Zergen ordainketa atzeratzea ahalbidetuko dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako…
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ogasunek zergen ordainketa atzeratzea eta zorrak zatika ordaintzea ahalbidetuko dute, koronabirusaren ondorioei aurre egiteko.
Horrez gain, Finantzen Euskal Institutuaren premiazko finantzaketa lerro bat aktibatuko du aste honetan, 25 milioirena, produkzio ehunari likidezia emateko, batez ere enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei.
Finantzaketa lerroak ahalik eta lasterren artikulatzea ere aurreikusten du Jaurlaritzak. Horretarako, 500 milioi euroren abalak emango ditu, bost urterako eta zero kostuan, urte bateko gabealdiarekin. Halaber, finantza baldintzak malgutu eta egokituko ditu, hau da, aurrerakin itzulgarriak, maileguak eta abalak, Gauzatu, Bideratu eta Indartu programetan.
Laguntzak nola gauzatuko diren galdetuta, sailburuak esan zuen koordinatzen ari dela sail guztiekin.«Berehala erantzutea da kontua: Eusko Jaurlaritzak krisi hau gainditzeko eskura dituen baliabide ekonomiko eta giza baliabide guztiak eskura jarriko ditu».
Azpiazuk azaldu zuenez, neurri horien bidez enpresak lagundu nahi dituzte, osasun sistema indartu, eta krisiaren kalteak jaso dituen pertsonak eta familiak babestu.
Azken kasu horretan, lana eta familia bateragarri egiteko programa «modu zabalean» aplikatuko dela esan zuen, eta aurreratu lanaldia murrizteko eta laguntzeko laguntzak emango dituztela adingabeak eta koronabirus bidez kutsatutako edo bakartutako pertsonak zaintzeko, bai eta ikastetxeak eta eguneko egoitzak ixteak eragindako adingabeak eta adinekoak zaintzeko ere.
Hiru dira langile autonomoei, mikroenpresei eta enpresa txikiei eragingo dieten neurri nagusiak. Lehenik, zerga zorren ordainketa geroratu egin ahalko dute, bermerik jarri gabe, eta berandutze interesik ordaindu gabe. Indarrean dauden gerorapenak ere luzatu egingo dira.
Bigarrenik, 2020. urteko lehen bi hiruhilekoei dagozkien langile autonomoen PFEZaren autolikidazioak eta ordainketa zatikatuak ere eten egingo dira. Bizkaiko Aldundiaren neurri horrek 35.000 zergapekori eragingo die, eta ogasunak 40 milioi euro biltzeari utziko dio. Arabak aurreratu du hamasei milioi euroko kostuarekin 10.800 zergapekok izango dutela onura.
Azkenik, ogasunek, ahal duten neurrian, itzulketak —BEZarenak, esaterako— aurreratu egingo dizkiete autonomoei. Ekainera arteko aurreikuspenetan, Bizkaiaren kasuan, 224 milioi euro itzuli behar zizkieten BEZagatik autonomoei.
Era berean, Araba eta Bizkaia —eta ziurrenez baita Gipuzkoa ere— errenta kanpainaren lehen astean bertan hasiko dira PFEZaren zergapekoei egin beharreko itzulpenak egiten.
Gipuzkoaren erabakia
Gipuzkoako Aldundiak ez zuen atzo neurri gehiago hartu, baina aurki hartuko ditu, ZKO Zergak Koordinatzeko Organoa biltzen denean.
Joan den ostegunean erabaki zuten atzera daitekeen zerga kopurua handitzea, eta errenta modu mekanizatuan aurkezteko epea udazkenera atzeratzea.
«Krisi honetan ez da inor atzean geratuko»; «ezkutu sozial handi bat eraikitzeko izugarrizko ahalegina da»; «jendea ez da etxerik gabe geldituko oraingoan». Sanchezen esan horiek eta tankerako beste hainbatek islatzen dute dekretu historikoaren neurria. Denborak esango du nahikoa izango ote den ekonomia erabat geldi ez dadin; zaila ematen du oso eraginkorra izatea Europako Batasunak ez badu plan orokor batekin erantzuten, eta, oraingoz, gihar ekonomiko handiena dutenak, beren kontu publiko osasuntsuei esker, ez dira agertu, Alemania lehen-lehenik. Laster ikusiko da 2008ko harri berean estropezu egiteko bidean ote dagoen Europa.
