Italiarekiko hegaldiak debekatu egin ditu Espainiako Gobernuak, 14 egunez
Italiarako hegaldiak debekatu ditu Espainiako Gobernuak. Ministroen Kontseiluak hartu du erabakia, koronabirusa hedatzea galarazteko.
Urtebete da Panda salgai jarri zutenetik, eta, azkenean, merkatuko izen handi batek bereganatu du. Euskal enpresaren birusen aurkako programek sona handia eman zioten, eta, arazo ekonomikoak pasatutakoa izan arren, 250 milioi euro inguruko prezioa zuen egun, sektoreko iturrien arabera. Dena den, bi aldeek ez dute operazioaren zenbatekoaren berri eman. Merkataritza Erregistroan aurkezturiko datuen arabera, Pandak 60 milioi euroren irabaziak izan zituen 2018an, eta, 2019an, 90era igotzea zen asmoa.
Erosketa hau mugarria izan daiteke enpresaren ibilbidean. Egoitza nagusia Miribilla Bilboko auzoan du, eta bertan 203 langilek dihardute, baina zuzendaritza batzorde osoa Madrilen du. Izan ere, gaur egun Pandak zerikusi gutxi du Mikel Urizarbarrenak 1990ean sortu zuen enpresarekin. 2007an akzioen %75 saldu zizkien bi inbertsio funtsi, eta Jose Sancho enpresari espainiarrak kontrolatzen du orain. Information Business Integration Luxenburgon egoitza duen enpresaren burua da, eta, haren bitartez, Pandaren akzioen %60ren jabea. Beste bazkide handia Gala Capital funtsa da, akzioen %34rekin.
Azken urteetako hazkunde horren eraginez, 600 langile ditu orain Pandak, hemeretzi herrialdetan bulegoak irekita, eta, enpresaren datuaren arabera, bere antibirusek eta zibersegurtasun produktuek 30 milioi erabiltzaile baino gehiago dituzte mundu osoan. Hala ere, eta Euskal Herriko jardunari dagokionez, oparoaldiak isla txikia izan du langileen baldintzetan. Horren ondorio, langileen protestak ugariak izan dira, eta 2018an greba ere egin zuten. Urtero irabaziak izan arren, bost urtez soldatak izoztuta izan zituztela salatu zuten.
Panda Securityren zuzendari orokorra, Juan Santamaria, pozik agertu zen «fusioarekin», mugimenduari esker enpresak dimentsio berria hartuko baitu. «Gustura gaude akordioarekin, gure produktu berritzaileak Watchguard mundu mailako enpresa sendo baten bitartez banatu ahal izango ditugulako». Ez da gutxiagorako, Watchguard zibersegurtasunaren izen handietakoa baita. 1996an Seattlen sortua (AEB), 2006an 151 milioi dolarren —131 milioi euro— truke erosi zuten Francisco Partners eta Vector Capital enpresek. Harrezkeroztik urtez urte haziz joan da. Haren segurtasun produktuek ospe handia dute, batez ere eremu industrialean, eta Panda beretuz etxeetako gailuen merkatura iritsi nahi duela dirudi.
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburuak zehaztu zuen «gehienez bi edo hiru aste barru» hasiko direla nozitzen enpresak Txinaren osagaien gabezia. «Hornidura hori nola ordezkatu aztertu behar dugu, eta beti ez da posible izango, hain zuzen balio katearen beheko partean zeudelako eraman baitziren Txinara ekoizpen horiek. Oso zaila izango da horrelako osagaiak ordezkatzea».
Ekonomia globalizatuaren letra txikiaren zati bat baizik ez da Tapiak atzo hain argi adierazi zuena. Osagai merkeen munduko fabrika handiena gaixotu egin da, eta ondasun garestien Europako lantegietan gora egin du sukarrak. Kontua da ekonomia atzeraldira eramateko gai izan daitekeen arazo larria ate joka dagoela, eta horri nola aurre egin aztertzen hasi dira Europako erakunde ekonomikoak eta gobernuak.
Tapia sailburuak «benetako datuak» eskuan izanik hitz egin nahi du, eta Lan, Enplegu, Ogasun eta Ekonomia Garapeneko sailak bilera batera deitu ditu gaurko; EAEko patronalak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako merkataritza ganberak ere izango dira batzarrean, baita sindikatuak ere. ELAk eta LABek ordezkaritza izango dute «arazoa lurrera ekarri» nahiko duen bilera horretan.
