Tapia: “Arabako Mahastien titulua sortzea erabaki enpresarial eta pribatua…
Arabako Mahastiak Jatorri-izen berria sortzea “erabaki enpresarial eta pribatua” dela berretsi du Eusko Jaurlaritzak, baina mahasti guztiak “defendatuko” dituzte
Abenduan bertan, Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritzarekin, enpresaren zuzendaritzak eta langileen ordezkariek negoziazioak hasi zituzten, hamar bat kaleratze horiei alternatibak topatzeko helburuarekin. Zenbait beharginei Celsa taldearen Bokaleko (Lapurdi) lantegian tokia eskaintzeko aukera aipatu zen orduan, baina LAB jada kontra agertu zen, besteak beste, langileriaren adinarengatik.
Baina enpresak negoziazio horiek bukatutzat eman dituela jakinarazi du Celsa Atlanticeko langile batzordeak. Haiek zalantzan jarri dute enpresak negoziatzeko borondatea duen egiaz: besteak beste, lekualdatu nahi dituen langileei ez dielako bermerik eskaini; «arrazoi ulertezinekin» aukera ukatu dielako lantegiz aldatzeko prest zeuden bi langileri; eta adinean nagusi diren langileei ez zaielako «planteamendu zehatzik egin».
Kezkatuta, lantaldearen etengabeko murrizketek luze gabe Gasteizko eta Urbinako lantegien itxiera programatu bat ekar dezakeen beldur dira langileak. Horregatik, «enplegua mantentzeko formulen negoziazioa», eta Arabako lantegien aldeko apustua egiteko eskatu diote Celsa Atlantic-i.
Eta mobilizazioei ekin diete, batzarrean hala erabakita. Atzotik, lanuzte partzialak egiten ari dira. Gaur ere, euren jarduna bi orduz geldituko dute txanda bakoitzean, eta, datorren astelehenetik ostiralera, ordubeteko etenak egingo dituzte txanda guztietan.
2012an bezala
Lanuzte, greba eta mobilizazioei buruz badakite Celsa Atlanticeko langileek. 2012. urtean enpresak erregulazio txostena aurkeztu zuen Gasteizko eta Urbinako lantegiak itxi eta 178 langile kaleratzeko. Auzitegiek baliogabetu zuten txosten hori, eta enpresa behartu zuten langileak atzera hartzera. Baina, bitartean, hainbat greba eta mobilizazio egin zituzten, lan gatazka gogorrean.
ArcelorMittalen galerak
Nahiko agerikoa da altzairuaren sektorea pattalaldian dagoela, eta horren erakusgarri dira ArcelorMittalen iazko emaitzak ere: 2019an, taldeak 2.230 milioi euroren galerak izan ditu; aurreko urtean, 2018an, 4.533 milioi euro irabazi zituen.
Hala ere, 2020. urte honetan emaitza hobeagoak espero ditu alor horretako erraldoiak, zeinak bost lantegi dituen Euskal Herrian (Bergaran, Etxebarrin, Olaberrian, Sestaon eta Zumarragan). ArcelorMittalen ustez, altzairuaren eskaria «egonkortzen» ari da, eta eskabideen igoera eta merkatuaren hobekuntza antzematen ari dira Europan, AEBetan eta Brasilen, inbentario txikien eta gorantz doazen prezioei esker. Iazko azken hiruhilekoan, jada, analistek espero baino emaitza hobeak izan zituen ArcelorMittalek.
Trenbideetako langileek bultzatu zuten flashmob-aren ideia, eta, horiez gain, irakasleek eta pentsiodunek ere parte hartu zuten. PAF! talde feministako kide da Lola Garcia, eta Baionako Oihana ikastolako andereñoa, greba bat baino gehiago egin ditu abenduaren 5az geroztik: «Kalkuluak egin ditugu, eta argi dago puntukako sistemarekin emakumeak galtzaile aterako garela. Guk ditugu hilabete sari apalenak; beraz, pentsioak are apalagoak izanen dira».
