefono horietatik, %80 Txinan egiten dituzte, Foxconn-ek eta Taiwango beste konpainia batzuek. Hori bai, azaldu zuen halako osagaiak Txinatik eta beste herrialde batzuetatik ekartzen dituzten enpresekin —guztiekin, alegia— hitz egingo zuela erabaki bat hartu aurretik. Uler daitekeenez, Txinako produktuei jarritako %125eko muga zerga berezia baino txikiagoa izango da mikrotxipei jarritakoa. Tarifa egon egongo dela ziurtatu du AEBetako Merkataritza idazkariak, Howard Lutnickek, eta berretsi egin du zein den Washingtonen asmoa: produktu elektronikoen hornidura katea AEBetara itzultzea. Edo aurreko astean Lutnickek berak modu grafiko batean azaldu zuen bezala: «Milioika eta milioika gizakiz osatutako armada bat torloju txikiak jartzen iPhoneak egiteko; horrelako gauzak izango dira berriro AEBetan». Emakume bat Appleren telefono berriaren iragarkiaren ondotik igarotzen, Pekinen. JESSICA LEE / EFE Lutnicken ametsa gauzatzeko aukerak, ordea, nahiko urriak dira. Batetik, hilabeteak eta, are, urteak beharko lirateke fabrikak eraikitzeko eta langileak prestatzeko. Gainera, badira beste bi eragozpen: nahikoa langile egongo al dira horrelako lanak egiteko prest? Aurkituz gero, haiei ordaindu beharreko soldatek ia ezinbestean garestituko lituzkete Txinan egindako produktuak. Autoak garestitzen ari dira ibilgailu horien inportazioei %25eko muga zergak jarri izanaren ondorioz. Autoen osagaien gaineko muga zergak, bestalde, maiatzaren 3an ziren indarrean jartzekoak, baina agian atzeratu egingo direla iradoki du Trumpek: «Autogileei laguntzeko zerbaiten bila ari naiz. Kanadan, Mexikon eta beste leku batzuetan egiten ziren osagaiak bilatzen ari dira, baina denbora behar dute, hemen egingo dituzte eta». Hori esan, eta General Motors, Ford eta Stellantisen akzioak asko igo dira burtsan. Komisarioaren hirugarren ahalegina Trumpek muga zergen parte bat atzeratu izanak atea ireki die negoziazioei. AEBetako presidenteak ez du lortu helburu nagusitzat jo zitekeena, hots, Txina erreguka joan ziezaiola konponbide eske —edo «ipurdia miazkatzera», haren hitzen arabera—. Pekinek irmo erantzun dio, kolpe bakoitzari neurri bereko beste kolpe batekin aurre eginez. Europako Batasunak, berriz, Trumpekin hitz egitea hobetsi du, nahiz eta behin eta berriro esaten duen prest dagoela zigor neurriak ezartzeko; hala egin zuen AEBek altzairuaren eta aluminioaren inportazioei jarritako %25eko muga zergekin, baina berehala eten zituen, Trumpen keinuari erantzuteko. Negoziazio horietarako itzuli da gaur Washingtonera Maros Sefcovic EBko Merkataritza komisarioa. Hirugarren bisita izango du azken hilabetean, eta aurreko bietan esku hutsik itzuli zen Bruselara. Sefcovicek parean izango ditu EB mespretxuz ikusten duen administrazio bateko kideak; haren aurkako adierazpenak egin dituzte JD Vance lehendakariordeak eta Pete Hegseth Defentsa idazkariak, baina Trumpen esaldi bakar batekin laburtu daiteke presidenteak zer iritzi duen EBri buruz: «Merkataritza kontuetan Estatu Batuei kalte egiteko sortu zen Europako Batasuna» . Uste denez, Merkataritza komisarioak gas gehiago erostea eskainiko dio Trumpi. Jada AEBak dira gas naturalaren hornitzaile nagusiak, Errusiaren ordez, baina AEBak azpiegiturak prestatzen ari dira are gehiago esportatzeko, eta gas horrentzat erosle bat nahi du Trumpek. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea eta Maros Sefcovic Merkataritza komisarioa, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE Edonola ere, Bruselak ohartarazi du enpresek erosten dutela gasa, eta haiek eskaintzarik errentagarrienei erreparatzen diete. Askok adierazi dute dagoeneko ahal bezainbeste gas erosten ari direla AEBetatik. Gainera, gas kontsumoa behera doa EBn, energia berriztagarrien mesedetan. Sefcovicen beste proposamen bat izan daiteke %0eko muga zergak ezartzea industria produktuei Atlantikoaren bi aldeen artean. Trumpek berak baztertua du proposamen hori lehendik ere. EBren arazoa da AEBetako produktu gutxiago zergapetu ditzakeela, AEBek gutxiago inportatzen baitute Europatik, Europak AEBetatik baino. Gainera, horien artean nagusia petrolioa da, eta ez zaio komeni haren gaineko muga zergarik ezartzea. Horregatik, EB aztertzen ari den beste zigor bat da AEBetako zerbitzuak zigortzea. Batez ere enpresa teknologikoak ditu buruan. EBren digitalizazio arauen aurkako kanpaina betean ari dira Apple, Meta, Amazon eta halakoak, baina haiei kalte egiteko aukera badu Bruselak: esaterako, haien publizitate sarrerei tasa bat ezarrita. Are urrunago jo dezake, eta hertsatze tresna baliatu. 2023an onartu zuten araudi hori, EBk legez kanpokotzat jotzen dituen presio politikoei eta ekonomikoei erantzuteko. Bruselak ez du inoiz erabili, baina aukera ematen dio zerbitzu batzuk debekatzeko eta enpresa batzuei lehiaketa publikoetara aurkeztea galarazteko. oposizioaren eskaerak Pradalesi Donald Trumpek hasitako merkataritza gerrari aurre egiteko neurriak prestatzen ari dira mundu zabaleko gobernuak, baita Euskal Herrikoak ere. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak joan den astean iragarri zuen 2.150 milioi euro aktibatuko dituela muga zergen ondorioz AEBetako merkatua gal dezaketen enpresei laguntzeko. Gaur, neurri horien berri eman die Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiei, Voxekoei izan ezik. Oro har, harrera ona jaso du Pradalesek, baina oposizioak zenbait eskaera egin dizkio. PPk eskatu dio siderurgiari eta jaki industriari erreparatzeko, eta Sumarrek, berriz, enplegua babesteko konpromisoa harrarazteko laguntza jasotzen duten enpresei. Azken horrekin bat egin du Pello Otxandiano EH Bilduko bozeramaileak, baina deskarbonizazioa ere aintzat hartzeko eskatu. Gainera, Otxandianok «hutsune» batzuk ikusi dizkio Jaurlaritzaren planari, hala nola «ongi ez zehaztea» nola baliatuko diren I+G arlorako iragarritako 533 milioi euroren inbertsioak.