Bada bereziki kezka eragiten ari den aldagai bat sindikatuen artean. Enplegu erregulazioak zabaltzen hasiko ote dira ekoizpen kateak gelditzen badira? Ezin da baztertu, Tapia sailburuak berak onartu zuenez. «Ez dugu enplegu erregulazio zehatzen berri oraindik, baina horrek ez du esan nahi iritsi ezin direnik. Agian bihar [gaur] patronalek zerbait esango digute horren inguruan». Ekonomia Garapeneko sailburuak esplikatu zuen urte berriarekin gelditu zela ekoizpen katea Txinan, eta ez dela berriro martxan jarri ordutik. «Itsasoz sei-zortzi asteren buruan iristen badira piezak gure enpresetara, gabezia horren eragina laster nabaritzen hasiko dela aurreikus dezakegu, agian pare bat aste barru». ELAk eta LABek esan dute balizko erregulazioen inguruan hitz egin nahi dutela gaurko bileran, eta osasun prebentzioaren inguruan ere bai.
Zalantzak hazkundearekin
Nazioarteko erakunde ekonomiko eta gobernu guztiek badakite jadanik COVID-19ak 2020ko hazkunde aurreikuspenak aldatzera behartuko dituela gobernuak. Bizkaiko Cebek patronalak ere uste du %1,8-1,9ko hazkunde aurreikuspena ez dela beteko, birusaren auzia tarteko. «Enpresen lehen arazoa da oraintxe», esan zuen atzo Iñaki Garcinuño presidenteak; «oraingoz ez da gertatu enpresaren batean kutsaturen bat egotea, baina zain egon behar dugu eboluzioa zein den jakiteko». Edonola ere, patronalak badaki «enpresen jarduerari, industria ekoizpenari eta bilketari» eragingo diola egoera berriak, «inolako zalantzarik gabe»; «zenbat eragingo dion da galdera».
Europako motorrak, Alemaniak, iragarri du prest dagoela bere enpresak laguntzeko. Lanaldia murriztea beharrezkoa den kasuetan —osagaien gabeziarengatik—, konpentsazioak jarriko ditu martxan. Enplegu Bulego Federalak bere gain hartuko du lanaldia murrizteko derrigortasuna duten langileen soldata garbiaren %60. Gutxienez lantaldearen %10 lanaldia murriztuta daukaten enpresek eskatu ahal izango dute laguntza hori.
Espainiako Gobernuak ere plan berezi bat iragarri du, eta datozen egunetan jakinaraziko ditu neurri zehatzak. Ekonomian «kalteak» izango direla onartu du Pedro Sanchez presidenteak, baina «epemugarekin». Alegia, urtearen bigarren erdian koronabirusa gainditu daitekeelakoan dago, NDF, EBZ eta Europako Batzordea bezala, eta horrekin batera susperraldia irits daitekeelakoan. Osasun arazoak zenbat iraun, halakoxe gaitasuna izango baitu birusak ekonomiari kalte egiteko. Laster ikusiko da uste hori baikorregia den edo ez.
Frantziak koordinazioa eskatu dio Europari pizgarriak martxan jartzeko. Bruno Le Maire Finantza ministroak « ekonomia gelditzea eragotziko duen pizgarrien plan masibo bat» proposatu du. Bitartean, abantaila fiskalak eskainiko dizkie Frantziako enpresei.
Urtarrilean, hainbat hilabetez nahiko egonkor egon ondoren, merkatzen hasi zen petrolioaren prezioa, merkatuak ohartu zirenean Txinan kontsumoa derrigorrean jaitsiko zela koronabirusaren hedapena kontrolatzeko neurri gogorren ondorioz. Europan erreferentzia gisa baliatzen den petrolioa, Brent upela, 65 dolarrean salerosten zen ordu arte, eta 55 dolarrera igaro zen; horrek kareletik behera bota zituen ekoizle nagusiek azken hiru urteetan prezioari eusteko egindako ahaleginak. Abenduan, esaterako, 2,1 milioi upel kendu zituen merkatutik LPEE+ izeneko taldeak, hots, Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak eta Errusiak eta beste ekoizle batzuek sortutakoak.
