Egunero 311 lan-istripu edo laneko gaixotasun izan ziren Hego…
Sindikatuek jakinarazi dutenez, 2019an, 311 lan-istripu edo laneko gaixotasun izan ziren Hego Euskal Herrian; 234 Euskal Autonomia Erkidegoan eta 77 Nafarroan.
Olaberrian hildakoa zamalanak egiten ari zen Arcelor Mittalen altzairutegian. Goizean jazo zen ezbeharra. Bere ibilgailua gainera erori zitzaion, eta beste kamioi baten aurka zanpatu zuen. Enpresako iturriek azaldu dutenez, langileak ez zuen kamioia behar bezala kokatu, beste gidari batekin hitz egitera joan zen, eta orduan kamioia irristatu eta harrapatu zuen. Berehala zendu zen. Enpresak azaldu duenez, portugaldarra zen, eta Santillan garraio enpresarentzat egiten zuen lan. LABek gogorarazi du Olaberriko Arcelor Mittalen antzeko beste ezbehar bat izan zela 2013an.
Sunbillan hildako garraiolaria, berriz, egurra biltzen ari zen Añerdi auzoan, pala kamioi batekin. 52 urte zituen, eta Doneztebekoa (Nafarroa) zen. 15:40 aldean gertatu zen istripua. Foruzaingoaren lehen ikerketen arabera, «harrapatuta» hil zen.
LABek «gogor» salatu ditu langileon heriotzak, eta «sarraskiak» geldiarazteko neurriak eskatu ditu. Iragarri duenez, datozen orduotan «erantzun zabal bat» ematen saiatuko dira sindikatuak, lantokietan eta kalean.
Madrilek 2018an igo zuen azkenekoz gutxieneko soldata; orain bezala, Pedro Sanchez (PSOE) zegoen gobernuan eta Unidas Podemosekin hitzartu zuen igoera, aurrekontuak babestearen truke. 900 eurotan jarri zuten, %23,3 igota —1977tik izandako igoerarik handiena—. Oraingo gobernu akordioaren negoziazioetan 1.000 eurora igotzeari buruz hitz egin zuten bi aldeek, baina, azkenean, 950ekoa izango da. Hori bai, gobernu itunean jasota dago legealdi amaierako %60ko igoera ezartzea: 1.166 euro.
Atzoko akordioaren arabera, aldeak konprometitu dira gutxieneko soldata gehiago igotzeko aukera aztertzeko legealdian zehar, baina CEOE patronaleko presidente Antonio Garamendik jada ohartarazi du ez duela zertan izan gobernuan dauden bi alderdiek zehaztutako kopuruetan eta denboretan, eta egoera ekonomikoak baldintzatuko dituela negoziazioak. «Hori bi alderdien arteko akordio bat da; gu egunean egunekoan gaude».
Garamendik azaldu duenez, patronalak akordioa onartu du gobernuak hitza eman diolako kontratu publikoen legean enpresarien elkarteen eskaerak aintzat hartuko dituela. «Negoziazio batean denok utzi behar dugu zerbait». Aitortu du igoera txikiagoa proposatu zutela haiek. «1.000 euroko soldatak gehiago kezkatzen gintuen oraingoak baino».
Akordioa egin aurretik, Carmen Calvo Espainiako Gobernuko lehen presidenteordeak zehaztu zuen hazkundea «progresiboa» izan behar dela eta enpresen tamaina kontuan hartu behar dela. Sindikatuek ez dute baztertzen igoera mailakatua izatea. Aitortu dute kopurua 1.000 eurora igotzeak arazoak sortuko lituzkeela hitzarmen kolektibo batzuen negoziazioetan, itun batzuetan ez direlako kopuru horretara iristen. Dena den, gogoratu dute PSOEk eta Unidas Podemosek euren gobernu akordioan jaso dutela legealdi amaierako %60 igoera ezartzea —1.166 euro—, eta azpimarratu dute helburu horri eutsiko diotela
Jaurlaritzaren eskaerak
Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburu Pedro Azpiazu ere mintzatu zen gaiari buruz, atzo, akordioa ezagutarazi aurretik. Gutxieneko soldaten igoerak «arretaz» aztertu behar direla ohartarazi zuen. «Soldatak igo behar dira, baina tentuz egin behar da, eta baldintzak ondo aztertuz».
