Mercedeseko langile batzordeak lantegia ixteko eskatu du
Itxieraren ordez, zuzendaritzak sindikatuei proposatu die aldi baterako erregulazio dosier bat egitea, eta bilera batera deitu dituzte astelehenerako. Zuzendaritzak zenbait aukera jarri ditu mahai gainean: lan erregulazioa selektiboa ala partziala egitea.
LABen eskaera
LABek ere uste du jarduera ekonomiko guztiak epe batez eten beharko liratekeela, oinarrizko zerbitzu hauek salbu: osasuna, elikadura, garbiketa, energia eta ura, helduen zaintza eta garraio publikoa. Igor Arroyo sindikatuko idazkariordeak «gertu» ikusten du zerbitzu guztiak bertan behera utzi beharreko unea, jendea etxean gera dadin. Egoera horren aurrean, proposatu du Gizarte Segurantzaren lizentzia bat sortzea, langile guztiei soldata osoa jasotzea bermatuko diena. LABen arabera, konpainientzako eta kapital errententzako zerga berezi bat sortuz finantzatu beharko litzateke hori.
LABen ustez, egoerari aurre egiteko bidea ez dira kaleratzeak, eta, aldi baterako erregulazio dosierrak aplikatuko balira, iraupen laburrekoak direla bermatu beharko lukete enpresek, eta kaltea jasandako langileek soldata osoa jaso beharko lukete.