Bilboko portuak espero du aurten trafikoa berriz handituko dela
Petronorren etenaldi teknikoak portuan izan zuen «eragin handia» nabarmendu du portuko presidenteak. Izan ere, findegiak 2,6 milioi tona gutxiago mugitu zituen Bilboko portutik. Petrolio inportazioak %15 jaitsi zituen, eta %35 txikitu zituen gasolina esportazioak. Gasolio gehiago igaro zen, ordea, portutik (+%52).
Aurten, Petronorren jarduera %100ean egotea espero dute portuko arduradunek, eta horrek trafikoaren igoera ekarriko duela.
Ez dira hain baikorrak, ordea, siderurgiaren jardunarekin. Euskal Herriko altzairutegiek urte zaila izan dute, eta haien produktuen joan-etorria %12 jaitsi da Bilboko portuan. 2020an ere beheranzko joerari eustea espero dute.
Halaber, murriztu da Getxoko nasa erabiltzen duten ferryetako bidaiarien kopurua, %20 hain zuzen ere. Aurten emaitzak hobetuko dituztelakoan daude, hamar gurutzaontzi gehiago iristea adostu dutelako.
Nazioarteko ekonomia
Beste faktore negatibo bat ere nabarmendu du Barkalak hurrengo urteetarako: Erresuma Batua Europako Batasunetik atera izana. «Berri txarra da brexit-arena», aitortu du. Izan ere, Bilboko portuak Erresuma Batuarekin dituen hartu-emanek 3,4 milioi tona salgai mugitzen dituzte, eta zaila izango da horiei eustea bien artean muga bat jartzen denean, 2021ean. Ahalik eta trafiko handienari eusteko, hainbat neurri hartuko dituzte. Horien artean, erakunde publikoekin batera aduanaren, Mugako Kontrol Postuaren eta beste entitate publiko batzuen ordutegiak aldatuko dituzte.
Zuzendaritzaren arreta piztu duen beste gai bat koronabirusarena da. Bilboko portura urtero 800.000 tona heltzen dira Txinatik, eta Barkalak nahiko ziurtzat eman du horietako batzuk galdu egingo dituztela. «Duda barik, koronabirusak munduko ekonomiari kalte egingo dio. Hala ere, portuan oraindik ez dugu nabaritu».
Baikor da Bilboko Portuko presidentea 2020rako, trafikoa handitzeko hainbat neurri hartu dituztelako. Horrela, salgaien gaineko tasa %10 beheratu zuten maiatzean, eta aurten 58 milioi euroko inbertsioa egingo dute —2019an baino 22 milioi gehiago—, instalazioak handitu eta etorkizuneko eskariei aurre egin ahal izateko.