Martxoa hasi eta epidemia Europara eta AEBetara ere hedatzen ari dela ikusita, iturria gehiago ixtea proposatu zuen LPPEk, Saudi Arabiaren gidaritzapean. Zehazki, LPEE prest zegoen milioi bat kentzeko merkatutik, baina nahi zuen Errusiak eta besteek beste milioi erdia kentzea. Moskuk, ordea, ezezkoa eman zuen.
Errusiako Gobernuaren iritziz, petrolio merkea aukera ona da azken urteetan agertu zaion lehiakide bat gainetik kentzeko: AEBetako fracking industria. Argudiatzen duenez —eta ez zaio arrazoirik falta—, 2016az geroztik LPEE+ taldeak ekoizpena kontrolatzeko neurri guztiek eragin mugatua izan dute, haiek murriztutakoa bete egiten zutelako haustura hidraulikoaren bidez ateratakoarekin. Haien eskutik, AEBak munduko ekoizleetan handiena bilakatu dira —12,2 milioi upel egunero iaz—; lehen inportatu egiten zuten, baina aurten, aldiz, milioi bat esportatzera igaro dira. Eta estatubatuarrek irabazitako merkatua beste batzuek galdu dute.
Ez dago garbi. 2014-2016 epean ere saiatu zen LPEE estatubatuarrak merkatutik petrolio merkearekin ateratzen, baina ez zuen lortu. Hondoratu zituen enpresa batzuk, baina gehienek eutsi egin zioten, aurrerakuntza teknologikoei esker gastuak txikitzea lortu zutelako. Baina orain egoera arriskutsuagoa da AEBetako ekoizleentzat, zor handiak pilatu dituztelako —75.000 milioi dolar hurrengo lau urteetan ordaindu behar dituzte—, eta, diru asko xahutu dutenez, kostatuko zaielako finantzaketa gehiago lortzen. 50 dolarretik beherako upelarekin, fracking bidezko putzu gutxi izango dira errentagarriak, baina egia da ekoizle askok prezio handiagoa bermatua dutela finantza produktuen bidez. Hau da, ez dute bat-batean porrot egingo.
LPEEz baino gehiago, Saudi Arabiaz hitz egin beharra dago, hura baita karteleko nagusia, eta ekoizpen guztia Saudi Aramco enpresa publikoaren esku duenez, nahierara joka baitezake bere hobiekin. Moskuren erronkari beste erronka batekin erantzun dio Saudi Arabiak, bere bideari segitu ez ziolako haserre, nahiz eta haren bizkar geratu diren azken urteotako ahalegin gehienak; iazko murrizketen %65 Saudi Arabiak egin zituen, eta Errusiak, %14 baizik ez. Horrela, igandean iragarri zuen ekoizpena handitu egingo duela, eta merkeago saltzeko prest dagoela. Ondorioa? Are gehiago merkatu da petrolioa. Ostiralean, merkatuak ixtean, Brent upel batek 45 dolar balio zuen; atzo goizean, merkatuak irekitzean, 33 dolarrean salerosi zen. Jaitsiera %25tik gorakoa zen, handiena 1991z geroztik. Egunak aurrera egin ahala, balio pixka bat berreskuratu zuen, eta iluntzean 35 dolarrean zegoen, %20 galdu ondoren.
Saudi Arabiaren helburua bada Errusia berriro negoziazio mahaira itzultzea, zail izango du, Vladimir Putin ez baita presiopean amore eman zalea. Baina Putinek badu arazo bat: petrolio garestiagoa behar du agindutako inbertsioak egiteko eta boterean oposizio handirik gabe jarraitu ahal izateko. Edonola ere, azken urteetan 110.000 milioi euro bildu ahal izan ditu Errusiak petrolioaren eta gasak hornitutako funts subirano batean.