Azpiazuk hitzaldi bat eman zuen Madrilen, eta hainbat gai jorratu zituen. Lan erreformari buruz, bat egin zuen Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroak asteartean adierazitakoarekin; hark esan zuen ezin dela osorik bertan behera utzi, eta iritzi hori bera azaldu zuen Azpiazuk. «Ez da dena hankaz gora jarri behar eta marko berria osatu, baizik eta erreforma batzuk egin behar dira prekaritatea gutxitzeko. Garrantzitsua da ikustea zerk funtzionatu duen eta zerk ez».
Horrekin batera, Espainiako Gobernuari eskatu zion superabita duten erkidegoei aukera emateko diru hori inbertsioetarako erabiltzeko. Azpiazuk gogoratu zuenez, Badira urte batzuk uste baino diru gehiago sartu dela Eusko Jaurlaritzaren kutxetan, dela kupoari buruzko gatazka konpondu delako, dela zerga bilketa uste baino handiagoa izan delako. Iaz, esaterako, 488 milioi euro handitu zen aldundiek zergetan bildutakoa, eta horretatik %70 sartuko da Jaurlaritzaren kontuetan (340 milioi inguru). Baina diru gehigarri horren zati handi bat ezin du erabili, Espainiako Gobernuaren Egonkortasun Legeak jartzen dizkion mugen ondorioz.
Aixeindarren aurkezpen publikoa atzo egin zuten, EEEren Bilboko egoitzan. Han, Iñigo Ansola EEEko zuzendariak eta Julio Castro Iberdrola Renovablesko kontseilari ordezkariak azaldu zuten zortzi kokaleku aztertzen ari direla haize errotak jartzeko, eta, esan zutenez, horietatik «bost-edo atera daitezke». 500 milioi euroko gastua aurreikusten dute 2030era bitartean. Ansolak azaldu zuenez, ekoizten den energiaren araberakoa da aurrekontua: bere kalkuluen arabera, azpiegiturak produzituko duen megawatt (MW) bakoitzeko milioi bat euroko inbertsioa egin behar da obretan. Egungo produkzioa bost bider handituko luke Jaurlaritzak.
Atzoko aurkezpenean, leku bakar bat aipatu zuten izenez: Iturrietako mendiena. Han haizea neurtzeko dorre bat jarri zuten, baina gaur egun ez dabil lanean, norbaitek txikitu egin duelako. Egitasmoaren sustatzaileen arabera, azpiegitura konpontzen ari dira. Erroetako lurretan dago estazioa, eta hango udal agintarien «babes osoa» jaso dutela azaldu zuen Ansolak.
Beraz, aurten nonbait parke bat jartzekotan, han jarriko dute, haizearen indarra eta norabidea neurtzeko saioek urtebete inguru irauten baitute. Eta beste horrenbeste ingurumen eta administrazio baimenek. Emaitza positiboak izanez gero, Iturrietako mendietako haize errotak 2020 amaiera edo 2021aren hasierarako egon daitezke argindarra produzitzen.
Nafarroan, aurreratuago
Ez da lehen aldia EEEk eta Iberdrolak elkarrekin lan egiten dutela energia eolikoa sustatzeko. Eolicas de Euskadi erdibana sortu zuten, eta haren bitartez egin zituzten bost parke eoliko: 1994an, Elgean (Araba-Gipuzkoa); 2003an, Oiz mendian (Bizkaia); 2005ean, Badaian (Araba); eta 2006an, Luzuero-Bilboko portuan. 2007. urtean, ordea, behin parkeak martxan zeudela, EEEk bere zatia saldu zion Iberdrolari, eta hark Renovables adarrean sartu zituen.