Frantziako Gobernuak, ordea, kontrakoa dio: erreformaren bidez emakumeen egoera hobetuko dela dio proiektua aurkeztu duenetik. Arantxa Lassalle trenbideetako langileak komunikazio operazioa gezurtatu du. «Emakumeen egoera ez da hobetuko erreformarekin. Erreforma okerragoa da guretzat, ez baitugu hein berean kotizatuko. Gobernuak gezurrak asmatzen ditu bakea erosteko. Ez dute lortuko, eta mobilizatzen segituko dugu». Gehitu duenez, «amatasun baimen bat edo gehiago hartuz gero, erretretarako adina gibelatzen da».
Grebaren oihartzuna
Irakaskuntza arloan ere mobilizazioak saretzen segitzen du. Ipar Euskal Herriko hainbat ikastetxe hetsirik egon ziren atzo. Baionako Paul Bert lizeoko hamar bat irakasle grebara batu ziren. Laure Testemale greban egon zen, eta honela mintzatu zen: «Erretreten erreforma justizia gabekoa da. Irakasleok gogorki pairatuko dugu erreforma, eta emakumeek okerrago. Zigor bikoitza jasanen dugu. Ez da onargarria!».
Irakaskuntzan ez ezik, garraioen sektorean ere izan zuen oihartzuna atzoko grebak. Miarritzeko aireportuko (Lapurdi) kontrolatzaileak grebara batu ziren, eta egun osoan ez zen hegazkinik aireratu eta lurreratu. Denera, hamar hegaldik atera behar zuten Miarritzetik, eta beste hainbatek iritsi behar zuten.
Mobilizazio denboran sindikatukideek jasan duten «errepresioa» salatu zuten manifestatzaileek. Tren bat oztopatzeagatik sei pertsonak beren burua aurkeztu behar dute gaur goizean Baionako Polizia Etxean. Elkartasuna helarazteko elkarretaratzea eginen dute aurrean sindikatu eta Jaka Horiek.
Anartean, Frantziako Asanblea erreforma ikertzen hasi zen iragan astean. Oposizioak salatu du erreforma finkatu gabe dagoela, eta prest agertu zen bataila parlamentarioa hasteko. Frantziako Gobernuaren egutegiak epe laburregiak eskaintzen zituela ere salatu zuten Emmanuel Macron Frantziako presidentearen aurkariek.
Azterketa atzeratu eta oztopatzeko asmoz, oposiziokoek 22.000 zuzenketa aurkeztu zituzten; horietarik 19.000, Frantzia Intsumisoak.
ELAk metalgintzaren mahaira deitu du asteon; sindikatu horrek dauka ordezkaritzaren gehiengoa (%48), eta Adegi da enpresen ordezkari nagusia, erabatekoa kasik. «Bilerara joango gara, entzun egingo dugu, eta akordio on bat egiten saiatuko gara; ezin da bestela izan. Adegik sekula ez du huts egin negoziazio mahai batera deitu dutenean». Gipuzkoako patronalak argi utzi dio BERRIAri metalgintzaren akordio berri bat egiteko saioan izango dela, «eta hortik aurrera ikusiko da zer lortzen den».
Ikusteko dago, bestalde, Lan Harremanen Kontseiluak jarritako hitzordura beste patronal batzuk agertzen ote diren ala ez, eta, hala bada, horrek nola eragin diezaiokeen mahaiaren osaketari. Esaterako, duela zortzi urte egin zuten saioan, azkenekoan, Metalgintzako Enpresen Merkataritza Federazioa azaldu zen, Adegitik kanpoko hainbat enpresaren ordezkari gisa. Oraingoan, zalantza da Garen patronalak zer egingo duen, eta, enpresen ordezkaritza bat erreibindikatzen badu, Adegik nola erantzun dezakeen.
«Agian atzeratu dezake mahaiaren osaketa, baina Garen-en presentzia ezin da izan mahaiari ez heltzeko aitzakia», dio LABeko Industria Federazioko arduradun Jon Ander Goñik; «hala gertatuko balitz, mobilizazioetara joko genuke», ohartarazi du. Baina Goñik uste du metalgintzak Gipuzkoan aukera bat izango duela, Bizkaiko metalgintzan lortutako akordioak pisu handia hartu duelako, hainbat greba egun eta mobilizazio handiak tarteko. «Sindikatuen elkarlana goraipatu behar da: funtsezkoa izan da, eta bide horri jarraitu behar diogu orain»; LABek akordio bat lehenbailehen lortzea nahiko luke, «baina eskarmentuak, Gipuzkoan eta Adegirekin, esaten digu mobilizazioak aurreikusi behar direla. Prest gaude greba eta mobilizazio agertoki baterako». Ordezkaritzaren %30etik gora dauka LABek.