IEA Energiaren Nazioarteko Erakundeak atzo zabaldutako txostenaren arabera, litekeena da aurten petrolio kontsumoa jaistea, lehen aldiz azken hamarkadan. Bi dira arrazoi nagusiak: Txinaren beherakada —haren hazkunde ekonomiko handiaren ondorioa da eskari berriaren %80—, eta birusari aurre egiteko neurriak garraioa eta merkataritza txikitzen ari direla. Datu zehatzak emateko goizegi dela onartu du IEAk, baina kalkulatu du urteko lehen hiruhilekoan 2,5 milioi upel gutxiago kontsumitu direla egunero. Gobernuek hartutako erabakiek baldintzatuko dute petrolioaren prezioaren bilakaera, IEAk uste duenez. Orain sinesgarrien dirudien egoeraren arabera, martxoaren amaierarako COVID-19aren hedapena kontrolatuta egongo da Txinan, baina zabaltze fasean izango da Europan, Iranen, Korean, Japonian eta AEBetan.
Petrolioa amiltzearen eragina burtsetara hedatu zen atzo. Nikkeik %5 galdu zuen, eta haren atzetik joan ziren Europako burtsak ere: %8,4 galdu zuen Eurostoxxek, %7,9 Frankfurteko Daxek eta Madrilgo Ibexek, 4,1 Parisko CACek…
Petrolio konpainiek galdu zuten balio gehien: %29,8 ENIk, %19,5 BPk, %17,6 Shellek, %16,6 Totalek, %16,5 Galpek, eta %15,1 Repsolek.
1 Txantxak egiten baino hobea izango ote da bankuak zuzentzen. Eliteak, aberatsek ederki asko zainduko dute bere burua orain ere. Baina beldurra baino gauza gizatiarragorik… Pentsa, koronabirus kasuak ugaritzen hasi dira, eta AEBetan bizi zara —besteak beste, Trump dela presidentea—. Branko Milanovic ekonomistak txiokatu zuen moduan, «ez da izan (tamalez) garai hobeagorik osasun sistema ez-unibertsalaren arriskuak ikusteko. Neure burua zaintzen ez badut, zu ere arriskuan zaudelako».
2 Aberatsak beldurtuta daude, benetan? Gutxi gorabehera. Hori azaldu dute adibidez, Bloomberg-eko eta The New York Times-eko erreportajeek. Adibidez, oraindik ez dago koronabirusaren kontrako txertorik, eta jada ari dira horretaz galdezka elite aberatsentzako osasun zerbitzu berezietan.
3 Hara! Uste dute haiek txertoa lehenago izan/eros dezaketela? Batek daki hala izango den AEBetan. Alex Azar AEBetako Osasun idazkariak —eta farmazia industriako lobbysta ohiak— kongresuan esan du txertoak, iristen denean, ez duela zertan izan guztientzako moduko preziorik. «Prezio hori ezin dugu kontrolatu, sektore pribatuak inbertitzea behar dugulako. Prezioen kontrolak ez gaitu horrantz eramango».
4 Kapitalismo gordina. Kapitalismo maitagarria batzuentzat. I Love Capitalism liburuaren idazleak, Home Depot konpainiaren sortzaile Ken Langonek, azaldu du koronabirusari buruzko Trumpen prentsaurreko baten ostean bi dei egin zituela zalantzak argitzeko. Goi mailako zientzialari bati deitu zion, eta beste deia New Yorkeko ospitale batera egin zuen, Langone ospitalera. Bai, ondo irakurri duzu, haren izena duen ospitalera, zeinetara joango den gaixo sentitzen bada, «atentzio berezirik espero gabe».
5 Batzuek sekula ez dute galtzen. Argi dago aberatsek baliabide gehiago dituztela, eta maskarak, jantzi bereziak eta abarrak ere bai, horretaz arduratzen ari dira eta lehen aipatutako elite aberatsentzako osasun zerbitzu berezi eta garestiak. Bestela, dirutza balio duten bunker medikalizatuak moda-modan jarri dira. Hegazkin pribatuen konpainiak ere hasiak dira saltzen taldeentzako azken orduko zerbitzuak, baten batek presaz toki bakarturen batera ospa egin behar duenerako.
6 Gizajoak. Bon, sakrifizio batzuk egin behar izan dituzte. Askok uko egin behar izan diote oporrak Italiako kostaldean dituzten etxe garestietan pasatzeari. Batzu-batzuek, dirudienez, erabaki dute yateetan sartuko direla, kontaktu arriskutsuak murrizteko modurik eraginkorrena delakoan. Adituen arabera, aberatsen arteko dibortzioak ugalduko ditu horrek, senar-emazteek elkarrekin denbora pasatu beharko dutelako.
7 Beldurgarria da, bai.