«Hasiera besterik ez da»
Atzokoa indar erakustaldia izan zen. Barianen hitzetan, «historikoa» izan zen, eta 1984ko urtarrilaren 19an Tafallan egin zen manifestazio handia ekarri zuen gogora. Berez, bi zutabe osatu ziren, 11:30ean. Lehena, Iruñe hegoaldean, Sadar futbol zelatitik gora, berrehundik gora traktorek Zaragozako etorbidea bete zuten eta trafikoa eten zuten. Bidea egin zuten Espainiako Gobernuaren egoitzaraino, klaxonak etengabe joz. Bigarren zutabea, berriz, sanferminetan entzierroa hasi ohi den tokian abiatu zuten laborariek. Hiru mila lagun inguru elkartu ziren. Entzierroaren antzezpen horretan, San Domingon, santuari kantatu zioten, laborarien defentsan irten dadila eskatuz.
Manifestazioak ordubete inguru iraun zuen. Buruan, UAGN eta UCAN elkarteetako ordezkariek «Nekazari eta abeltzainik gabe, nork emango dizu jaten?» gazteleraz zioen kartelari heldu zioten.
Nafarroako EHNEk ez zuen bat egin kontzentrazioarekin. Aurreko egunetan Imanol Ibero idazkari nagusiak azaldu zuen urtarrilaren 30eko greban jaso zirela bere aldarrikapenak. Dena den, EHNEk ere beharrezkotzat jo du elikagaien hornidura katean gardentasuna ezartzea.
Laborarien haserrea
Hori izan zen laborarien ahotan gehien entzun zen aldarrikapena. Tuterako Jaime Castel-Ruizentzat, adibidez, egun «ia ezinezkoa» da laborantzan aritzea. «Kostuak ikaragarrizko abiadan igotzen zaizkigu: ongarria, gasolioa, lan kostuak… Aldiz, elikagaien truke jasotzen dugunak berdin jarraitzen du. Ez du bat egiten kostuen igoerarekin». Nazioarteko merkataritzan joko arau berekin aritzen ez diren sentipena du: «EBtik kanpoko produktuak sartzen dira: Hegoafrikako laranja, Senegalgo meloia, Argentinako limoia, Marokotik ere asko sartzen da. Ez dute arau berekin jokatzen. Berdin duela dirudi». Uste du Nafarroan laborantza desagertzen ari dela: «Guk, azken hiru urteetan, orburuen azalera %25 murriztu dugu; brokolia, %30; fruituak, %30 baino gehiago…».
David Lander Eraulgo abeltzain eta laboraria iritzi berekoa da. Haragitarako behiak hazten ditu, baita zainzuriak landatzen ere. «Egoera okertuz joan da, bai prezioetan, bai baldintzetan. Herrietako bizimodua zailtzen ari da. Uste dut kalera ateratzea aproposa dela arazoa ikusarazteko». Gonzalo Palacios itzaltzuarrak adierazi du nekazariek eta abeltzainek ez dutela errentagarritasunik. «Guri kostuak urtero igotzen zaizkigu, baina geuk jasotakoa duela 30 edo 40 urte bezala dago».
Manifestazio amaieran, Jose Maria Martinez UCAN Nafarroako nekazaritza eta elikagai kooperatiben elkarteko lehendakariak esan zuen lehen sektoreak duintasuna eta itxaropena behar dituela: «Berdin zaigu nork duen errua, baina ilusioa eman behar diegu gure gazte laborariei». Azken hamabost urteetan Nafarroako laborari eta abeltzainen kopurua ia erdira murriztu da, eta oso gutxi dira lehen sektorearen alde egiten duten gazteak. «Nafarroan 30 urtetik beherako 78 laborari baino ez daude», aipatu zuen Bariainek. «Herriak bizirik nahi badituzte, aldatu daitezela azken 40 urteetako politikak. 40 urtez, alderdi guztiek agindu dute hala foru gobernuan nola gobernu zentralean, baina ez dute ezertxo ere egin».