Orduz gero, ez da haize errotarik jarri Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Aurreko parke sektorialak hamabost parke gehiago egitea aurreikusten zuen, baina, herritarren eta ekologisten protesten ondorioz, proiektuak etetea erabaki zuten Jaurlaritzak eta hiru aldundiek. Espainiako Gobernuak 2012an energia berriztagarrien aldeko laguntzak kendu izanak eragina izan zuen asmo guztiek bazter batean jarrai zezaten.
Horren ondorioz, gaur egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan argindar kontsumoaren %14 besterik ez da energia berriztagarrien bidezkoa, eta Parisko Hitzarmenak ezartzen du %32koa izatea 2030. urtean. Eusko Jaurlaritzak eolikoaren zein fotovoltaikoaren instalazioak bikoizteko xedea du, eta helburu gisa jarri du 2030erako kontsumoaren %21 izatea bi energia iturri horietatik. Eolikoari dagokionez, apustua bost bider indartzeko gertu dago Jaurlaritza: 153 MWetik 783 MWera. Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektorialean jasoko dituzte proiektuak.
Gauzak askoz aurreratuago daude Nafarroan. Euskal Herrian ezarritako 45 parkeetatik 41 lurralde horretan daude, eta uneotan beste 650 MW gehitzeko hamasei proiektu daude bidean: horietatik hamarri jada baimena eman die Nafarroako Gobernuak, eta, ondorioz, 224 MW ezartzeko lehen urrats erabakigarria egin dute jada. Ipar Euskal Herrian ez dago haize errotarik, ezta jartzeko proiektu sendorik ere.
Azken hamar urte luzeetan haize errota gehiago instalatu ez diren arren, energia eolikoari buruzko industria sendo bat dago Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Iñigo Ansola EEEko zuzendariak azpimarratu duenez, lurralde horiek «teknologiaren abangoardian» daude energia eolikoaren eremuan. Hark emandako datuen arabera, 105 enpresak baino gehiagok dihardute, 15.000 pertsonari lana ematen die, eta 7.322 milioi euro fakturatzen dituzte urtean.
Inoiz zergetan foru ogasunek bildutako kopururik handiena da, eta lehen aldia da bilketak 15.000 milioi euroren langa gainditu duela ere. Gainera, aurretik egindako iragarpenak gainditu egin ditu. Lehen kalkuluen arabera, 15.265 milioi euro bildu behar zituzten; bigarrenean, urriko Finantzen Euskal Kontseiluan, kopuru handiagoa aurreikusi zuten, 15.386 milioi euro. Datu hori zein bestea motz utzi ditu azken bilketak, urte amaiera indartsu bati esker.
Bizkaiak bildu du diru gehien: 7.995,1 milioi euro, Gipuzkoari (960 milioi) eta Arabari (281 milioi) egin behar dizkien egokitzapenak kontuan hartu ondoren; bilketa %3,25 handitu da.
Gipuzkoak, berriz, 5.024,1 milioi euro jaso ditu, 2018an baino %3,9 gehiago.
Arabari dagokionez, 2018an baino 46,2 milioi gehiago jaso ditu (+%1,92). Guztira, 2.450,3 milioi euro izan dira.
Errendimendu hobeagoa eman dute zerga guztiek, sozietate zergak izan ezik. Enpresek beren irabazietatik ordaintzen duten zerga horren bilketa 200 milioitik gora jaitsi da, ia %14. Guztira, 1.272 miloi eman ditu zerga horrek, bilketa osoaren %8,2 baizik ez. Krisiak asko apaldu zuen zerga horren bilketa. Horrela, 2007an, 2.000 milioitik gora eman zituen zerga horrek, bilketa osoaren %15,8. Ondorengo urteetan, enpresa askok galerak izan zituzten, eta bilketak 2016an jo zuen behea: 913 milioi baizik ez, bilketaren %7,7.