Metala, gakoa Gipuzkoan
Gipuzkoako lan itun handiena da metalgintzarena, eta historikoki zailena egiten. Hura berritzea urrats oso handia litzateke euskal negoziazio kolektiboari begira, eta beste sektore batzuen lokarria askatzen lagunduko luke, besteak beste, bulegoena eta ostalaritzarena. Izan ere, Hego Euskal Herrian, Gipuzkoak du iraungitako itun handi gehien.
Espainiako Gobernuak lan erreforma «hobetzeko» asmoa duela jakinarazi ondoren iritsi da ELAren deia mahaia eratzeko. Pedro Sanchezen gobernuak lehentasunak alda ditzake itunetan, eta enpresa hitzarmenak berriro sektorekoen azpitik jarri. Horrek euskal hitzarmenen estatalizazioa areagotuko luke. Agertoki berri horretan, Confebaskek eta sindikatu nagusiek 2017ko urtarrilean egindako Sektore Arteko Esparru Itunak garrantzi handia hartuko luke estatalizazioari muga jartzeko tresna gisa.
Baina, gaur-gaurkoz, lan erreforma ez dute erreformatu, eta ELAk berebiziko garrantzia duen sektoreko ituna berritzeko urratsa egin du, aurretik Bizkaiko metalgintzan eta beste batzuetan egin duen moduan. «Milaka langilek hitzarmenak edukitzea lortu dugu enpresa itunen bidez, eta horiek erreformak enpresetatik at utzi dituzte, aldi berean soldatak eta eskubideak handituz», esplikatu du sindikatuak. Sektoreko itunaren negoziazioari ekiteko erabakia hartzean, ELAk buruan ditu enpresako itunaren faltan baldintzak berritu gabe dituzten langileak. «Onartezina da Gipuzkoako metalean lan egiten dutenen batzuek duela ia hamarkada bateko soldatak jasatea, eta zenbaitek hori naturaltasunez onartzea». ELAk gogoratu du metalgintzako azken akordioa lortzeko «erantzun oso zabala izan zuten grebak» egin zirela. «Patronalak erabakiko du egoera hori errepikatuko den ala ez».
Sindikatuak elkar harturik joango dira negoziazio mahaira, baita CCOO eta UGT ere. «Benetako edukiak» nahi dituzte mahai gainean, eta, ikusten ez badituzte, mobilizazioetarako prest daude. «Adegik ikusiko du zer nahi duen, baina gu prest gaude borrokarako, baita grebarako ere», dio CCOOko Industria Federazioko Javier Gomezek; «Adegik badaki txantxetan ez garela ari: hor dago Bizkaikoa, eta gure asmoa da plataforma bakarra egitea eskakizun horiekin. Erraz lor dezakegu».
CCOOko arduraduna pozik dago ELAk mahaia eratzera deitu duelako, «enpresaz enpresa joateak oihana sortzen baitu sektorean». Gomezek uste du emaitzak lor daitezkeela, Bizkaian gertatua hor dagoelako, eta Adegik kontuan hartu beharko duelako. CCOOk ordezkaritzaren %16,34 dauka, eta UGTk, %5,84.
Izan ere, Jaurlaritzak berak onartu du Siemens Gamesaren erabakiguneak Euskal Herritik joateko «arriskua» dagoela. Ildo horretan, Iberdrolak Siemensekin lortutako akordioak berak bertan behera utzi du konpainia eolikoaren egoitza Zamudion (Bizkaia) uzteko konpromisoa.
Egoitzan aldaketarik egiteko asmorik ez dutela esan izan du Marcus Tacke Siemens Gamesako buruak. Baina, hala izanda ere, egoitza hori sinbolikoa besterik ez izateko aukerak gero eta indar handiagoa du, Siemensen planak zeintzuk diren ikusita. Multinazional alemaniarra Siemens Energy adarrean biltzen ari da energiarekin lotutako bere aktibo guztiak, eta hor sartuko du Siemens Gamesan duen zatia —%67 da orain—. Adar hori burtsaratzeko asmoa du Alemaniako konpainiak.
