Arnasa, Poloniara
Egun negoziazio prozesu betean daude, abenduaren 12ra arte luzatuko dena. Asteartean izan zuten bigarren bilera zuzendaritzarekin eta balizko erosle bat aipatu zien, baina izenik eman ez, eta gehiegi zehaztu gabe. Atzo, aldiz, Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen Sailarekin bildu ziren. Urrutikoetxea ez zen bereziki baikor irten bilera horietatik. «Hitz onak bai, baina ziurgabetasuna da okerrena. Ea negoziazio epeak aurrera egin ahala eskaintzarik iristen den». Tira, bat jaso dute dagoeneko: sei langilerentzako lana urtarrilera arte eta «irteera ordenatuak» besteentzat. «Lotsagarria da», kritikatu du. Egun greba mugagabean daude, apirilera arteko lan karga baitute. COVID-19aren krisian ez dute aldi baterako erregulaziorik ezagutu.
Kelvionek Espainian dituen beste bi plantekin batera itxi nahi du Igorrekoa, baina ez lan faltarengatik. «Guk dakigula, milioi bat euro inguruko hiru enkargu Poloniako plantara bideratu dituzte azken asteetan, eta susmoa dugu gehiago izaten ari direla. Eskaera horiek egun dugun lanari gehitu beharko litzaizkieke. Hau multinazionala da, eta zuzendaritzaren gehiengoak lana Poloniara eraman nahi du».
Urrutikoetxeak argi du zein den diagnostikoa: «Deslokalizazio kasu argi bat da. Ez dakit han gure kalitate parametroak dituzten; ezetz esango nuke, guk hemen galbanizatu labe ona dugulako. Baina han lan baldintzak kaskarragoak dira, eta ezin gara lehiatu. Bueno, oraingoz, laster hemengo baldintzak ez dira hangoetatik urrun ibiliko».
Kelvion GEA zena erosita iritsi zen Igorrera, eta duela hogei urte 140 langile ziren. Bero trukagailuak egiten dituzte. «Lagunei azaltzean esaten diet autoen erradiadoreak bezalakoak direla, baina industrialak, 10-15 metrokoak». Bi tankerako bezeroak dituzte: taldea bera eta haren eskariak; eta kanpokoak. Kanpoko askok Igorreko lanak exijitzen dituzte; multzo barneko eskarietan, aldiz, salneurria enpresak jartzen du. Hortaz, enpresak negozio bolumenaren eta fakturazio zifren gaineko kontrola du.
Langileak hasiak dira protestekin. 24 orduko zaintzak egiten ari dira lantegiaren aurrean, eta mobilizazioak deituko dituzte. Negoziazioan, neurri ez-traumatikoak lortzen saiatuko dira. Lantaldearen batez besteko adina, baina, 45 urtetik beherakoa da eta gutxi daude erretiro aurreratua hartzeko moduan. Urrutikoetxeak dio giro goibela Arratia osora zabaldu dela. «Iaz Araluce itxi zuten, aurretik Negarra, orain gu… Bailara kinka larrian ikusten dut».