Egoera ekonomiko ahula duten familientzako neurrien artean sartu dute bankuei eragingo dien erabaki izarra: beren lehen etxebizitzaren hipoteka pagatzen ari direnek atzeratu ahal izango dute datozen hilabeteetan egokitzen zaizkien ordainketak, betiere koronabirusarengatik diru sarrerak txikitu bazaizkie edo langabezian geratu badira arrazoi hori tarteko. Ordainketak atzeratzea eskatzeko baldintza horiek betetzen direla erakutsi beharko dute zordunek, noski.
Era berean, ahulezia ekonomikoan dauden familiek bermaturik dituzte energia, ura eta telekomunikazio zerbitzuak, dekretuaren arabera. Alegia, enpresa energetikoek ezingo dutela gasa edo argindarra eten epe batez, ezta bezeroak Internet sarerik gabe utzi ere telekomunikazio enpresek. Langabezian geratu direnentzat dira neurri horiek, eta diru sarrerak murrizturik dituzten autonomoentzat. Halaber, gobernuak 600 milioi euroko funts bat bideratuko du «zerbitzu oinarrizkoak bermatzeko», adinduen eta gaitasun urrikoen zaintza egin behar dutenei laguntzeko hain zuzen.
Langileentzat diren neurrien artean, lanaldia murrizteko aukera jasotzen du dekretuak. Egoera berria dela eta, etxean zaintza lanak egiteko beharra duten langileek lanaldia murrizteko eskubidea izango dute. Lanaldia %100 murriztu ahal izango dute murrizketa hori. Ikastetxeak itxita egotea nahikoa izango da zaintza hori egin behar dela frogatzeko. Lanaldiaren murrizketa hori, dena den, ez dute diru sail berezi batekin lagunduko.
Aldi baterako erregulazio enpleguak ere langileen aldeko neurri gisa aurkeztu zituen Sanchezek. Erraztu egin dituzte erregulazio dosierrak dekretuaren bidez. Zazpi eguneko gehienezko epe batean onartuko dituzte koronabirusarekin lotutakoak badira: horretarako, sindikatuekin egin beharreko kontsulta epeak hamabost egunetik zazpira txikituko dira. Zergatik den lagungarria enplegua erregulatzea langileentzat? Bada, langabezia saria jaso ahal izango dutelako beren jatorrizko diru saria gastatu gabe. Alegia, erregulazioak irauten duen bitartean ez da jatorrizko langabeziak dakarren diru laguntzatik ezer gastatuko. Gainera, laguntza jasoko dute eskubide hori sortu ez dutenek ere —kotizatzen denbora nahikorik eman ez dutelako—. Betiere, koronabirusak eragindako egoerak bultzatu baldin badu erregulazioa.
Autonomoentzat ere badira neurri lagungarriak. Kotizazio merkeagoak pagatzeko eta batere ez pagatzeko aukera zabaldu du Madrilek, enpleguari eusten badiote. Enpresa txikiek eta ertainek %75eko merkatzea izango dute datozen hilabeteetan, eta autonomoek, %100ekoa; alegia, ez diote kotizaziorik pagatuko Gizarte Segurantzari koronabirusarengatik diru sarrerak erabat murriztu dituztela erakusten badute. Lanaldiak murrizteko aukera baliatzeko eskatu zien Sanchezek, inor kaleratzen hasi aurretik. Krisia aldi baterako dela kontuan hartzeko eskatu zien enpresari txikiei, etorri bezala joan egingo dela, eta joatean enpresek zutik egon beharko dutela hazkundearen bideari heltzeko berriro.
Enpresa handiei hitz egin zien. Aldi baterako erregulazioak erabiltzeko esan zien, ez kaleratzeko beharginak, estatuak langileen kotizazioekin lagunduko duela, erregulazio dosier horien bidez, eta likidezia amaigabea agindu zien. 100.000 milioi euroren lerro publikoa martxan jarriko da, eta maileguen bermea estatua bera izango da. Kolaborazio pribatuak 200.000 milioira igoko du funts berezi osoa, orotara. »Izugarrizko mobilizazio ekonomikoa da».