Erreformaren eragina
2018an aspaldiko urterik emankorrena izan zuen enpresen irabazien zergak, 1.476 milioi eman baitzituen, guztiaren ia %10era iritsita. Beherakadaren arrazoien artean dago 2017ko azaroan EAJk, PSE-EEk eta PPk hitzartutako zerga erreforma. Haren ondorioz, 2018an ordainketa batzuk aurreratu egin behar zituzten enpresek, eta horrek bilketa kopuru ezohiko bat handitu zuen —+%33 2017tik 2018ra—. Baina erreformaren mamia zerga jaitsiera orokor bat zen, bultzatzaileen arabera, enpresen lehiakortasuna handitzeko: enpresa txikiei %24tik %20ra txikitu diete tasa nominala, eta enpresa handiei, berriz, %28tik %24ra. 2019 trantsizio urtea izan da jaitsiera horretan, %22 eta %26 ordaindu baitute, hurrenez hurren. 2020ko aitorpenetan antzemango da erabat erreforma. Ogasunen kaltea txikitzeko, gutxieneko tasa igo zituen erreformak, eta hobari batzuk murriztu.
Zerga bilketa gehigarriaren zati handi bat zorra aldez aurrez kitatzeko baliatu dute erakundeek. Horrela, Jaurlaritzak 600 milioi euro itzuli zizkien hartzekodunei, 2019ko abenduan.
Pentsiodunek Bilboko udaletxearen aurrean egin zuten agerraldia, baina aurreko espaloian. Haien asmoa zen udaletxeko eskaileretan egitea, ohi duten moduan, baina udaltzainek ez zieten utzi. Hilaren 30ari begira, jakinarazi zuten lau manifestazio antolatu dituztela: Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Bilbon. Eguerdiko hamabietan izango dira, eta Euskal Herriko Gutun Sozialeko kide diren beste kolektiboekin bat egingo dute ibilbidean. Herrietan ere egingo dituzte manifestazioak, arratsaldean. Bezperan, urtarrilaren 29an, lapiko jotze zaratatsuak egingo dituzte herri guztietan, 21:00etatik 21:15era.
Pentsiodunek atzo emandako batasun irudiarekin erantzun nahi izan zioten greba «indargabetzeko» saioei. Eta hala ari dira mobilizazioa babesten duten beste eragileak, Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiaren arabera. Donostian atzo eginiko agerraldi batean azpimarratu zuen «kapitalaren interesak defendatzen» ari diren alderdi eta sindikatuen jarreren atzean «urduritasuna eta ezinegona» daudela. «Bide onean goazela pentsatzera eramaten gaitu horrek». Aranburuk uste du mobilizazioa «arrakastatsua» izango dela. 1.200 enpresatako langile batzordeek bat egin izanak eta Hego Euskal Herriko herri eta auzoetan 171 batzorde osatu izanak erakusten du deialdiak «ilusioa» piztu duela. Lantalde horien «aniztasuna» azpimarratu du: «Langileak, pentsiodunak, ikasleak, emakumeak, migratzaileak… Langile klasearen batasuna gertatzen ari da. Eskuz esku ari gara lanean».
Mugarri bat
Kazetarien galderei erantzunez, Aranburuk salatu zuen Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak «gehiengo sindikal eta sozialari» dion «mespretxua», grebako deitzaileekin biltzea baztertu duelako. Ahal Dugu-k mobilizazioa ez babesteko hartutako erabakiari buruz, berriz, adierazi zuen EAJren «logika neoliberalean txertatzea edo urtzea» erabaki duela alderdi horrek. Hilaren 30eko greba orokorra elkarlan dinamika baten emaitza dela azpimarratu zuen LABeko buruzagiak. «Mobilizazio sozial oso indartsu baten ostean iritsi gara hona, eta borroka ezberdinak bat eginez. Greba honek mugarri berri bat izan nahi du langile borrokan».