Radio Euskadiri emandako elkarrizketa batean, Tapiak azaldu du Siemenseko buruzagiek «Euskadiren aldeko apustua» berretsi diotela. «Benetan ari direla sinistu nahi dut». Siemens Gamesaren garrantzia nabarmendu du sailburuak: «Berriztagarrien sektorean erreferentziazko enpresa izan da, eta hala da oraindik ere; trakzio lana egiten du, eta funtsezko elementua da energia berriztagarriak eta bereziki eolikoa Euskadin garatu ahal izateko».
Hiru mila lanpostu inguru ditu Siemens Gamesak Euskal Herrian. Egoitza nagusia Zamudioko parte teknologikoan du (Bizkaia), eta handik eta Sarrigurengo bulegoetatik (Eguesibar, Nafarroa) gidatzen du lurreko energia eolikoaren negozioa. Gainera, hiru ekoizpen fabrika ditu —Agoitzen (Nafarroa), Asteasun (Gipuzkoa) eta Mungia (Bizkaia)—, eta beste lantoki txiki batzuk ere bai.
Siemens Gamesako oraingo buruekin «konfiantzazko harremana» duela azaldu du Tapiak. Baina, zeharka bada ere, onartu du konfiantza hori ez dela erabatekoa: «Konfiantza ekintzekin erakusten da, eta hori da etorkizun hurbilean ikusi nahi duguna». Enpresaren errotzea Euskal Herrian sendotzeko akzioak erosteko aukera baztertu du Tapiak, diru gehiegi delako.
Iberdrolaren erabakia
Harreman gatazkatsuak izan dituzte Iberdrolak eta Siemensek, Siemensek Gamesaren kontrola hartu zuenetik. Bilboko konpainia ez zegoen ados alemaniarrek egindako kudeaketarekin, uste baitzuen ez ziola uzten erabaki garrantzitsuetan esku hartzen. Gainera, Siemensek bere orbitako gizon-emakumeekin ordezkatu ditu Gamesan ardura- dun zirenetako asko, eta horrek ez du lagundu giroa baretzen. Auzitara ere iritsi da Iberdrolaren eta Siemens Gamesako oraingo buruen arteko desadostasuna. Salaketa guztiak bertan behera uztea adostu dute orain.
Bien arteko harremana, ordea, ez da erabat hautsiko, Iberdrolak jarraitu egingo baitu Siemens Gamesaren haize errotak erabiltzen.
Berez, konpainiaren bezerorik onenetakoa da Iberdrola, energia eolikoaren aldeko apustua egin baitu.
Emaitza gazi gozoak
Iberdrolaren eta Siemens Gamesaren arteko norgehiagokak gehiago zaildu du berez zaila zen abagunea. Lehia zorrotzak sektore eolikoaren errentagarritasuna txikitu du, eta konpainiaren kontuei kalte egin die. Iaz, 140 milioi euroren irabazi bat aurkeztu zuen Siemens Gamesak, baina ingeniaritza fiskala usain daiteke emaitza horien atzetik.
2019ko azken hiruhilekoan, berriz, gorriz tindatu dira. «Ez da hiruhileko erraza izan Siemens Gamesarentzat», onartu zuen asteartean Markus Tackek, konpainiako kontseilari ordezkariak, 174 milioi euroren galeren berri ematean.
2.001 milioi euroren salmentak egin zituen, aurreko urtekoak baino %12 txikiagoak. Indiako merkatuaren pattalaldia, Txinara saldutako haize errota merkeagoak, eta haize errota handiagoetarako fabrikak egokitu beharrak izan dute eraginik horretan. Hala ere, galerak beste faktore baten ondori direla azaldu zuen Tackek: negua uste baino lehenago iristeak 150 milioi euroren zuloa eragin die Europa iparraldeko bost proiektutan.
Datu gozo bat ere eman ahal izan zuen Tackek: eskari poltsa inoizko handiena da, 28.089 milioirena, hiruhilekoan %82 hazita.