Siriako kurduen instituzioak estatuko egituretan integratzea hitzartu dute
Siriako kurduen menpeko instituzio guztiak estatuko egituretan integratzea hitzartu dute gaur SDF Siriako Indar Demokratikoak koalizioak eta herrialdeko behin-behineko gobernuak; baita bi aldeen arteko borrokak amaitzea ere. Hala adostu dute Siriako behin-behineko presidente Ahmed al-Xaraak eta SDF koalizioko komandante Mazlum Abdik, gaur sinatutako hitzarmenean. SDF batik bat miliziano kurduek osatzen dute, eta Siriako ekialdeko zein ipar-ekialdeko eremu zabal bat du kontrolpean; orain, Siriako Gobernuaren esku geratzea hitzartu dute. Abendutik HTS Sortaldea Askatzeko Erakundea muturreko koalizio islamistak gidatzen du gobernua, Baxar al-Assad Siriako presidente ohiaren (2000-2024) gobernua erorarazi zuenetik. Al-Xaraak eta Abdik sinatu duten dokumentuaren arabera, estatuaren egituretan integratuko dira ipar-ekialdeko instituzio zibil eta militar guztiak; tartean, muga postuak, aireportua, eta petrolio eta gas hobiak geratuko dira estatuaren esku. Gainera, akordioaren arabera, Siriako herritar guztiek prozesu politikoetan parte hartzeko aukera izango dute, euren erlijioa zein etnia dena delakoa ere. Eta nabarmendu dute kurduek Siriako Estatuko «komunitate indigena» bat osatzen dutela, eta estatuak bermatuko dizkiela beren herritartasun eskubideak zein herrialdeko konstituzioak esleitzen dizkienak. HTS, SNA eta SDFren kontrolpeko lurrak, urtarrilean. BERRIA Era berean, SDFk eta Siriako behin-behineko gobernuak su etena hitzartu dute, «Siriako lurralde guztietarako». Akordioa urte bukaerarako gauzatzeko borondatea agertu dute bi aldeek. Egun gobernuan dagoen HTS taldeak Al-Qaedarekin lotura zeukan Al-Nusra Frontean du jatorria; 2011. urtean hasitako Siriako gerran elkarren aurka aritu izan dira borrokan SDF eta muturreko islamistak. Orain, menia sinatu dute. Halere, Sirian badaude beste milizia batzuk ere; hala nola Turkiak babestutako talde armatuak —gaur egun SNA Siriako Armada Nazionala da garrantzitsuena—. SNAren eta SDFren arteko borrokak gogortu egin ziren Al-Assad boteretik kendu ostean. Gatazka horien ondorioz desplazatutako siriar guztiak herrialdera itzuli ahal izatea ere adostu dute behin-behineko gobernuak eta SDFk; gainera agintari berriek konpromisoa hartu dute etxera itzultzen diren siriarrak babesteko. Ikusteko dago Afrindik eta beste herri batzuetatik ihes egindako kurduek itzultzeko akordioa ere nola gauzatuko den. Bestalde, gaur sinatutako akordioaren arabera, SDFk baztertu egin beharko du Siriako gizartean «banaketa» eragin dezaken ekimen oro. Gainera, gehiengo kurdua duen miliziak konpromisoa hartu du estatuari laguntza emateko «Al-Assaden erregimenaren hondarren» aurkako borrokan; baita herrialdeko «batasunarentzako eta osotasunarentzako mehatxu» izan daitekeen edozeren aurrean ere. Mazlum Abdik, akordioa sinatu ondoren, sare sozialetan esan du, «garai kritiko hauetan», elkarrekin lanean ari direla, «herritarren justizia eta egonkortasun nahiak» asetzeko. «Siriar guztien» eskubideak eta haien bake nahia bermatu nahi dutela, eta akordioak «Siria berri bat» eraikitzeko oinarria jarriko duela espero duela erantsi du. SDFren bozeramaile Farhad Shamik, berriz, jakinarazi du AEBen bitartekaritzarekin egin dutela akordioa, eta argitu nahi izan du akordioak ez duela esan nahi gobernuaren indarrak sartuko direla haien esku dagoen lurralde eremuan, nahiz eta mugen kontrolaz bai arduratuko direla zehaztu duten. «Aurreakordioak dira, eta batzordeek jarraituko dute lanean, argitzeko». Erantsi du akordio horrek geldiarazi egin beharko lituzkeela Turkiaren erasoak Siriako kurduen kontra. Ia 1.000 zibil, erailak Hain zuzen, gaur jakinarazi du Damaskok Al-Assaden jarraitzaileen aurkako operazioa bukatu duela. Azken bost egunetan Latakia eta Tartus eskualdeetan presidente ohiaren jarraitzaileen aurka aurrera eraman du operazio militar bat HTSk gidatutako gobernuak. Siriako behin-behineko gobernuko Defentsa Ministerioak iragarri du eten egin duela operazio hori. Kaleratutako oharraren arabera, behin «helburu guztiak» bete ondoren hartu du erabakia. Al-Xaraak berak Reuters agentziari emandako elkarrizketa batean adierazi du zigortu egingo dituztela hilketen egileak. Giza Eskubideen Siriako Behatokia gobernuz kanpoko erakundeak —Erresuma Batuan du egoitza— atzo gauean esan zuen jihadista suniten talde batzuek ia 1.000 zibil hil dituztela herrialdearen mendebaldean. Batez ere musulman alauiak hil dituzte; hain zuzen, musulman xiiten adar horretakoa da Al-Assad beraren familia.